Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

euskadi.eus

Hasiera

 

EBko sorkuntza artistikoko profesionalak

Sorkuntza artistikoko profesionalen egoera sozioekonomikoa hobetzeko Europako Batasuneko herrialdeetan ezarritako neurri berritzaileak, batez ere, lan-harremanei, gizarte segurantzari eta zerga-sistemari buruzkoak.

Izenburua: La situation des professionnels de la création artistique en Europe (Europako sorkuntza artistikoko profesionalen egoera)
Egilea/Erakundea: Alemaniako European Institute for Comparative Cultural Research (ERICarts), Suzanne Capiau eta Andreas Johannes Wiesand
Hizkuntza: frantsesa, ingelesa, alemana
Orrialde-kopurua: 125
Argitaratze-data: 2006
Erabilgarritasuna: Europako Parlamentuaren ataria
 

portada

Estatu kideek artista profesionalen (idazleak, arte plastikoetako eta ikusizko arteetako artistak, zinemagileak eta aktoreak...) egoera sozioekonomikoa hobetzea lortzeko hartutako neurriak aurkezten dira Europako Parlamentuko Kultura eta Hezkuntza Batzordeak sustatutako azterketa honetan. Horretarako, lan-harremanak, zerga-sistemak eta gizarte segurantzarekin zerikusia duten gaiak aztertzen ditu, bai herrialdeetan eta bai Europan. Sektore honek hain berezkoa duen mugikortasuna ere sakon aztertzen du.

EBko hogeita bost herrialdeetan eta EBn sartzeko hautagai diren bi herrialdeetan gaur egun indarrean dauden artisten lege- eta gizarte-baldintzei buruzko informazioa biltzea, osatzea eta konparatzea da txosten helburua, eta, azken finean, artisten estatutu orokorra lantzeko aukerei buruzko gomendioak egitea.

Txostenean badago, batetik, alde metodologiko bat, non azterketa honetan erabili den artistaren kontzeptua definitzen den. Artista profesionalei buruzkoa da, eta artista profesionalak dira “azterketa honetan lantzen diren lege-esparruetako gutxienez batean artista profesional bezala definituak edo onartuak dauden pertsona aktiboak, adibidez, banakako edo taldekako lan-harremanetako zuzenbidean, gizarte segurantzako zuzenbidean edo zerga-sisteman”.

Txostenaren zati nagusian artisten banakako eta taldekako kontratuzko egoerari, gizarte segurantzari, zerga-sistemari eta nazioarteko mugikortasunari buruzko ikerketaren informazioa eta emaitzak azaldu dira, modu konparatiboan.

Kontua ez da herrialde bakoitzeko profilen berri ematea, baizik eta Europa osoan ohikoenak eta zabalduenak diren jardunei buruzko informazio eguneratua biltzea. Bestetik, neurri berritzaileak edo gehiengoen jardunekin bat ez datozen neurriak aurkezten dira, interes ereduak edo jardunbide egokiak zein diren identifikatzeko.

Neurri berritzaile horien artean honako hauek nabarmentzen dira:




Lan-harremanen alorrean:

  • Frantzia: Iraupen laburreko kontratuekin lan egin ohi duten artistentzat “aldizkako artisten lan-baldintzak” sortzea (adibidez, iraupen laburreko antzerki-emanaldietan edo musikaletan, jaialdietan eta abarretan aritzen direnak)
  • Alemania: Ekonomikoki mendeko diren artista independenteentzat ‘enplegatu’ estatusa.  Erakunde-enpresa bakar batekiko mendeko izatea da baldintza nagusia
  • Hungaria: mikroenpresak sortzeko prozedura sinplifikatuak

Gizarte Segurantza:

  • Alemania: artista independenteen osasuna eta erretiroa barne hartzen duen gizarte segurantzako sistema
  • Luxemburg eta Herbehereak:  gutxieneko gizarte-soldata baino gutxiago irabazten duten artistentzat gizarte-laguntza
  • Danimarka: langabezia-asegurua artista independenteentzat
  • Frantzia: gizarte segurantzako erregimen berezia artistentzat eta sortzaileentzat

Zerga-sistema:

  • Zenbait herrialdetan badira mekanismoak artista autonomoen diru-sarrerak eta kargak egituratzeko eta banatzeko, zergak murrizteko...

Laburbilduz, parlamentuak honako hau eskatzen dio Europako Batzordeari:

  • ‘Sorkuntza artistikoko jardueren eta sorkuntza artistikoan aritzeko baldintzen Europako karta’ prestatzea, 1989an sortu zen ‘Oinarrizko gizarte-eskubideen karta’-ren eredura. UNESCO, LANE eta MJIE (Munduko Jabetza Intelektualaren Erakundea) bezalako nazioarteko erakundeak dagoeneko egiten hasi diren lanekin loturak ezartzeko aukera emango du karta honek.
  • ‘Kultura- eta komunikazio-esparruko mugikortasunaren ekintza-plan osatua’ lantzea, eskuduntza duten EEko Zuzendaritza Nagusiak, profesionalen sareak eta ikerketa-institutuak inplikatuz. EK arduratuko litzateke azterketak eta Europako profesionalen mugikortasunari eta sorkuntza artistikoari buruzko liburu zuri bat prestatzeaz, eta baita lan-agenda bermatzeko ardura izango duen Task Force transversal bat sortzeaz ere. Task Force transversal-a gizarte segurantzari, zerga-sistemari eta bitartekaritza-zerbitzuei buruzko gaiak koordinatzeaz arduratuko da, batez ere.
  • Hedatze-zerbitzu elektroniko bat eta Gidaliburu praktiko bat sortzea, dagoeneko badauden informazio-sareekin elkarlanean gorago aipatutako gaiei buruzko informazio praktikoa, zehatza eta eguneratua emateko.
Euskadi, auzolana