Osanet

euskadi.net

Hasierara Itzuli

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Herritarrak

W3C-WAI-k web edukirako ezarritako 1.0 Erabilerraztasun Jarraibideetako A mailari dagokion ikonoa

Herritarrak

Bizimodu berria hasi: Tabakorik gabeko haurdunaldia

 


Une egokia aldatzeko

Igo


Gorputz osasuntsua izatea, berarekin gustura sentitzea eta, hori lortzeko, norberaren burua zaintzea, garrantzitsua izaten da beti. Batez ere haurdun zaudenean.

Andre askok, haurdunaldia planifikatzen dutenean edo haurdun gelditzen direnean, aldaketa batzuk egitea erabakitzen dute beren osasun-egoera hobetzeko. Erretzeari uztea funtsezko aldaketa da. Oraintxe duzu une egoki-egokia hori lortzeko.

Erretzeari uztetik datozen onurek bizitza osoan irauten dute, eta eurei esker itxaroten duzun haurtxo horrek bere bizitza hasiko du osasun-baldintzarik onenean.

Ez da erraza tabakoari uztea. Erretzea adikzioa da. Eguneroko ohituren eta jiten zati bat da. Behin betiko tabakoari uzteko, konbentzituta egon behar duzu; tabakotik alde egiteko, dituzun arrazoiei eutsi behar diezu gogor-gogor.

Oraintxe izan dezakezu uzteko une apropos-aproposa. Imajina zaitez zeu erre gabe. Konbentzitu zaitez merezi duela. Oraintxe duzu unea etapa berria hasteko.

Bazenekien...

Igo


  • Tabakoaren industria andrazkoentzat batez ere ari dela publizitatea egiten? Publizitatean ikusarazten da erretzen duen andrea erakargarriagoa dela, "sexy"agoa. Are gehiago: zigarro-produktoreek ordaindu egiten dute pelikuletan andrazko aktoreek erre dezaten, gidoiari jarraituz.
  • Gizonezkoek gehiago uzten diotela erretzeari andrazkoek baino?
  • Adoleszenteetan, neskek gehiago erretzen dutela mutilek baino?

Zuk zergatik erretzen duzu?

Igo


Segur aski, neska gazterik gehienak hasten diren bezala hasi zinen zu ere erretzen: erretzen edo handi izaten jolastearren, probatzearren, zure lagunek bezala jokatzearren edo, beharbada, zure seniderik hurrenen modukoa izatearren. Baina hori pasatuta dago.

Orain inportanteena da jakitea ea zergatik erretzen duzun gaur egun. Ahaleginak egin hori jakiteko:

  • Estresa kontrolatzearren.
  • Lanez gainezka ibilita, arnasa pixka edo atsedentxo bat hartzearren.
  • Amorru, frustrazio, asper edo bakar-une bati aurre egitearren.
  • Gustatzen zaidalako.
  • Ezin dudalako egon erre gabe.
  • Nire lagunek ere erre egiten dutelako.
  • Laguntzen didalako pisu justuan mantentzen.
  • Jarduera batzuei amaiera emateko ederra delako (bazkal ondoan, kafe ondoan...)
  • ........................................................................................ -lako
    (jarraitu azaltzen erretzeko duzun ohituraren beste arrazoiren bat).

Andrazkoak, tabakoa eta ugalketa

Igo


Tabako-kea birikako minbiziaren sortzaile nagusietariko bat da, eta birika-enfisemarena eta gaixotasun kardiobaskularrena. Horiek gaixotasun guztioriek oso larriak dira.

Tabako-kea da arrazoi nagusia eguneroko hainbat arazo eta akatsena: erretzailearen eztularena, bronkitisarena...

Gainera, tabakoak beste ondorio negatibo batzuk ere badakartza haurdunentzat eta euren haurrentzat.

