. Biodibertsitatea
. Ura
. Lurzorua
. Airea
Gazteok zerikusi handia dugu ingurumenaren zainketan. Izan ere, etorkizunean, gurea izango da gaur egun sortzen ari garen ingurumena eta bertan bizi beharko dugu. Horregatik, oso garrantzitsua da dagoeneko natura zaintzen hastea. Etorkizunean izango duguna hobea izango da horrela. Gaur egun jada ekintza asko egiten dira ingurumenaren alde, baina oraindik asko dago egiteko, eta lan horretan ezinbestekoa da guztion parte hartzea.
Biodibertsitatea
Ingurumena herritar guzti-guztion ondasuna da, eta hori zaintzea eta babestea denon lana da. Bizia, biodibertsitatea, gure planetaren altxor handiena da. Horrek aberastasun handia ematen dio gure planetari eta beraz, ezinbestekoa da biodibertsitatea zaintzea ekosistemaren oreka mantentzeko. Hau da, elkarren mende dauden hainbat izaki bizidunek bizirik irauteko, ekosistemek ere bizirik iraun dezaten.
Euskadik ehunka landare, hegazti, animalia eta intsektu dituen ekosistema du. Hala ere, apurka-apurka eta hainbat faktoreen eraginez, ekosistemaren zati bat desagertzen ari da. Hori gertatzea eragotzi behar da eta biodibertsitatea babestu naturaz gozatzen jarraitu ahal izateko. Beraz, gogora ezazu:
-
Errespetatu natura mendira joatean.
-
Erabili informazio-zentroak, interpretazio-zentroak, turismo-bulegoak, etab.
-
Parte hartu basoak birpopulatzeko kanpainetan.
-
Ibili lehendik egindako bideetatik haietatik kanpo zapaldu gabe, leku horietan flora oso ahula baita.
-
Ez utzi arrasto ekologikorik naturan ibiltzean (zaborra, apurtutako zuhaitz-adarrak, musika ozena, etab.).
-
Informa zaitez ingurumena errespetatzen duen aisialdiko eskaintzaz (ekoturismoa); gero eta handiagoa da.
-
Erosi tokiko produktuak eta barazkiak.
-
Saihestu espezie exotikoak sartzea eta espezie basatien merkaturatzea bultzatzea.
Ura
Euskadiko biztanleen gehienok nahi beste ur garbi izatea normaltzat eta oso gauza ziurtzat hartzen dugu. Baina, ez gara jabetzen eguneroko jarduera askok eskura dagoen uraren kalitatea kaltetu edo kantitatea murritz dezaketela. Ur kutsatua (berdin dio industrian, nekazaritzan edo etxeetan kutsatua izan) modu batera edo bestera ingurumenera itzultzen da eta osasunean edo naturan bertan kalteak eragin ditzake.
Horregatik, ur-galerak ezabatzen baditugu, edateko ur gehiago izango dugu, ez guretzat bakarrik, baita ibai eta urtegietan bizi diren uretako animalientzat ere. Uraren kostuaren fakturan ere eragina du horrek. Gogora ezazu:
-
Txorrotak ondo ixten badira, ur asko aurrezten da.
-
Tantaka ari diren iturriak konpondu. Tantaka dagoen iturriak ordubetean gutxi gora-behera litro bat ur galtzen du. Urtebetean 8.000 litro ur galduko lirateke modu horretan alferrik.
-
Harraskan ura aurrezteko gailuak jartzen badira, ur-kontsumoa %30 murritz daiteke, eta hori urtean 50 euro baino gehiago da.
-
Ezarri komunean ura aurrezteko sistemak dituzten tangak.
-
Erabili garbigailua eta ontzi-garbigailua zeharo beteta, ur hotzarekin eta xaboi gutxirekin.
-
Aukeratu dutxa eta ez bainua; 100 litro ur baino gehiago aurrezten dira.
-
Garbigaiak erosterako orduan, hautatu ingurumenerako produktu toxiko edo arriskutsurik ez dutela etiketan adierazten dutenak.
Lurzorua
Lurzorua lurraren azal solidoaren eraldatze-geruza da, habitat biologikoaren bizitzaren eta ingurugiro-baldintza berezien eraginpean osatua, eta etengabeko urtaro-aldaketaren eta garapen bitxiaren menpe eratua bere kokaleku geografikoaren arabera.
Bere konposizioaren ikuspuntutik, lurzorua material konplexua da, solidoz (materia minerala eta materia organikoa), likidoz (batez ere ura, zenbaitetan haitzen osagai izaten baita) eta gasez (airea eta ur-lurruna, nagusiki) osatua.
Ez dugu ahaztu behar, lurzoruaren sorrera guztiz prozesu mantsoa dela. Lurzoruaren 30 cm-ko geruza osatzeko 1.000 eta 10.000 urte bitartean behar dira. Ikuspuntu horretatik, lurzorua berriztagarria ez den baliabidetzat jo behar da eta, beraz, babestu egin behar da.
Airea
Gizakiak beste gauza batzuen artean, ezinbestekoa du airea bizirik irauteko. Gure bizitzako momentu guztietan daukagu arnasa hartzeko beharra, eta horregatik, arnasten dugun aireak kalitate onekoa izan behar du. Hala ere, hainbat elementuk, hala nola autoek, erregai fosilak kontsumitzeak eta industria jarduerek airearen kutsadura sortzen dute.
Emisio kaltegarri horien ondorioz, gizakiaren osasuna kaltetzen da eta ekosistema naturalek ere ondorio kaltegarriak jasaten dituzte. Horregatik, kutsadura gehiago ez handitzeko, gomendagarria da zenbait pausu jarraitzea. Adibidez, autoa gutxiago erabiltzearekin kutsadura gutxituko genuke. Izan ere, errepide bidezko garraioek aireko partikula poluzitzaileen %40a isurtzen dute.
-
Erabili garraiobide publikoa. Trena eta autobusa autoa baino seguruagoak dira, eta gutxiago kutsatzen dute.
-
Autoaren kutsadura maila altua da. Bere bizitza baliagarrian 15 tona CO2 igortzen ditu. Beraz, ibilbide motzak egiteko ez erabili autoa, eta horrela, energia-kontsumoaren %60a aurreztuko da.
-
Egunean autoz egiten duzun bidaia kopurua murriztu. Erabili beste garraio batzuk, eta gas poluzitzaileen emisioa murriztu egingo da.
-
Erabili bizikleta.
|