Balenciaga Museoa, oraingoz, 240 m2 inguruko areto batean dago, artista jaio zen herriaren bihotzean: Getarian. Bere obra guztiaren behin betiko egoitza izango den jauregia egokitu eta handitzeko lanak bukatu arte, 2003ra arte alegia, areto horretan izango da erakusketa. Oraingoz hor dago, Cristóbal Balenciaga Fundazioan, maila goreneko joskintza ikusteko aukera interesgarri bat. Izan ere, joskintzaren munduan horixe izan daiteke inoiz erakutsi den laginik onena.
Oraingo erakusketan artistaren obra handiaren ideia bat eman nahi izan da, besterik ez, museoa ireki arte. Bere arloan parekorik ez daukan bilduma hori getariar nabarmen eta errepikatu ezinezko baten talentuaren adierazgarri da. Getariar hori Cristóbal Balenciaga da (1895-1972).
Lekuaren giro soil eta intimista sortzailearen izaeraren isla da. Bertan aro batzuetako jantziak, baita beren osagarriak ere, ikusgai daude: kapelak, bisuteria... eta Cristóbal Balenciagaren beraren argazkiak, diseinuen zirriborroak, lan-tresnak eta desfileen irudiak, bere lanaren aro desberdinen adierazleak.
Bildumari xarma dario alde guztietatik. Gainera, nahiko adierazgarria izan arren, 2003ko Balenciaga Museoaren lagintxo bat baino ez da. Museo handi horretan Cristóbal Balenciaga Fundazioaren eduki osoa ikusgai egongo da.
Erakusketa modako ikertzaile eta adituentzat izateaz gain, beste edonorentzako ere bada, eta berdin dio modaz jakitea zein ez. Guztiek primeran pasako dute Balenciaga maisuaren lanak ikusten.
Edukiak
Cristóbal Balenciagaren dokumentuak, argazkiak, berak egindako jantziak eta bere bizitza eta obrari buruzko taulak.
|