Datu batzuk

Igo


  • Haurtxoek, jaio aurretik, oxigeno eta janari asko behar dute, eta hori guztia amaren odol bidez ematen zaie. Tabako-kearen produktu toxikoek egiten dute amaren odolak oxigeno gutxiago ekartzea. Ama erretzaileen haurrek janari eta oxigeno gutxiago hartzen dute, eta pisu gutxiagoz eta sarritan garaia baino lehen jaiotzen dira.
  • Haurdunaldian erretzen duten andrazkoek arazo gehiago izaten dute erditzeko orduan ez-erretzaileek baino. Haien haurtxoak txikiagoak izateak, amak erretzaileak direlako, ez die laguntzen euren erditzean.
  • Haurren ustekabeko heriotzaren arrazoia zehatz-mehatz jakin ez arren, oraintsuko estudioek diotenez tabako-kea da, antza, arrisku-faktorerik garrantzitsuenetariko bat.
  • Zigarro "ligth"ak erretzeak ez du arazoa konpontzen. Izan ere, holako zigarroak erretzen dituztenek gehiago erretzen dute eta sakonago iresten dute kea.
  • Inoiz ere ez da berandu erretzeari uzteko. Nahiz eta hobe izan uztea haurdun gelditu baino lehen, haurdunaldiko edozein momentutan uzteak ere bizitza hobeagoa hasten lagunduko dizu zuri eta zure haurrari.
  • Andrazko erretzaileek joera dute menopausiara lehenago heltzeko ez-erretzaileek baino. Menopausia goiztiarrak esan nahi du probabilitate handiago dagoela osteoporosia izateko (hezur ahulagoak eta hauskorragoak, erraz-erraz apur daitezkeenetarikoak, izateko).
  • Erretzeak eta antikontzeptiboak hartzeak gehitu egiten dute gaixotasun kardiobaskularrak izateko arriskua. Urteekin arriskua gehitu egiten da.

Neskato, mutiko eta tabakismo pasiboari buruzko zenbait zehaztasun

Igo


Zer da tabakismo pasiboa?
  • Erretzaileak tabako-kea arnastuz sartzen du bere birikietan kea. Tabakismo "aktiboa" dugu hori. Baina haren ondoan daudenek ere tabako-kearen arriskua dute, zeren zigarroa kontsumitzen den airea, edo erretzaileak botatzen duen airea, arnasten baitute. Tabakismo "pasiboa" dugu hori. Ke horrek 4.000 produktu kimiko baino gehiago ditu. Eta beraietariko gutxienez 40k minbizia sor dezakete, beste gaixotasun batzuez gainera.
Zer gertatzen da jendeak erretzen badu nire ondoan, ni haurdun nagoela?
  • Zu zeuk erreko bazenuen antzerako zerbait gertatzen da. Horregatik, garrantzitsua da etxean zurekin bizi direnek ez erretzea, ez haurdun zaudela ezta gero ere ez. Garrantzitsua da, baita ere, ahal den neurrian, zu egotea erretzen den esparru itxitik urrun. Aita edo ama erretzailearen haurrek, adibidez, ez-erretzailearenek baino probabilitate doblea dute pisu gutxiagoz jaiotzeko.
Tabakismo pasiboak kalte egiten die haurtxoei eta neskato-mutikoei?
  • Jakina. Eta beraientzat bereziki arriskutsua da, gainera, euren birikak oraindik heltzen daudelako. Pertsona erretzaileekin bizi diren haurtxoek, ez-erretzaileekin bizi direnek baino probabilitate doblea dute arnas arazoak (bronkitisa eta asma) izateko. Probabilitate handiagoa dute, baita ere, katarroak, belarriko arazoak eta eztarriko gaixotasunak izateko.
Badago tabakoak dakarren beste ondoriorik haurrentzat?
  • Neskato-mutikoek kopiatu egiten dituzte pertsona nagusien portaerak. Euren aita edota ama, euren senideak, etab... erretzen ikusten badituzte, segur aski jokabide berbera egin nahi izango dute eta, azkenean, ohiko erretzaile bihurtuko dira eurak ere.
Nola eskatuko diet nire senideei ez dezatela erre nirekin daudenean, ni haurdun nagoela, urteak eta urteak erretzen badaramatzate?
  • Ez izan lotsarik hori eskatzeko. Ahalegindu zaitez. Dena dela, baten batek zigarro bat erre nahi badu, proposa iezaiozu balkoira edo terrazara joatea erretzera. Zer egin dezaket nire lan-lekuan erretzen bada?
  • Atsegin, baina irmo, eskatu bete dadin Eusko Legebiltzarraren 18/1998 Legeak agintzen duena: "Ezin da erre haurdunak lanean ari diren inongo lan-esparruetan" (23gn. art., 3 b)). Zure osasunerako eskubidea besteen erretzeko eskubidearen gainetik dago.

Zertarako utzi erretzeari?

Igo


Euskadin ehundaka andrazkok utzi diote erretzeari oraindik orain. Arrazoiak:

  • Osasuna hobetzeko. (Eskatu zure Osasun-Zentroan "Zer irabazten dut nik tabakoa utzita?" izenekoa. Zure informaziorako balioko dizu eta pentsa dezazun ere bai).
  • Haur osasuntsuagoa izateko. Haurdun gelditu baino lehen, edo haurdunaldian, erretzeari utzi diotenek probabilitate gutxiago dute abortuak izateko, edo pisu gutxiko haurtxoak izateko jaiotzerakoan.
  • Usain txarrik ez izateko ez ilean, ez arropan, arnasan edo atzamarretan; nikotinagatiko hortz horirik eta zigarroengatiko erredurarik ez izateko.
  • Beste pertsonen osasuna babesteko. Tabako-kea arnasteak pertsona guztiengan du eragina, batez ere neskato-mutikoengan, eta arnas edo osasun arazodunengan.
  • Zererako: ........................................................................
    (jarri hor zure "zertarako" pertsonala).

