·
·
·
·
·
· Non jaso informazioa
Nola sartu?
Herri Administrazioak zeregin asko eta askotarikoak ditu esleituta eta, horiek burutzeko, lanbide-alor desberdinetako herri-langileak behar ditu. Herri Administrazioak dira besteak-beste, Udalak, Foru Aldundiak, Hezkuntza, Osasuna, Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra, Estatukoa eta Europako Batasunekoa.
Herri Administrazioari esleitutako zereginek gizartean duten eragina eta garrantzia kontuan hartuta, horiek burutuko dituzten enplegatuek ahalik eta egokienak izan behar dute eta, beraz, merezimendu eta gaitasunaren printzipioetan oinarritutako prozeduren bitartez hautatu behar dira.
Halaber, Herri Administrazioak gizarte-interes orokorrak kudeatzen dituenez, sartzeko prozesuetan berdintasun printzipioa errespetatu behar da, herritar guztiek aukera berberak izan ditzaten esleitutako lanpostuak eskuratzeko. Hori bermatzeko, berriz, prozesuei behar besteko publizitatea eman behar zaie.
Hautaketa prozesua
Herri Administrazioan sartzeko normalean erabili izan den prozedura oposizioa izan da. Izen generiko horrekin, herri-langile izan nahi dutenek gainditu behar dituzten trebetasun eta ezagutza-proba objektiboak izendatzen dira. Zenbaitetan, oposizio-lehiaketa deritzona ere erabiltzen da. Sistema horretan, oposizioko probak gainditzeaz gain, beste zenbait alderdi ere baloratzen dira: prestakuntza, esperientzia edo bete beharreko lanpostuetan jarduteko interesgarri jotzen diren beste batzuk.
Kasu bakoitzean hautaketa-prozesuetan erabiliko diren arauak Deialdiaren Oinarriak deitzen dira, eta kasuan kasuko aldizkari ofizialean argitaratzen dira (probintziakoan, autonomia erkidegokoan, Estatukoan edo Europakoan). Oinarri horietan honako hauek azaltzen dira:
- Eskaintzen diren plazak
- Aurkezten direnek bete behar dituzten eskakizunak
- Hautaketa prozesuan jarriko diren probak, horien balorazioa eta gai-zerrenda
- Epaimahai Kalifikatzailearen osaketa
- Prozesuetan parte hartzeko eskabideak non eta noiz aurkeztu behar diren... eta izangaiek jakin beharreko gainerako alderdi guztiak
Hautaketa-prozesuan onartua izateko, baldintza hauek bete behar dira: ezgaitasun edo bateraezintasuneko legezko arrazoirik ez egotea; zeregin publikoetarako gaitasungabetuta ez egotea; dena delako lana egitea eragozten duen muga fisiko edo psikikorik ez izatea eta, oro har:
- Gutxienez 18 urte izatea
- Kasu bakoitzean eskatzen den titulazioa izatea
- Europako estatu bateko nazionalitatea izatea edo, bestela, horretarako berariazko ituna duten estatuetakoa (eskakizun hau lanpostuaren izaeraren eta zereginen araberakoa izaten da: batzuetan nazionalitate espainiarra baino ez da onartzen, beste batzuetan, berriz, ez dago mugarik nazionalitateari dagokionez)
- Tasak ordaintzea hala eskatzen denean
Deialdi bakoitzeko gai-zerrendan, probetan jar daitezkeen gaiak agertuko dira. Normalean, bete nahi den lanpostuarekin zerikusia duten gaiez aparte, kasuan kasuko arloari buruzko araudia eta funtzio publikoari edo administrazio-prozedurari buruzko legeria ere eskatzen dira.
Epaimahai kalifikatzailea arduratuko da prozesua Deialdiaren Oinarrietan ezarritakoaren arabera bideratzeaz. Horren osaketa kasuan kasuko aldizkari ofizialean argitaratuko da. Epaimahaiak bermatuko du, halaber, hautaketa-prozesua behar bezala gauzatzen dela, berak baloratuko baititu azterketak eta lehiaketa-faseko merezimenduak eta, laburbilduz, bera arduratuko da hautaketa-prozesuan berdintasun, gaitasun eta merezimendu printzipioak betetzen direla ziurtatzeaz.
Hizkuntza-eskakizuna
