Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

76. zk., 2024ko apirilaren 17a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1851

AGINDUA, 2024ko apirilaren 9koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez beka-deialdia egiten baita itsas arrantzaren arloko ikasketak egiteko, 2023-2024 ikasturtean, honako ikastetxe hauetan: Pasaiako CIFP Blas de Lezo LHII, Bermeoko Nautika eta Arrantzako LHII eta Ondarroako Antiguako Ama Itsas Arrantza Eskola.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren helburuetako bat da arrantzarekin zerikusia duten sektoreetako langileen trebakuntza politika egokiari eustea. Horregatik, arrantza sektorearen premia eta berezitasun sozioekonomikoei erantzuteko, beharrezkoa da itsas langileei eta, oro har, merkatuaren betekizunetara egokitutako prestakuntza jaso nahi duten guztiei bekak emateko deialdia egitea, Europatik eskatzen denari egokitutako prestakuntza jaso dezaten aipatutako arrantza sektorearen mesedetan.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeari buruzko otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan ezarritakoaren arabera, eta 15.1.u) artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzari dagokio «Nekazaritzarako eta itsas arrantzarako prestakuntza. Nekazaritzarako eta itsas arrantzarako gaikuntza profesionala sustatzea. Kirol-nabigazioko irakaskuntza». Bestalde, 18.1.ñ) artikuluak Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari esleitzen dio «itsas arrantzarako gaikuntza profesionala sustatzea».

Eskumen esparru horren barruan, lehen paragrafoan aipatutako helburu hori lortzeko prestatu da beka-deialdi hau, aurreko ekitaldietan hasitako politikari jarraikiz. Horrekin lotuta, 2023ko ekitaldian, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko apirilaren 4ko Agindua argitaratu zen, zeinaren bidez beka-deialdia egin baitzen itsas arrantzaren arloko ikasketak egiteko, 2022-2023 ikasturtean, honako ikastetxe hauetan: Pasaiako CIFP Blas de Lezo LHII; Bermeoko Nautika eta Arrantzako LHII, eta Ondarroako Antiguako Ama Itsas Arrantzako Lanbide Heziketako Eskola (2023ko apirilaren 17ko EHAA, 72. zk.).

Deialdia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2024, 2025 eta 2026. urteetarako dirulaguntzen plan estrategikoan jasotako ekimenetako bat da, eta plan hori Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko abenduaren 28ko Aginduaren bidez onartu zen.

Halaber, deialdi honetan, berriz ere aukera ematen da lantokiko prestakuntzako moduluei bekak emateko, heziketa-zikloen parte diren aldetik (B eta C mailak), betiere 3. zerrendako arrantza-ontzietan egiten badira, hala ezartzen baita Oinarrizko Lanbide Heziketaren araubideari eta ezarpenari buruzko ekainaren 9ko 86/2015 Dekretuan (2015eko ekainaren 12ko EHAA, 109. zk.).

Autonomia Estatutuaren 10.10 eta 16. artikuluen arabera Euskal Autonomia Erkidegoari emandako eskumenaren indarrez, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeari buruzko otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan ezarritakoarekin bat, eta Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak proposatuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Xedea.

Agindu honen xedea da Pasaiako CIFP Blas de Lezo LHIIn, Bermeoko Nautika eta Arrantzako LHIIn eta Ondarroako Antiguako Ama Itsas Arrantza Eskolan itsas arrantzaren arloko ikasketak egiteko beka-deialdiaren oinarriak onartzea (2023-2024 ikasturtea). Oinarri horiek Agindu honen I. eranskinean daude jasota.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa zuzenean aurkeztu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko apirilaren 9a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

I. ERANSKINA

1. oinarria.– Deialdia.

Agindu honen xedea beka-deialdia egitea da, itsas arrantzaren arloko ikasketak egiteko, 2023-2024 ikasturtean, Pasaiako CIFP Blas de Lezo LHII, Bermeoko Nautika eta Arrantzako LHII eta Ondarroako Antiguako Ama Itsas Arrantza Eskola ikastetxeetan.

2. oinarria.– Finantzaketa.

1.– Gehienez ere, ehun eta berrogei mila bostehun eta sei (140.506) euro baliatuko dira 2023-2024 ikasturterako deitutako bekak finantzatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko 2024ko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legean horretarako ezarritako aurrekontu-kredituaren arabera.

