Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

63. zk., 2024ko martxoaren 27a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1534

EBAZPENA, 2024ko martxoaren 12koa, Ingurumen Jasangarritasunaren sailburuordearena, zeinaren bidez ebazten baita Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko ekainaren 27ko Aginduaren deialdia. Agindu horren bitartez, garapen jasangarria sustatzeko ekintzak egiten dituzten toki-entitateei dirulaguntzak emateko oinarriak ezarri eta deialdia egiten da.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko ekainaren 27ko Aginduaren bidez, garapen jasangarria sustatzen duten ekintzak egiten dituzten toki-erakundeentzako 2023ko ekitaldirako dirulaguntzen deialdia egin zen.

Bigarrena.– 2023ko abuztuaren 7an amaitu zen eskabideak aurkezteko epea, eta 256 eskabide jaso ziren Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoan.

Hirugarrena.– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko ekainaren 27ko Aginduaren 15. artikuluaren arabera, berariaz horretarako eratutako ebaluazio-organoak, 2023ko urriaren 25ean, dirulaguntzen eskaerak aztertu eta ebaluatu zituen, eta dagokion ebazpen-proposamena egin zuen. Proposamen horretan, esleipen-irizpideei eta aurrekontu-mugei egokituta, aipatutako agindua aplikatuz dirulaguntza jaso dezaketen proiektuak zehazten dira, bai eta laguntzaren zenbatekoa, ezetsitako eskabideak eta ezesteko arrazoiak ere.

Laugarrena.– Garapen jasangarriko ekintzak sustatzen dituzten toki-erakundeentzako dirulaguntzen deialdia ebatzi duen epaimahaia bildu da, eta ikusi du Lurzoru Kutsatuen eta Lurzoruaren Babesaren, Natura-ondarearen eta Ekonomia Zirkularraren lerroetarako aurreikusitako aurrekontu-zuzkidura ez dela nahikoa epaimahaiak diruz laguntzekotzat iritzitako proiektu guztiak hornitzeko.

Ebaluazio-organoak, 2023ko urriaren 25ean egindako bileran, erabaki du Toki-mailako Ekoberrikuntzaren, Jasangarritasunerako Hezkuntzaren, Klima-aldaketaren eta Asteklimaren lerroetako soberakina erabiltzea Lurzoru Kutsatuen eta Lurzoruaren Babesaren, Natura-ondarearen eta Ekonomia Zirkularraren lerroetako aurrekontu-zuzkidura handitzeko.

Bosgarrena.– Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordearen 2023ko abenduaren 15eko Ebazpenaren bidez, aldatu egiten da garapen jasangarria sustatzeko ekintzak egiten dituzten toki-erakundeentzako dirulaguntzen deialdiari dagozkion Natura-ondarearen, Ekonomia zirkularraren eta Lurzoru kutsatuen eta lurzoruaren babesaren lerroen aurrekontu-zuzkidura.

Era berean, erabaki da 457.713,76 euro gehitzea Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko ekainaren 27ko Aginduaren 3.1 artikuluan jasotako aurrekontu-zuzkidurari, adieraziriko kopurua hartuta enpresei dirulaguntzak emateko deialdiko soberakinetatik. Deialdi hori Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko ekainaren 21eko Aginduaren bidez onartu zen, 202/2015 Dekretuan aurreikusitako dirulaguntzen 2023ko ekitaldirako (202/2015 Dekretua, urriaren 27koa, ingurumena babesteko inbertsioak egiteko dirulaguntzak enpresei emateko baldintzak arautzekoa).

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko ekainaren 27ko Aginduaren 3.2 artikuluak ezartzen du ezen, eskaerarik ez dagoelako edo eskakizunak betetzen ez direlako aipatutako jarduketa-lerroetako bati esleitutako diru-zenbatekoa agortzen ez bada, beste jardun-lerro bati esleitutako diru-zenbatekoari gehitu ahalko zaiola, organo ebaluatzaileak horri buruz egiten duen proposamenaren arabera.

Bigarrena.– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko ekainaren 27ko Aginduaren 3.2 artikuluaren hirugarren paragrafoan xedatutakoaren arabera, beste jarduketa-lerro bati esleitutako zenbatekoa handitzeko, Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordeak horretarako onespena emango du ebazpen bidez, Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordearen ebazpenaren aurretik.

Hirugarrena.– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko ekainaren 27ko Aginduaren 12. artikuluan ezarritakoaren arabera, aurkeztu beharreko eskaerak eta dokumentuek ez badituzte betetzen deialdi honetan ezarritako baldintza guztiak, edo haien edukia nahikoa ez bada, 10 eguneko epea emango zaio erakunde eskatzaileari akatsak osatu edo zuzentzeko, eta adieraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela.

Laugarrena.– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko ekainaren 27ko Aginduaren 17. artikuluaren arabera, agindu horretan araututako laguntzak, Jasangarritasunerako Hezkuntzaren lerroa eta Asteklima 2023 lerroa izan ezik, aldi bereko norgehiagoka-prozeduraren bidez esleituko dira, hala ezarrita baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 51.4 artikuluan.

Bosgarrena.– Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordeak eskumena du onuradunak eta eman beharreko dirulaguntzen zenbatekoak behin betiko zehazteko, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko ekainaren 27ko Aginduaren 18.1 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Seigarrena.– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko ekainaren 27ko Aginduaren 18.2 artikuluaren arabera, ebazpenean zehaztuko da eskatutako dirulaguntzak emango diren edo, hala badagokio, ukatuko diren. Laguntzak ematen badira, honako hauek adieraziko dira: erakunde onuraduna, diruz lagundutako proiektua, norgehiagoka bidez proposatutako proiektuen kasuan lortutako puntuazioa, diruz lagundu daitezkeen gastuen zenbatekoa, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa eta 3. artikuluan adierazitako ordainketetarako behin betiko ehunekoak; eta, laguntzak ukatzen badira, berriz, zergatik ukatu diren.

Zazpigarrena.– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko ekainaren 27ko Aginduaren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, 3. artikuluan adierazitako diru-kopuruak handitu ahal izango dira, eskatutako laguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren programak gauzatzetik agortu gabeko aurrekontu-baliabideen arabera, eta programa horiei buruzko ebazpena eman aurretik. Horren berri Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordearen ebazpen bidez emango da.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 2023ko ekainaren 27ko Agindua, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez dirulaguntzak emateko oinarriak ezarri eta deialdia egiten baita; Garapen jasangarria sustatzeko ekintzak egiten dituzten toki-erakundeei zuzenduta daude dirulaguntzak; 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta oro har aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ebazpen honen I. eranskinean jasotako erakundeei dirulaguntza ematea, bertan zehazten diren proiektuetarako eta zenbatekoekin.

Bigarrena.– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko ekainaren 27ko Aginduaren 24. artikuluan xedatutakoaren arabera ordainduko dira dirulaguntzak.

Hirugarrena.– Ebazpen honen II. eranskinean argitaratzea utzietsitako dirulaguntza-eskabideen zerrenda.

Laugarrena.– Eskatutako dirulaguntza ukatzea, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko ekainaren 27ko Aginduaren 12.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, ebazpen honen III. eranskinean adierazitako erakundeei, bertan zehazten diren arrazoiengatik.

Bosgarrena.– Agintzea ebazpen honen bidez ematen diren dirulaguntzen zenbatekoaren lehen ordainketa egin dakien ebazpenaren I. eranskinean zerrendatzen diren erakunde onuradunei.

Dirulaguntzaren ondorengo ordainketak egiteko, onuradunak agiri bidez egiaztatu beharko du Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko ekainaren 27ko Aginduaren 23. eta 24. artikuluetan ezarritakoa.

Onuradunek bete egin beharko dituzte, halaber, agindu horren 20. artikuluan jasotako betebeharrak.

Seigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea, interesdunei jakinarazteko, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko ekainaren 27ko Aginduaren 18.1 artikuluaren arabera, eta dirulaguntzak emateko prozedura orok izan behar duen publikotasun-printzipioa betetzeko.

Zazpigarrena.– Baldintza-agiriak banan-banan denei jakinaraz dakien agintzea, hala badagokio, diruz lagundutako proiektuak Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko ekainaren 27ko Aginduaren 19. artikuluaren arabera gauza daitezen.

Zortzigarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazten den egunetik hasita, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko martxoaren 12a.

Ingurumen Jasangarritasunaren sailburuordea,

AITOR ALDASORO ITURBE.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala