Bidaitzea, kasu gehienetan, ekintza atsegin eta positiboa da. Baina bidaia bat amesgaizto batean ere bilakatu daiteke. Ezustekoek, zehaztutako zerbitzuak ez jasotzeak eta beste zenbait arazok gure aisialdiko eta atseden hartzeko egunak hondatu ditzakete. Horregatik, oso garrantzitsua da bidaia behar bezala prestatzea, sinatu dugun kontratua egiaztatzea eta batez ere, gure eskubideak errespetatzea. Hau da, kontsumitzaileen eskubideak errespetzea.
Bidaia bat kontratatzen denean, jaso behar ditugun zerbitzuak eta baldintzak zeintzuk diren zehaztu behar dira. Era berean, gerta liteke, agentziak diru kantitate bat eskatzea aurrerapen gisa. Legezkoa da hori, baina sekula ezin du azken prezioaren %40a gainditu. Honen inguruan, aipatu, bidaian behar ditugun dokumentu guztiak esku artean izan arte ez dela diru guztia ordaindu behar.
Gerta liteke, bidaia kontratatu ondoren, aldaketak edota ezeztapenak gertatzea. Horiek, bai bidaia antolatu dituen enpresak eta baita bezeroak ere eragin ditzakete. Kasu horietarako, legeak hainbat konpentsazio zehaztu ditu.
Bidaiatzerakoan arazorik izan ez dezazun hainbat gomendio bildu dizkizugu :
-
Konfidantzazko agentzia bat aukeratu.
-
Kontratuko baldintzak konproba itzazu.
-
Behar dituzun dokumentu guztiak jaso dituzula konprobatu, eta baita horiek ongi daudela ere.
-
Bidaian arazoak baldin badituzu eta momentu horretan konpondu ezin baldin badituzu, gorde dokumentu guztiak itzuleran erreklamazioa egin ahal izateko.
-
Kexaren bat baldin baduzu jo ezazu agentziara.
Hegazkina
Hegazkinez bidaia bat egiteko, ezinbestekoa da txartela erreserbatzea. Gainera, txartel hori erreserba egin duen pertsonak soilik erabili dezake, hau da, titularrak. Aipatu beharra dago, txartelak erreserba besterik ez duela egiten, eta hegazkinean lekua izateko, derrigorrezkoa dela hegazkin konpainiaren erakusmahaian lekua hartzea. Horregatik, gerta liteke, erreserba izan arren, hegazkinean lekurik ez izatea. Overbookina deitzen zaio egoera horri.
Overbookina, edo erreserba gehiegi izatea, onartuta dago eta hegazkin konpainiek egiten dute. Kasu honetan, hegazkinak duen lekua baino txartel gehiago saltzen dira, eta horregatik, posible da ondoren bidaiari guztiek lekurik ez izatea. Hala ere, kontuan izan behar da konpainiek ezin dutela plazen %10a baino gehiago saldu.
Ez badizute hegazkinean igotzen uzten, eta balioa duen txartel bat baduzu, erreklamazioa egin behar duzu berehala. Kasu horretan, bidaiaren dirua itzuliko dizute, edota ahalik eta azkarren joan behar duzun lekura eramango zaituzte. Horretaz gain, hegazkin konpainiak ordainsari bat ere eman behar dizu. Ondorengoak dira horiek:
Atzerapenak gertatzen badira, ez ahaztu, errespetatu beharreko hainbat eskubide dituzula. Konpainiaren esku ez dagoen arazo batengatik hegaldia bertan behera geratzen bada, diru-itzultzea eskatu dezakezu. Era berean, hegaldiaren atzerapena hegazkinean igota gertatzen bada, konpainiak bidaiarien beharrak asetu behar ditu.
Eta ekipajea hondatzen badizute, edota beranduago ematen badizute, orduan ere, diru-itzultzea izateko eskubidea duzu.
Informazio gehiago: hegazkinez bidaiatu
Autobusa
Autobusean bidaiatu behar baldin baduzu, izan kontuan, txartela bidaiaren eguna baino lehen eskuratu dezakezula. Hala ere, bidaia izango den egunean bertan ere lortu dezakezu txartela. Izan ere, autobus konpainiek txartelen %20a gorde behar dute bidaiaren egunean bertan saltzeko. Ez ahaztu, txartel horretan bidaiarientzako aseguru bat sartuta dagoela. Istripuren bat gertatuz gero, aseguru horrek babestuko zaitu.
Autobus batean eraman dezakezun ekipajeak ezin ditu 30 kilogramoak gainditu, eta horri zerbait gertatzen baldin bazaio, hau da, galdu egiten bada edo puskatu, autobus konpainiak jada zehaztuta dagoen diru kantitate bat eman behar dizu. Balioa duten gauzak badaramatzazu, egokiena, bidaia hasi aurretik horien berri ematea da. Horrela, zerbait gertatuz gero jasoko den ordaina handiagoa izango da.
Era berean, atzerapenak izaten badira, konpainia indemnizazio bat ordaintzera behartuta dago. Eta autobusak matxuraren bat izaten badu, berehala konpondu behar da hori eta bidaiariari beste baliabide batzuk jarri behar zaizkio bidaia egiteko. Gogoan izan, txartela gordetzea gomendagarria dela, edozein erreklamazio egiteko ezinbestekoa baita hori.
Informazio gehiago: autobusez bidaiatu
Trena
Trenak bidaiatzeko beste aukera bat eskaintzen du. Garraiobide hau erabiltzeko asmoa baldin baduzu, kontuan izan zure txartela internet bidez, telefonoz edota geltokian bertan erreserbatu eta erosi dezakezula. Txartela bertan behera utzi behar baduzu, berriz, kontuan izan, hori egiteko bi modu daudela. Jatorrizko geltokian uzten baduzu txartela bertan behera, hori hamabost minutu lehenagora arte egin dezakezu. Beste geltoki batean ezeztatzen baduzu txartela, berriz, ordu bete lehenagorarte egin dezakezu prozesua.
Era berean, kontuan izan, egunari dagokion tarifaren arabera itzuliko dizutela dirua. Beti, ehuneko 15 eta 25 bitartekoa izango da.
Trenetan ez da beharrezkoa ekipajea fakturatzea, eta horregatik, lapurretak izaten badira, edota ekipajea galtzen bada, konpainia ez dago kalte-ordaina ematera behartuta (AVE trenetan bakarrik izaten dira 300 eurora heldu daitezkeen kalte-ordainak). Azkenik, aipatu, atzerapenak izaten badira, txartela trenez aldatzeko aukerarekin duten pertsonei konpainiak helmugara heltzen lagundu behar diola, eta bidaiariaren beharrak asetu behar dituela.
Informazio gehiago: trenez bidaiatu
Lotura: Nola joan?
|