Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

euskadi.eus

Hasiera

 

Kulturaren esparruko ekintza komunitarioen inbentarioa

Kulturaren esparruan landutako ekintza komunitarioak biltzen dituen Europako Batzordeko dokumentua, Europako Kultura Agendari buruzko Komunikazioaren osagarri teknikoa dena.

Izenburua: Inventory of Community actions in the field of culture. (Kulturaren esparruko ekintza komunitarioen inbentarioa)
Egilea/Erakundea: Commission staff working document. (Europako Batzordeko lantaldearen lan-dokumentua).
Hizkuntza: ingelesa
Orrialde-kop.: 40
Argitaratze-data: 2007
Erabilgarritasuna: Dokumentua esteka honetan (pdf, 188,37 KB, ingelesez) eta Lakuako Kulturaren Euskal Behatokiaren bulegoan kontsulta daiteke. 

europa

Europako Batasunean hainbat esku-hartze izan dira kulturaren esparruan, hala nola ikerketa espezifikoak, programak eta proiektuak, estatu kideen arteko trukeak, etab. Europako Kultura Agenda ezartzeari dagokionez, laburpen hau sortu da; interes handikoa da kulturaren sektorean zuzenean edo zeharka jarduten duten profesionalentzat eta pertsonentzat, eta Agendaren osagarri tekniko gisa erabili da.

Bi ataletan egituratutako ekintzen katalogo zabala biltzen du dokumentuak: batetik, Komunikazioa prestatzeko lanari buruzko informazioa aurkezten da; eta, bestetik, EBko zenbait programak eta politikak kulturari egin dioten ekarpenaren ikuspegi zehatza ematen da, eta informazio gehiago eskuratzeko web orrien estekak ere ematen dira.

Lehen atalean, Europako balio kulturalekin, kulturaren ekonomiarekin eta kide parte-hartzaileen arteko harremanaren aldaketarekin lotutako hiru proiektu aipatzen dira. Zehazki, duela gutxi egindako bi azterketa jasotzen dira (aurreko aldizkarietan aztertu ditugu, oso interesgarriak baitira): EBko herritarren balio kulturalei buruzko 2006ko Eurobarometroa eta Europako kulturaren ekonomiari buruz Batzordeak sustatutako azterketa. Hirugarren azterketan, bestalde, Batzordearen beraren, estatu kideen eta kulturaren sektorearen arteko harremanetan azken urteetan izan den bilakaeraren adibideak irudikatzen dira.

Dokumentuaren bigarren atalean, Europako Batasunak hiru alor hauetan sustatutako programa eta politika kulturalek egindako ekarpena azaltzen da:

  • Besteak beste, hezkuntza, gazteria, eleaniztasuna, komunikazioa, eskualde-politikak, ikus-entzunezkoetako enplegua eta informazioaren gizartea biltzen dituzten barne-programak eta -politikak.
  • Kultura eta politika komertziala; atal horretan, labur azaltzen da nazioarteko merkataritzarekin lotutako eta Munduko Merkataritza Erakundearekin eta antzeko erakundeekin egindako negoziazioetan Batzordeak izan duen jarrera, baita ikus-entzunezkoekin edo jabetza intelektualarekin lotutako gaietan izan duena ere.
  • Kultura kanpo-harremanetan; kanpo-harremanak bideratzeko moduan garrantzia duten alderdiak aztertu dira, gizarteen eta ekonomien funtzionamenduan kulturak gero eta garrantzi handiagoa baitu. Hainbat herrialderekiko harremanen eta testuinguruen egoera deskribatzen da.

Laburtuz, kulturarekin lotuta EBk sustatzen dituen politiken zerrenda azaltzen da dokumentuan, eta ikuspegi osoa eta sintetikoa izaten laguntzen du; era berean, informazio gehiago eskuratzeko aukera ematen du, programa horietarako estekak baitaude.

Euskadi, auzolana