Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Ezagutu Euskadi
W3C-WAI-k web edukirako ezarritako 1.0 Erabilerraztasun Jarraibideetako A mailari dagokion ikonoa
Hezkuntza
 

Euskal hezkuntza-sistemak derrigorrezko eta doako hezkuntza bermatzen du 6-16 urte artean, eta bi hizkuntza ofizial (euskara eta gaztelania) dituen eredu elebiduna du ezaugarri bereizgarri.

Hezkuntza hiru mailatan dago banatuta: 12 urtera arteko Lehen Hezkuntza eta 16 urtera arteko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza; Irakaskuntza Osagarria edo Lanbide Heziketa; eta, ondoren, goi-mailako ikasketak, unibertsitatean, eskola politeknikoetan edo lanbide-eskoletan. Era berean, 2002ko abenduan, 0-3 urte arteko neska-mutikoentzako haur-eskolak arautzeko dekretua onartu zen.

Euskadik 28 fakultate edo eskola dituzten lau unibertsitate ditu, bai eta goi-mailako 3 eskola tekniko eta 11 unibertsitate-eskola ere. Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) publikoa da, eta goi-mailako hezkuntza eskaintzen du arlo ugaritan; esate baterako, Medikuntzan, Zientzietan, Arte Ederretan, Informazioaren Zientzietan, Ekonomian eta Industriako Ingeniaritzan.
Era berean, atzerriko zenbait ikastetxe daude; esaterako, Ikastetxe AlemaniarraIkastetxe AmerikarraIkastetxe Frantsesa eta beste batzuk. Bertan, herrialde horietako hezkuntza eskaintzen da.

• Unibertsitatea

Unibertsitateko irakaskuntza-mailetan, Euskadik 28 fakultate dituzten lau unibertsitate ditu, bai eta goi-mailako 3 eskola tekniko eta 11 unibertsitate-eskola ere. Bertan, 5.000tik gora ikaslek 68.000tik gora ikasleri ematen dizkiete klaseak.
Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) publikoa da, eta hiru lurralde historikoetan du campusa. Besteak beste, honako hau da bertako prestakuntza-eskaintza: Medikuntza, Zientziak eta bere espezialitate guztiak, Arte Ederrak, Zuzenbidea, Ekonomia eta Enpresa edo Industriako Ingeniaritza.

Unibertsitate publikoak bezala, ehun urtetik gorako eta Jesusen Konpainiaren zuzendaritzapeko Deustuko Unibertsitate pribatu ospetsuak ere zentroak ditu hiru lurralde historikoetan.

Urteak joan, urteak etorri, bere ospea berretsi egin da oinarrizko bi zutabeengatik, batez ere: Zuzenbideko Fakultatea eta Enpresa Zientzietako Fakultatea. Bertatik, estatu espainol osoko konpainia pribatu handietako enpresari eta kudeatzaile ospetsu gehienak irten dira.

Horrez gain, Nafarroako Unibertsitateak bi zentro ditu Donostiako campusean. Batetik, Industriako Ingeniarien Goi Eskola dago. 1961. urtean hasi zen, eta, gaur egun, lau titulazio eskaintzen ditu: Industriako Ingeniaritza, Materialetako Ingeniaritza, Automatikako eta Industriako Elektronikako Ingeniaritza eta Industriako Antolamenduko Ingeniaritza. Bestetik, Idazkaritzako eta Administrazioko Goi Institutua dago.

Era berean, 1997ko irailaz geroztik, Eusko Legebiltzarrak frankismoaren ostean onartutako lehen unibertsitate pribatua du Euskadik, Mondragon Unibertsitatea, alegia. Erakunde hori izen bereko talde industrialaren babespean sortu da, eta Europako lehenengo unibertsitate kooperatiboa da.


• Lanbide Heziketa

Eusko Jaurlaritzak laguntza etengabea ematen dio unibertsitateko prestakuntzari, zeresan handia duelako Euskadin bertan kalitateko hezkuntza modernoa lortzeko orduan, baina horrez gain, Lanbide Heziketaren aldeko apustu sendoa ere egiten du, giza baliabideak prestatzeko bidea delako eta euskal enpresen sarea eta lehiakortasuna hobetzen dituelako.  Lanbide Heziketak balio estrategikoa du Euskadin. Gaur egun, unibertsitatekoak ez diren mailetako ikasleen %22 ia-ia euskal Lanbide Heziketako adarretan prestatzen ari dira. Euskal Autonomia Erkidegoak 296 zentro publiko edo itunpeko zentro ditu, eta espezialitate guztiak eskaintzen dituzte.

Argi eta garbi dago Euskadik gazteen prestakuntza hobetu eta lan-merkatura bideratu nahi duela, gizartearen prestakuntza-maila etengabe handitu delako. Horrela, bada, 3-15 urte arteko gaztetxoak eskolaratzeko tasa %100ekoa da, eta 16 urtetik gorakoen arteko analfabetismoa %0,7raino jaitsi da.

Irakaskuntzaren kalitateak hirueletasuna ere badu helburu (euskara, ingelesa eta gaztelania). Horrez gain, irakasleko ikasleen ratioa 9,6koa da, eta 16 urtetik gorako euskal biztanleen %63k Bigarren Hezkuntzako eta Goi Mailako Hezkuntzako ikasketak egin dituzte. Era berean, Euskadik %81ekoa duenez, Europako batezbestekoa gainditzen du, Bigarren Hezkuntzako prestakuntza duten 20-24 urte arteko gazteen ehunekoari dagokionez. Izan ere, Europako Batasunean %74koa da; eta Espainian, %63,4koa.

 


Azken eguneratzea: 2007/06/19