Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak HABErekin elkarlanean Europara bidea hartu ohi du antolatzen diren hizkuntza-azoketan parte hartzeko. Ekimen horren bidez, euskararen berriak eta jakingaiak zabaltzeaz gain, munduko beste hizkuntzen arteko kokagunea ematen zaio geureari ere. Era berean, kanpoko hizkuntzen esperientzien berri ikasteko aukera guztiz baliagarria da euskara bera ere aberasteko.
Euskararen berri emateko diren erakustokietan gure hizkuntzarekin zerikusia duten hainbat arlori buruzko informazioa eskaintzen ahalegintzen da, eta aukeratzen diren materialak irizpide edo gai batzuen arabera antolatzen dira: euskararen gaur egungo egoera, araubidea, historia, euskara ikasteko metodo eta tokiak, hiztegiak, gramatikak, euskara irakaskuntzan, komunikabideetan, eta gizarte-alor ezberdinetan, euskara eta teknologia berriak, ikus-entzunezkoak, Euskaltzaindia, euskal literatura, ...
Hona hemen 2007. urtean euskara eta Euskal Herriaren berri izango duten Hizkuntza Azokak:

Expolangues Paris
Noiz: urtarrilaren 24tik 27era
"Les langues du monde, le monde des langues", "Munduko hizkuntzak, hizkuntzen mundua" izenburupean erakustazoka honen XXV. edizioa urtarrilaren 24tik 27ra bitarte burutuko da, Errusiar Federazioa ohorezko gonbidatu dela. 22. urtea da Eusko Jaurlaritza EXPOLANGUESera bertaratzen dela; hau da, azoka sortu eta hirugarrenerako euskara bertan zen eta horrela izan da urtero, harrezkero. 200 erakusketari inguru izango dira bertan, 60 hizkuntza baino gehiagoren berri emateko asmoarekin: hizkuntza-eskolak, hizkuntzak ikasteko egonaldiak, hizkuntza-metodoak eta frogak, ikasketak atzerrian, itzulpena, edizioa, multimedia… Lau egunotan sektoreotako ordezkariek hitzaldiak, hizkuntzak ezagutzeko ikastaro labur eta arinak, mintegiak… eskainiko dituzte.

The Language Show - Londres
Noiz: azaroaren 2tik 4ra

Azaroaren 2tik 4ra bitartean Eusko Jaurlaritza Londresen izango da. 130 baino erakusle gehiagorekin egingo du bat asteburu horretan hizkuntza, kultura eta komunikazioa gaitzat dituen azoka honetan. Hara bildutakoak batik bat hizkuntzen ikaskuntza eta irakaskuntzaren inguruan dabiltzan mundu zabaleko eragileak zein kultur erakunde askotako ordezkaritzak dira. Eta bertan Euskal Herriaren berri emango du Jaurlaritzak. Aurten Kataluniako Ramon Llull Ikastegia izango du lagun erakusketan, elkarrekin azalduko baitira Londresen euskara eta katalana. Iazko ekitaldian 8.000 bisitari inguru izan ziren azokan.

Expolangues Praga
Noiz: azaroaren 9 eta 10ean

17. ekitaldiari ekingo diote Pragan aurten. Europaren erdi-aldean ere euskara plazaratu eta azken urteotan bertako hainbat erakunderekin hazitako harremanari eusteko xedez izango da Pragan aurten ere Jaurlaritza.
Expolingua Berlin
Noiz: azaroaren 16tik 18ra
Alemaniako hizkuntzen topagune handian, erakustokia antolatzeaz gain, euskarazko eskola batzuk emango dituzte HABEko adituek euskarazko irakaskuntza zertan den adibide gisa. Aurtengo ekitaldira Eusko Jaurlaritza Kataluniako Ramon LLull Ikastegiarekin eta Galiziako Xuntarekin hurbilduko da, eta elkar batera aritu hiru egunotan.
|