Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

247. zk., 2014ko abenduaren 29a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

ARBITRAJE BATZORDEA
5488

1/2014 ERABAKIA, 2014ko abenduaren 15ekoa, kontratazio publikoan klausula sozial batzuk sartzeko legegintza-ekimen herritarreko lege-proposamenaren inguruan Bizkaiko Foru Aldundiak planteatua.

Donostian, 2014ko abenduaren 15ean, Arbitraje Batzordearen Osoko Bilkurak, partaide direlarik presidente gisa Juan Luis Ibarra Robles jauna eta kide gisa Asunta de la Herran Unceta-Barrenechea andrea eta Alberto Lopez Basaguren, Eduardo Virgala Foruria, Juan Ramon Guevara Saleta, Andres Maria Urrutia Badiola eta Oscar Padura Unanue jaunak, hartu du honako

ERABAKIA

1/2014 eskumen-arazoa, Bizkaiko Foru Aldundiak planteatua kontratazio publikoan klausula sozial batzuk sartzeko legegintza-ekimen herritarreko lege-proposamenaren inguruan, zeina Eusko Legebiltzarrak aintzat hartu zuen 2014ko ekainaren 26ko osoko bilkuran hartutako erabakiz (ELAO, 2014ko abuztuaren 29):

Bizkaiko Foru Aldundiak eskumen-arazoari buruzko prozedura sustatzen du lege-proposamen horren 3. artikuluko edukiari dagokionez.

Juan Ramon Guevara Saleta izan da txostengilea, eta hark Arbitraje Batzordearen Osoko Bilkuraren iritzia adierazten du.

AURREKARIAK

1.– 2014ko irailaren 17an sartu zen Arbitraje Batzorde honetan idazki bat, hil bereko 16ko datarekin, Bizkaiko Foru Aldundiak aurkeztua, eskumen arazoa planteatuz «kontratazio publikoan klausula sozial batzuk sartzeko lege-ekimen herritarreko lege-proposamena»ren kontra, zeina argitaratua izan zen Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean 2014ko abuztuaren 29an, uste zuelako Bizkaiko lurralde historikoaren eskumenak urratzen zituela.

Eskumen-arazoaren sustatzaileak azaltzen du ezen kontratazio publikoan klausula sozial batzuk sartzea erregulatuta dagoela jada Gipuzkoako eta Arabako lurralde historikoetan indarrean dauden foru-arauen bidez, eta azaltzen du orobat ezen Bizkaiko Aldundiak Gobernu Kontseiluaren 2013ko urriaren 29ko bilkuran (Bizkaiko Aldizkari Ofiziala 218/2013, azaroaren 14koa) instrukzio bat onetsi zuela kontratazio-prozeduretako neurri sozialei buruz, sektore publiko foralean zerbitzu ematen duten kontratazio-organoei zuzendua.

Eta alegatzen du nabarmendu beharra dagoela ezen ez Legebiltzarrak ez Eusko Jaurlaritzak planteatu dutela eskumen-arazorik Arbitraje Batzordearen aurrean, arrazoi hori aski baino gehiago delarik uste izateko ezen lege-ekimen herritarraren 3. artikuluak, bere aplikazio-eremu subjektiboan lurralde historikoetako sektore publikoa sartzean, urratu egiten duela lurraldeok arlo horretan duten eskumena.

2.– 2014ko urriaren 5ean, Mirari Irure Espinek, lege-ekimen herritar horren sustatzaile gisa, idazki bat aurkeztu zuen batzorde honen aurrean, eskatuz, 13/1994 Legearen 51.1 artikulua aipatzen zuelarik, partzialki altxa zedila legegintza-prozeduraren tramitazioaren suspentsioa, salbu eta manu hartan, 3.3 artikuluan, zeinak Bizkaiko Foru Aldundiaren ustez bere eskumen-eremuari eragiten baitio.

2.1.– Sustatzaile horrek uste du ezen ekimenaren 3.3 artikulua suspenditzeak ez diola eragilean arauaren zentzuari oro har eta ez duela inola ere hausten ekimenaren ulerpen-batasuna eta kongruentzia.

3.– 2014ko urriaren 14an egindako bilkuran, Arbitraje Batzordeak erabaki zuen:

3.1.– Prozeduraren hasiera-idazkiari dagokionez, zeina hizpide baitu goragoko 1. epigrafeak:

3.1.1.– Eskumen-arazoaren sustatzaileari jakinaraztea konpongarriak diren okerrak, alegia, argi eta zehatz ez adieraztea zein gaitan uste duen gertatu dela alegatutako eskumen-urraketa, azalduz zein eskumen-titulu dagozkien lurralde historikoei gai horietan, eta ez aipatzea horri dagokionez zein lege-manu urratu direla uste den, amorez eta hamar eguneko epean zuzendu ditzan oker horiek, eta ohartaraziz ezen zuzenketa hori egiten ez bada, Arbitraje Batzordea erregulatzen duen ekainaren 30eko 13/1994 Legearen 29.2 artikuluan ezarritakoaren arabera jokatuko dela.

3.1.2.– Ondoriorik gabe uztea 20 egun naturaleko epea, alegazioak aurkezte aldera 2014ko irailaren 24ko erabaki bidez prozeduran emandakoa.

3.1.3.– Baldin eta batzordeak erabakitzen badu zuzendutzat jotzen dituela ohartarazitako okerrak, erabaki horren berri emango zaie instituzio legitimatuei eta lege-ekimen herritarraren sustatzaileari, alegazioak aurkez ditzaten 20 eguneko epean.