Konstituzioan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuan hiritar guztiei aitortzen zaizkien hizkuntza-eskubideak gauzatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko lanpostuek, besteak beste, hizkuntza-eskakizuna dute esleituta.
Zer da hizkuntza-eskakizuna? Lanpostu jakin bateko zereginak euskaraz betetzeko behar den hizkuntza-gaitasuna.
Lau hizkuntza-eskakizun daude eta, horietako bakoitzerako, zehaztuta daude edukiak eta ezagutza eta trebetasun mailak:
- 1. hizkuntza-eskakizuna (HE1)
- 2. hizkuntza-eskakizuna (HE2)
- 3. hizkuntza-eskakizuna (HE3)
- 4. hizkuntza-eskakizuna (HE4)
Horietaz gain, beste 4. hizkuntza-eskakizun bat ere badago: teknikari gaitua (TG). Eskakizun hori euskara lan-tresna duten lanpostuei jartzen zaie (Normalkuntzako teknikariak, itzultzaileak...).
Hizkuntza-eskakizuna izan daiteke derrigorrezkoa ala ez:
- Derrigorrezkoa bada, data bat izango du. Horrek esan nahi du data horretatik aurrera, lanpostua betetzeko eta bertan jarduteko nahitaezkoa izango dela eskakizuna egiaztatuta izatea.
- Derrigorrezkoa ez bada, hautaketa prozesuan euskara baloratu baino ezingo da egin.
Deialdi gehienetan, plaza batzuek derrigorrezko hizkuntza-eskakizuna izango dute (lanpostua lortzeko euskara-maila jakin bat egiaztatu behar da) eta beste batzuek ez (euskara deialdian zehazten den bezala baloratuko da, baina ez da beharrezkoa hizkuntza jakitea).
Zenbait titulu eta egiaztagiri hizkuntza-eskakizunen baliokide dira. Hizkuntza-ziurtagirien inguruko informazio gehiago aurkitu ahal izango duzu Gazteaukeran.
Gomendioak
Oso garrantzitsua da deialdiaren oinarriak arretaz irakurtzea eta dagokion administrazioari (udalari, foru aldundiari...) ditugun zalantza guztiak galdetzea.
Kontuan izan oposizioak luzeak izaten direla (zenbait hilabete normalean). Gai-zerrenda ere zabala izaten da eta azterketak prestatzeak esfortzu handia eskatzen du. Gainera, izangaien kopurua eskaintzen diren plazena baino askoz handiagoa izaten da normalean. Badira oposizioak prestatzeko zentro espezializatuak, baina batzuek nahiago izaten dute taldeak osatzea probak prestatzeko.
Guztiz garrantzitsua da, halaber, deialdiaren oinarrietan ezartzen diren epeak errespetatzea (eskabideak eta agiriak aurkezteko, erreklamazioak egiteko...), horiek ez betetzeak ondorio larriak izan baititzake.
Azterketa egunean, denboraz ibili, azken orduko ezustekoak saihesteko: auto-ilarak, aparkatzeko lekurik ez aurkitzea... Kontuan izan probara berandu iritziz gero, agian ezin izango duzula egin.
Azterketa batera goazenean identifikazio-agiri bat eraman behar dugu. Normalean hauek onartzen dira: NAN, pasaportea edo gidabaimena.
Adi egon behar da prozesuan zehar egiten diren argitalpenei (onartuen zerrendak, proben emaitzak, agirien aurkezpena...) izan ere, normalean argitalpen bakoitzaren ostean erreklamazio-epe bat egoten da.
Enplegu publikoko eskaintzen inguruko informazio gehiago nahi baduzu, HAEEren bulegoetara jo dezakezu. Era berean, HAEEren web orria ere kontsulta dezakezu, edo eta enplegu publikoko eskaintzen inguruko informazioa posta elektronikoz jaso.
HAEEren bulegoak:
Vitoria-Gazteiz Donostia, 1 - Tel.: 945 017600
Bilbo Errekalde Zumarkalea, 18 - Tel.: 94 4031600
Donostia-San Sebastián Prim, 7 - Tel.: 943 428306
Oñati Unibertsitatearen etorbidea - Tel.: 943 782000
Lan-poltsak eta deialdiak
Lan-poltsa ezberdinen inguruko informazioa hemen kontsultatu ahal izango duzu.
Gazte Informazioa:
Non jaso informazioa

HAEE: Herri Administrazioaren Euskal Erakundea

MAP: Administrazio publikoen Ministeritza

EUROPA: European Personnel Selection Office
|