KULTURA 2.0 - Prestakuntza

     2010ean, musikaren, liburuaren eta ikus-entzunezkoen sektoreetako ordezkariekin batera aritu da Behatokia, digitalizazioak kultura-jarduera horietan duen eraginari buruz hausnartu eta aurreikus daitezkeen aldaketei erantzungo dieten proposamenak zehazteko.

     Azken urteotan, IKTen garapenari eta batik bat banda zabalaren garapenari esker, eta etxeetan gailu elektroniko berriak sartu izanaren ondorioz, hiritarrek eduki digitalak eskuratzeko aukera areagotu egin dute. Hori dela eta, kontsumo-era eta ohitura berriak sortu dira, kultura-industrientzat merkatu berria irekiz eta ohiko negozio-ereduei eraginez.

     Digitalizazioak hainbat mailatan eragiten die kultura-industriei: antolakuntza-ereduan, balio-katean -batez ere banaketa-alorrean-, ekoizpen-ereduetan, industriak kontrola galtzen duelako kontsumitzaileak boterea handitzen duen heinean, etab.

     Behatokiak liburugintzako, musikagintzako eta ikus-entzunezkoen alorreko eragileekin batera lan egin du, ingurune digitalak duen eraginari buruz eta EAEko enpresetan eta profesionalengan dituen ondorioei buruz hausnartu eta horren inguruan hainbat proposamen eta diagnostiko sektorial zehazteko.

     Parte-hartzaileek adierazitako premiei eta kezkei erantzunez, Behatokiak honako helburu hau ezarri du, besteak beste: kultura-industrietako profesionalei zuzenduta, gaitasun profesionalak eskuratzeko eta eguneratzeko prestakuntza-jarduerak bideratzea, zehazki kultura digitalaren esparruan.

Ikasi eta prestatzeko testuinguru horretan, kultura 2.0n 3 lan-ildo aurkeztu dira:

  • Prestakuntza koadernoak: gai zehatz bat lantzeko koaderno monografikoak dira, gida-liburu baten gisa.
  • Prestakuntza-pilulak: izaera dinamikoagoa eta puntualagoa dute, sektoreko profesionalen eskaerei berehalako erantzuna emateko.
  • Esperientzia praktikoak: prestakuntza-ekintzen barruan, Lan-tailerrak/Mintegiak dira hirugarren maila, haien bidez, gai zehatzetan adituek edo eskarmentu nabarmena duten profesionalek esperientzia praktikoak azal ditzaten.
Euskadi, auzolana