3.2.– Ekimenaren tramitazio parlamentarioaren suspentsioa partzialki, salbu eta bere 3.3 artikulua, altxatzeko eskaerari dagokionez, eta ekimen horren 3. artikuluak bi epigrafe baino ez dituenez gero:

3.2.1.– Lege-ekimen herritarraren sustatzaileari eskatzea ezen 5 eguneko epean zehaztu dezala manuaren zein artikulu, epigrafe edo tarteki geldituko litzatekeen eskatzen den suspentsioaren altxatze partzialetik salbuetsia.

3.2.2.– Sustatzaileari eskatzea orobat ezen artikulu, epigrafe edo tarteki horri dagokionez adieraz ditzala, epe beraren barruan, Arbitraje Batzordearen Legeko 51.2 artikuluak aipatzen dituen alegazioak, suspentsioaren altxatze partziala justifikatzen duten ezohiko zirkunstantziei buruz.

4.– 2014ko urriaren 20an, Arabako Biltzar Nagusiek alegazio-idazki bat aurkeztu zuten batzorde honen aurrean, non, asumitu ondoren Bizkaiko Foru Aldundiak planteatutako eskumen-gatazkan artikulatutako argudioak, eta aipatu ondoren sektore publiko foraleko obra-kontratuetan klausula sozialak sartzeko otsailaren 20ko 1/2014 Foru Araua (Arabako Aldizkari Ofiziala, 22, 2014ko otsailaren 24koa), argudiaketa hau azaltzen zuten:

4.1.– Egin asmo den erregulazioak, sektore publiko forala osatzen duten erakundeek sinatzen dituzten kontratu publikoetako kontratu-klausuletan eta baldintza-pleguetan hura sartuz, hautsi egiten du Estatutuko eskumenen ordena, zeren Euskadiko Autonomia Estatutuko 37.3.a) artikuluak ezartzen du lurralde historikoek eskumen esklusiboa dutela «beren instituzio propioen antolaketa, erregimen eta funtzionamendua»ri dagokionez, kontratazioaren gaia bere autoeraketa-gaitasunaren agerpen bat delarik. Eta zentzu berean xedatzen da azaroaren 25eko 27/1983 Legeko 7.a) 1 artikuluan.

4.2.– Amaitzen du batzordeari eskatuz eman dezala erabaki bat adieraziz ezen lege-proposamenaren 3. artikuluak aldatu eta ukitu egiten duela, eta horregatik urratu, instituzio komunen eta foralen arteko eskumen-banaketa, Bizkaiko Foru Aldundiak aurkeztutako eskumen-arazoaren planteamenduan jasotako eran.

5.– 2014ko urriaren 23an, Eusko Jaurlaritzak alegazio-idazki bat aurkeztu zuen eskumen-arazo horren kontra, non azaltzen duen:

5.1.– Arazoaren sustatzaileak gaian bere eskumena defenditze aldera ematen duen argudio bakarra da adieraztea ezen Bizkaiko Aldundiak, bere Gobernu Kontseiluak 2013ko urriaren 29an egindako bileran (Bizkaiko Aldizkari Ofiziala 218/2013, azaroaren 14koa), instrukzio bat onetsi zuela kontratazio-prozeduretako neurri sozialei buruz, sektore publiko foralean zerbitzu ematen duten kontratazio-organoei zuzendua. Alabaina, adierazi behar da ezen instrukzio hori deuseztuta geratu dela Euskadiko Auzitegi Gorenaren Administrazioarekiko Auzien Salak 2014ko uztailaren 11n emandako epaiaren bidez.

5.2.– Bizkaiko Foru Aldundiak bakarrik adierazten du ezen kontratazio publikoan klausula sozial batzuk sartzeko lege-ekimen herritarreko lege-proposamenak urratu egiten dituela arlo horretan dituen eskumenak, baina ez du aipatzen, horretarako, arau edo xedapen jakin baten urraketarik.

5.3.– Zentzu horretan, Autonomia Erkidegoaren instituzio komunen eta lurralde historikoen organo foralen arteko harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legean, ez dago manu bat ere jasotzen duenik lurralde historikoen eskumenik kontratazio administratiboaren arloan. Konstituzioaren 149.1.18 artikuluaren arabera, arlo honetan oinarrizko legeria Estatuari dagokio, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumena da, Autonomia Estatutuaren 11.1.b artikuluan ezarritakoaren arabera, kontratu eta lagapen administratiboei dagokienez Estatuaren oinarrizko legeriaren garapen legislatiboa eta exekuzioa egitea bere lurraldearen barruan.

Beraz, ezin du aurrera egin Bizkaiko Foru Aldundiak alegatutako eskumen-urraketak.

5.4.– Amaitzen zuen Arbitraje Batzordeari eskatuz har dezala erabaki bat adieraziz ezen ekimen herritarreko lege-proposamenak ez dituela urratzen Bizkaiko lurralde historikoaren eskumenak.

6.– 2014ko urriaren 27an, lege-ekimen herritarraren sustatzaileak alegazio-idazki bat aurkeztu zuen batzorde honen aurrean Bizkaiko Foru Aldundiak jarritako eskumen-arazoaren inguruan, azalduz:

6.1.– Bizkaiko Foru Aldundiak eskumen-arazo hau jarri du uste izanik, modu generiko eta abstraktuan, ezen lege-ekimen herritarrean jasotako erregulazioak bere eskumenak ukitzen dituela. Bizkaiko Foru Aldundiak aurkeztutako eskumen-arazozko idazkiak alde hau erabateko babesgabetasunean jartzen du, ez baita bete, nabarmenki, Arbitraje Batzordea erregulatzen duen 13/1994 Legeko 47.3 artikuluan arazoaren planteamenduari buruz adierazitakoa, zeina egin behar baita, aipatu artikuluaren arabera, lege horren 26. artikuluan aurreikusitako eran, hau da, prozeduraren hasiera idazki arrazoitu bidez egin beharko dela, non finkatuko den, zehatz eta argi, ustez egiten den eskumen-urraketa, egokitzat jotzen diren alegazioak azalduz. Foru Aldundiak, beraz, adierazi beharko luke, behar adina zehaztasun eta argitasunez, zein artikulu konkretutan oinarritzen duen bere eskaera eta zein eskumen-urraketa egiten den bere ustez.

