Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

247. zk., 2014ko abenduaren 29a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
5494

EBAZPENA, 2014ko abenduaren 23koa, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariarena, memoria historikoa berreskuratzeko proiektuak egiteko diru-laguntzetarako deialdia egiten duena 2015. urterako.

Aginpide publikoak memoria historikoa ezagutarazteaz eta iraunarazteaz arduratu behar dira, memoria historikoa ondare kolektiboa baita, eskubide eta askatasun demokratikoen alde egindako borrokaren erakusgarri. Helburu horretarako, erakundeek behar diren ekimenak bideratu beharko dituzte, aintzat hartuak eta birgaituak izan daitezen Gerra Zibilean eta Frankoren diktaduran gertaturiko bidegabekeriak eta laidoak pairatu zituzten pertsonak: balio demokratikoak defendatzeko borrokatu zirenak eta gatazkan bizia galdu zutenak, askatasuna galdu zutenak eta, azken batean, aldi historiko horretan erbesteratzearen bidegabekeria pairatu zutenak.

Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzak memoria historikoa berreskuratzeko eta iraunarazteko politika publikoa egin nahi du, Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzaren bitartez, eta, horrenbestez, balio eta printzipio demokratikoak berreskuratu, haietan oinarritzen baita gaur egungo gizartearen bizikidetza. Helburu nagusia da Gerra Zibilaren biktima guztiak eta haren ondorengo diktaduraren errepresio politiko, sozial eta kulturalari aurre egin zioten pertsona guztiak ohoratzea eta oroitzea betirako. Eta haiekin batera, haien familiak.

2013ko irailaren 24ko 415/2013 Dekretuak (2013ko irailaren 30eko EHAA), Euskal Autonomia Erkidegoan memoria historikoaren berreskurapena, bakea, bizikidetza eta giza eskubideak jorratzen dituzten antolakunde eta gizarte-mugimenduek helburu horrekin sustatzen dituzten proiektuetarako diru-laguntzak arautzen ditu, eta, 2.1. artikuluan, ezartzen du diru-laguntza horietarako deialdia urtero egingo dela, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariaren ebazpenaren bidez. Horrenbestez, 2015eko laguntzetarako deialdia egiten da.

Orobat, 187/2013 Dekretuaren 20.3 artikuluari jarraikiz, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariak egin behar du bere eskumen-arloko diru-laguntzen deialdia (Lehendakaritzaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen du aipatu dekretuak).

Hori guztia kontuan izanda, hauxe

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen helburua da, Euskal Autonomia Erkidegoan, memoria historikoa eta balio demokratikoak berreskuratu, zabaldu eta ezagutzeko proiektuak zein 1936-1977 aldian demokraziaren eta askatasunaren alde egindako lana zabaldu eta ezagutzeko proiektuak diruz laguntzeko 2015eko laguntza-deialdia egitea, norgehiagoka-araubidearen bitartez.

2. artikulua.– Denbora-eremua.

Diru-laguntza jaso ahal izateko, proiektuak 2015eko ekitaldian garatu beharko dira, eta, betiere, abenduaren 31n amaituta egon beharko dute.

3. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.

Memoria historikoa berreskuratzeko proiektuak diruz lagundu ahal izango dira, betiere 1. artikuluari jarraikiz eta honako jarduera hauetako bat edo gehiago biltzen badituzte:

1.– Errepresioarekin, erresistentziarekin eta gizarte demokratikoa eraikitzearekin zerikusia duten pertsonak eta gertakizunak oroitzeko edo omentzeko jarduerak.

2.– Ondare demokratikoa –materiala eta ez-materiala– iraunarazteko eta berreskuratzeko jarduerak: testigantzen datu biografikoak sortzea –batez ere ikus-entzunezko euskarrian– eta 1. artikuluan bilduriko gaiei buruzko lekuak, monumentuak, aztarnak, izenak eta beste dokumentu batzuk aurkitzea eta haien errolda egitea hartzen ditu barne.