2.– Aurreko paragrafoan adierazitako gehieneko zenbatekoa % 40 handitu ahal izango da. Handitze hori xedatzen duen ebazpena arrantza arloko zuzendaritza eskuduneko titularrak emango du, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, baina publizitate horrek ez du esan nahi eskaera berriak egiteko epea irekiko denik, ezta ebazteko epea berriro zabalduko denik ere.

3. oinarria.– Onuradun izateko baldintzak.

1.– Eskatzaile guztiek, onuradun izateko, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan ezarritako galarazpen kasuetan ez egotea.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko arrantzaren arloko ikasketen hiru eskoletako edozeinetan matrikulatuta egon izana, 7. oinarrian adierazitako irakaskuntzetan, 2023-2024 ikasturtean.

2.– Gainera, 7. oinarriko B eta C mailetan dauden eskatzaileek baldintza espezifiko hauek bete beharko dituzte:

a) Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren beka- eta laguntza-deialditik kanpo geratu izana (Agindua, 2023ko uztailaren 5ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, unibertsitatez kanpoko ikasketak egiteko beka, laguntza eta sorospenetarako deialdia egiten duena 2023-2024 ikasturterako; 2023ko uztailaren 17ko EHAA, 135. zk.).

b) Prestakuntzaren zati praktikoa (lantokiko prestakuntza) jarduneko arrantza-ontzidiaren erroldan 3. zerrendan inskribatuta dauden arrantza-ontzietan egitea, Oinarrizko Lanbide Heziketaren antolamendua eta ezarpena arautzen dituen ekainaren 9ko 86/2015 Dekretuan ezarritakoarekin bat (2015eko ekainaren 12ko EHAA, 109. zk.).

c) Enpresako prestakuntza egitea lehenengo mailako pertsonek, Lanbide Heziketako Sistemaren antolamendua garatzen duen uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuan eta Lanbide Heziketaren Antolamendu eta Integrazioari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera.

4. oinarria.– Eskabideak, dokumentazioa eta aurkezteko epea.

1.– Eskatzaileek, pertsona fisikoak direnez, aurrez aurre nahiz elektronikoki aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak:

– Aurrez aurre: eskabideak ikasketa zentro hauetan aurkeztuko dira, dagokien dokumentazioa erantsita:

• CIFP Blas de Lezo LHII, Marinos 2 – 20110 Pasaia (Gipuzkoa).

• Bermeoko Nautika eta Arrantzako LHII, Ongintza z.g.– 48370 Bermeo (Bizkaia).

– Elektronikoki: eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoaren bitartez aurkeztuko dira, helbide hau erabiliz: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1030109

Edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak xedatzen dituen tokietako edozeinetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuarekin bat.

Eskabidea izapidetzeko eta dokumentazioa aurkezteko moduak, aurrez aurrekoa zein elektronikoa izan, ez du behartuko aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak modu berean egitera, edonoiz alda daiteke eta.

2.– Eskabideak eta eskabideen izapidetzeari buruzko adierazpenak, eta agindu honen arabera behar diren gainerako ereduak edo memoriak, aurrez aurre nahiz elektronikoki, eskura daude egoitza elektronikoaren helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1030109 Eskabidearen osteko izapideak helbide honetan egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak eskuratu daitezke, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak Eskabideak Zuzenean Zerbitzuan aurkezteko ezinbestekoa izango da aurretik hitzordua eskatzea: https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean.

3.– Agindu honen bidez onartzen den eskabide-eredu normalizatuak, II. eranskinean jasotako edukia izango du.

4.– Beka eskatzeko inprimakiarekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskatzailearen nortasun agiri nazionalaren edo AIZren fotokopia.

b) Familia-unitateko kide guztien pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenaren fotokopia. Baldin eta familia-unitateko kideren batek ez badu aipatutako aitorpena aurkezten, aurkeztera behartuta ez dagoelako, horixe egiaztatu beharko du dagokion foru-ogasunaren ziurtagiri baten bidez, eta, era berean, egiaztatu beharko ditu, nominen edo ordainagirien bidez, lanagatik, langabezia-subsidioarengatik, pentsioarengatik edo antzeko kontzeptuengatik jasotako zenbatekoak.

c) Familia-elkarbizitzaren ziurtagiria.

d) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta dituela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena.

e) Foru-ogasunarekiko zerga betebeharrak betetzen dituela eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketa betebeharrak betetzen dituela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena.