6.2.– Ulertuko balitz ezen abstraktuan –zeren ez baita aipatzen manu edo artikulu bat ere eskatzen den eskumena oinarritzeko– Bizkaiko Foru Aldundiak eskumen-arazoa planteatzen duela lege-ekimen herritar horren aurka uste duelako hura Aldundi horren Gobernu Kontseiluak 2013ko urriaren 29an emandako instrukzioaren kontrakoa dela, berezko ez-onartze kausa bat gertatuko litzateke, ezezaguna delako Bizkaiko Foru Aldundiak erreklamatzen duen eskumena oinarritu dezakeen manua.

6.3.– 2013ko urriaren 29ko instrukzioa bera aztertuz, egiaztatzen da ezen atarikoan Bizkaiko lurralde historikoak berak aitortzen duela arlo horretako eskumen-falta, adierazten baitu ezen «nahiz eta Bizkaiko lurralde historikoak ez daukan arauketa-eskumenik laneko eta kontratazio publikoko arloan, Bizkaiko Foru Aldundiak esku har dezake azaldutako arazoan, Sektore Publikoaren Kontratuen Legearen testu bateginak, azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuz onetsiak, administrazio publikoei ematen dizkien eskumenak erabiltzearen bidez, zeinak erabili behar baititu kontratazio bakoitzean bete beharreko pleguetan jasotako aurreikuspenen arabera».

6.4.– Eskumen-arazoek beharrezkoa dute Autonomia Estatutuko edo Lurralde Historikoen Legeko manuren bat eskumenak aitortzea erakunde bati, honek bere eskumena exijitu ahal izan dezan. Arbitraje Batzordearen Legeko 54. artikuluak berak dio ezen eskumen-arazoei buruzko erabakiak «ebatziko du ea proiektua edo proposamena egokitzen zaion Autonomia Estatutuan instituzio komunen eta foralen artean ezarrita dagoen eskumen-banaketari». Lurralde Historikoen Legetik ibilbide bat eginez gero, egiaztatzen da ez dagoela bertan manu bat ere kontratazio publikoari edo lan arloari dagokionez lurralde historikoaren eskumenik jasotzen duenik. Era horretako manu bat ez egoteak egiten du eskumenak instituzio komunenak izatea LHL bereko 6.1 artikuluaren arabera, zeinak adierazten baitu Autonomia Erkidegoko instituzio komunen eskumena izango dela legegintza eta exekuzioa gaietan baldin eta Autonomia Estatutuaren arabera Autonomia Erkidegoari badagozkie eta Estatutu horretan, Lurralde Historikoen Legean edo beste lege batzuetan lurralde historikoetako organo foralei ez bazaizkie aitortzen edo izendatzen.

6.5.– Aurreko guztitik alde honek ondorioztatzen du ezen planteatutako gatazkak bilatzen duela eskumen bat –eta gatazkaren sustatzaileak badaki ez daukala– erreibindikatzez bestelako helburu bat, hain zuzen ere oztopatze parlamentario bat egitea. Jokaera horrek larritasun handiagoa du eratutako botere publiko batek nahi duenean oztopatu lege-ekimen herritar bat, herritarrek legegintza-prozeduran parte hartzearen adierazpen kualifikatu, espezifiko eta ezohiko batean aurkeztu dena, tramitatzea.

6.6.– Amaitzen du Arbitraje Batzordeari eskatuz ezetsi dezala lege-ekimen herritarraren kontrako eskumen-arazoa, ekimena egokitzen zaiolako Autonomia Estatutuan instituzio komunen eta foralen artean ezarritako eskumen-banaketari.

7.– 2014ko urriaren 30ean, Bizkaiko Foru Aldundiak idazki bat aurkeztu zuen, 3.1.1 epigrafean aipatutako okerrak zuzentzeko, kontsiderazio hauen arabera:

7.1.– Sektore Publikoaren Kontratuen Legeko 118. artikuluko 1. eta 2. epigrafeen testua aipatzen du, zeinek hizpide baitute kontratazio-organoek ezarri ahal dituztela baldintza bereziak kontratuaren exekuzioari dagokionez, aipamen berezia eginez ingurumen-izaerako kontsiderazioei edo izaera sozialeko kontsiderazioei, betiere baldin badira bateragarriak zuzenbide komunitarioarekin eta adierazten badira lizitazioaren iragarkian eta pleguan edo kontratuan, eta zeinek hizpide baitute orobat pleguek edo kontratuak ezarri ahal izango dituztela zehapenak, 212.1 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, betetzen ez direnean exekuzio-baldintza berezi horiek, edo funtsezko kontratu-obligazioen izaera eman ahal dietela 223.f artikuluan adierazitako ondorioetarako.

7.2.– Esaten du ezen hiru lurralde historikoek, aipatutako artikulu horretan jasotako zehaztapenak baliatuz, erregulatu dutela klausula sozial batzuk sartzea kontratazio publikoan: Gipuzkoan uztailaren 17ko 4/2013 Foru Araua, Araban otsailaren 12ko 1/2014 Foru Araua, eta Bizkaian 2013ko urriaren 29ko instrukzioa, Gobernu Kontseiluak data bereko erabakiz onetsia.

