Segurtasun Saila

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 2024. Mahaikideak. Gida.

Izendapena eta mahaian ez egoteko desenkusa-motak:

Udal bakoitzeko udalbatzan, hauteskunde-mahaikideetarako zozketa publikoa egingo da, datozen 2024ko hauteskundeetarako. Zozketan (martxoaren 23tik 27ra), udaleko hautesle-erroldan inskribatutako hautesle guztiak sartuko dira (Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordeak martxoaren 21etik 25era arteko zozketa baimentzen du, martxoaren 6ko erabakiaren arabera). Ondoren, udalak izendapena jakinaraziko die interesdunei (martxoaren 24tik 30era), bai eta mahai bakoitzerako ordezkoei ere. Jakinarazpenarekin bat, jarraibide-eskuliburu bat emango zaie.

Mahairako izendatutako pertsona titularrek edo ordezkoek mahaian ez egoteko kausak (ikus desenkusa alegatzeko inprimakia (PDF, 656 KB) (leiho berri batean irekitzen da)) alegatu ditzakete (martxoaren 25etik apirilaren 6ra) izendatu dituen eskualdeko hauteskunde-batzordearen aurrean. Onartutako aitzakiak ELHLren 42.3 artikuluan daude, eta 2018-03-19ko BOEn (68. zk.) ere argitaratuta daude. Justifikatutako aitzakia horiek idatziz aurkez daitezke eskualdeko hauteskunde-batzordearen aurrean, edo faxez, postaz edo posta elektronikoz bidal daitezke bertara.

Alegatutako arrazoia onartzen ez badu, eskualdeko hauteskunde-batzordeak, interesdunari hori jakinaraztean, alegazioa ez onartzearen arrazoia azaldu beharko du, labur (martxoaren 25etik apirilaren 11ra). Erabaki horren aurka ezin da inolako administrazio-errekurtsorik jarri.

Dietak eta Gizarte Segurantzaren estaldura:

  • Dietak: Mahaiko lehendakariak eta bokal bakoitzak 85 € jasoko dituzte, inolako zerga-atxikipenik gabe.
  • Gizarte Segurantzaren estaldura: Mahaikideek (lehendakaria eta bokalak) Gizarte Segurantzaren sistemaren babesa izango dute, 2024ko hauteskundeetan parte hartzeagatik gerta dakizkien kontingentzia eta egoeretarako. Estaldura hori erabili behar izanez gero, Hauteskunde Zerbitzuko lurralde arduradunarekin harremanetan jarri beharko duzu, 012 telefonora deituz.

Lan-eskubideak (lanaldi-murrizketa):

Hauteskunde-mahaiko lehendakaritzaren eta bi bokaltzen titularrek, (asteko atsedena izan edo ez) beren laneguneko lehen bost orduetarako baimen ordaindua eta berreskuraezina dute, hau da, hauteskundeen biharamunean, baldin soldatakoak edo funtzionario publikoak badira. Horretarako, enpresak edo erakunde ofizialak, baimen horretarako egiaztagiritzat, mahaiko kidetzat izendatzearen jakinarazpena eskatu ahal izango die.

Baimen hau Mahaietako artekariei ere dagokie, bozketaren egunean asteko atsedena gozatu  zein ez.

Mahaiko kideen betebeharrak:

Mahaiko lehendakari- eta bokal-karguak betetzea nahitaezkoa da, indarrean den Hauteskunde-araubide orokorrari buruzko Lege Organikoari jarraituz; beraz, hauteskunde-delitutzat jotzen da izendatutako pertsonak bozketa-egunean dagokien betebeharrak betetzeko mahaira ez joatea, bai eta mahaiko eginkizunak kausa legitimorik gabe egiteari utzi eta alde egitea ere. Delitu horren zigorra da hiru hilabetetik urtebetera bitarteko espetxealdia, edo sei hilabetetik hogeita lau hilabetera bitarteko isuna (HAOLO, 143. artikulua ).

Mahaia eratzeko beharrezkoak izan ez diren ordezkoak hauteslekutik joan daitezke, mahaiko kideen zerrenda sinatu ondoren (HBZren 2024-01-24ko Erabakia).