Kulturaren Euskal Kontseilua berrosatu da, bere zereginak berritu eta Kulturaren Euskal Planaren beharretara egokitu
Azaroaren 22an Donostiako Miramon Parke Teknologikoan egindako bileran Kulturaren Euskal Kontseiluak aro berri bati ekin dio, azaroaren 21eko Gobernu Batzordean onartu zen aldaketaren ondoren, zeinean Kontseilu honen zereginak eta osaketa berritu eta Kulturaren Euskal Planaren beharretara egokitu diren. Kulturaren Euskal Kontseilua kulturaren eremuan partaidetza, lankidetza eta aholkularitzarako goi mailako kide anitzeko organoa da eta bere funtsezko zeregina Kultura sailari aholku ematea eta Kulturaren Euskal Planaren jarraipenean eta garapenean laguntzea da. Kulturaren Euskal Plana Kulturaren Euskal Kontseiluaren lanaren bitartez garatu zen eta orain horren garapenaren beharrei egoki erantzuteko zabaldu eta eraldatu egin da.
Eraldaketaren baitan orain arteko Batzorde Iraunkorra Erakundeen Arteko Batzordea bilakatu da; eta erakundeen arteko hartu emana finkatzeaz gain, orain Kontseiluaren batzorde iraunkorraren lanak beteko ditu. Erakundeen Arteko Batzordea 10 lagunek osatuko dute, Kultura sailburua buru dutelarik, bertan izango dira Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordea, hiru Kultura diputatuak, hiriburuetako Kultura zinegotziak, eta EUDELen ordezkari bat eta Kulturaren Euskal Kontseiluaren idazkaria (hitzarekin baino botorik gabe azken horrek).
Horrekin batera, Kulturaren Euskal Kontseilua sendotu egin da, kide gehiago ditu, bai herri-erakundeen ordezkaritzan eta bereziki kultura alorreko ordezkarien aldetik. Herri Erakundeen ordezkaritzaren orain arteko kideei gehitu baitzaizkie Jaurlaritzaren atalean Hizkuntza Politikarako sailburuordea, eta Lehendakaritza eta Lehendakari-ordetzako ordezkari bana, eta era horretara herri-erakundeen ordezkariak 18 izango dira guztira. Eta, bereziki, hedapen handia izan du kulturaren alor desberdinen ordezkari diren kideen atalak, zeren orain arte 20 lagunek osatzen zuten atal hau, eta hemendik aurrera 32 izango dira.
Kulturaren Euskal Kontseiluak 51 kide izango ditu guztira, horietatik 18 kide Eusko Jaurlaritza, hiru Foru Aldundi, hiriburuetako udal, EUDEL eta EITBko ordezkari izango dira, eta horiekin batera kulturaren alor desberdinen ordezkari diren 32 pertsona. Azkenik, idazkaria hitzarekin baino botorik gabeko kidea da. Kultura sailburua da Kulturaren Euskal Kontseiluaren presidentea.
Kulturaren alorreko aholku batzorde hau Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailari atxikia da eta bere zereginetarako Kulturaren Euskal Kontseiluak Batzorde Osoaren edo Erakunde Arteko Batzorde-Atalaren bidez jardungo du eta bere baitan Batzorde-atal bereziak sortu ahal izango ditu, orain arte bezala.
Kulturaren Euskal Kontseilu berrituak gaur izandako bere lehen bileran, orain arteko kideak eta kide berriak izan dira eta Kulturaren Euskal Planaren 2004-2006 bitarteko balantzea egin ondoan, datozen urteetako zereginak aztertu dituzte.
Kulturaren Euskal Kontseiluaren osakera berria