7.3.– Aipatutako foru-araua eta instrukzioa emateko eskumen-titulua, hain zuzen, Euskadiko Autonomia Estatutuko 37.3.a artikuluan jasotakoa eta Autonomia Erkidegoko instituzio komunen eta bere lurralde historikoetako organo foralean arteko harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legeko 7.1 (sic) artikuluan jasotakoa da, zeinek adierazten baitute eskumen esklusiboa dela antolaketa, erregimena eta funtzionamendua, eskumen hori erabiliko dutelarik zeinek bere erregimen pribatiboaren arabera. (Ulertu behar da ezen azken aipuak erratuta erreferitzen duela Lurralde Historikoen Legeko 7.1 artikulua, benetan aipatu nahi delarik lege horretako 7.a.1 artikulua).

8.– 2014ko azaroaren 6an egindako bileran, Arbitraje Batzordeak erabaki zuen:

8.1.– Eskumen-arazoaren onargarritasunari dagokionez:

8.1.1.– Bizkaiko Foru Aldundiak zuzendutzat edukitzea Batzorde Arbitral honek urriaren 14ko bileran adierazitako okerrak, identifikatuta gelditu delarik erreibindikatzen den eskumen-titulua, urratutzat jotzen diren manuak aipatuz.

Ondorioz, batzordeak erabaki zuen horren berri ematea instituzio legitimatuei, eta 20 eguneko epe berri bat irekitzea egoki deritzena alegatzeko Bizkaiko Foru Aldundiak planteatutako eskumen-arazoaren inguruan.

8.1.2.– Eusko Legebiltzarreko Mahaiari jakinaraztea erabaki hau eta eskatzea horren berri eman diezaiola ekimenaren proposatzaileari, honek 20 eguneko epean egoki deritzen alegazioak aurkeztu ahal izan ditzan, Arbitraje Batzordearen Legeko 50.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.

8.2.– Suspentsioaren altxatze partzialari dagokionez, lege-ekimen herritarraren sustatzaileak eskatua, tramite hori aipatu baita erabaki honen aurrekarien 2. eta 3.2 apartatuetan, idazki bat aurkeztu da aipatutako errekerimenduei erantzuteko, era honetara:

«Errekerimenduetako lehenengoari dagokionez, egia da ezen, oker bategatik, alde honek lege-ekimen herritarraren 3.3 artikulua aipatu zuela, nahiz eta 3. artikuluak bi epigrafe baino ez dituen.

Aipamen zuzena, egindako alegazioekin bat etorriz, hau izango litzateke: suspentsioaren altxatzetik salbuetsi beharko litzateke, hala badagokio, ekimenaren eremu subjektiboaren parte gisa Bizkaiko Foru Aldundiari egiten zaion aipamena.

Horretarako, suspentsioaren altxatzetik salbuetsi beharko litzateke ekimenaren 3.2 artikuluko tarteki hau, "hiru lurralde historikoetako sektore publikoa", Bizkaiko lurralde historikoari dagokion neurrian, baina ez beste bi lurralde historikoei dagokienez (Araba eta Gizpuzkoa), zeinek ez baitute ikusi eskumen-inbasiorik lege-ekimen herritar honetan.

[Beste era batera esanda, tramitatu daiteke arau osoa, eta Batzorde Arbitralak dioenean Bizkaiko Foru Aldundia ukituta dagoen edo ez, hirugarren artikuluan sartu daitekeen edo ez, soilik geldituko litzateke sartzea edo ez sartzea Bizkaiko Foru Aldundia araua aplikagarri zaion instituzio gisa. Arauaren gainerakoak Legebiltzarrak erabakitzen duen edukia izango du, tramitazioan zehar. Hau da, arau osoa tramitatzen da salbu eta 3. artikuluko apartatu bat, non sartzen de Bizkaiko Foru Aldundia]».

8.2.3.– Alde batera utzirik ez dela egia beste bi lurralde historikoek (Araba eta Gipuzkoa) ez dutela ikusi eskumen-inbasiorik lege-ekimen herritar honetan –hain justu Arabako Biltzar Nagusiek alegazio-idazki bat aurkeztu dute iragan urriaren 20an batzorde honen aurrean, eskatuz eman dadila erabaki bat adieraziz ezen lege-proposameneko 3. artikuluak aldatu eta ukitu, eta horregatik urratu, egiten duela instituzio komunen eta foralen arteko eskumen-banaketa–, zaila da suspentsioaren altxatzetik salbuestea Bizkaiko Foru Aldundiaren aipamena, aipamen hori ez delako agertzen testuaren artikuluan.

8.2.4.– Arbitraje Batzordeak ahal du partzialki altxatu lege-proposamen baten tramitazioaren suspentsioa hura mantenduz bere testuko zati zehatz eta jakin bati dagokionez. Horregatik lege-ekimen herritarraren sustatzaileari eskatu zitzaion ezen bost eguneko epean zehaztu zezala manuaren zein artikulu, epigrafe edo tarteki geratuko litzatekeen salbuetsita eskatutako suspentsioaren altxatze partzialetik. Lege-proposamenaren tramitazioaren prozedura suspenditzeak eta suspentsioaren altxatze partziala egin ahal izateak, Arbitraje Batzordearen Legean ezarritakoaren arabera, eragiten die batzorde honen erabakiaren pentzuan jarritako lege-testu proposamenetan jasotako xedapen normatiboei; arau-proposamenei dagokien kontua da, ez hartzaileei edo arau-xedapen proposamen horiek haiengan lituzketen ondorioei. Lege-ekimen herritarraren sustatzaileak ez du eskatzen suspentsioaren altxatzetik salbuesteko arau-xedapen proposamen konkretu bat, baizik eta suspentsioaren altxatzetik salbuetsi dadila bere erakunde hartzaileetako bat: Bizkaiko lurralde historikoa. Kuestio hori Arbitraje Batzordearen ahalmenetik kanpo gelditzen da, hura erregulatzen duen legearen logikatik kanpo eta Autonomia Erkidegoko instituzio komunen eta bere lurralde historikoetako instituzio foralen eskumen-banaketaren antolaketatik beratik kanpo, Autonomia Estatutuaren arabera eta Lurralde Historikoen Lege gisa ezaguna den azaroaren 25eko 27/1983 Legearen arabera, eta bistakoa da ezen baldin eta batzorde honek erabakiko balu proposamenaren 3.2 artikuluko tartekiak –lurralde historikoak sartuz proposatzen den lege-erregulazioaren erakunde hartzaileen artean– urratu egiten duela instituzio bataren eta besteen arteko eskumen-banaketa, erabaki horren ondorioak ez lirateke mugatuko soilik Bizkaiko lurralde historikora, baizik eta lurralde historikoetako guztietara eta bakoitzera.

