Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

Kultura Saila

euskadi.net

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Kulturaren Euskal Kontseilua

W3C-WAI-k web edukirako ezarritako 1.0 Erabilerraztasun Jarraibideetako A mailari dagokion ikonoa

Kulturaren Euskal Plana gorputz sendoa hartzen ari da

Miren Azkarate Kultura sailburuak Kulturaren Euskal Planaren balantzea egin du, lau urte betetzera doan unean eta honen balantzea eta garapen ildoak jorratuko dituen Kulturaren Euskal Kontseiluaren bileraren atarian. Azken hilabeteotako aurrerapenak hauek izan dira: Etxepare Euskal Institutuaren sorrera, EITBrekin Kontratu Programa, %5ren Dekretua, LTD eta FM, eta Kulturaren Euskal Behatokia.

Sailburuak nabarmendu du KEP-ek EAEko kulturaren "unibertso zabala hartzen" duela bere baitan; "guztira sektore desberdinetako 258 eragilek dihardute planaren definizioan". Miren Azkarateren hitzetan,  "jadanik lau urte bete dira Kulturaren Euskal Plana martxan jarri zenetik eta gaurko agerraldi honetan egitasmo nagusi honen inguruko balantze bat egiteko asmoarekin agertzen gara komunikabideen aurrean.

Balantzea egiterakoan Kulturaren Euskal Planaren ardatz estrategikoetan geratuko gara, sektoreka gertatzen joan izan diren beste berrikuntzetan sartu gabe.

Izan ere, datorren maiatzaren 29an elkartuko da Kulturaren Euskal Kontseilua, eta Kontseilu honetan mahai-gainean jarriko dira lan-ildo nagusien inguruko berrikuntza nabarmenenak, bai eta aurrera begira martxan jarri beharko ditugun beste behar eta ekimenak ere.

Agerraldi honekin hasteko, aitortu nahi dut, Kulturaren Euskal Planak lorpen esanguratsuak bizi izan dituela orain ia urtebete publikoki egin genuen balantzetik.

Esango nuke, topikotzat har badaiteke ere, Kulturaren Euskal Planak oso itxura ona ari duela hartzen, oraindik orain eraikin berri baten zutabeak eraikitzen ari bagara ere.

Diseinua eta planoak baditugu, eta eraikitze prozesuan dihardugu. Denok dakigu, bestalde, eraikitze-prozesuetan epeak ez direla guztien gustukoak izaten, baina inork gutxik esan dezake dagoeneko eraikitzen ari ez garenik.

Azken urteko ibilbidearen balantzean sartu aurretik, azpimarratu nahiko nuke Kulturaren Euskal Planaren inguruan gertatzen ari den berezitasun aipagarrienetako bat, eragile nagusien parte-hartzea, alegia.

Plana indarrean jarri zenetik, orain lau urte, guztira 13 lan-talde osatu dira beste hainbeste sektoreen inguruan.

Eta lan-talde hauetan, sektore nagusietako eragileen parte-hartzea eta inplikazioa beste oso esparru gutxitan ikusitakoa dela esango nuke, horrelakorik beste inon ez dela gertatu ez esateagatik.

Euskal kulturaren unibertso zabala dago inplikatuta Kulturaren Euskal Plan honetan. Esperientzia aitzindari ari da izaten. Nekez aurkitu daiteke inguru hurbilean dimentsio honetako plan batean hainbeste eragile publiko zein pribatuen partaidetza zabala.

Guztira kultur diziplina desberdinetako 258 pertsonek dihardute lanean aipatu zutabe horiek eraikitzen. Hau da, sektore guztiak daude bateginik erakunde publiko desberdinekin kulturaren eraikinaren eraikuntza honetan. Bete-betean dihardute beren ekarpenak egiten, helburuak finkatzen eta bitartekoak zehazten.

Sektore horiengana jo dugu ez soilik iritzia eskatzeko, elkarrekin lan egiteko baizik.

Plan asko egon daitezke beren hastapenetan gizarteari leihoak zabaldu eta nolabaiteko parte-hartzea bilatu dutenak. Gure kasuan, hastapenetan ezezik, prozesu guztian zehar gurekin lanean nahi izan ditugu.

