:: Hizkuntza, hizkuntzak eta Internet ::
Aurrerapen teknikoarekin zerikusia duten hainbat faktoreren ondorioz, gaur egun, ia bat-batekoa izan daiteke informazioaren joan-etorria munduko edozein puntutara,
eta erraza eta azkarra, Lurreko edozein punturen arteko salgaien nahiz pertsonen garraioa. Era honetan gertatzen da ekonomiaren globalizazioa.
Horrekin batera, gero eta ugariagoak eta sakonagoak dira kulturen arteko harremanak, bai eta biztanleen joan-etorriak ere.
Globalizazioaren izenpean biltzen da hau guztia. Aspaldi hasi bazen ere, gure egunotan pixkanaka abiada handiagoa hartu duen prozesu honek mota askotako ondorioak ditu,
baina hizkuntzen gain duen oihartzunaz jardungo dut hemen zehazki.