Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

euskadi.eus

Hasiera

 
Udalerrietako Kultura Politika


Tokiko kultura-politiken arduradunen hausnarketak eta erabakiak babesteko tresna, esparru horretako esku-hartzeen diseinu eta garapenaren ingurukoa.

Izenburua: Guide des politiques culturelles des petites villes (Udalerri txikientzako kultura-politiken gida)
Egilea/Erakundea: Lefebvre, Alain; Sibertin-Blanc, Mariette
Hizkuntza: frantsesa
Orri-kopurua: 254
Argitalpen-data: 2006ko iraila
Kontsultatzeko: Kulturaren Euskal Behatokiaren Lakuako bulegoan kontsulta daiteke

politicas culturales3.000 eta 20.000 biztanle arteko 1.000 udalerri baino gehiagok osatutako Frantziako APVF elkarteak (Association des petites villes-Udalerri txikien elkartea), Observatoire des Politiques Culturelles eta Dexia Crédit Local erakundeekin batera, berriki gida hori argitaratu du. Horren edukia kultura-arduradunekin (alkateak, sektoreko profesionalak) izandako hainbat elkarrizketetatik eta kultura-gaietako hiru mintegitan bildutako ondorioetatik abiatuta egin da.

Gidaren sarreran Martin Malvy APVFko eta Midi-Pyrénées eskualde Kontseiluko presidenteak adierazten duen moduan, lan horrek udalerrien beharrari erantzuten dio. Lurraldearen antolamenduari, herrien arteko batzordeen berriztapenari eta deszentralizazioari buruzko Frantziako azken legeek, bai eta Europako politikek ere, nabarmen aldatu dute udalerrien jarduera-ikuspegia eta kultura-sektorerako garapen-bide berriak ireki dituzte.

Esku-hartzearen mailek bilakaera izan dute, kultura-eragileen arteko harremanak geroz eta konplexuagoak dira, esku-hartzeko eremu eta modalitateak dibertsifikatu egin dira, publiko berriengana zabaltzeko arazoa berritu egin da... horrek guztiak arduradun publikoen eta kultura-eragileen orientazioen aldaketa sakona eskatzen du.

Udalerri txikietako alkate, arduradun eta kultura-ekintzako profesionalen eta horien ingurukoen hausnarketa eta erabakirako gida honek gaikako 24 fitxa eta kultura-ekintza publikoari buruzko definizio eta hitz gakoak ematen ditu. Gaian adituak ez direnei nahiz espezialistei zuzentzen zaie eta lurraldeko kultura-politikak sustatu, perspektiban jarri eta garatzeko tresna zehatza da. Zehazki, gidan jorraturiko gaiak hauek dira:

  • Udalerri txikien kulturako esku-hartzerako puntu gakoak. Arte- eta kultura-interesak, gizartekoak (kultura, hiritargoa eta nortasun kolektiboak), izaera ekonomikokoak eta tokiko garapenarekin duten erlazioa (finantza-eragina eta dinamizazio ekonomikoa), lurralde-interesak (hiri-garapena, lurralde-nortasuna eta tokikoa denaren erakargarritasuna) eta publikoak eta hiritarrak (publikoak zabaldu eta hiritarrak inplikatzeko beharra) jorratzen dituzten 5 fitxa biltzen ditu.
  • Kultura-proiektua prestatu eta abian jartzea. Kapitulu horrek 3 fitxen bitartez proiektua prestatzerakoan kontuan izan beharreko lehentasun, testuinguru eta eragileak aurkezten ditu, bai eta kultura-ekintzaren dibertsifikazioa eta elkarteek udal kultura-proiektuan izan behar duten espazioa ere (eskumenak eskuordetzea eta lankidetza-politika).
  • Lurraldea eta kultura-ekintzaren eragileak. Ondoko gaiak jorratzen dituzten 5 lan-fitxa biltzen ditu: udalerriek departamentu eta eskualdeekin dituzten erakunde-lankidetzak, Europako kultura-programak eta egitura fondoak, udalerrien eta lurraldeen arteko espazioetako kultura-ekintza, lankide pribatuak (mezenasgoa) eta, azkenik, artistak eta beren sorkuntza-askatasuna eta lurralde-inplikazioa.
  • Kultura-politikaren tresnak. Atal honetan 3 fitxa eskaintzen dira udal kultura-ekintza koordinatzearen arduradun eta bitarteko direnen funtzioa, kulturara zuzendutako aurrekontua eta kultura-ekipamenduen kudeaketa-moduak deskribatzen dituztenak.
  • Ekintza-eremuak. Azkenik, kultura-sektorean kontuan izan beharreko esparruetarako garapen-proposamenak egiten dituzten 8 fitxa biltzen dira:
    1. Ondarea, arkitektura eta museoak: kontserbatzea, balioa ematea eta suspertzea
    2. Irakurketa publikoa, liburutegiak eta mediatekak: udalerri-mailan finkatzea eta ekintzak dibertsifikatzea
    3. Ikuskizunak: artisten inplikazioa
    4. Arte plastikoak: sorkuntzarako laguntzak, praktika amateurrak garatzea eta hedapena babestea
    5. Zinema: tokiko kultura-bizitza egituratzen duten ekipamenduak
    6. Arte-hezkuntza eta -irakaskuntzak: lehentasuna aitortzea, beharrezko inplikazioa
    7. Sortzen ari diren kulturak: Artearentzako lurralde berriak eta kultura-ekintzako modu berriak
    8. Kultura-espazioak, publikoak zabaldu eta lurraldea suspertzea

Gida hori prestatzeko ondoko esku-hartzeak egin dira:

  • Alkateekin eta kultura-profesionalekin elkarrizketak (50 elkarrizketa egin dira).
  • Berariazko hiru mintegitan aztertutako lurraldeko kultura-politiketako eragile desberdinen arteko ikuspegien alderaketa. Hauek dira mintegiak: “Les petites villes: territoires d’actions et de coopérations culturelles” (Vaison-la-Romaine, 2005eko maiatza); “La place des publics dans le renouveau des politiques culturelles des petites villes” (Blanquefort, 2005eko urria); “L’action culturelle, moteur du développement des territoires?” (Chinon, 2005eko azaroa).
  • Prozesu horren jarraipenean parte hartzen duen Pilotaje Batzordearekin etengabeko komunikazioa.
Euskadi, auzolana