8.2.5.– Alde batera utzirik azaldutakoa, kontu honetan bi zirkunstantzia biltzen dira, garrantzi nabarmenekoak:

a) Tramitearen iraungipena, zeren eta errekerimenduei erantzuteko aipatu idazkia hartarako emandako epetik kanpo bidali zitzaion batzordeari.

b) Idazkia faxez bidali zitzaion batzorde honi sinadurarik batere gabe, eta ondorioz ezin daiteke onartua izan ez baitago modurik bidaltzailearen identitatea egiaztatzeko.

8.2.6.– Ondorioz, Arbitraje Batzorde honek erabakitzen du:

Lege-ekimen herritarraren sustatzaileak ez ditu bete, denboraz eta formaz, batzorde honek, 2014ko urriaren 14an egindako bileran hartutako erabakiaren ondorioz, egin zizkion errekerimenduak, eta horregatik, ezetsi egiten du sustatzaile horrek tramitazioaren suspentsioa partzialki altxatzeko egindako eskaera.

9.– Behin igorri ondoren instituzio legitimatuei eta ekimenaren proposatzaileari Bizkaiko Foru Aldundiaren zuzenketa-idazkia 20 eguneko epe berri batean alegazioak egin ditzaten, batzordearen aurrean aurkeztu dira ondoren zehazten diren bi idazkiak:

9.1.– Arabako Biltzar Nagusiek idazki bat aurkeztu zuten abenduaren 3ko datarekin, non, behargabeko errepikak saiheste aldera, erabat erreproduzitutzat ematen dituzten batzordeari 2014ko urriaren 20an aurkeztu zioten idazkian jasotako alegazioak, bere eginez, bat datozelako, Bizkaiko Foru Aldundiak egindako zuzenketakoak.

9.2.– Lege-ekimen herritarraren sustatzaileak idazki bat aurkeztu zuen 2014ko abenduaren 3ko datarekin, non alegatzen duen:

9.2.1.– Bizkaiko Aldundiak aurkeztutako zuzenketa-idazkiak ezartzen du ezen kontratazio administratiboaren arloan bere eskumenak erreklamatzeko oinarria direla, hain zuzen, Euskadiko Autonomia Estatutuaren 37.3.a artikulua eta Euskal Autonomia Erkidegoko instituzio komunen eta bere lurralde historikoetako organo foralen arteko harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legeko 7.a) 1 artikulua. Manu horietan esaten da lurralde historikoen eskumen esklusiboa dela beren instituzio propioen «antolaketa, erregimena eta funtzionamendua».

9.2.2.– Egin beharreko lehenengo egiaztapena da Autonomia Estatutuak argi bereizten dituela gai hau eta kontratazio administratiboa. Euskadiko Autonomia Estatutuak jasotzen du, alde batetik, Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa duela bere autogobernu-instituzioen antolaketa, erregimen eta funtzionamenduari buruz (10.2 artikulua), eta beste alde batetik, Autonomia Erkidegoak lege-garapen eta exekuzio eskumena duela kontratu eta lagapen administratiboei dagokienez (11.1.b artikulua).

Konstituzioak ere gai substantibo eta ezberdin modura errekonozitzen du Estatuak kontratu eta lagapen administratiboei buruzko oinarrizko legegintzaren gainean duen eskumen esklusiboa (149.1.18).

9.2.3.– Berriro egiten du Lurralde Historikoen Legeko 6.1 artikuluaren aipamena, jada aurreko 6.4 epigrafean jasoa, adieraziz ezen interpretatzea kontratazio administratiboa, organo foralei ez zaiena izendatu, ez litzatekeela instituzio komunen eskumena izango uste delako sartuta dagoela organo foralei aitortutako beste batean, interpretazio hori egitea lege-iruzurra litzatekeela.

9.2.4.– Errepikatzen du, orobat, bere aurreko alegazioa, Bizkaiko Aldundiak espresuki errekonozitzen duelakoa, bere instrukzioaren atarikoan, ez daukala arau-eskumenik ez lan arloan ez kontratazio publikoan, eta berriz esaten du instituzio horren jarrera oztopatze parlamentario modu bat dela.

9.2.5.– Amaitzen du Arbitraje Batzordeari eskatuz ezetsi dezala Bizkaiko Foru Aldundiak planteatutako eskumen-arazoa.

10.– Batzordearen Osoko Bilkurak 2014ko abenduaren 15eko data jarri zuen erabaki honen eztabaida eta onespenerako.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Bizkaiko Foru Aldundiak eskumen-arazoa planteatzen du lege-ekimen herritarreko lege-proposamenaren 3. artikuluari dagokionez, zeinak idazkera hau baitu:

«3. Artikulua.– Aplikazio-eremu subjektiboa

1.– Lege hau Euskal Autonomia Erkidegoaren sektore publikoa osatzen duten erakundeetako kontratazio-organo guztiei aplikatzekoa izango da.

2.– Lege honen ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikotzat ulertzen da Autonomia Erkidegoaren sektore publikoak, hiru lurralde historikoen sektore publikoak eta udalen sektore publikoak bilduta osatzen dutena».

Beraz, kontua da ebaztea ea lege-ekimen herritarreko 3. artikulu hori Autonomia Erkidegoko instituzio komunen eta bere lurralde historikoetako organo foralen arteko eskumen-banaketaren kontrakoa denetz.

Bigarrena.– Behin xehetasunez azaldu ondoren azaldutako aldeek eztabaidagai den hizpideari buruz egin dituzten alegazioak, hizpide horretan dagoen eskumen-mugaketa aztertzeko orduan kontuan izan behar da jurisprudentziak arazo horren inguruan ezarri duen doktrina.

1.– Lehenengo eta behin, apirilaren 10eko 56/2014 Konstituzio Auzitegiaren Epaia (KAE) dago, zeinak inkonstituzional deklaratzen duen eta deuseztatzen duen Kantabriako Parlamentuak autonomia-erkidegoko 2011rako aurrekontu orokorrei buruz onetsitako abenduaren 23ko 10/2010 Legeko 44. artikulua, baimena ematen duelako kontratu administratiboen ordainketa atzeraturako, beraien balio estimatua 1,5 miliotik gorakoa denean eta beraien exekuzio-epea hamabi hilabetekoa edo gehiagokoa denean. Epai hori oraintsukoa eta garrantzitsua da, ez bakarrik aztertzen duelako kontratu administratiboen arloko eskumen-banaketa goi-tribunalaren epai batzuen argitan, baizik eta baita ere pronuntziamendu batzuk egiten dituelako hizpide dugun kasurako nabarmenki aplikatzekoak direnak, bere hirugarren oinarri juridikoan jasotako doktrina honen arabera:

1.1.– «Ez dago dudarik ezen erregulazio hori, ikuspuntu materialetik, kontratu administratiboei buruzko legislazio dela, eragiten duelako bere prezioaren ordainketaren zenbait alderdiren gainean... Beraz, hasteko, aztertu behar dugu zein eskumen-banaketak agintzen duen arlo honetan Estatuaren eta Kantabriako autonomia-erkidegoaren artean.

a) Espainiako Konstituzioaren 149.1.18 artikuluak Estatuari izendatzen dio, beste batzuen artean, eskumen esklusiboa «kontratu eta lagapen administratiboei buruzko oinarrizko legeria» emateko. Apirilaren 22ko 141/1993 KAEko5. zuzenbide-oinarriaren arabera, «kontratazio administratiboaren alorreko oinarrizko arautegiaren helburua da batez ere, interes orokorreko beste helburu batzuez gainera, publizitate, berdintasun, lehia aske eta segurtasun juridikoko bermeak ematea, herritarrei ziurtatzeko tratamendu komuna izango dutela administrazio publiko guztien aldetik» (ildo berean, azaroaren 12ko 331/1993 KAEko 6. zuzenbide-oinarria, eta ekainaren 29ko 162/2009koaren 4. zuzenbide-oinarria).

Espainiako Konstituzioaren 149.1.18 artikuluak ezarritakoaren esparruan, autonomia-erkidegoek eskuratu ahal izan dute oinarrizko legeria estatalaren lege-garapenerako eskumena kontratu administratiboen arloan.

b) Kantabriako Gobernuaren ordezkari prozesalak nahi du kuestionatutako manua babestu Kantabriako Autonomia Estatutuaren 24. artikuluan jasotako eskumen esklusiboetan, zehazki 1. apartatuan (bere autogobernu-instituzioen antolaketa, erregimen eta funtzionamendua), 14.ean (aktibitate ekonomikoaren plangintza eta Kantabriaren garapenaren sustapena, Estatuaren eta erkidegoko sektore publiko ekonomikoaren politika ekonomikoak ezarritako helburuen barruan) eta 32.ean (antolaketa propioaren berezitasunetatik eratorritako prozedura administratiboa).

Estatuaren eta autonomia-erkidegoen arteko eskumen-banaketari dagokionez, «kontratu administratiboen» gaia bereizita agertzen da Espainiako Konstituzioaren 149.1.18 artikuluan, nahiz eta agindu konstituzional berean jasotako eskumen-sorta zabalaren parte den, zeintzuek alkantzu eta izaera desberdinak dituzten eta zeintzuen heterogeneotasunak galarazten duen tratamendu uniboko bat egitea (martxoaren 20ko 61/1997 KAEko 11. zuzenbide oinarria). Beraz, kontratu administratiboei buruzko legerian eskumen-titulu espezifiko batek agintzen duelarik, zirkunstantzia horrek berak bakarrik galarazten du onartzea, Kantabriako Gobernuak proposatzen duenez, gai hori beste eskumen-eremu batzuen baitan subsumitzeko operazioa. Auzitegi honen doktrinaren arabera, ekainaren 4ko 120/2012 KAEko 5. zuzenbide-oinarrian laburtua: «hasietarik gatoz aldezten ezen eskumen-mugaketaren arloan 'alkantzu handiagoko erregelak amore eman behar duela erregela bereziagoaren aurrean’ (azaroaren 30eko 71/1982 KAEko 6. zuzenbide-oinarria; uztailaren 16ko 87/1985 KAEko 8. zuzenbide-oinarria; maiatzaren 11ko 87/1989ko KAEko 3.a zuzenbide-oinarria, eta urriaren 1eko 193/1998 KAEko 1. zuzenbide-oinarria). Edo, berdin dena, titulu espezifikoa gailendu behar zaiola generikoari (martxoaren 22ko 48/19888 KAEko 2. zuzenbide-oinarria; martxoaren 22ko 49/1988 KAEko 11. zuzenbide-oinarria; eta apirilaren 28ko 80/1988 KAEko 3. zuzenbide-oinarria)».

