Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

76. zk., 2024ko apirilaren 17a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1853

EBAZPENA, 2024ko martxoaren 26koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Donostiako AO.12.1 Txapaldegi Berri hirigintzako azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

Donostiako Udalak, 2023ko abenduaren 19an, eskabide bat aurkeztu zuen Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, hasiera emateko Donostiako AO.12.1 Txapaldegi Berri azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari. Eskabidea abenduaren 9ko Euskadiko Ingurumen Administrazioaren 10/2021 Legean xedatutakoaren arabera egin zen, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluak eta hurrengoek arautzen duten ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuko prozeduraren esparruan. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa; azken horrek abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia jasotzen zuen.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatzeko, 2024ko otsailaren 5ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak Planaren eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei kontsultak egiteko tramiteari ekin zion. Jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Gainera, Donostiako Udalari prozedura hasi zela jakinarazi zitzaion.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.

Donostiako AO.12.1 Txapaldegi Berri azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; artikulu horretan xedatzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar duten plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planak edo programak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duela, eragin nabarmenak izan ditzakeelako ingurumenean.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 75. artikuluan arautzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten honetan, Planak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen ala ez aztertzen da, eta, beraz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana gauzatu eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Donostiako AO.12.1 Txapaldegi Berri hirigintzako azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian zehazten den moduan:

A) Planaren azalpena: helburuak eta jarduketak.

Planaren eragin-eremua Donostiako hiri-antolamenduko plan orokorreko (HAPO) AO.12.1 Txapaldegi Berri hirigintzako azpieremua da; hiriaren ipar-mendebaldean dago, Antiguo auzoan, eta Igeldo mendiko hiri-lurzoruaren 12.457,5 m2 hartzen ditu.

Planaren helburua da AO.12.1 Txapaldegi Berri azpieremuaren antolamendu xehatua definitzea, indarrean dagoen Donostiako HAPOan ezarritakoaren arabera.

Horrenbestez, Planaren antolamenduaren arabera, dentsitate baxuko bost bizitegi-lurzati izango ditu azpieremu horrek (a.40.1, a.40.2, a.40.3, a.40.4 eta a.40.5), eta, bertan, gehienez ere 25 etxebizitza eraikiko dira. Lurzatiak bide publiko berri batek zatituta egongo dira, eta bide publiko horrek oinezkoentzako espaloiak izango ditu. Bide publiko berriaren iparraldean, a.40.1 eta a.40.2 lurzatiak egongo dira; bi lurzati horiek gehienez 10 etxebizitza hartuko dituzte, eta hau izango da haien eraikin-profila: sotoa, beheko solairua eta goiko solairu bat (teilatupean). Hala, bi lurzati pribatu horien azalera 5.561,36 m2-koa izango da, guztira. Bide publiko berriaren hegoaldean, a. 40.3, a.40.4 eta a.40.5 lurzatiak egongo dira; bi lurzati horiek gehienez 15 etxebizitza hartuko dituzte, eta hau izango da haien eraikin-profila: sotoa, beheko solairua, goiko bi solairu mailakatu eta, bi solairu horien erremate gisa, teilatupeko gorputz txiki bat. Hala, hiru lurzati pribatu horien guztizko azalera 3.813,92 m2-koa izango da. Guztira, 5.741,60 m2(t) dira eraikitzeko aurreikusita daudenak; horietako 2.989,80 m2(t) etxebizitzak egiteko, eta 2.751,80 m2(t) erabilera osagarrietarako.

Planak ez du definitzen a.40.2 lurzatiko etorkizuneko eraikuntzaren egitura; nolanahi ere, eraikitakoak hartu dezakeen gehieneko perimetro-eremua mugatzen du, lurzatian dagoen zuhaitz apaingarrien ahalik ale kopuru handienari eusteko.

Marbil bidea eta Igeldo pasealekua lotzen dituen bide berria (e.10) ibilgailuen zirkulaziorako bi norabideko bidea da. Marbil bideko 23. zenbakiaren paretik abiatzen da bide hori, eta, biribilgune baten bidez, Planaren eremua mendebaldetik, Igeldo pasealekuko 84. zenbakiko eraikinaren paretik, mugatzen duen gaur egungo zorbide pribatuarekin lotuta dago; puntu hori eta Igeldo pasealekua lotzeko, aipatu den bide pribatua berrurbanizatuko da. Bide berri horren aurrean, eremuaren hego-mendebaldeko muturrean, 919,40 m2-ko azalera duen hiri-espazio librea dago (f.10), eta zuhaitzak landatuko dira bertan.

Eremuak 70 aparkaleku inguru izango ditu: 50 aparkaleku sotoko lehen solairuetan, eta beste 20 aparkaleku a.40.3 eta a.40.4 lurzati pribatuen kanpoaldean. Gainera, Planak bizikletak aparkatzeko 2 plaza aurreikusten ditu etxebizitza bakoitzeko. Plaza horiek eraikinen barruan jarriko dira, edota eraikitako lurzati bakoitzean eraiki gabe utzitako espazio pribatuen kanpoaldean.

Bestalde, Planak hiribusaren (Igeldora doan Dbusen 16 linea) geltoki berri bat gaitzea aurreikusten du eremuaren kanpoaldean. Geltoki horrek eta oinezkoentzako sare publikoaren jarraitutasunak (zorbidearen eta a.40.3, a.40.4 eta a.40.5 lurzatietan aurreikusitako erabilera publikoaren bidez) hobetu egingo ditu inguruak Antiguo auzoko gainerako lekuekin dituen oinezkoentzako eta garraio publikoko loturak.

Planak hiru antolamendu-aukera jasotzen ditu (A, B, eta C), esku ez hartzeko aukeraz gain (hau da, 0 aukera). Azken hori baztertuta dago, Planaren xedea ezinezko bihurtzen duelako, eta hiri-lurzorua lohiz betetzea eta eremua berroneratzea eragozten duelako. A, B eta C aukerak desberdinak dira, bai bidearen antolaeran, bai eta bide horren hegoaldean dauden eraikinen kokapenean ere. Plan Bereziaren arabera, C aukerak hobetzen du gehien eremuaren eta haren ingurunearen hiri- eta ingurumen-kalitatea. Ingurumen-dokumentu estrategikoak justifikatu egiten du hautatutako aukera ingurumenaren ikuspegitik, arrazoi hauek direla-eta, besteak beste: lurzoru berriak birsailkatu beharrik ez dago; lur-mugimendu gutxiago dakartza berekin; onuragarria da egoera akustikorako, eta zuhaitz apaingarri gehien mantentzeko aukera ematen du.

B) Proposatutako Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluaren arabera, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek aintzat hartuta:

a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik (besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez) proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zer neurritan eragiten dien beste plan edo programa batzuei, baita hierarkizatutakoei ere: Planak AO.12.1 Txapaldegi Berri azpieremuaren antolamendu xehatua garatzen du, Donostian indarrean den HAPOan adierazitakoarekin bat. Indarrean dagoen plangintzari dagokionez, Planak ez du azpimarratzeko moduko desberdintasunik eragiten aurreikusitako ingurumen-efektuetan, ezta hierarkian gorago dauden beste plan edo programa batzuetan ere. Ez da hauteman bateraezintasunik hierarkian gorago dagoen plangintzarekin.

c) Plana egokia ote den ingurumen-alderdiak barnean hartzeko, eta, bereziki, garapen jasangarria sustatzeko: Plana egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko. Hain zuzen ere, energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko neurriak sar daitezke planean.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman Plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere Planaren eraginpeko eremuarekin lotutako jarduketak eta jarduerak indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira, arlo hauetan, besteak beste: lurzoruak, natura-ondarea, urak, zarata eta kutsadura akustikoa, soberakinen kudeaketa, hondakinak eta isurketak, segurtasuna, osasuna eta ingurumena.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legeria ezartzeko.

2.– Eragina jasan dezakeen eremuaren eta ondorioen ezaugarriak:

Planaren eremuak 12.457,50 m2 hartzen ditu Igeldo mendiaren magalean, eta eremu horrek hiri-lotura du Donostiako Antiguo auzoarekin. Eremua Urumeako Unitate Hidrologikoan (UH) dago, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren barruan (ES017). Eremuan ez dago ur-ibilgurik; aurkeztutako dokumentazioaren arabera, jariatze-urak euri-uren udal-sareak jasotzen ditu, Antiguoko ponpaketa-estazioarekin bat egiten duenak, alegia. Eremuak ez du barne hartzen Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroko elementurik. Bestalde, itsasertzetik hurbil badago ere, ez dago ILJPan sartuta.

Eremuan ez dago Natura 2000 sareak babestutako naturagunerik. Halaber, ez dauka inbentario edo katalogoren batean jasotako paisaia-baliorik, eta ez die eragiten EAEko Interes Geologikoko Lekuen Inbentarioan jasotako interes geologikoko lekuei, ez eta EAEko igarobide ekologikoen sareko elementuei ere. Alabaina, eremua bat dator hegoaldeko zuhaitz-igelaren (Hyla meridionalis) intereseko eremuarekin, eta espezie horrek onartuta du Kudeaketa Plana.

Litologikoki, bi unitate bereizten dira: hegoaldeko erdian, kareharri tupatsuak, kareharrizko tuparriak eta kalkarenitak txandakatzen dira, eta pitzaduragatiko iragazkortasuna txikia da han; iparraldeko erdian, berriz, kareharri hareatsuak, hareharriak eta lutitak txandakatzen dira, eta han ertaina da batez besteko pitzaduragatiko iragazkortasuna. Lurzoruak, Cambisol dístrico motakoak, orografia kontrastatu baten gainean daude, eta ez dira oso egokiak nekazaritza-laborantzarako (Gipuzkoako Klase Agrologikoen Mapako VI. eta VII. klaseak, GFA 1990).

Eusko Jaurlaritzaren landarediaren kartografiak (geoEuskadi) «landaredi erruderal nitrofiloa», «hiri-parkeak eta lorategiak» eta «harizti azidofiloak/harizti-baso misto atlantikoak» dituzten gainazalak identifikatzen ditu Planaren eremuan. Ingurumen-dokumentu estrategikoaren arabera, eremuan nagusi da «hiri-parkeak eta lorategiak» unitatea; unitate hori Atsegina etxeko lorategiko zuhaitz apaingarriei lotuta dago, eta, gainera, Eusko Jaurlaritzaren kartografian harizti gisa sailkatutako gainazalaren zati handi bat hartzen du. Hiri-parkeetako eta lorategietako zuhaiztietako zuhaitzak nahiko handiak dira batzuetan. Hauek dira zuhaitz mota nagusiak: pagoak (Fagus sylvatica), idi-bihotz arbolak (Liriodendron tulipifera), magnoliak (Magnolia grandiflora), zingira-nekostak (Taxodium distichum), palmondoak (Chamaerops humilis), mendebaldeko platanoak (Platanus hispanica), indimitreak (Lagerstroemia indica), lizarrak (Fraxinus excelsior), likidanbarrak (Liquidambar styraciflua), intxaurrondoak (Juglans nigra), ginkgoak (Ginkgo biloba), xarmak (Carpinus betulus), urki dilindariak (Betula pendula), japoniar gereziondoak (Prunus serrulata eta Prunus subhirtella), ezki hostozabalak (Tilia platyphyllos), haritzak (Quercus robur), etab. Horiekin batera, zuhaixkak ere badaude, hala nola Siriako arrosak (Hibiscus syriacus), hortentsia hostohandiak (Hydrangea macrophylla), abelia x grandiflorekin (Abelia grandiflora) egindako heskaiak edo Leylandeko altzifre hibridoak (Chamaecyparis leylandii). Lorategitik kanpo, hauek identifikatzen dira aurkeztutako dokumentazioan: baratzeak, arbustuak, banbuak, mendebaldeko platanoak, sasi-altzifreak, sasiakaziak, palmondoak, lizarrak, sahatsak, juka eta sasitza handiak. Identifikatutako espezieen artean, batzuk inbaditzaileak dira (Robinia peudoacacia, Phyllostachys sp, Platanus hispanica). Eremuan ez da hauteman espezie mehatxaturik, ezta Batasunaren intereseko habitatik ere.

Planaren xede den eremuan ferra-saguzar mediterraneoaren (Rhinolophus euryale) interes bereziko guneak daude, baina, aurkeztutako dokumentazioaren arabera, aztertutako inguruneko habitataren ezaugarriak ez dira espezie horrentzako egokiak; gainera, eremuan hegoaldeko zuhaitz-igelaren (Hyla meridionalis) interes bereziko guneak daude, eta espezie horrek Kudeaketa Plana du. Plan hori 1999ko azaroaren 10eko Foru Aginduaren bidez onartu zen (Hegoaldeko Zuhaitz-Igelaren (Hyla meridionalis) Kudeaketa Plana onartzeko eta hura babesteko arau osagarriak emateko agindua). Goienetxeko eta Pokopandegiko urmaelak (Planaren eremutik 1,122 km-ra eta 1,616 km-ra daude, hurrenez hurren) dira espeziea ugaltzeko baldintza egokiak dituzten eta Planaren eremutik hurbilen dauden zuhaitz-igelek kolonizatutako kokaguneak (Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako espeziearen jarraipena 2021. urteko Kudeaketa Planaren barruan). Ingurumen-dokumentu estrategikoak adierazten du eremuan ez direla betetzen zuhaitz-igelaren habitatak behar dituen baldintzak.

Bestalde, ez Planaren eremuan, ez haren ingurune hurbilean, ez da topatu Batasunaren Intereseko Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Baterako Planean sartutako eremurik; ez dago, halaber, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduak (2016-05-23ko GAO, 96. Zk.) izendatutako abifaunarentzako babes-eremurik ere.

Planaren eremua ez dator bat Natura 2000 sareko naturagune babestuekin, ezta inbentarioan sartutako beste gune babestuekin edo natura-interesekoekin ere. Planaren xede diren lurzatietan ez dago kultura-ondareko elementurik (ez eraikitakorik, ez arkeologikorik).

Eremua Ondarretako ikus-arroan dago (433. zk.), eta bertako paisaia «oso ohikotzat» jotzen da. Arroak duen paisaia-balioa edo balio eszenikoa txikitzat jotzen da. Eremua ez da sartzen EAEko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoan (Eusko Jaurlaritza, 2005).

Eremuaren egoera akustikoari dagokionez, aurkeztutako inpaktu akustikoari buruzko azterketaren arabera, ezarritako KAHak betetzen dira aldi guztietan (bai 2 metrora dagoen zarata-mapa, bai fatxadari eragiten dion soinu-mapa), eta, beraz, ez da neurri zuzentzailerik aztertu behar kanpoko espazioan eragin akustikoa murrizteko.

Ingurumen-arriskuei erreparatzen badiegu, eremuko lurrak ez datoz bat Ihobek «Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioa» katalogoan jasotzen dituenekin, baina ingurumen-dokumentu estrategikoak tailer mekaniko-txatartegi bat (2002) identifikatzen du, eta Planaren a.40.3 lurzatiaren zati batean dago.

Bestalde, geoEuskadi informazio-sistemaren arabera, eremuan muturreko higadura-prozesuak gertatzen dira; gainera, iparraldean, Atsegina etxea lorategiko zuhaiztietan, baso-suteak gertatzeko arrisku handia dago.

Uraren Euskal Agentziaren uholde-arriskuaren kartografiaren arabera, eremua uholde-arriskuko eremuetatik kanpo dago. Beste arrisku batzuei dagokienez, ez da identifikatu sismikotasunak eragin dezakeen arriskurik, gai arriskutsuen garraioan (trenez edo errepidez) izandako istripuen ondoriozko arrisku handirik edo SEVESO enpresetatik hurbil egoteak eragindakorik; akuiferoak kutsatzeko arrisku handia edo oso handia duten zonak egoteak eragindako arriskurik ere ez da identifikatu.

