Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

euskadi.eus

 

Eskola irekia: Arteleku

Miren Eraso Artelekuko arte-zuzendari berriak Arteleku/Zehar-ek documenta 12-n izan duen parte-hartzearen berri ematen du.

artelekuHasieratik, Arteleku1 erreferente nagusia izan da eta da arte-heziketan eta gaur egungo sormenean. Eskaintza dinamikoak eta berritzaileak gaur egun kritikoak diren gaiak landu ditu, beste hezkuntza-erakunde batzuetan landu ez direnak, unibertsitatean esaterako. Artista gonbidatu eta profesional espezializatu ugarik utzi dute beren aztarna aurten egin diren esperientzia, tailer, ikastaro monografiko, jarduera edo mintegi teorikoetan.

Zehazki ezagutza hori erabili da motibazio gisa Zehar-ek (Artelekuko aldizkaria) documenta 12 magazines proiektuan parte hartzeko ‘Hezkuntza (Tokiko erakundea)’ lemapean.  Esperientzia editorialari ‘Eskola irekia’ izena jarri zaio.

documenta 12 magazines proiektuan, mundu osoko argitalpen inprimatu eta digitalen 80 erredakziok baino gehiagok parte hartu dute. Horiek funtsezko elkargunea osatzen dute produkzioaren, eztabaidaren eta artearen kritikaren artean. ‘Aldizkarien aldizkari’ hori egungo hitzaldi estetikoentzako plataforma gisa osatu da. Erredakzioen eta documenta 12-ren arteko elkarrizketa gaur egungo arteari buruz Kassel-en (Alemania) egingo den erakusketako atal garrantzitsuenetakoa bihurtuko da.

Arteleku/Zehar-ek hainbat modutan bultzatu du proiektu hori.

2007. urtearen hasieran, documenta 12 magazines proiektuak Johannesburgen antolatu zuen Transregional Meeting bileran parte hartu zuen Miren Erasok. Bilera hori lan-gailur txiki gisa eratu da, eta, besteak beste, erakunde parte-hartzaileen artean proiektuak partekatzeko eta loturak ezartzeko balio izan du. Kassel-eko erakusketan ere parte hartuko du Zehar-eko argitaratzaile gisa.

Halaber, Zehar-ek ale berezi bat (bikoitza)2 argitaratu du ‘Eskola irekia’ izenarekin’. Hor, artearen eta heziketaren arteko lotura aztertzen da. Argitalpen horretan pertsona ugarik parte hartu dute, eta hezkuntzari eta arteari buruz duten ikuspegia adierazi dute hainbat ikuspuntutatik (irakaskuntza, artea, ikerketa, arkitektura, etab.). Nazioarteko pertsona ospetsuek arlo horretan izandako esperientziak erakusten dituzte, besteak beste, Irit Rogoff-ek —Londresko Unibertsitateko Goldsmiths College-ko ikusmen-kulturako irakaslea— eta Muriel Andrin-ek —Bruselako Unibertsitate Librea—. Halaber, Zehar-ek hezkuntza arautuan eta ez-arautuan esperientzia duten eta Artelekun eta/edo Zehar-en kolaboratu duten hainbat arlotako (arkitektura, musika, ikusmen-arteak, etab.) 50 pertsonatik gora gonbidatu zituen funtsezko hiru alderdiri buruzko hausnarketa-foroan parte hartzera:

  1. aldaketa sozioekonomiko, politiko eta teknologikoek ikusmen-arteen irakaskuntzan duten eragina,
  2. ikaskuntza teorikoaren eta ‘praktika kokatua’ delakoaren arteko lotura, eta
  3. solaskidearen beraren hezkuntza-praktikaren antolamendua

Ia hogeita hamar pertsonak parte hartu dute foro horretan, eta beren jakintza, praktika eta optikak trukatu dituzte. Horren emaitzak artikulu gisa datoz argitalpenean.

Ekimen hori osatzeko, Zehar-ek bi eztabaida-foro sustatu ditu hasitako hausnarketa-prozesu horri jarraipena emateko. Lehenengo foro irekia uztailean egingo da, eta Irit Rogoff-ek zuzenduko du. Ingelesez izango da. Bigarrena irailean egingo da (gaztelaniaz), eta Carme Ortiz-ek (Papers d’Art aldizkariko zuzendaria eta Olot-eko Goi-mailako Arte eta Diseinu Eskolako irakaslea) eta Gabriel Villotak (idazlea eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea) zuzenduko dute.

Miren Erasoren iritziz, Eskola irekia Artelekuko programaren bereizgarri bihur daiteke.

Informazio gehiago

http://www.arteleku.net
http://www.zehar.net
http://www.documenta12.de

1 Arteleku Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Zuzendaritza Nagusiaren mende dagoen arte-zentro publikoa da.
2 Argitalpen hori eta aurreko zenbakiak Zehar-en web orrian kontsulta daitezke: www.zehar.net

Euskadi, auzolana