Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

euskadi.eus

Hasiera

 

Europarrak, kultura eta balio kulturalak

Europarrek kulturaren inguruan duten iritzia ezagutzeko Europako Batasuneko 25 herrialdetan, Bulgarian eta Errumanian egindako Eurobarometroa.

Izenburua: Les européens, la culture et les valeurs culturelles  (Europarrak, kultura eta balio kulturalak).
Egilea/Erakundea: Optem. Europako Batzordeko Hezkuntza eta Kultura Zuzendaritza Nagusiak sustatua.
Hizkuntza: Frantsesa eta ingelesa.
Orrialde-kopurua: 86.
Argitaratze-data: 2006.
Erabilgarritasuna: Commission européenne Culture
 

2006. urtean, Europako Batzordeak, Hezkuntza eta Kultura Zuzendaritza Nagusiak hain zuzen ere, ikerketa bat eskatu du 27 herrialdetako biztanleek (egungo 25 herrialde kideek eta baita Bulgariak eta Errumaniak ere) kulturaren eta balio kulturalen inguruan duten iritzia ezagutzeko.

Ikerketan, batez ere puntu hauek aztertu nahi izan dituzte.

  • Europarrentzat zer esanahi dituen kultura kontzeptuak , hitzaren zentzu zabalean —kultura klasikora eta arte ederretara mugatu gabe—, eta zer garrantzi duen kulturak europarren bizitzan.
  • Europar –kultura eta kultura horren elementu bereizgarriak nola ulertzen dituzten.
  • Europarrek partekatzen dituzten balioen eta kulturaren arteko lotura zein den.
  • Europako kultura-aniztasunarekiko zenbateko interesa duten, eta baita beste europarren kulturekiko ere.
  • Europak zer rol bete behar duen kulturaren esparruan, haien ustez.

Erabilitako metodologia kualitatiboa izan da batik bat, eta eztabaida-taldeen bidez aplikatu da. Horretarako, bina talde osatu ziren herrialde bakoitzean:

  • Erdi- eta goi-mailako hezkuntza-maila eta maila soziala dutenena (unibertsitate-mailako hezkuntza batez ere): enpresetako gerenteek, profesional liberalek, exekutiboek eta tarteko agintariek osatua.
  • Erdi- eta behe-mailako hezkuntza-maila eta maila soziala dutenena (bigarren hezkuntza): artisauek, dendariek, enplegatuek eta langileek osatua.

Bi taldeetan, 20 eta 55 urte arteko gizonezko eta emakumezkoak zeuden.

EMAITZEN LABURPENA

  • Elkarrizketatutako pertsonen artean adostasun nabaria dago kultura kontzeptuaren esanahiaren inguruan.
  • Hezkuntza, ohiturak eta bizimodua kulturarekin estuki erlazionaturik ulertzen dira. Parte-hartzaileek ezagutza, zibilizazioa eta aisialdia ere kulturarekin erlazionatzen dituzte, baina horiek ez hain modu zuzenean.
  • Kultura oso kontzeptu positiboa da, eta, gainera, parte-hartzaileen artean balio handikoa. Pertsonak aberasteko eta garatzeko ezinbesteko elementutzat jotzen da.
  • Kultura kontzeptuaren inguruan ikuspuntu desberdinak dauden bezalaxe, kultura singularrean eta kultura pluralean ere hautematen dira, eta baita kultura kontsumitzeko ohitura desberdinak ere (edo norberaren ohiturak).
  • Pertsona kulturara heltzea eragozten duten arrazoi nagusiak hauek dira: baliabide ekonomikoen eskasia, denbora falta, eskaintzaren edo jarduera kulturalen inguruko informazioa eskuragarri ez egotea, oztopo psikologikoak, eta abar.
  • Oro har, parte-hartzaileek “kultura-kontsumitzaile onak” direla diote. Bi taldeen artean desberdintasun nabariak daude kontsumitutako ondasun kulturalei dagokienean:

    • Erdi-goi mailako taldeek sozialki garrantzia duten jarduera kulturalak aipatzeko joera dute: irakurketa, antzerkia, museoak eta erakusketak, kontzertuak…
    • Hezkuntza-maila txikieneko taldeek, aldiz, jarduera kultural orokorragoak aipatzen dituzte: aisialdia, bidaiak, kirolak…
  • Herrialde eta talde guztiek teknologia berriak ia erabat erlazionatzen dituzte Internetekin, eta aho batez onartzen dute kulturara iristeko egundoko tresnatzat. Denbora eta espazioa aurrezten ditu, ematen dituen erantzun azkarrengatik eta baita edozein ordutan eta etxean erabil daitekeelako ere. 
  • Europar kultura eta kultura horren berezko ezaugarriak ulertzeko modua ere aztertzen da ikerketa honetan. Horrekin lotuta, europar kultura batekiko atxikimendua nabari da. Sentimendu hori mendebaldeko kultura gisa ezagutzen denaren gainetik dago eta, batez ere, oso argi bereizten da Estatu Batuetako kulturatik eta beste batzuetatik.
  • Askatasuna balio europar nabarmen gisa ageri da, eta baita jakin-min intelektuala, besteenganako errespetua, tolerantzia eta elkartasuna ere.
  • Oro har, parte-hartzaileek interes handia azaldu dute gainerako europarrekiko eta haien kulturarekiko, batez ere Batasunean sartu berri diren herrialdeetakoek. Erakunde europarrek bultzatu behar dute gehien kultura-trukea, elkarrizketatuen ustez. Hala ere, Europako Batasunak kulturaren esparruan egindako ekintzak ez dira oso ezagunak. 
  • Bi kontzeptu dira ikerketa honetan gakoak: globalizazioaren aurreko aniztasuna eta kultura-trukea.
Euskadi, auzolana