Deskribatutakoa aintzat hartuta, urbanizatzeko eta eraikin berriak eraikitzeko obrak egitearekin lotuta daude Planaren eragin nagusiak. Obra horiek honako ondorio hauek izango dituzte: lurzorua okupatzea, lurrak mugitzea eta soberakinak sortzea, makinak joan-etorrian ibiltzea, jariatze-urei eta lurzoruei eragitea istripuzko isurketengatik, herritarrei enbarazu egitea isuri atmosferikoengatik eta zaratagatik eta abar. Hori guztia, eremu nagusiki hiritar batean.

Gorago aipatu da a.40.3 lurzatian tailer mekaniko-txatartegi bat egon zela, eta jarduera hori jasota dago urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan lurzorua kutsa dezaketen jarduerez dagoen zerrendan; beraz, beharrezkoa da lurzoruaren kalitatearen adierazpena egitea.

Bestalde, higadura-arriskuei dagokienez, egin beharreko azterlan geotermikoaren ondorioen arabera, behar diren egonkortze-neurriak hartuko dira ezponden egonkortasuna ziurtatzeko eta egon daitezkeen arrisku geomorfologikoak (lerradurak, higadura, etab.) minimizatzeko.

Azkenik, oreka lehenetsiko da lurren mugimenduan, eta, lurren eta harrien soberakinak kudeatu behar badira, haien balorizazioa lehenetsiko da; soberakinak soberakin-biltegietan birkokatu aurretik, ingurumen-irizpideekin aztertuko da nora eraman daitezkeen, ingurumen-inpaktu txikiena duen lekua hautatzeko.

Proposatzen diren jarduketen eta horien ondoriozko eraginen ezaugarriak aintzat hartuta, eraginak ez dira oso handiak izango, baldin eta indarrean dagoen legeria betetzen bada (bereziki, lurzoruei, natura-ondareari, urei, zaratari eta kutsadura akustikoari, soberakinen, hondakinen, isurketen kudeaketari, eta segurtasunari eta osasunari buruzkoa) eta obrak jarduketa mota horietarako jardunbide egokiak kontuan hartuta egiten badira.

Planak indarrean dagoen plangintzarekiko proposatutako aldaketen ondoriozko eragin posibleak soilik aintzat hartuta, ez da aurreikusten inongo ingurumen-eragin esanguratsurik.

Kontuan harturik aurreko guztia, eremuaren gaur egungo egoera, Planetik eratortzen diren jarduketak eta aurrerago proposatzen diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak, ez dugu uste jarduketek eragin nabarmenik izango dutenik ingurumenean.

3.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri esanguratsurik izan ez dezan eta Donostiako AO.12.1 Txapaldegi Berri hirigintzako azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere Planean ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dauden arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean bertan adierazitakoaren arabera.

Beraz, Planak jaso beharko dituen zehaztapenen artean, honako hauek ditugu:

• Paisaia-integrazioarekin lotutako neurriak.

– Planak ingurumena lehengoratzeko proposamen zehatz bat jasoko du. Proposamen horretan, eremuaren azken konformazioa jasoko da, eta zaharberritzeko irtenbide espezifikoak eskatzen dituzten elementuak hartuko dira kontuan, hala nola harri-lubetak, ezpondak eta abar. Era berean, berariaz jasoko du zaharberritze-proiektu bat egingo dela eraikuntza/urbanizazio-proiektuarekin batera; zaharberritze-proiektuko jarduketen xehetasun-mailak (aurrekontua barne) hura gauzatzea posible egiteko adinakoa izan beharko du.

– Planak esplizituki jasoko du eraikuntza- eta urbanizazio-proiektuek «Flora aloktono inbaditzailea desagerrarazteko eta kontrolatzeko protokoloa» jaso behar dutela. Protokolo hori proiektu-mailan garatuko da (aurrekontua barne), eta eremuan dauden espezieak desagerrarazteko neurriak jasoko ditu, bai eta, hala badagokio, obrak egin bitartean jasotako kanpoko lurrak kontrolatzeko neurriak ere.

• Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruei buruzko neurriak.

– Antolamendu xehatuaren xede den eremuko lurzatietako bateko instalazio batean egin izan den jarduera jasota dago 14ko 9/2005 Errege Dekretuan lurzorua kutsa dezaketen jarduerei buruz dagoen zerrendan.

Beraz, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen arabera, kontuan hartu behar da Hiri Antolamenduko Plan Berezi hau behin betiko onartu aurretik ingurumen-organoak lurzoruaren kalitatearen adierazpena egin beharko duela, salbu eta lurzoruaren kalitatearen ikerketak egitea eragozten duten inguruabarrak badaude; halakorik gertatuz gero, antolamendu-tresna hau behin betiko onartu ahal izango da lurzoruaren kalitatearen adierazpenik gabe, eta azken hori Hirigintzako Jarduketa Programari hasierako onespena eman aurretik egin beharko da, edo, halakorik ezean, kokagunea barne hartzen duen kudeaketa-eremuaren birpartzelazio- eta urbanizazio-proiektuei hasierako onespena eman aurretik.

– Halaber, lege horren arabera, egin beharreko lur-mugimenduetarako, ezinbestekoa izango da aldez aurretik autonomia-erkidegoko ingurumen-organoak onartzea hondeaketa-plan selektibo bat, lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpena egiteko prozedura egokiaren barruan.

– Aurrekoa gorabehera, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak hartu dituzten beste kokagune batzuk atzemanez gero obrak egin bitartean, edo lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela adierazten duten zantzu funtsatuak egonez gero, horren berri eman beharko zaie, berehala, Donostiako Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, azken horrek zehazteko zer neurri hartu behar diren eta zein pertsona fisikok edo juridikok bete beharko dituen neurriak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikuluarekin bat.

• Soberakinen kudeaketari buruzko neurriak.

– Planaren eremuaren barruan, lur-mugimendua orekatua izatea lehenetsiko da. Hori ezinezkoa bada, Planak lurren eta arroken soberakinen ebaluazio bat jasoko du, eta lehentasuna emango dio maileguak behar dituen hurbileko obra batean haiek balorizatzeari. Balorizazioa ezinezkoa bada, soberakinak metatzeko egon daitezkeen kokalekuak identifikatuko dira, eta ingurumen-irizpideekin aztertuko da nora eraman daitezkeen soberakinak, ingurumen-inpaktu txikiena duen lekua hautatzeko. Azken kasu horretan, soberakinen biltegi baimendu batera eramango dira beti, eta haien kudeaketa hauen arabera egingo da: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak Zabortegietan Utziz Ezabatzeko Jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.

• Higadura-arriskuekin lotutako neurriak.

– Planaren garapenerako aurreikusitako hirigintza-proiektuan jasoko dira, egin beharreko azterlan geotermikoaren ondorioen arabera, ezponden egonkortasuna ziurtatzeko eta eremuan, eraikuntza-lanen esku-hartzeagatik, egon daitezkeen arrisku geomorfologikoak (lerradurak, higadura, etab.) minimizatzeko behar diren egonkortze-neurriak.

– Bestalde, lekuan bertan egin beharreko esku-hartzeak aldi bioklimatiko egokienen arabera planifikatuko dira, eta mugatu egingo da lurzatiaren gainazala sasiz garbitu denetik hura leheneratu eta landareztatu arte igarotako denbora.

• Beste babes- eta zuzenketa-neurri batzuk.

Aurreko neurriak gorabehera, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak loturik egongo dira jardunbide egokien eskuliburuarekin; alegia, obrak egiteari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, hondeatutako lurzoruak kontrolatzeari, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzkoarekin. Besteak beste, honako neurri hauek hartu beharko dira, eta Planak azkenik ezartzen dituen zehaztapenetan txertatu:

– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak izango ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara ezer ez isurtzea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak (barne hartuta makinak gordetzeko guneak, obra-txabolak, landare-lurra eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak) ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.