Aurrean dugun erronkak horrela eskatzen baitu. Bakarrik ezin genuela esan genezake. Dimentsio honetako erronketan eragile guztien indar metaketa ezinbestekoa baita".

Hitzarmengintza

Sektore bakoitzaren barruan antzemandako beharrizanen arabera elkarte ezberdinekin egindako hitzarmen desberdinekin lortu da, "Sektoreak indartzen" izeneko egitarau baten bidez.

Egitarau honek oinarrizko helburu bi ditu: A)-  KEParen esparruan ari diren sektoreekin dauden harremanak era sistematikoagoan antolatzea, batetik, eta B) sektoreak eurak indartu eta trinkotzeko ahaleginak lehenestea..

Azpimarratu behar da, beraz, oso urrats esanguratsuak eman direla sektore desberdinetako eragile nagusiekin.

Hau da, kualitatiboki izugarrizko jauzia eman da sektore desberdinekiko zegoen harremanean.
2007 eta 2008 bitartean 14 hitzarmen sinatu dira beste hainbeste sektorekin. Hitzarmen horien bidez, 2007. urtean guztira 278.000 € banatu genituen, eta aurtengoan, aldiz, ia laukoiztu egin dugu diru kopuru hori, 822.000 €-rekin.

Sektoreetaz hitz egiten dugunean, besteak beste, hauetaz hitz egiten dugu: Ikusentzunezkoak, Antzerkia, Argitalpengintza, Musika-fonografia.

Honek guztiak erakusten du konzertazio bideari ekin zaiola bete-betean. Euskal kultur unibertso zabalarekin batera gaude kultura politika diseinatzen eta eraikitzen. Konzertazioa bilakatu da eraikuntza prozesu horren ardatz nagusia. Garai bateko gestiogintza bertikal klasikoetatik konzertaziorako jauzia egin dugu. Parte-hartzea sustatu ezezik, eskutik helduta goaz bidea egiten.

Ardatz nagusien inguruko berrikuntzak

Lehen hausnarketa hau egin eta gero, jarraian aipatzen dira zertan gauzatu diren urte honetan emandako beste aurrerapen nabarmenenak.

Kulturaren Euskal Planaren baitan agertzen diren ardatz estrategikoekin lotuta leudeke berrikuntza nabarmenak.

1.-Etxepare Euskal Institutua

Aipatzekoak dira, besteak beste, aurreko asteartean bertan Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Batzordeak onetsi zuen Etxepare Euskal Institutuaren antolakuntza eta jarduera-araudi Dekretua eta horrek sortze bidean jartzen du euskara eta euskal kulturaren kanpo zabalpena xede duen Institutua.

Gogoratu behar da Eusko Legebiltzarrak 2007ko apirilaren 20an onartu zuela Etxepare Euskal Institutua sortze eta arautzeko Legea (3/2007). Urtebete eta gero, hemen dugu bere jarduera-araudiaren dekretua.

Etxepare Euskal Institutuaren xedeak euskara eta euskal kulturaren mundu zabalpenarekin lotzen dira, Beñat Etxeparek esan zuen "jalgi hadi mundura" leloaren bidetik. Hori horrela Etxepare Euskal Institutuak honako xedeak ditu:

a) euskararen irakaskuntza, ikasketa eta erabilera munduan sustatzea, hura partekatzen duten komunitate guztien ekarpenak errespetatuz; euskara nazioartean onartua izan dadin laguntzea eta sustatzea; eta jarduera horiek hedatzen eta horien kalitatea hobetzen lagunduko duten behar adina neurri eta ekintza sustatzea.
b) Euskal kultura, herri honetan sortutako kultura kanpora hedatzen laguntzea bere forma guztietan
c) Gure herriaren errealitatea euskaraz hitz egiten duten mundu osoko kolektibitateetara hurbiltzea, baita euskal komunitateak dauden edo harreman historiko kulturalek edo komertzialek hala gomendatzen duten herrietara ere.

Antolakuntza eta jarduera Dekretuak  Etxepare Euskal Institutua bi arlo sektorialetan antolatzen du euskara eta euskal kulturaren kanpo zabalpenerako xedea betetzeko: 
a) Euskal kulturaren sustapena eta zabalpena
b) Euskararen sustapena eta zabalpena

Euskal kulturaren sustapen eta zabalpen arloaren baitan uztartzen dira musika, arte eszenikoak, ikus arteak, zinema, arkitektura eta diseinua eta alor honen betekizunak honakoak izango dira:
a) euskal sorkuntza artistikoaren zabalpena nazioartean
b) artistak eta hauen lanak munduan zehar zabaltzea
c) nazioartean kultur erakustaldiak antolatu
d) arteen zabalpenerako ekintzabide estrategikoak bultzatu
e) euskal sorkuntza kanpoan ezagutzera emateko kultur eragileen sustapena
f) euskal literatura, jakintza eta ikerketa kanpoan ezagutzera eman horien zabalpena sustatuz
g) Euskadiko kulturaren eta bereziki euskarazko eskaintzaren kanpo zabalpena bultzatu
h) Pentsalari eta ikertzaileen arteko hartu emanak bultzatu
i) Hizkuntza eta kultur aniztasunari buruzko euskal egileen nazioarteko ezagutza sustatu
j) Euskal kulturaren kanpo zabalpenaren alorrean lanean diren eragileei laguntza eskaini

Euskararen sustapen eta zabalpenaren arloaren baitan Etxepare Euskal Institutuak euskararen irakaskuntza, ikerketa eta ezagutza bultzatuko du eta arlo honek honako funtzioak izango ditu:
a) Euskal Herritik kanpoko unibertsitateetan euskararen ikerketa eta ikasketak bultzatu, lektoradoak eragin eta euskararen ikertzaile eta euskal ikaskuntzen erakundeei laguntza eta babesa eman
b) Euskararen ezagutza eta erabilera bultzatu munduan zehar diren euskal gizataldeetan, euskal etxeen laguntzarekin eta hauen bitartez
c)  Beste erakundeekin elkarlanean, Euskal Herritik kanpoko euskara ikasi ahal izateko beharrezkoak diren giza, hizkuntza eta didaktika beharrak bideratu
d) Euskal Herritik kanpoko irakaskuntza behar horietarako tokian tokiko euskarazko irakasleen prestakuntza bideratu
e) Antolatu euskara ezagutza-egiaztagirien azterketak Euskal Herritik kanpo
f) Euskararen presentzia ahalbideratzeko hizkuntza eta kultura erakustazoka nagusienetan parte hartu
g) Euskararen kanpo zabalpena xede izanda sustapen ekintzak koordinatu gaztelania, katalana eta gailegoa zabaltzea xede duten Institutuaren gisa bereko erakundeekin
h) Euskararen kanpo sustapenerako ekintzak euskararen lurraldeko beste erakunde publikoekin koordinatu
i) Elkarlana izan  euskararen normalkuntza xede duten erakundeekin
j) Euskararen eta euskarazko sorkuntzaren zabalpena xede izanda, elkarlana bultzatu Unibertsitate edo eta bestelako erakunde publiko eta pribatuekin
k) Euskararen kanpo zabalpena egiten duten erakunde publiko eta pribatuei laguntza eman
l) Teknologietan oinarritutako euskararen kanpo zabalpena bultzatu

2- EITBrekin kontratu-programa:

2007ko abenduaren 21ean, bestalde, EITBren 2007-2010 Kontratu Programa sinatu zen.
Kontratu-Programa honen indarraldirako alderdirik garrantzitsuenetako bat da -bere finantziazioari buruzko konpromisoen gain-, lurreko telebista digitalaren emanaldien behin betiko ezarpena eta emanaldi analogikoen desagerpena (2010eko apirilerako aurreikusia); bai eta, irrati- eta telebista-programen komunikazio eta transmisioko kanal berrien agerpena, horren lekuko berandu baino lehen sortuko den ETB3 gaztei zuzendutako euskarazko kate berria eta datorren urtean sortuko den ETB4 berrikuntzara zuzendutako kate eleanitza. 

Ondorioz, programa-Kontratuaren baitan, EITBk, irrati eta telebista alorreko zerbitzu publiko gisa, hainbat konpromiso hartzen ditu bere gain:
-Hauen artean aipatzekoak dira, programazio eta edukien alorrean, euskarri desberdinetan, kalitatezko eta zerbitzu publikoko programazio zabala eta anitzaren aldeko jarrera. Horren ondorioz, arian-arian, informazio, hedapen eta kultur alorretako programazioa areagotzen joango da.
-Horrekin batera, euskararen eta hizkuntza normalizazioaren aldeko neurriak eta euskaraz egindako irrati eta telebista sendotzeko bideak zehazten dira.
-EITBk euskal ikus-entzunezko ekoizpena, sormena eta alorra, oro har, garatzeko konpromisoa hartzen du, arloko enpresa nagusi gisa elkarlanean edukiak eta egitasmoak garatuko ditu eta barne produkzioa eta beste enpresekin formatu, sistema eta euskarri desberdinetan, Euskadin ekoiztutako programa sustatuko ditu eta alorrean inbertsioak bultzatuko ditu.
-Irrati Telebista publikoaren egin beharren artean Euskadi jakintza eta informazio gizartean egoki txertatzeko aurrera pausuak ematea azaltzen da.
-Azkenik, EITBk, bere konpromisoen artean, bikaintasuna helburu, zerbitzuaren kalitatezko kudeaketa egitea, langileen prestakuntza areagotzea eta finantziazio bideak ugaltzea zehazten ditu.
2007-2010 aldirako Kontratu-programaren indarraldian EITBk zabalpen digital bitarteko kanal berriak zabalduko ditu, horrek dakarren egokitzapenekin hori horrela lur uhinen bidez zabalduko den irrati eta telebistako programazioko edukiak honako puntu hauetara egokitu beharko dira.

1. ETB-1
- Erreferentziako TB generalista normalizatua, euskara hutsezkoa. Oraingo programazioko ildo nagusiak mantenduz, hau egingo da:
- Informazio-programazioa indartu, albistegien ordutegiei eta iraupenari erreparatuz, arreta berezia eskainiz bertako eta inguruko informazioari, lurralde-informazioari eta informazio-tarteak handituz.
- Filmen bikoizketa-programazioko orduak gehitu, audientzia gazteari lehentasunez erantzuteko.
- Audientziaren parte-hartzea indartu.
- Audientzia euskaldunaren aldetik euskara lantzeko eta hobetzeko programazioa garatu.
2. ETB-2
- TB generalista, nagusiki gaztelaniazkoa. Oraingo programazioko lerro orokorrak mantenduz, hau egingo da:
- Euskara zenbait saioetan txertatu, adibidez, albistegietan, euskara parte-hartzaile batzuen (ez programa-gidarien) erabilera-hizkuntza moduan errespetatuz.
- Euskarazko eta gaztelaniazko munduen arteko komunikazioa sustatu. Euskarazko askotariko sorkuntza soziokulturala gaztelaniaz zabaldu. Eleaniztasunaren aldeko pedagogia soziala.
- Inguruko informazioari arreta berezia eskaini; hurbilekoa zaindu. Lurralde-deskonexioak.
- Elebidun pasiboei arreta berezia eskaini.
3. ETB-3
- Lehentasunez 30 urtetik beherako biztanleria gazteari zuzenduriko programazioa, euskara hutsez.
4. ETB-4
- Euskararen eta gaztelaniaren presentzia orekatua edukiko duen programazioa, ehuneko berdinetan.
- Programazioa, arreta berezia jarriz zenbait gaitan: izaera bereziko albiste-saioak (tematikoak, instituzionala…), formatu berriak, elkarreragina, kultur programazioa, dokumentalak, erreportajeak, film azpititulatuak, etab.
Irratia
- Euskarazko irrati generalista bat (Euskadi Irratia) AM, FM eta TDTn.
- Gaztelaniazko irrati generalista bat (Radio Euskadi) AM, FM eta TDTn.
- Gaztelaniazko irrati generalista bat Arabako Lurralde Historikorako (Radio Vitoria) AM eta FMn.
- Euskarazko irrati formula gazte bat (Gaztea) FM eta TDTn.
- Euskara eta gaztelaniazko musikako irrati formula tematiko bat (EiTB-Musika), FM eta TDTn.
Interneteko eskaintzari dagokionez, EITBk Kanal generalista eta tematikoen multzo orekatu bat eskainiko du Interneten. Gutxienez, honako hauek sartuko dira multzo horretan:
- 24 orduko informazio-kanal bat Interneten, euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez.
- Kanal generalista bat, euskaraz eta gaztelaniaz, irrati eta telebistako programazioan oinarritua.
- Haurrentzako kanala bat, euskara hutsezkoa.
- Gazteentzako kanal bat, nagusiki euskarazkoa eta hiru hizkuntzakoa, gaztelania eta ingelesa txertatuz.
- Irrati eta telebistako emisioen eskaintza bat, kanal horren bidez.

3- %5aren Dekretua

Iaztik hona ere beste urrats kualitatibo bat eman da ikus-entzunezkoaren alorrean onartutako araudi berri batekin. Hau da, dekretu baten bitartez arautu egin da Europan ekoiztutako ikus entzunezkotan egin beharreko inbertsioak eta emisioak.

EAE menpeko araubidean diharduten telebista operadoreen Europako zinemarako film luze eta laburrak eta telebistako filmak aldiz aurretik finantzatzeko inbertsio-betebeharrak eta emisio-betebeharrak zehazten dituen Dekretua, alegia. Dekretu honek ETB-rengan izango du eragina soilik.

Araudia aitzindaria da Estatuan eta  bere xedea Europako eta bereziki Euskadiko ikus entzunezko ekoizpena bultzatzea eta zabaltzea da eta honen bitartez Europan ekoiztutako ikus entzunezko ekoizpenetan egin beharreko inbertsioak  eta ekoizpen horiei lotutako emisio betebeharrak zehazten dira.

Laburbilduz, ETBk honako betekizunak izango ditu "%5ko dekretu" honen bidez:
1.- Urtero bere aurrekontuaren %5 erabiliko du aipatu helburu hauek bete daitezen.
2.- Urteko emisioen denboraren %51a Europan ekoiztutako ikus-entzunezkoen emanaldietara bideratu beharko du.
3.- Europan ekoiztutako ikus-entzunezko emanaldien %10a Europako ekoizle independenteen ekoizpenetarako gorde beharko du, eta emanaldi horien erdia, gutxienez, bost urte baino gutxiago dituen ekoizpenek hartuko dute.
4.- Zineko film luze eta laburren eta telebistarako film europarrak aurrez finantzatzeko ekarpenak egin beharko dituzte. Finantziazio horren %30a, gutxienez, sorburu-hizkuntza euskara duten lanetara zuzendu beharko da eta Kultura sailburuak gehitu ahal izango du sorburu-hizkuntza euskara duten lanetara bideratutako ehunekoa.

Finantzatzeko aintzat hartuko diren ikus-entzunezko lanen artean edozein generoko film luze, labur zinematografikoak edota telebistarako filmak sartzen dira. Baita, errealizadore berrien filmak, dokumentalak, etab.

Honekin lotuta, aipagarria da 2008eko martxoaren 23an eta Kultura Sailaren babesaz ETBk, IBAIAk eta EPE/APVk sinatu zuten lankidetza hitzarmena, Euskal Herriko ikus-entzunezko ekoizpena bultzatzeko.

ETBk eta euskal ekoizle independenteen arteko hitzarmenak alorreko ekoizle independenteei gutxieneko finantziazioa bermatzen die ekoizpenetarako. Film luzeen ekoizpenerako -gutxienez 11 fikziozko film luze-, telebistarako sormeneko dokumentalen ekoizpena -gutxienez zazpi-, film laburren ekoizpena. EITBk konpromisoa hartu du Euskal Herrian ekoiztutako film laburren euskarazko edo/eta gaztelaniazko eskubideak eskuratzeko eta telebistarako filmen ekoizpenean parte hartzeko konpromisoa ere hartzen du.

4- LTD eta FM

Bestalde, Toki Telebista digitala garatu dugu bitarte honetan. 2007ko uztailaren 17an, Gobernu Batzordeak lehen 57 lizentzia esleitu zituen hainbat operadore pribaturi, 2009. urtean EAEko 15 eskualdeetan beren emisioak zabalduko dituztelarik. Operadore hauek guztira lau lizentzia izango dituzte eskualde bakoitzeko, eta zerbitzu publiko diren heinean behartuta egongo dira tokian tokiko hizkuntz perfilaren araberako gutxieneko euskarazko emanaldiak eskaintzera.

Esleipen hau lurreko uhinen bidezko telebista zerbitzua arautzen duen Lurreko Telebista Digitalaren  dekretu berrian (2006/190, urriak 3) dago oinarrituta.

Bestalde FM-n emititzen duten irratien arloan, esan beharra dago, dekretu proiektuan audientzia publikoaren fasea gainditu eta gero, berau Dekretu gisa onartzeko bidean dela Eusko Jaurlaritzan. Gure aurreikuspenen baitan datorren udazkenean onartuko da eta 2009. urte hasierarako 35 irrati lizentzia berri esleituko dira.

5- Behatokia:

2006. urtean martxan jarritako Kulturaren Euskal Behatokiak ere hainbat ekimen jarri ditu indarrean azken urtean informazio-sistemaren arloan. Batzuk aipatzen dira:

-Kulturaren marko estatistikoaren diseinua burutu da eta 15 sektorerentzako adierazle sistema eta informazio iturriak zehaztu ondoren sektoreekin kontrastatu. Guzti honen ondorioz Programa estatistikoa zehaztu da.
-Euskal Herriko Kultura-ohiturei,-jardunbideei eta -kontsumoari buruzko eragiketa estatistikoa: diseinua eta landa lana.
Behatokiaren 2008rako  jarduera/proiektu nagusiak

1.- Informazio-sistema:

-Eragiketa Estatistikoak: Arteei eta Kultura-industriei buruzko eragiketak

-Euskal Herriko Kultura-ohiturei,-jardunbideei eta -kontsumoari buruzko eragiketa estatistikoa: emaitzak zabaldu.

-Azterketa Estatistikoak: "euskara euskal kulturan" eta "Komunikabideak"

-Nazioarteko Behatokiekin lan egiteko sarea: proposamena eta gauzatzeko estrategia


2.- Instituzio eta sektoreetako komunikazio eta harremanak:

- "Kulturkaria" buletin elektronikoaren 3, 4, eta 5. aleak: Kulturkaria lau hilabeteko maiztasunez kaleratua eta irakurleei intereseko kultura eduki aukeratuak eskaintzen dizkien komunikazio tresna da. http://www.kultura.ejgv.euskadi.net/r46-19124/eu/contenidos/informacion/keb_kulturkaria/eu_boletina/kulturkaria.html

- Kultura 08" urteko txostena: landu eta diseinatu.

- Estatistika eta azterketen bilduma: argitaratu eta zabaldu

- Web gunea: eguneratu eta hobetu etengabe: Behatokiaren inguruko informazio zabala jasotzen da:
http://www.kultura.ejgv.euskadi.net/r46-19130/eu/ 

Balorazioa/Ondorioak:

Gaur aurkeztu diren ekimen, lege egitasmo, elkarlan-hitzarmen etab., lan hipotesi bat ziren Kulturaren Euskal Planaren prozesuari ekin zitzaionean; gaur egun errealitate ukigarria dira, eta erronka nagusien norabide edota ibilbide orria markatzen dute.
 
KEP-ek gorputza hartzen doa, gorputz orekatua, batzuentzako geldoegi joango da; besteentzako, arinegi. Baina gorputz orekatua hartzen doa.
 
Eragile guztien parte-hartze zuzenarekin euskal kulturaren eraikin berriaren oinarri eta zutabe nagusiak ari dira eraikitzen.
 
Gure betebeharra ez da mugatzen eraikin hori "margotzera"; fatxada pintatze hutsarekin ez baita etxea egiten. Beronen espazioen definizio, diseinu eta eraikuntzan dihardugu. Eta hori egiteko, eraikin hori beteko duten pertsona eta eragile publiko zein pribatuen elkarlanarekin ari gara egiten.
 
Hasieran aipatu dudan bezala, datorren astean, maiatzaren 29an hain zuzen, Kulturaren Euskal Kontseilua bilduko da Donostian azken urte honetan egin den lanaren inguruan eztabaidatu eta balioesteko. Batzorde horretan aipatu sektore guztiak bilduko dira eta orain arteko lanaren balorazia egingo da, bai eta aurrera begira egiteke leudekeen lehentasunen zehaztea ere

Datorren 29an beraz, zehaztasun gehiago emango dira eta sektoreka egindako bidearen berri emango da.
Gasteiz, 2008ko maiatzaren 19a

Azken eguneratzea: 2008/06/02