f) Hirugarrenaren altaren inprimakia, elektronikoki izapidetu daitekeena helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

g) 2023-2024 ikasturtean itsas arrantzaren arloko ikasketen Euskal Autonomia Erkidegoko edozein ikastetxetan matrikulatuta egotearen egiaztagiria.

h) Erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan ezarritako galarazpen kasuetan ez dagoela adieraziz:

– Ez egotea dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukerarik gabe utzita epai irmo baten bidez zigortuta edo prebarikazioagatik, funtzionario-eroskeriagatik, ondasun publikoak bidegabe eralgitzeagatik, influentzia-trafikoagatik, iruzur egiteagatik edo legearen aurkako ordainarazpenengatik edo hirigintza-delituengatik epai irmo baten bidez zigortuta.

– Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaria ez egin izana, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jota ez egotea, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta ez egotea (konkurtso horretan hitzarmen bat indarrean jarri bada salbu), epailearen esku-hartzearen mende ez egotea edo uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen arabera desgaituta ez egotea, hartzekodunen konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe.

– Administrazioarekin egindako edozein kontratu ebazpen irmoz suntsiarazteko arrazoiak sorrarazi ez izana eta haien errudun deklaratuta ez egotea.

– Pertsona fisikoa egoera hauetan ez egotea: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusitako bateraezintasunen araubideko egoeraren batean eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako egoeraren batean, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko kargu batean ez egotea, arau horretan edo gai hauek arautzen dituen arau autonomikoan ezarritakoaren arabera.

– Indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean edukitzea, erregelamenduz zehazten den moduan.

– Egoitza fiskala ez edukitzea paradisu fiskaltzat hartutako herrialde edo lurralde batean.

– Dirulaguntzak organo emaileari itzuli behar izateagatik sortutako obligazioen ordainketa egunean edukitzea, erregelamenduz zehazten diren terminoetan.

– Ebazpen irmo bidez dirulaguntzak eskuratzeko aukera galtzeko zehapena jaso ez izana.

5.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluko 2. paragrafoan xedatutakoarekin bat, dirulaguntza eskabidea aurkezteak berekin dakar eskatzaileak baimena ematea arrantza arloko zuzendaritza eskudunak eskura ditzan beste edozein administrazio publikok egindako dokumentu guztiak.

6.– Herritarrei arreta osoa eta kanal anitzekoa emateko eta zerbitzu publikoetara bitarteko elektronikoen bidez iristeko bideari buruzko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 9. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, eskatzaileek administrazio honetan edo beste edozein administrazio publikotan aurkeztu badute eskatutako dokumentazioa, eta berariaz adierazten badute ez dela aldaketarik izan, ez dute dokumentazio hori aurkeztu beharrik izango, Administrazio Publikoen Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren 3. paragrafoan xedatutakoarekin bat etorriz. Hala ere, adierazi beharko dute noiz eta zer administrazio organotan aurkeztu zituzten dokumentu horiek. Administrazioak prozedurak eskatzen dituen datuak edo dokumentuak kontsultatu edo bildu eta egiaztatuko ditu, eta ez da interesdunen baimenik eskatuko Euskal Sektore Publikoari buruzko maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 72.1 artikuluan jasotako kasuetan.

Aurrekoa gorabehera, interesdunek aurka egin ahal izango dute. Kasu horretan, aurkakotasun horren arrazoiak berariaz alegatzeko eskatuko zaie, eta tratamenduaren arduradunak baloratuko ditu. Aurka dagoela adierazi ondoren, interesdunak dokumentuak aurkeztu beharko ditu, eskaera jasoko duen organoak egiaztatzeko dituen ahalmenei kalterik egin gabe.

7.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Eskabideak baldintza guztiak betetzen ez baditu, interesdunari jakinaraziko zaio hamar eguneko epea duela akatsa zuzentzeko edo aurkeztu ez dituen nahitaezko agiriak eramateko, eta adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, hirugarren baten altaren kasuan izan ezik, baina aldez aurretik ebazpena emango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan jasotakoaren arabera.

8.– Beka eskabidea, eskatutako dokumentazioarekin batera, aukeratutako hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da. Era berean, laguntza eskabidearen ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean, eta Herritarrei arreta osoa eta kanal anitzekoa emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoen bidez eskuratzeko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 10. artikuluan ezarritakoaren arabera.