1.2.– Laburbilduz, Konstituzio Auzitegiaren aipatu epaiak pronuntziamendu hauek ditu:

1.2.1.– «Kontratu administratiboen» gaia gai substantiboa eta besteetatik bereizia da.

1.2.2.– Kontratazioari buruzko eskumen-titulua espezifikoa da (Espainiako Konstituzioa 149.1.18).

1.2.3.– Kontratu administratiboen gaia Konstituzioaren 149.1.18 artikuluan zedarritzen da eskumenen aldetik, eta identitate propioa dauka, ezin delarik nahastu beste gai batzuekin. Gai honetako oinarrizko arautegiaren helburua da, interes orokorreko beste helburu batzuez gainera, publizitate, berdintasun, lehia libre eta segurtasun juridikoko bermeak ezartzea, herritarrei tratamendu komuna bermatze aldera.

1.2.4.– Autonomia-erkidegoek eskuratu ahal izan dituzte gai honetan oinarrizko legeria estatalaren legegintza-garapenerako eskumenak.

1.2.5.– Espresuki ukatzen du aplikatu daitezkeela titulu jakin batzuk –zehazki instituzio propioen antolaketa, erregimena eta funtzionamendua, sustapena, plangintza ekonomikoa edo antolaketa propioaren berezitasunetatik eratorritako prozedura administratiboen erregulazioa– arlo horretan eskumen autonomikoak justifikatzeko. Ezin da subsumitu kontratazioari buruzko eskumen-titulua beste eskumen-titulu edo -eremu batzuen baitan.

1.2.6.– Kontratazioari buruzko eskumen-titulu espezifikoa gailendu egiten zaie alegatu daitezkeen titulu generikoei (autoeraketa, eta abar).

2.– Bigarren, aipatzekoa da Euskadiko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak 2014ko uztailaren 11ko dataz emandako epaia, zeinak deuseztatzen duen Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluaren 2014ko uztailaren 11ko instrukzioa eta zeinaren existentzia aipatu gabe utzi duen eskumen-arazoaren sustatzaileak prozedura honetan aurkeztutako bere idazkietan.

2.1.– Salak hau dio 3. zuzenbide-oinarrian: «3.1 Lehenengo, ez Euskadiko Autonomia Estatutuak, 3/1979 Lege Organikoz onetsiak, ez Autonomia Erkidegoko instituzio komunen eta bere lurralde historikoetako organo foralen arteko harremanei buruzko 27/1983 Legeak, zeinek, Konstituzioarekin berarekin batera, eskumen foralen multzoa zehazten duten, ez die eskumenik izendatzen lurralde historikoei lan, gizarte-segurantza eta kontratazio gaietan. Azkeneko honi dagokionez, eskumena mugatzen da aplikatzera Kontratuen Legearen beraren (gaur egun 3/2011 Legegintzako Errege Dekretua) xedapenak eta mugatzen da lege horren aplikazioa suposatzen duten jarduketetara –ez garapena, ez erregelamenduzko exekuzioa–, hala nola gertatzen den –3/2011 Legegintzako Errege Dekretuko 114. artikulua eta hurrengoak eta bigarren xedapen gehigarria– baldintza-pleguekin edo deialdien oinarriekin).

2.2.– Ez dago egiaztatuta epai honen irmotasuna, baina horrek ez du galerazten aintzat hartzea transkribitutako doktrina.

3.– Hirugarren, Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien 3. Salako 7. Sekzioare 2011ko abenduaren 9ko epaia (rec. E. 5777/2008), zeinak berresten duen Euskadiko Auzitegi Nagusiaren epai bat, zuzenbidearen araberakotzat jo zuena Eusko Jaurlaritzaren agindu bat zeinen bidez instrukzioak ematen ziren laneko arriskuen prebentzioan falta oso larriagatik zehatuak izan diren administrazio publikoekin kontratatzeko debekuaren deklarazioaren espedientearen aurretik egin beharreko espedientea tramitatze aldera.

Auzitegi Gorenak deklaratu zuen ez zegoela arrazoirik Estatuaren Abokatuak jarritako kasazio-errekurtsorako. Epai horren argudioak honela laburtu daitezke:

3.1.– Nahiz eta aginduaren edukiak –hizpide dugun kasuan gertatzen den bezala– uki ditzakeen lan-izaerako kuestioak, mugarritzen da gaia ez lan-izaerako gisa, baizik eta «dudaezineko kontratu-izaerako» gisa, jurisprudentzia konstituzionalaren oinarrizko postulatuak jarraituz, eta deklaratzen da aginduak babesa duela kontratazio administratiboaren eremu espezifikoan (Konstituzioaren 149.1.18 artikulua) eta ez, administrazio errekurtsogilearen defentsak argudiatzen duen bezala, oinarrizko testuaren 149.1.7 artikuluaren eremuan.

3.2.– Kontratazio administratiboaren alorrean garapen legislatiboko eta exekuzioko eskumena Autonomia Erkidegoari dagokio, horrela izendatzen diotelako Konstituzioak eta Autonomia Estatutuak: «... Aitzitik, ez dira izango oinarrizkoak xehetasunezko edo prozedurazko beste preskripzio batzuk, zeinak ordezkatuak izan baitaitezke, oinarrizko printzipio horien eraginkortasuna kaltetu gabe, beste erregulazio orobat osagarri edo xehetasunezko batzuekin, horiek onetsi dituztelarik hartarako eskumena duten autonomia-erkidegoek Konstituzioak eta Autonomia Estatutuak arlo honetan ematen dieten garapen eta exekuzio eskumena baliatuz».

3.3.– Auzitegi Gorenaren epai horretan jasotako eta aurreko 3.1 apartatuan islatutako doktrinaren arabera, prozedura honetan hizpide den eskumen-eztabaidaren gaia kontratazio administratiboa da.

Hirugarrena.– Orain dagokiona da aztertzea Autonomia Erkidegoko instituzio komunen eta lurralde historikoetako organo foralen arteko eskumen-zedarriketa gai horretan, aipatutako doktrina jurisdikzioalaren argitan.

1.– Estatuari dagokio, Espainiako Konstituzioaren 149.1.18 artikuluan xedatutakoaren arabera, eskumen esklusiboa kontratu eta lagapen administratiboei buruzko oinarrizko legediaren gaian.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumena da, bere Autonomia Estatutuaren 11.1.b artikuluaren arabera, Estatuaren oinarrizko legeriaren garapen legislatiboa eta exekuzioa bere lurraldearen barruan kontratu eta lagapen administratiboen gaian.

3.– Autonomia Erkidegoari gai honetan izendatutako eskumen-titulua espezifikoa da eta Estatutuaren 10.2 artikuluak izendatzen dion bere autogobernu-erakundeen antolaketa, erregimen eta funtzionamendu gaiko eskumenetik bereizia.

4.– Ez Estatutuak ez Autonomia Erkidegoko instituzio komunen eta bere lurralde historikoetako organo foralen arteko harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legeak ez diote eskumenik izendatzen lurralde historikoei kontratazio administratiboaren gaian.

4.1.– Beraz, gai hau ez zaie egozten lurralde historikoei ez Estatutuan izendatutako «foraltasunaren muin ukiezinean» ez Lurralde Historikoen Legean erregulatutako «eskumen-hedapeneko eremuan».

4.2.– Kontratazio administrazioaren gaian garapen legislatiborako espazioa instituzio komunei dagokie.

5.– Lurralde Historikoen Legeko 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, «Autonomia Erkidegoko instituzio komunen eskumena da legegintza eta exekuzioa Autonomia Estatutuaren arabera Autonomia Erkidegoari dagozkiolarik Estatutu horretan, lege honetan edo geroagoko beste batzuetan lurralde historikoetako organo foralei aitortzen edo izendatzen ez zaizkien gai guztietan».

5.1.– Lurralde historikoen eskumenak izendapenezkoak dira, eta ondorioz lurralde historikoak eskudunak dira, soilik, Estatutuak edo legeak –bereziki Lurralde Historikoen Legeak– espresuki berei izendatzen dizkienen gainean.

5.2.– Autonomia Estatutuak espresuki izendatzen dio Euskal Autonomia Erkidegoari kontratazio administratiboaren gaian garapen legislatiboko eta exekuzioko eskumena, eta aitzitik Lurralde Historikoen Legeak ez die eskumenik batere izendatzen gai horretan lurralde historikoei.

5.3.– Zirkunstantzia horren ondorioak bistakoak dira Konstituzio Auzitegiak kontu honi dagokionez behin eta berriro finkatutako doktrinaren arabera, alegia, «kontratu administratiboen» gaia gai substantiboa eta bereizia dela, identitate propioa duena eta ezin nahasi dena beste gai batzuekin, eta eskumen-titulua espezifikoa dela.

6.– Lurralde historikoek ezin dute argudiatu Estatutuko 37.3.a artikuluan jasotako eskumena (bere instituzio propioen antolaketa, erregimena eta funtzionamendua) eta Lurralde Historikoen Legeko 7.a.1 artikuluan jasotakoa (beren organo foralen antolaketa, erregimena eta funtzionamendua), Autonomia Estatutuan Autonomia Erkidegoari izendatutako eskumen-titulu espezifikoen aurrean.

Areago, kontuan izanik, kasu honetan bezala, ekimenari kontra egiteko baliatzen den instrukzioa ez dela «ad intra» erregulazio bat, baizik eta –Euskadiko Auzitegi Nagusiaren 2014ko uztailaren 11ko aipatu epaian esaten denez– eman dela instrukzio bat izaera orokorreko xedapen bati dagokion erregulazio-eduki batekin, hirugarrenen eskubide eta obligazioei eragiten dien erregulazio berri bat sartuz.

Edozein kasutan, Konstituzio Auzitegiaren doktrina eztabaidaezin eta errepikatuak –alegia, kontratu administratiboei buruzko eskumen-titulua espezifikoa dela, horrek besterik gabe galarazten duelarik beste eskumen-eremu batzuetan, hala nola alegatu dituzten prozedura honetan Bizkaiko Foru Aldundiak eta Arabako Biltzar Nagusiek, subsumitzeko operazioa onartzea; eskumenen mugaketaren gaian «alkantzu handiagoko erregelak amore eman behar duela erregela bereziagoaren aurrean»; eta kontratazioari buruzko eskumen-titulu espezifikoa gailentzen zaiela alegatu daitezkeen beste titulu generikoei, hala nola autoeraketa edo beste batzuk–, doktrina horrek eragiten du bestelako argudiaketarik behar ez izatea.

EPAITZA

Azaldutakoa kontuan izanik, Arbitraje Batzordearen Osoko Bilkurak

ERABAKI DU:

Kontratazio publikoan klausula sozial batzuk sartzeko lege-ekimen herritarreko lege-proposamenaren 3. artikuluan jasotzen den aurreikuspenari dagokionez, kuestionatutako eskumena egokitzen zaiola instituzio komunen eta foralen artean Autonomia Estatutuan ezarritako eskumen-banaketari, eskumen hori Euskal Autonomia Erkidegoko instituzio komunei dagokielako.

Erabaki hau aldeei jakinaraziko zaie eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko lurralde historikoko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Hala erabakitzen dute batzordeko kideek eta sinatzen, eta horren fede ematen dut nik, idazkariak.

Donostia, 2014ko abenduaren 15a.


Azterketa dokumentala