Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

euskadi.eus

Hasiera

 

Euskal nortasuna eta kultura XXI. Mendearen hasieran

Euskal biztanleriak euskal kulturari eta euskal nortasunari buruz dituen pertzepzio, iritzi eta jarreren azterketa.

Izenburua: Euskal nortasuna eta kultura XXI. mendearen hasieran
Egilea/Erakundea: Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabinetea, Eusko Ikaskuntza eta Euskal Kultur Erakundea-Institut Culturel Basque.
Hizkuntza: euskaraz, frantsesez, gaztelaniaz eskuragarri
Orri-kopurua: 166
Argitalpen-data: 2006
Kontsultatzeko: Eusko Ikaskuntza argitaletxea. ISBN-10: 84-8419-052-8; ISBN-13: 978-84-8419-052-3. Kulturaren Euskal Behatokiaren Lakuako bulegoan kontsulta daiteke.

portadaEuskal Herriko1 biztanleriak euskal kulturari, hizkuntzari eta nortasunari buruz dituen pertzepzio, iritzi eta jarrerak aztertzea helburu duen ikerketa da, 2004-2005ean egina.

Informazioa biltzeko prozesuan zenbait teknika kuantitatibo eta kualitatibo erabili dira:

  • Aurrenik, bi eztabaida-talde mota egin dira: talde orokorrak eta berariazko taldeak. Talde orokorrak aldagai jakin batzuen arabera (lurraldea, euskararen ezagutza, adina eta abar) hautatu diren eta gaiari buruzko ezagutza berezirik ez duten kideek osatzen dituzte; berariazko taldeak, berriz, hiru lurraldeetako zenbait gizarte-esparrutako kideek edo ikerketarako interesgarriak diren zenbait arlotako (hezkuntza, hedabideak, gizarte-mugimenduak, euskalgintza eta abar) kideek.
  • Bigarrenik, Iparraldean talde gutxiago sortu ziren, eta, desoreka hori konpentsatzearren, lurralde horretan, elkarrizketa sakona egin zitzaien ikerketa-gaietan adierazgarri diren zenbait pertsonari. Horrekin bat, bizitza-historia labur bana egin zitzaien hiru pertsonari, haien esperientzia pertsonalagatik edo ibilbide profesionalagatik ekarpen biziki interesgarriak egin zitzaketelakoan berez konplexu samarrak diren ikergai hauetan.
  • Azkenik, etxean banakako inkesta egin zaio lurralde bakoitzeko biztanleriaren lagin adierazgarri bati, galde-sorta egituratu eta itxia erabiliz.
  • Teknika kuantitatibo zein kualitatibo horiez gain, ikerketari dagozkion gaien inguruan Interneten dauden iritzien azterketa egin da, naturaltasunez esaten dena jakiteko, hau da, inor galdezka joan gabe euskalduntasunari eta euskal kulturari buruz esaten dutena ezagutzeko.

Erabilitako ikerketa-tekniken bitartez lortutako emaitzen arabera egituratzen dira ikerketaren edukiak.

Ikerlanaren ondorio nagusiak honela laburbil daitezke:

  • Euskal Herriko gizartean, egun, kulturaren eta nortasunaren oso adiera ezberdinak daude, bai edukiz bai esanahiez. Lurraldeetako berezitasunek, tradizioek, unibertso sinbolikoek, Estatuek bultzaturiko akulturizazioek/kulturizazioek, norberak egindako hautuek eta horien guztien nahasmenak eragin dituzte ezberdintasun horiek. Gainera, elkarrizketatuen lurraldetasunaren, jatorriaren eta euskal herritar sentitzearen edo ez sentitzearen araberakoak dira esanahi horiek, eta horietan oinarritzen dira ikuspuntu kontzeptualen banaketa sozial ezberdinak.
  • Hala ere, gaur egun, zeharo erroturik daude euskal komunitatean euskal herritar ez sentitzearen hainbat elementu kultural eta identitario.
  • Nahiz eta pluraltasun hori Euskal Herriko gizartearen berezko ezaugarria soilik ez den, kultura eta nortasun kolektiboaren ikuspuntutik begiratuta, euskal gizartea beste gizarte batzuetatik bereizten da bere azpikulturek ez dutelako egitura administratibo ofizial komunik. Lurralde guztiek dute euskaltasuna, neurri handiagoan edo txikiagoan bada ere, Euskal Herriko leku guztietan agertzen baitira euskaltasunaren esparrutzat denek jotzen dituzten hainbat osagai.
  • Inguruko lurraldeekiko praxiarekin eta sentimenduekin alderatuta, nabarmena da Euskal Herriko lurraldeen arteko eguneroko harreman eta hurbiltasun sinbolikoa herritarren gehiengoarengan; lotura horiek ahulak eta hauskorrak izanagatik, errealak ere badira.
  • Euskaltasunaren elementuen artetik euskara da ezinbesteko osagai edo erreferentea, bai hizkuntza goraipatzeko, bai gaitzesteko edo axolagabetasuna adierazteko. Horregatik, ezinbestekoa da euskararen inguruko hausnarketa eta adostasuna bultzatzea, ikuspuntu ezberdinak dituztenen arteko elkarbizitza ahalbidetzeko.
  • Gehiengoaren ustez krisian daude euskal kultura eta identitatea eta euren etorkizuna, eta euskal gatazka politikoak egoera hori larriagotzen du.
  • Euskal kulturak eta identitateak aurrera egiteko, malgutasunez jokatu behar da Euskal Herriaren barruko izaera eta ulerkera ezberdinen aurrean: bitariko nortasunak, diaspora, erdigunea/kanpoaldea dikotomia eta abar. Halaber, globalizazioaren ondorioz sortutako nazioarteko eraginetan ere malgua izan behar da, eta estilo propioarekin barneratu behar ditugu.
  • Informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriei probetxu atera behar zaie, euskal eremu kultural eta identitarioa garatzeko eta eguneratzeko.
  • Euskal gizartea gauzatzen ari den irekitze-prozesua euskaltasunetik gidatu behar da, betiere bestelako adierazpen kultural eta identitarioek euren lekua izan behar dutela onartuta.
  • Azkenik, ikerketa honek agerian jarri du kultura pizgarri bat izan daitekeela euskal nortasunaren garapenarentzat. Ikerketak ondorioztatu duenez, kulturak oinarri eta bide berriak proposatzen ditu, eta, haiei esker, euskal gizarteak bere garapena mugatu duten dinamikak gaindi ditzake.

1 Ikerketa-eremua Euskal Herri osoa izan da, hau da, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako lurraldeak

Euskadi, auzolana