Aldatu egingo naiz erretzeari uzten badiot?

Igo


Erretzeari uzteak aldaketak egitea dakar zure eguneroko bizitzan. Ikus ditzagun erretzeari uzten diotenek izaten dituzten zalantzak eta galderak.

  • Estu eta larri nago. Ez ote da, bada, desegokia izango estres gehiago gaineratzea, erretzeari utzi behar diodala-eta, noiz eta haurdun nagoen honetan?
    Ez. Erretzeak lasaitu egiten duela ematen du askotan, baina, egia esan, barik estres gehiago sartzen dio gorputzari; horrela da. Bihotzeko erritmoa azeleratu egiten du, eta presio arteriala handiagotu. Erretzeari uzten badiozu zure haurdunaldia eta erditzea ez dira horren estresatzaileak izango.
  • Beste batzuetan ahaleginak egin arren ezin izan dut.
    Euskadiko Osasun-Inkestan, 200.000 pertsonek esan zuten utzi diotela erretzeari. Posiblea da, beraz. Askok lortzen dute, ez lehenengoan, bai, ostera, saio batzuen bueltan. Saio bakoitzak hurbildu egiten du azken arrakasta. Zure bizitzako une hau izan daiteke aproposa hori lortzeko. Beste batzuetan baino arrazoi gehiago dituzu uzteko. Ez ezazu alperrik gal aukera hori.
  • Egia ote da pisu gehiago irabazten dela? Ez erretzea batetik, eta haurdun egotea bestetik, ederto paratuko naiz, bada!.
    Erretzeari uzterakoan, pertsonarik gehienek kilo batzuk hartzen dituzte euren ohiko pisuaren gainetik. Baina hobea da zure osasunerako eta zure haurrarentzat pisu gehiago hartze posible hori, erretzen jarraitzea baino.
  • Nire familiakoek eta nire lagunek erre egiten dute.
    Oso garrantzitsua da zurekin bizi edo sarri egoten direnek zuri laguntzea erretzeari uzteko duzun asmo horretan. Onena litzateke eurek ere ahalegintzea erretzeari uzteko, zurekin batera. Edozein modutan ere, euren laguntza eskatu esanez ez dezatela erre, ahal badute, elkarrekin zaudetenetan. Tabakorik gabeko etxeak giro osasuntsuagoa izaten du, jadanik, zure haurrarentzat. Zalantzarik gabe, zure familiakorik hurkoenek lagundu egingo dizute, neketsu egiten bazaie ere.

Nola utzi erretzeari

Igo


Ez dago metodorik guztientzat balioko duenik. Batzuek taldeetan parte hartuz uzten diote erretzeari, beste batzuek, ostera, euren kabuz lortzen dute.

Edozein modutan ere:

  • Erretzeari uzteak esan gura du aspaldian hartutako ohiturarekin eten, beharbada, egin beharko dela. Kosta egiten da, baina posiblea da.
  • Erretzeari uzteak fase batzuetatik pasatu behar du: ondo pentsatu behar da, nola utz dakiokeen enteratu, erabakia hartu, martxan jarri, eta, azkenik, hartutako erabakiari gogor eutsi.
  • senideen eta lagunen laguntza funtsezkoa da. Seguru aski ezagutuko duzu baten bat erretzeari uztea lortu duena, edo uzteko ahaleginak egiten ari dena. Jarri zaitez kontaktuan horiekin.
  • Erretzeari utziko duzun eguna aukeratu.
  • Eutsi zure erabakiari.

Utzi egingo diozu erretzeari, bai horixe!!!

Dokumento lagungarriak

Igo

"Tabako gabeko etorkizuna. Erretzeari uzteko gida"
izeneko liburuska probetxugarria izango zaizu;
zuretzat eta, zu bezala,
erretzeari uztea erabaki dutenentzat eginda dago.
Osasun Sailak argitaratu du.


 

Donostia-San Sebastian, 1. 01010 - Vitoria-Gasteiz. Tfnoa. 945 019201
Faxa: 945 019192 e-mail: dirsalud-san@ej-gv.es

Azken eguneratzea: 2008/01/30