9.– Aurkeztutako eskabidean adierazitakoa egoki ulertu, ebaluatu eta eskabidea izapidetzeko beharrezkotzat jotzen diren agiri eta/edo argibide guztiak eskatu ahal izango zaizkio eskatzaileari.

5. oinarria.– Laguntzak kudeatzeko organoa eta laguntzak emateko prozedura.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketa arrantza arloko eskumena duen saileko arlo bereko zuzendaritza eskudunari dagokio.

2.– Agindu honen bidez deitutako laguntzak emateko prozedura norgehiagoka da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19. artikuluaren 2. apartatuan jasotako lehiaketa ez bezalakoa. Horrela, eskatutako betekizunak eta baldintzak betetzen dituzten eskatzaile guztiek jasoko dute beka.

6. oinarria.– Ebaluazio batzordea.

1.– Eskatzaileei baloratzeko eta puntuazioa emateko, hurrengo oinarrian azaldutako irizpideen arabera, ebaluazio batzorde bat sortzen da, eta kide hauek izango ditu:

a) Lehendakaritza: Aitor Arrate Irureta, Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzako Arrantza Egitura Zerbitzuaren arduraduna.

b) Idazkaritza: Oskar Azkona, Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzako aholkulari juridikoa.

c) Kideak: Ana Manzano, Karmele San Miguel eta Bittor San Millán, Pasaiako, Bermeoko eta Ondarroako ikastetxeetako zuzendariak, hurrenez hurren.

2.– Ebaluazio batzorde horren funtzionamenduan behar diren neurriak hartuko dira eskaeren balorazioan parte hartzen duten pertsona guztien interes gatazkak saihesteko.

7. oinarria.– Bekak esleitzeko irizpideak.

Pertsona bakoitzari puntuak honako irizpide hauen arabera esleituko zaizkio:

1.– Egin beharreko ikasketen maila:

* A maila.– Arrantzako kapitaina: 8 puntu.

* B maila.– Goi-mailako heziketa-zikloak: 8 puntu.

* C maila.– Erdi-mailako heziketa-zikloak: 6 puntu.

* D maila.– Itsasbazterreko patroi balioaniztuna (36/2014 Errege Dekretua, urtarrilaren 24koa, arrantza-sektoreko lanbide-tituluak arautzen dituena; 2014ko otsailaren 17ko BOE, 41. zk.): 6 puntu.

* E maila.– Oinarrizko mailako heziketa-zikloa: 6 puntu.

Gainera, lantokiko prestakuntza (LP) 3. zerrendako arrantza-ontzietan egiten bada, Oinarrizko Lanbide Heziketaren antolamendua eta ezarpena arautzen dituen ekainaren 9ko 86/2015 Dekretuan ezarritakoaren arabera (2015eko ekainaren 12ko EHAA, 109. zk.), pertsona bakoitzari puntuazio hau esleituko zaio:

B maila.– Goi-mailako heziketa-zikloak: 4 puntu.

C maila.– Erdi-mailako heziketa-zikloak: 3 puntu.

2.– Ohiko bizilekuko udalerritik ikastetxea dagoen udalerrira dagoen distantzia: irizpide honen kalkulua egiteko, kontuan hartuko da herrigunetik ikastetxera dagoen distantzia, eskala honi jarraituz:

* 1. taldea, 50 kilometro baino gehiago: 16 puntu.

* 2. taldea, 31 eta 50 kilometro artean: 8 puntu.

* 3. taldea, 11 eta 30 kilometro artean: 4 puntu.

* 4. taldea, 5 eta 10 kilometro artean: 2 puntu.

3.– Eskatzailearen inguruabar pertsonalak eta familiarrak:

* Ezkontidea edo izatezko bikotekidea izateagatik (ezkontideak lan egiten ez badu): 2 puntu.

* Seme-alaba bakoitzagatik: 2 puntu.

* Anai-arrebak izateagatik (adingabe ez-emantzipatuak badira, edo langabezian badaude, eta euren familia-unitatean ezkontide bakarrak egiten badu lan): puntu 1.

4.– Eskatzaileak edo haren familiak aurreko urtean lortutako diru-sarrera gordinak, alde batera utzita nondik datozen, baldin eta eskatzailea ekonomikoki familiaren mende bizi bada:

* 0 eta 6.000 euro arteko diru-sarrerak: 8 puntu.

* 6.001 eta 12.000 euro arteko diru-sarrerak: 4 puntu.

* 12.001 eta 18.000 euro arteko diru-sarrerak: 2 puntu.

8. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, diruz lagundu ahal izango dira 2023-2024 ikasturtean egindako eta ordaindutako gastuak, honako kontzeptu hauei buruzkoak:

a) Ohiko bizilekutik kanpo bizitzeko gastuak.

b) Ikastetxera joateko gastuak.

c) Mantenu-gastuak.

d) Ikasketa-materialerako gastuak.

9. oinarria.– Bekaren zenbatekoa.

1.– Agindu honetako baldintzak betetzen dituzten hautagai guztiek izango dute beka jasotzeko eskubidea, beken zenbatekoa bi mila laurehun eta lau euro eta bost zentimokoa (2.404,05) izango da gehienez ere, eta bekadun bakoitzari esleitutako puntu kopuruarekiko zuzenki proportzionala izango da. Puntuaren balioa honela lortuko da: bekei esleitutako zenbatekoa zati bekadun guztiek lortutako puntuak, oinarri hauetan ezarritako irizpideen arabera.

2.– Ikasturtea errepikatzen duten ikasleen kasuan, balorazio irizpideak aplikatuta legokiekeen beka arruntaren % 50 lortu ahal izango dute gehienez, baldin eta aurreko ikasturteko aprobetxamendu txarra behar bezala justifikatzen bada eskolaz kanpoko arrazoi larriengatik, zeinak Agindu honen 6. oinarrian sortzen den ebaluazio batzordeak baloratuko baititu.

10. oinarria.– Ebaluazio batzordearen txostena.

Aurkeztutako eskabideak aztertu ondoren, Ebaluazio batzordeak eskatutako baldintzak betetzen dituzten hautagaiak hautatuko ditu, eta dagokien puntuazioa emango die. Ondoren, txosten bat egingo du, egindako ebaluazioaren emaitza zehazteko.

11. oinarria.– Behin-behineko ebazpen proposamena.

1.– Zuzendaritza kudeatzailearen titularrak, espedientea eta Ebaluazio batzordearen txostena ikusita, behin-behineko ebazpen proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta, eta interesdunei jakinaraziko zaie soilik prozeduran agertzen direnean edo kontuan hartzen direnean interesdunek azaldu gabeko beste egitate, alegazio eta froga batzuk. Jakinarazpenean, hala dagokionean, hamar eguneko epea emango da alegazioak aurkezteko.

2.– Aurreko paragrafoan aurreikusitako kasutik kanpo, egindako ebazpen proposamena behin betikoa izango da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21. artikuluaren 3. apartatuan xedatutakoaren arabera.

12. oinarria.– Behin betiko ebazpen proposamena.

1.– Alegazioak aztertuta, egonez gero, eta hurrengo paragrafoetan xedatutako alderdiak egiaztatuta, zuzendaritza kudeatzailearen titularrak behin betiko ebazpen proposamena egingo du, eta bertan beka ematea proposatzen den eskatzaileen zerrenda eta zenbatekoa adieraziko dira, eta, hala badagokio, beka emateko ebaluazioa eta balorazio irizpideak zehaztuko dira.

2.– Eskatzaileak dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak betetzen dituztela egiaztatu beharko dute bekaren behin betiko ebazpen proposamena eman aurretik. Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzko Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 7. artikuluan xedatutakoaren arabera egingo da egiaztapen hori. Era berean, zuzendaritza kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, bai eta IFZ ere. Hala ere, eskatzaileak berariaz egin ahal izango dio aurka egiaztapen horri, eta, hala eginez gero, adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko du.

3.– Bekak emateko espedientean, organo kudeatzailearen txostena jasoko da, eta bertan adieraziko da, eskura dagoen informazioaren arabera, eskatzaileek bekak eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

4.– Onuradun gisa proposatutako pertsonek erantzukizunpeko adierazpenean jasotakoak egiazkoak direla egiaztatu beharko dute, beharrezko dokumentazioa aurkeztuta.

5.– Behin betiko ebazpen proposamena ebazteko eskumena duen organoari helaraziko zaio.

6.– Behin-behineko eta behin betiko ebazpen proposamenek ez dute inolako eskubiderik sortzen onuradunarentzat, administrazioaren aurrean.

13. oinarria.– Ebazpena eta jakinarazpena.

1.– Behin betiko ebazpen proposamena onartu ondoren, arrantza arloan eskuduna den sailburuordetzako titularrari helaraziko zaio, eta hark ebatziko du prozedura.

2.– Laguntzak emateko eta ukatzeko ebazpena gehienez ere sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, Agindu hau indarrean jartzen denetik aurrera. Epe hori igaro eta ebazpen espresurik eman ez bada, interesdunek ezetsitzat jo beharko dituzte eskabideak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

3.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta argitalpena jakinarazpentzat hartuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluaren 1. paragrafoko b) letran xedatutakoaren arabera. Hala ere, interesdun bakoitzari ebazpen osoa helaraziko zaio, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta. Nolanahi ere, lehenik egin dena hartuko da jakinarazpen datatzat.

4.– Laguntza emateko edo ukatzeko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio interesdunak arrantza arloan eskumena duen saileko titularrari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, edo edozein unetan administrazio isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

14. oinarria.– Onuradunen betebeharrak.

1.– Beken onuradunek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte. Ildo horretan, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen helburuaren fiskalizazio eginkizunak betez eskatzen dieten informazio guztia eman beharko dute.

2.– Halaber, betebehar espezifiko hauek bete beharko dituzte:

a) Matrikulatuta dauden modulu edo irakasgai guztiak gainditzea, hala badagokio prestakuntza praktikoa gainditzea, eta eskolara joateko gutxieneko baldintzak betetzea:

– Ikaslea ez badoa eskolara, justifikatu gabe, hutsek ezin dute gainditu eskolaldiaren % 15.

– Ikaslea ez badoa eskolara, justifikatuta, hutsek ezin dute gainditu eskolaldiaren % 30.

b) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena hartu eta hamabost egunean onuradunek ez badiote berariaz uko egiten, onartu egiten dutela ulertuko da.

15. oinarria.– Justifikazioa.

Bekaren gehieneko zenbatekoa diruz lagundu daitezkeen gastuen batura izango da, eta onuradunak gastuak egin izanaren jatorrizko egiaztagiriak edo kopia konpultsatuak aurkeztu beharko ditu hilabeteko epean, ikasturtea amaitzen denetik zenbatzen hasita. Justifikazio hori 8. oinarrian jasotako gastuei buruzkoa izango da: ohiko bizilekutik kanpo bizitzeko gastuak, ikastetxera joateko gastuak, mantenu-gastuak eta ikasketa-materialerako gastuak.

16. oinarria.– Bekaren ordainketa.

Ikasketa teorikoen kasuan, beka bakoitzari dagokion zenbatekoa gorabehera, emandako laguntza ordainketa bakar batean ordainduko da (zenbateko osoa), ikasturtea amaitu ondoren, betiere ikasleak probetxua atera badio eta matrikulatu den modulu edo ikasgai guztiak gainditu baditu. Probetxu hori aldez aurretik baliozkotuko dute Ebaluazio batzordeko kideek, eta ikasleek matrikulatuta zeuden modulu edo irakasgaiak gainditu dituztela egiaztatuko dute, baita deialdi honetan eskatzen diren eskolara joatearen ehunekoak ere.

17. oinarria.– Atzera egitea eta uko egitea.

1.– Laguntza eskatzaileak atzera egin ahal izango du. Eskatutako bekak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi baino lehen egin beharko da atzera. Atzera egiteko, hala egin dela egiaztatzea ahalbidetzen duen edozein bide erabili ahal izango da, eta arrantza arloko zuzendaritza eskudunaren titularra izango da, ebazpen bidez, bete-betean onartuko duena atzera egite hori, eta prozedura amaitutzat emango duena eskatzaile horri dagokionez.

2.– Laguntzaren onuradunak emandako bekari uko egin ahal izango dio. Uko hori emandako beka onartu ondoren eta gastua egiten amaitu aurretik egin ahal izango da, betiere Administrazioak inolako ordainketarik egin ez badu. Uko egitea jasota geratzea ahalbidetzen duen edozein bitartekoren bidez egin ahal izango da, eta organo emailea izango da, ebazpen bidez, berariaz onartuko duena uko egite hori, eta prozedura amaitutzat emango duena erakunde horri dagokionez.

18. oinarria.– Ez-betetzeak.