3.– Diktaduraren errepresioarekin, erbestearekin, erresistentziarekin eta balio demokratikoen errealitate eta egoerarekin loturiko gertaerak eta prozesuak berritzera bideraturiko ikerketa-jarduerak.

4.– Zabalkunde- eta prestakuntza-jarduerak: biltzarrak, sinposioak, jardunaldiak, mintegiak eta aldi baterako erakusketak antolatzea; ikus-entzunezko produktuak, argitalpenak eta hezkuntza-proiektuak hartuko ditu barne.

4. artikulua.– Zenbatekoa.

1.– Deialdi honetara, ehun eta bost mila (105.000) euro bideraturiko dira guztira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan 2015eko ekitaldirako aurreikusitako partidaren kargura.

2.– Ebazpen honetako deialdia Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteen aurretiazko izapidetzearekin egingo da (Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan dago araututa). Hori dela eta, deialdi honetako laguntzak eman ahal izateko, ezinbestekoa izango da EAEko 2015eko ekitaldirako Aurrekontu Orokorretan kreditu egoki eta nahikoa egotea.

3.– Gehienez ere, hamabost mila (15.000) euroko diru-laguntza eman ahal izango da proiektu bakoitzeko.

4.– Laguntzek honako lege hau bete beharko dute: Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamendua, Europar Batasunaren minimis laguntzen funtzionamendu itunaren 107. eta 108. artikuluen aplikazioari buruzkoa (EBAO, L 352, 2013-12-24). Laguntza hauek minimis motako laguntzatzat jotzen dira, izan ere, pertsona fisiko edo juridiko jakin bati emandako laguntzaren guztizkoak ez du gaindituko 200.000 euroko kopurua, hiru ekitaldi fiskaleko edozein eperen barruan. Muga horretatik beherako diru-laguntzek merkataritzari eragiten ez diotela edota lehiakortasuna faltsutzen ez dutela ulertzen da; horren ondorioz, ez dira sartzen Europako Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan.

5. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Ebazpen honetako diru-laguntzak legez eratutako pertsona juridiko pribatu eta irabazi-asmorik gabekoek eska ditzakete, haien estatutu sozialen arabera, memoria historikoa berreskuratzea badute helburu.

6. artikulua.– Bateragarritasuna.

Deialdi honetan azaltzen diren diru-laguntzak beste edozein erakunde publiko edo pribatuk xede berberarekin ematen dituen beste batzuekin batera daitezke, betiere gainfinantzaketarik ez badago.

7. artikulua.– Izapidetze elektronikoa eta presentziala.

1.– Prozedura honen izapide guztiak egiteko, kontsultatzeko eta eskatzeko, entitateek bide elektronikoak erabil ditzakete.

2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak aurrez aurre nahiz elektronikoki nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.net-eko egoitza elektroniko honetan eskura daitezke.

Https://www.euskadi.net/diru_laguntza/2015/memoria-historikoa/y22-izapide/eu

3.– Eskabidea izapidetzeko eta agiriak aurkezteko bide bat edo bestea erabiltzeak, hau da, aurrez aurreko bidea edo bide elektronikoa erabiltzeak, ez du behartzen aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak egiteko bide bera erabiltzera, eta edozein momentutan alda daiteke aukeratutako bidea.

Eskabidea egin ondorengo izapideak, bide elektronikoa aukeratuz gero, helbide honetan egingo dira: http://www.euskadi.net.misgestiones

8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko eta formalizatzeko epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea 2015eko otsailaren 13an amaituko da.

Eskabidea Lehendakaritzaren Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiko Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariari zuzenduko zaio (Nafarroa kalea 2, 01007 Vitoria-Gasteiz).

2.– Eskabideak aurrez aurre aurkeztu nahi izanez gero, leku hauetara eraman daitezke: Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzara (Nafarroa kalea 2, 01007 Vitoria-Gasteiz); Herritarrentzako Zerbitzuaren (Zuzenean) bulegoetara; lurralde-ordezkaritzetara; bestelako erakunde laguntzaileetara. Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluak ezarritako bideak ere erabil daitezke.

Orobat, bide elektronikoen bitartez ere aurkeztu daitezke eskabideak, euskadi.net-eko egoitza elektronikoan sartuta.

9. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Eskabidea (I. eranskina), erantzukizunpeko adierazpena barnean duela, inprimaki arautuan egin beharko da, zeina euskadi.net egoitza elektronikoan ere baitago eskuragarri.

2.– Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Eskabidea egin duen erakundeari buruzko datuak (II. eranskina).

b) Proiektua gauzatzeak eragingo duen kostuaren aurrekontua, partiden arabera banakatuta. Bertan, proiektua finantzatzeko gainerako bideak, baleude, zehaztuko dira eta, bestela, proiektua finantzatzeko berezko nahiz kanpoko beste baliabiderik ez dagoela dioen zinpeko aitorpena egin beharko da (III. eranskina).

c) Proiektuaren memoria xehea, non zehaztuko baitira: xedea, metodologia, balizko hartzaileak (sexuaren arabera bereizita), lurralde-eremua, egingo diren jardueren egutegia eta genero-ikuspegiari nola helduko zaion. Memorian egiaztatuko da eskatzaileak proiektuari dagokion arloan duen esperientzia (IV. eranskina).

d) Erakunde eskatzaileak proiektua gauzatzeko dituen baliabide materialen eta giza baliabideen adierazpena. Horretaz gain, hauek ere adierazi beharko dira: alde batetik, erakundeak ba ote duen berdintasunaren alorrean trebatuta dagoen edota ibilbidea duen pertsonarik, eta, bestetik, boluntario gisa jarduten duten pertsonen kopurua. Inolako ordainsaririk gabe proiektuan parte hartzen dutenak joko dira boluntariotzat (IV. eranskina).

e) Diru-laguntzaren eskatzaileak ekitaldi fiskal horretan edo aurreko bi ekitaldi fiskaletan beste minimis laguntzarik jaso ote duen adierazi beharko du (V. eranskina), minimis laguntza honekin Erregelamenduan ezarritako gehienezko muga gainditzen ez dela egiaztatzeko.

10. artikulua.– Epaimahai kalifikatzailea.

Hauek izango dira 2013ko irailaren 24ko 415/2013 Dekretuko 10. artikuluan aurreikusitako Epaimahai kalifikatzaileko kideak:

– Monika Hernando Porres andrea, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria, epaimahaiburua.

– M.ª Begoña Garamendi Ibarra andrea, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria, bokala.

– Jon Redondo Lertxundi jauna, Gazteria eta Kiroletako zuzendaria, bokala.

– Lide Amilibia Bergaretxe andrea, Gizarte Zerbitzuen zuzendaria, bokala.

– Paul Ortega Etcheverry jauna, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria, bokala.

– Ana Alberdi Zubia andrea, Emakundeko idazkari nagusia, bokala.

– Laura Sagastizabal Errazu andrea, Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzako teknikaria, idazkaria.

11. artikulua.– Balorazio- eta hautaketa-irizpideak.

1.– Diru-laguntzak emateko edo ukatzeko, lehiaketaren prozedura erabiliko da, eta irizpide haztatu hauek hartuko dira kontuan:

– Proiektuaren bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa, erakundeak antolatzeko duen gaitasuna eta egitura aintzat hartuta. 20 puntu, gehienez.

– Erakundearen kudeaketa-gaitasuna, proiektuari dagokionez. 10 puntu, gehienez.

– Proiektuaren aurrekontua argia eta egokia izatea. 10 puntu, gehienez.

– Proiektuaren potentzial estrategikoa eta haren egokitasuna edo gizarte-interesa. 20 puntu, gehienez.

– Erakunde eskatzailearen ibilbidea. 10 puntu, gehienez.

– Genero-ikuspegiaren trataera garatu beharreko proiektuetan. 10 puntu, gehienez.

– Proiektua hainbat erakunderen artean gauzatzea edo beste administrazio publikoren bat ere proiektuan sartuta egotea. 10 puntu, gehienez.

– Proiektua deialdiaren xedera zein mailatan egokitzen den. 10 puntu, gehienez.

Gehienez ere 100 puntu eman ahalko dira.

2.– Diru-laguntza emateko beharrezkoa izango da, aurreko baremoei jarraikiz, gutxienez 45 puntu lortzea.

12. artikulua.– Ordaintzeko modua.

1.– Deialdi honen babesean ematen den diru-laguntza gisa honetan ordainduko da.

a) Lehenengo ordainketan, emandako diru-laguntzaren % 75 ordainduko da, diru-laguntza berariaz onartu eta gero, edo ematen dela jakinarazten denetik hamar eguneko epean, berariazko uko-egiterik ez bada aurkezten.

b) Bigarren ordainketa 2016an egingo da. Bertan, emandako diru-laguntzaren erabilera hurrengo artikuluan zehazten den bezala Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzari justifikatu eta gero egindako likidazioaren ondoriozko zenbatekoa ordainduko da.

2.– Emandako diru-laguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunek hirugarrenen alta hartzeko agiria aurkeztu beharko dute, baldin eta erregistraturik ez badaude edo Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Hirugarrenen Erregistroko banku-datuak aldatu nahi badituzte.

13. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzea.

1.– Justifikazioa aurkezteko epea 2016ko martxoaren 31n amaituko da, eta hauek barne hartu beharko ditu, VI. eranskinaz gain:

a) Diruz lagundutako proiektua garatzeko egindako gastuak justifikatzen dituzten jatorrizko faktura eta ordainagiriak, originalak edo kopia konpultsatuak. Diruz lagundutako proiektu bakoitzari dagozkion fakturak eta ordainagiriak aurkeztu behar dira, behar bezala ordenatuta eta zenbakituta, eta zerrenda batean adierazita dokumentu bakoitzean adierazitako gastua zertarako egin den (fakturek bat etorri beharko dute Fakturatzeko betebeharrak arautzen dituen araudia onartzen duen eta Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamendua aldatzen duen azaroaren 28ko 1496/2003 Dekretuko 6. artikuluak ezartzen dituen eskakizun formalekin).

b) Soldaten ordainagiri originalak edo horien kopia konpultsatuak, eredu ofizialari egokituak, eta Gizarte Segurantzarako kotizazioen buletin ofizialak, lan-kontratudun langileen gastuak justifikatzeko.

c) Aldi baterako kolaborazio-gastuen ordainagiri originalak edo horien kopia konpultsatuak. Besteak beste, datu hauek adierazi behar dituzte: jasotzailearen datuak, bere Nortasun Agiri Nazionala –NAN–, ordainketaren kontzeptua eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergako –PFEZ– atxikipena. Era berean, lankidetza horiekin lortutako diru-sarreren kitapena egiteko Ogasuneko jatorrizko inprimakia aurkeztu beharko da (110 - 190 inprimakia).

d) Programen, iragarki-kartelen, argazkien eta argitaratutako gainerako material grafiko, idatzi edo soinuzkoen aleak.

e) Gauzatutako proiektuaren memoria xehea, non jasotzen baitira onuradunak –sexuaren arabera bereizita– eta genero-ikuspegia txertatzeko modua.

2.– Izapidetzea bide telematikoz egiten bada, eskaneaturik eta elektronikoki sinatuta aurkeztuko da aipatu dokumentazioa.

3.– Izapidetzea aurrez aurre zein bide telematikoan egin, Administrazioak, egoki baderitzo, agiri originalak eska ditzake.

Justifikazioak aurrez aurre nahiz elektronikoki nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.net-eko egoitza elektronikoan daude eskura.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honek ez dio administrazio-bideari amaiera ematen, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusiari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko abenduaren 23a.

Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria,

MÓNICA HERNANDO PORRES.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala