Hezkuntza Saila

IRALE - Aurkezpena

1981-1982 ikasturtean Hezkuntza Saila lanean hasi zen irakasleak euskalduntzeko edota alfabetatzeko; ia 40 urteko ibilbidea bete berri du, beraz, IRALE (Irakasleak Alfabetatu eta Euskalduntzea) programak. Guztira, 60 irakasle inguru ari dira eskaintza horretan, beren-beregi ezarritako bost irakastegitan (Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Eibarren), nahiz kanpo-euskaltegietan.

Irakasleen ia % 90ek egiaztatu du Europako Erreferentzia Marko Bateratuko (EEMB) C1 maila, eta aipatu beharra dago, azkenengo hiru hamarkada luze hauetan, Irale programa ezinbestekoa izan dela irakasle horien hizkuntza-gaitasunaren bilakaera positiboan. Beraz, baieztatu daiteke gaur egun etapa aurreratuago batean gaudela murgilduta, oinarrizko prestakuntzaren lehen fase hori gaindituta.

Hala, irakasle horien hizkuntza-gaitasunean izandako aldaketa tipologikoak bestelako behar berriak sortu ditu. IRALEk, laguntzeko zerbitzua den aldetik, eta orain arte egin duen bezala, ahalik eta ongien erantzun behar die irakasleen berariazko gaur egungo behar horiei. Horrek, nahitaez eskatzen du interbentzio-bideak eta lehentasunak berriz formulatzea; hori dela eta, IRALEren oraingo eginkizunak honako hauek dira:

  • IRALEren eginbehar nagusia da Euskal Autonomia Erkidegoan, unibertsitateaz besteko ikastetxe publiko eta itunpeko ikastetxe pribatuetako irakasleen hizkuntza-gaitasunaren prestaketa. Hots, irakasleen hizkuntza-gaitasuna sendotzea. Horrekin batera, irakasleak hizkuntzaren didaktikan eta metodologietan gaitzea zein prestakuntza sozio-kulturala ematea, curriculumaren euskal dimentsioa lantzeko.
  • Irakasleen hizkuntza-eskakizunen azterketa-lanak egitea.
  • Bestelako hizkuntzazko gaitasun-neurpideetan eta harreman-sare teknikoetan parte hartzea.
  • Euskarazko ikasmaterialen hizkuntza-kalitatea bermatzea, edukiz, moldaera teknikoz eta hizkuntza-trataeraz egokiak izan daitezen bermatzea.
  • Kontsulta zerbitzuaren bidez, hizkuntza-aholkularitza lanetan esku hartzea.