– Hondakinak sortu eta kudeatzea: obretan sortutako hondakinen (hondeaketetatik eratorritakoak barne) kudeaketa egiteko, bete egingo da Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoa eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoa.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk baliatzea, balorizazio energetikoa barne.

Hondakinak ezabatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea haien balorizazioa ez dela bideragarria teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.

Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, baldin eta hondakinak isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeatzeko zailagoak badira. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek bete egingo dituzte Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Aipatutako edukiontziek edo ontziek era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatuta egon beharko dute, indarrean dagoen araudiaren arabera.

Eremu jakin bat egokituko da behin-behineko hondakin arriskutsuak pilatzeko; besteak beste, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin inerteak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak (bidoiak, etab.) jarriko dira lanak egiteko eremu osoan. Motaren arabera bereiziko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.

Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean biltegiratuko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuri posibleei eusteko sistemen barruan.

Araudia betetzea errazagoa izan dadin, zeregin bakoitzaren ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inolaz ere ez da efluente kontrolatu gaberik sortuko, erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.

Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio industrial erabiliak.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

Lurren eta arroken soberakinak maileguak behar dituen hurbileko obra batean balorizatzea lehenetsiko da: ezinezkoa bada, obretan sortutako hondeaketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eraman eta indarreko legeriaren arabera kudeatuko dira.

– Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira obra-fasean istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea eta abar).

Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak eta makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan jarriko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan, eta, nolanahi ere, hondakinak (bereziki, olio erabiliak) biltzeko sistema bat izango duen plataforma iragazgaiztu baten gainean egingo dira obran erabiltzen den makineriari erregaia jartzeko, lubrifikatzaileak aldatzeko eta abarrerako lanak, urak kutsatu ez daitezen.

– Obrako zaratak: zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu egin beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu zuen) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Obrek iraun artean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki hondeaketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan..., bai eta erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan eta zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan ere.

Eguneko lan-ordutegian egingo dira lanak.

Sei hilabeterako baino gehiagorako lanak badira, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluaren arabera, inpaktu akustikoari buruzko azterketa bat egin beharko da, behar diren zuzenketa-neurriak zehazteko.

– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa gorabehera, obrak egitean aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamenduari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

– Kamioiek obrara sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makina mekanikoak erabiliko dira.

– Obrek kaltetutako eremuak leheneratzea: proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak leheneratuko dira. Hala badagokio, espazio libreetako landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira; horrela, ekidin egingo dira higadura-prozesuak, solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa.

– Espezie inbaditzaileen kontrola: kendu egingo dira identifikatutako flora aloktono inbaditzailearen aleak, eta eremuan eta inguruan ez hedatzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko dira. Inola ere ez dira erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak, eta bermatu egingo da leheneratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzailearen propagulurik ez duela.

– Espazio libreen tratamendua: hala badagokio, espazio libreak landareztatzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egindako «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotakoari jarraituko zaio. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak agertzeko arriskua txikiagoa izan dadin. Lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Bereziki kontrolatuko da landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria; hala, bermatu egingo da lorategi-lanetan erabilitako landare-lurrean ez dagoela flora inbaditzailearen propagulurik.

– Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan (https://www.ihobe.eus/argitalpenak) jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen aurrezki eta energia-efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek, gutxienez, arlo hauetan izan beharko dute eragina:

• Materialak. Lehengai berriztaezin gutxiago kontsumitzea.

• Energia. Energia-kontsumoa murriztea eta/edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.

• Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

• Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

• Barnealdeko kalitatea. Barnealdeko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, ez dela aurreikusten Donostiako AO.12.1 Txapaldegi Berri hirigintzako azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri esanguratsurik izango duenik ingurumenean, baldin eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak ere (aurrekoen aurkakoak ez badira), eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Donostiako Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezkoak dituen efektuak sortzeari utziko dio Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denean, Donostiako AO.12.1 Txapaldegi Berri hirigintzako azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartzen ez bada gehienez ere lau urteko epean. Hala gertatuz gero, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen zaionean salbu. Luzapena eskatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko martxoaren 26a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala