Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

63. zk., 2024ko martxoaren 27a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
1528

EBAZPENA, 2024ko martxoaren 20koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitaratzen baita Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakia, Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko urriaren 22ko 164/2019 Dekretuaren IV. kapituluan aurreikusitako laguntzak 2024an finantzatzeko baliabide ekonomikoak esleitzen dituena.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2024ko martxoaren 19ko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez, zenbait diru-baliabide esleitu ditu, zehazki, Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko urriaren 22ko 164/2019 Dekretuaren IV. kapituluan ezarritako laguntzak 2024an finantzatzera bideratuko direnak. Lanbideren Estatutuetako 10.2 artikuluaren n) letran xedatutakoarekin bat etorriz, Lanbideko zuzendari nagusiari dagokio erabaki hori argitaratzea (estatutu horiek maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onetsi ziren).

Horregatik guztiagatik, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitara ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2024ko martxoaren 19ko bilkuran hartutako Erabakia, zeinaren bidez zenbait diru-baliabide esleitzen baitira, Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko urriaren 22ko 164/2019 Dekretuaren IV. kapituluan ezarritako laguntzak 2024an finantzatzeko. Erabaki hori Ebazpen honen eranskinean jasota dago.

Bigarrena.– Jakinaraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluaren erabaki horren ondorioak ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko direla.

Hirugarrena.– Ohartaraztea deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dela zuzenean, Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hileko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko martxoaren 20a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

FRANCISCO PEDRAZA MORENO.

ERANSKINA
LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZUKO ADMINISTRAZIO KONTSEILUAREN ERABAKIA, ZEINAREN BIDEZ ZENBAIT DIRU-BALIABIDE ESLEITZEN BAITIRA, FAMILIA ETA LANA BATERAGARRI EGITEKO LAGUNTZEI BURUZKO URRIAREN 22KO 164/2019 DEKRETUAREN IV. KAPITULUAN EZARRITAKO LAGUNTZAK 2024AN FINANTZATZEKO

Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko urriaren 22ko 164/2019 Dekretuaren IV. kapituluaren bidez, langabezian inskribatuta dauden pertsonen kontratazioa sustatzeko laguntzak arautzen dira, hain zuzen ere pertsona horiek ordezka ditzaten besteren konturako langileak eta kooperatiba-sozietateetako bazkide-langileak edo lan-bazkideak. Horretarako, langileok egoera hauetakoren batean egon behar dute: eszedentzia edo lanaldi-murrizketa hartuta, seme-alabak edo mendetasun-egoeran edo oso osasun egoera larrian dauden senitartekoak zaintzeko.

Dekretu hori aldatu egin da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onartzeko Dekretua aldatzen duen ekainaren 29ko 156/2021 Dekretuaren azken xedapenetako bigarrenaren bidez (uztailaren 6ko EHAA, 132. zk.), eta erakunde autonomo horretako Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzari esleitu zaio 164/2019 Dekretuan araututako laguntzak kudeatzeko eta ebazteko eskumena.

Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legeak 9.6 artikuluan ezartzen duenez, behin Euskal Autonomia Erkidegoko ekitaldi ekonomiko bakoitzeko aurrekontu orokorrak indarrean jartzen direnean, programetako dirulaguntzak emateko oinarri erregulatzaileak eguneratu, aztertu eta –hala badagokio– ezarriko dira, eta indarraldi mugagabea eman zitzaien dirulaguntzen deialdia egingo da.

Urriaren 22ko 164/2019 Dekretua xedapen orokorra da, indarraldi mugagabea duena, eta, 62,5. artikuluan espresuki xedatzen duenez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabaki baten bidez, urtero zehaztuko da zenbat diru bideratuko den IV. kapituluan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko.

Laguntza horiek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2024ko ekitaldiko Dirulaguntza Plan Estrategikoan daude aurreikusita. Erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak onartu zuen plana, 2023ko abenduaren 14ko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez, eta, hartara, bete egin zuen Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 6.1. eta 7.1 artikuluetan xedatutakoa. Plan hori Lanbideren webgunean dago argitaratuta: www.lanbide.euskadi.eus. Dirulaguntza hauek lagungarri dira planean jasotako helburu estrategikorako, zeina baita lan-eremuan benetako genero-berdintasuna lortzea. Izan ere, laguntza ekonomikoa ematen dute langabe gisa inskribatutako pertsonen kontratazioa bultzatzeko, besteren konturako langileak edo kooperatiba-sozietateetako bazkide langileak edo lan-bazkideak ordezka ditzaten, hain zuzen ere eszedentzia hartu dutenak edo lanaldia murriztu dutenak seme-alabak edo mendetasun-egoeran edo osasun-egoera oso larrian dauden senitartekoak zaintzeko.

Dirulaguntzak emateko prozeduran errespetatu behar den publikotasun-printzipioa betez, Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 7.2.a) artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, behin Euskal Autonomia Erkidegoko ekitaldi ekonomiko bakoitzeko aurrekontu orokorrak onartu ondoren, jakinarazi egin behar da zein den urriaren 22ko 164/2019 Dekretuan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko bideratutako kredituen zenbateko osoa, eta zenbateko hori eguneratzetik sor litekeen zenbatekoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2024. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legeak esleitzen ditu laguntza hauek finantzatzeko guztizko baliabide ekonomikoak.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak proposatuta, erakunde autonomo horren administrazio-kontseiluak, gaia eztabaidatu ondoren, 2024ko martxaren 19ko bilkuran erabaki hau hartu du:

ERABAKIA

Lehenengoa.– Baliabide ekonomikoak.

2024ko ekitaldian, 2.000.000,00 euro esleituko dira langabezian inskribatuta dauden pertsonen kontratazioa sustatzeko laguntzak finantzatzeko. Laguntza horien helburua da, hain zuzen ere, kontratatutako pertsonek ordezkatzea besteren konturako langileak edo kooperatiba-sozietateetako bazkide-langile edo lan-bazkideak, egoera hauetakoren batean daudenak: eszedentzian edo lanaldi-murrizketa hartuta, seme-alabak edo mendetasun-egoeran edo oso osasun egoera larrian dauden senitartekoak zaintzeko. Laguntza horiek Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko urriaren 22ko 164/2019 Dekretuaren IV. kapituluan araututa daude.

Bigarrena.– Eskabideak aurkeztea.

Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko urriaren 22ko 164/2019 Dekretuaren 56.2 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz, eskabideak elektronikoki izapidetuko dira, eta, horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dira: //www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/; horra sartzeko, esteka bat izango da Lanbideren web-orrian.

Izapidetze-jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/servicios/1008910

Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak eta jakinarazpenak "Nire karpeta" atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Eskabideak, halaber, ordezkari baten bidez elektronikoki izapidetu ahal izango dira. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide honetan eskuratu daitezke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Hirugarrena.– Dirulaguntzak jasotzeko eta emateko baldintzak.

1.– Aipatutako laguntzak jasotzeko eta emateko baldintzak urriaren 22ko 164/2019 Dekretuan eta ebazpen honen apartatuetan xedatutakoak dira.

2.– Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4 p) artikuluan xedatutakoa aplikatuz, erakunde onuradunak enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa adierazi beharko du, 20/2023 Legearen beraren 49. artikuluaren arabera.

3.– Laguntzen onuradun izateko, 164/2019 Dekretuaren 64. artikuluan jasotako betekizunak aplikatuko dira, eta horretaz gainera, Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan jasotako debekuak ere bai.

4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egiaztatzen ez dituen betekizunak eskabidean dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko dira.

Laugarrena.– Kudeaketa, ebazpena, ebazteko epeak eta errekurtsoak.

1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritza da eskabideak kudeatu, izapidetu eta ebazteko organoa.

2.– Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.3 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, eskaerak modu ordenatuan ebatziko dira, espedienteak erabat osatuta geratzen diren unearen arabera.

Aurrekontu-zuzkidura agortzen bada, horren berri emango da EHAAn eta Lanbideren web-orrian (https://www.lanbide.euskadi.eus), Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpen baten bidez, eta ebazteke geratu diren eskaerei ukatu egingo zaizkie dirulaguntzak.

3.– Ebazteko epea, gehienez sei hilekoa izango da, dirulaguntza eskabidea aurkezten den egunaz geroztik, eta, epe hori igarotakoan, ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, eskaera administrazio-isiltasunaren bidez ezetsi dela ulertuko da.

4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpenak ez dio amaierarik emango administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Bosgarrena.– Lehiari buruzko Europako Araudia.

1.– Laguntza hauek honako hau bete beharko dute: Europako Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko (EB) 2023/2831 Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak «minimis» laguntzei aplikatzeari buruzkoa. Kalifikazio horren ondorioz, enpresa bakar bati «minimis» laguntzetan ezin zaio guztira 300.000 euro baino gehiago eman, hiru urteko edozein alditan.

Muga hori aplikatzeko, kontuan hartu beharko da nola definitzen den «enpresa bakarra» aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan.

2.– Laguntza eskatzen duenak aurreko hiru urteetan jasotako «minimis» laguntzei buruzko aitorpena egin beharko du, ziurtatzeko «minimis» laguntza berriak ez duela gainditzen aipatu erregelamenduan ezarritako gehieneko muga.


Azterketa dokumentala