Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

euskadi.eus

Hasiera

 

Kulturaren balio ekonomikoa Espainian

Kulturak garapen ekonomikoaren sortzaile gisa duen garrantziaren kuantifikazioan oinarritutako azterketa estatistikoa.

Izenburua: Kulturaren balio ekonomikoa Espainian
Egilea/Erakundea: Uriel, Ezequiel. Kultura Ministerioa
Hizkuntza: gaztelania
Orrialde-kopurua: 206
Argitaratze-data: 2006ko martxoa
Erabilgarritasuna: Idazkaritza Tekniko Nagusia. ISBN: 978-84-8181-326-5. Espainiako Kultura Ministerioaren webgunea

portada


Ikerketaren helburua da kultura-sektoreak eta jabetza intelektualak duen balio ekonomikoa eta Espainiako Balio Erantsi Gordinari (BEG) eta Barne Produktu Gordinari (BPG) egiten dion ekarpena zenbatestea, Jabetza Intelektuala Urratzen duten Jarduerak Murrizteko eta Erauzteko Plan Integralean jasotakoaren arabera. Kultura-sorkuntzak ekonomian duen efektua kuantifikatzeko beharra dagoela adierazi da plan horretan.
 
Kultura Ministerioaren Estatistika Arloak, azterketa metodologikoa egin ondoren, aurrekaririk ez duen ikerketa jarri du abian Valentziako Unibertsitatearekin batera. Ezequiel Urielek, Unibertsitate horretako Ekonomia-analisiaren Departamentuko katedratikoak, bi urtean egindako lanaren bidez, kulturak duen balioa eta jabetza intelektualari lotutako jardueren pisua aztertu ditu. Estatistika Institutu Nazionalaren eta Zerga Administrazioko Estatu Agentziaren arteko lankidetzari esker lortu dira emaitzak; izan ere, bakoitzari dagozkion proiektu estatistikoen ustiapen espezifikoak egiteko aukera eman dute.





Metodologia berritzailea

Kanadan edo Erresuma Batuan egindako nazioarteko azterketa aitzindariekin aldera daiteke proiektua. Kontabilitate Nazionaleko sailkapenetatik abiatuz, Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionalean (EJSN) eta Jarduera Ekonomikoen Gaineko Zergaren (JEZ) zerga-katalogazioan sorkuntza-lanen jarduerak duen agerpena aztertzen da.

Hauek dira kulturaren balioa ezartzeko kontuan hartu diren sektoreak: ondarea, liburutegia eta artxiboak, liburua eta prentsa, arte plastikoak, arte eszenikoak, ikus-entzunezkoak eta multimedia (zinema eta bideoa, grabatutako musika, telebista eta irratia). Horietako bakoitzean ekoizpen-katearen fase hauek aztertzen dira: sormena, ekoizpena, fabrikazioa, hedapena eta banaketa, sustapen- eta erregulazio-jarduerak, hezkuntza-jarduerak eta jarduera osagarriak.

Jabetza intelektualaren kasuan, kanpoan utzi dira ondarea eta sustapen-, erregulazio- eta hezkuntza-faseak, eta informatika eta publizitatea sartu dira azterketan.

Argitalpena hiru zatitan egituratu da: lehenengoan oinarri metodologikoak deskribatu dira; bigarrenean 2000-2004 tarterako kultura-jarduerek eta jabetza intelektualari lotutakoek BPGari egiten dioten ekarpenaren zenbatespena egin da. Azkenik, hirugarrenean azterketa konparatiboa egin da ekonomiaren beste sektore batzuekin eta beste herrialde batzuekin.

Emaitza nagusiak
  1. Espainian, kulturak % 3,2ko aberastasuna ekartzen du; jabetza intelektualak, berriz, % 4koa. Ekoizpen-kateko sorkuntza- eta ekoizpen-faseak dira BEGari egindako ekarpenen erdia baino gehiago sortzen dutenak.
  2. Kultura-sektorea % 6,2 hazi da batez beste 2000. eta 2004. urteen artean. Ondarea, artxiboak eta liburutegiak, arte eszenikoak eta irratia eta telebista sektoreak nabarmentzen dira, ekonomiaren urteroko igoera (% 7,4) baino hazkuntza-tasa handiagoak baitituzte.
  3. Kultura-aberastasunari dagokionez, liburuak eta prentsa dira nagusi, kulturaren BPGari ia % 50eko ekarpena egiten baitiote. Beste sektore batzuekin alderatuz, kulturak eta jabetza intelektualak energiarena gainditzen dute, adibidez.
  4. Beste herrialde batzuekin konparazioak egiteko zailtasun metodologikoak izan arren, badirudi Australiaren eta Kanadaren antzeko emaitzak izan daitezkeela.

Azterketa urtero egitea da asmoa, eta erreferentzia estatistiko bihurtzeko helburua du.

Euskadi, auzolana