|
Norberaren bizitzaren kudeaketa errespetatzeak (Autonomiako printzipio bioetikoan jasoa) berekin darama pertsona heldu, gaitu, ondo informatu eta derrigortu gabeko guztiek tratamendu zehatz bat onartzen duten edo ez erabakitzeko eskubidea, hau da, bere ustez berarentzat egokia den tratamendua erabakitzeko eskubidea, batzuetan medikuen iritziarekin bat ez badator ere.
Iritzi propioa adieraztea ezinezkoa denean, Aldez Aurreko Borondateak dira gaixoaren eskubidea babesteko modurik onena. Borondate horiek izendatzeko, beste izen batzuk ere erabiltzen dira: aldez aurreko arauak, aldez aurreko jarraibideak edo bizi-testamentuak.AldezAurreko Borondateen bidez pertsona batek geroago hartu edo errefusatu nahi dituen osasunaren zainketak planifika ditzake, batez ere, gaixoak berak erabaki ezin duenerako. Erabakiak medikuaren eta pazientearen arteko harremanaren emaitza izan beharko, eta ahal den neurrian, pazienteak izendatutako ordezkari baten parte-hartzearekin eginda.
Edozeinek egin dezake, eta egoerak txarrera egingo duela aurreikus daitekeen gaixotasun kronikoetan esaterako, balio handikoa izan daiteke.
Pazienteek zainketa-plangintzan parte hartzeko eskubidea dute, eta profesional sanitarioek erantzukizun profesional eta legala dute parte-hartze hori bermatzeko. Kontuan hartu behar da praktika mediko bat ez dela ona, gaixoaren borondatea errespetatzen ez badu. Horrek ez du esan nahi tratamendua gaixoak ezarri behar duenik, baizik eta dauden arrazoizko aukerarik onenen artean hautatzea.
Aldez Aurreko Borondateen helburu nagusia da, pazienteak erabakitzeko gaitasuna galdu duenean, atentzio sanitarioa aldez aurretik adierazitakoaren araberakoa izan dadila ziurtatzea.
Bigarren mailako helburuak honako hauek dira: erabaki sanitarioak hartzeko prozesua hobetzea, gaixoaren ongizatea optimizatzea eta pertsona maiteen atsekabeak arintzea. Aldez Aurreko Borondateak tresna baliagarriak dira elkarrizketa hobetzeko, eta asistentziako harremana errazteko, bai gaixo eta bere ingurukoentzat bai profesionalentzat.
Beraz, Aldez Aurreko Borondateak zainketen plangintzan kokatzen dira, osasunari dagozkion erabakietan herritarren inplikazio eta hausnarketaren prozesu positibo gisa ulertuta, betiere, beren balore pertsonalekin adostuta, mediku/paziente/familiaren harremanen markoan.
Harreman sanitarioaren eremuan ahoz adieraz daiteke pazientearen borondatea, eta gero historia klinikoan jasota geratzen da.Dena dela, gaixoaren borondatea edozein egoeratan bete egingo dela ziurtatzeko,Aldez Aurreko Borondateak (AAB)en dokumentuen bidez egitea da biderik egokiena.
|