1.– Onuradunak ez badu betetzen Agindu honetan ezarritako betekizunen bat, edo, hala badagokio, beka emateko ebazpenean ezarritako baldintzaren bat, edo Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitako itzulketa kausaren batean badago, laguntza eman zuen organo eskudunak ebazpen bidez adieraziko du beka osorik edo partez jasotzeko eskubidea galdu duela, eta, hala badagokio, jasotako beka eta berandutze interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar dizkiola, osorik edo partzialki, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan xedatutakoaren arabera. Zenbateko horiek diru sarrera publikotzat hartuko dira legezko ondorio guztietarako.

2.– Zehazki, ikasleak beka jasotzeko eskubidea galduko du ikastarora joaten ez bada. Ez-bertaratze hori honela neurtuko da:

– Justifikatu gabeko hutsegiteak ikaslearen eskola ordutegiaren % 15 baino gehiago badira, beka galduko da eta jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira.

– Justifikatutako hutsegiteen kasuan, aurreko atalean deskribatutako ondorio berberak izango dira hutsegiteen kopurua % 30etik gorakoa denean. Nolanahi ere, eskolara itzultzeko unean bertan aurkeztu beharko da hutsegiteen justifikazioa.

3.– Era berean, ikasleek lantokiko prestakuntzarako (LP) beka jasotzeko eskubidea galduko dute, baldin eta prestakuntza hori egin izana behar bezala egiaztatzen ez badute, dagokion prestakuntza praktikoa garatu den arrantza-ontziko armadorearen idazki baten bidez.

4.– Arrantza arloko eskumena duen sailburuordetzako titularra izango da itzulketa espedientea hasteko eta izapidetzeko organo eskuduna, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluaren 1. apartatuan aurreikusitako deskontzentrazioarekin bat etorriz.

5.– Arau-hauste administratibotzat har daitezkeen gertakarien ondorioz hasten bada itzulketa prozedura, organo eskudunari jakinaraziko zaizkio gertakariok, dagokion zehapen prozedura has dezan.

19. oinarria.– Bateraezintasuna.

Agindu honen bidez deitutako bekak bateraezinak dira funts publikoen kargura helburu bererako jasotako beste edozein laguntzarekin. Bekaren onuradunak beste dirulaguntza edo laguntza batzuk eskatu badizkio administrazioren bati edo erakunde publiko edo pribaturen bati helburu bererako, arrantza arloan eskumena duen sailari jakinarazi beharko dio, eta, hala badagokio, eman egin dizkiotela ere jakinarazi beharko dio, idatziz, beste dirulaguntza edo laguntza horiek eman dizkiotela jakin eta hamabost egun naturaleko epean, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

20. oinarria.– Datuen babesa.

Arrantza arloko sail eskudunak dagokion babes mailarekin tratatuko ditu datuak, Datu Pertsonalak Babesteko eta eskubide digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera.

Datuen babesari buruzko informazio gehigarria eta zehatza kontsulta daiteke helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/037400-capa2-eu.shtml

II. ERANSKINA
ESKABIDE-INPRIMAKIAREN EDUKIA

Laguntza eskatzeko inprimakia http://www.euskadi.eus webgunean dago eskuragarri, eta eduki hau izango du:

– Itsas arrantzaren arloko bekak, 2023-2024 ikasturtea.

– Kodea.

– Instrukzio-organoari zuzendua.

– Identitate datuak.

– Titularra.

– Ordezkaria.

– Eskatzailearen datu fiskalak dauden lurralde historikoa.

– Jakinarazpen- eta komunikazio-kanala.

– Abisuak jasotzeko datuak.

– Jakinarazpen, komunikazio eta abisuetarako hizkuntza.

– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

– Aginduaren arabera eskatzen duen laguntza-lerroa.

– Zerga egoitza.

– Balorazio irizpideak, Aginduaren arabera.

– Informazio osagarria.

– Erantzukizunpeko adierazpenak:

a) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta dituela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena.

b) Erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan ezarritako galarazpen kasuetan ez dagoela adieraziz.

c) Erantzukizunpeko adierazpena, deialdi-aginduan ezarritako baldintzak betetzen direla adieraziz.

Era berean, baimen inplizitua jaso beharko da, arrantza arloko eskumena duen zuzendaritzak automatikoki egiazta dezan zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean dituela egiaztatzen duten ziurtagiriak, baimen hori berariaz ukatzeko aukerarekin, eta kasu horretan, dagokion ziurtagiria edo eskatutako dokumentua aurkeztu beharko du.


Azterketa dokumentala