Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

euskadi.eus

 
Jordi Pascualekin hizketan


Jordi Pascual

CGLU (Hiri eta Tokiko Gobernu Bateratuak*) elkarteko Kulturako Lan Taldearen koordinatzailea

* (CGLUren Kulturako Lan Taldea kultura beren garapen-prozesuaren erdigunetzat duten hiri, tokiko gobernu eta sareen topagune da. Talde horren presidente Bartzelonako Udala da eta presidenteorde Buenos Aires eta Stockholm hiriak dira. Egun, mundu guztiko 50 hiri, tokiko gobernu eta erakundek osatzen dute. 2005-2007 programaren helburu nagusia hau da: “Kulturaren papera tokiko politiken dimentsio nagusi gisa sustatzea kulturaren Agenda 21 hedatu eta ezartzearen bitartez”)


G:
Geroz eta garrantzi handiagoa hartzen dute kultura-erronkek gure gizartean eta kulturak hiri-politikan duen paperak;bai eta tokiko gobernuei hiritarren gertueneko ingurune gisa planteatzen zaizkien erronkak ere.Zer erantzun eman diezaiekete eta eman behar diete udalerriek erronka horiei?Tokiko gobernuak horiei aurre egiteko prestatuak al daude?

E: Kultura-gaiek garrantzi handia hartu dute udalerrietan. Tokiko garapenean legitimatzen dira hiru oinarri nagusi: ekonomikoa, gizarteratzea (gizarte-ongizatea) eta iraunkortasuna. Hala eta guztiz ere, badaude hiruki horretan lekurik ez duten gaiak eta, izan ere, kultura izan daiteke eskaera horren erantzuna eta tokiko garapeneko laugarren oinarri gisa era daiteke. Sorkuntza, aniztasuna, erritualismoa, bai eta hezkuntza ere, laugarren oinarri horretan erantzuna aurki dezaketen gure gizartearen erronkak dira. Tokiko garapenaren azterketaren ikuspegi zabalean kokatuz, lehen bi alderdiak -ekonomia eta gizarteratzea- XIX eta XX. mendeetan gai garrantzitsuak izan dira. Hirugarren oinarria, iraunkortasuna, nagusiki XX. mendearen bigarren erdialdean azaldu da. Laugarren oinarria, kultura, XXI. mendeko erronka da.

Azpimarratu behar da, edonola ere, erakunde publikoek kultura-esparruan, laugarren oinarriaren eraikuntzan duten zereginaz gain (gainerako hiru oinarrien eraikuntzan bezala), funtsezkoa dela gizarte zibilaren parte-hartzea, hori gabe zaila baita udal kultura-politika ezartzea eta epe luzerako inolako garapen-estrategiarik gauzatzea.

Gizartearen erronkak, batez ere, tokiko mailan azaltzen dira. Horregatik dira udalerriak erronka horiei erantzuteko ezinbesteko eragile publiko eta horregatik iruditzen zait tokiko garapenari koherentzia eman diezaioketela kulturaren berezko balioetan oinarritutako (sorkuntza, memoria, aniztasuna, erritualismoa) kultura politiketan enfasi handia jarriz. Kulturaren balioa guztiz gaurkotasuneko gaia da. Interesgarriak dira ildo horretan Erresuma Batuan John Holdenek argitaraturiko artikuluak.

Beharrezkoa da udalerrietan kultura-sailek buruzagitza indartsua izatea, kulturaren berezko balioak jorratzea tokiko garapen ekonomikoko estrategietan. Beste udal agenda batzuei -gai ekonomikoak, ingurumenekoak, etab.- ez zaie kulturaren balioak jaten utzi behar. Ildo horretan, kulturaren Agenda 21 udalerrientzako aukera ona da.

G:Zein indargune eta ahulgune azpimarratuko zenituzke udal kultura-politiketan?

E: Udalerriek planteatzen zaizkien erronkei aurre egiteko gai dira eta probetxua atera behar diote: egun mundu guztia kulturari begira dago, gizartearen erronken zati bat kulturan dago.

Agian sektorearen ahultasun bat bere gehiegizko “berezitasuna” da. Argi dago berezitasuna bilatzea ezinbestekoa dela arte-sorkuntza eta -ekoizpeneko prozesuetan, baina ez naiz horretaz ari, kultura beste sektore, beste lurralde eta hiritarrekiko bakartzeaz baizik. Beharrezkoa da beste sektore batzuetako estrategiak aprobetxatzea eta kopiatzea, adibidez, etengabeko prestakuntzako aurrerapenak edo ekonomian proiektuentzako lortu diren babesak, gizarte-laguntzan bilatzen den bana-banako harrera, ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa, etab. Alde bakarretik ere lan egin daiteke, kultura laugarren oinarri gisa finkatzeko udalerri, elkarte eta sareekin ezarritako epe luzerako akordioekin (7-10 urtera). Gainerako esparruei zubiak luzatuz. Eta gobernantza izan daiteke lau oinarrien arteko lotura.

G:Egungo kultura-kudeaketako prestakuntza erronka horiei aurre egiteko egokia dela iruditzen al zaizu?

E: Kultura-kudeaketako prestakuntzaren esparruan hazkunde handia egon da eta ez nago ziur egun kultura bere zentzurik zabalenean jorratzen denaz; uste dut, batez ere, sektore-prestakuntza egiten dela, baina ez zait iruditzen hiritargoaren, komunikabideen edo babesleen inguruko ezagutza eta gaitasun nahikoak sartzen direnik, oro har, kultura-proiektuaren estrategian orokorrean.

G:Kulturaren geroz eta garrantzi handiagoari erantzunez berariazko informazio-gailu eta -sistemak sortu eta finkatzen dira, adibidez, Behatokiak, kultura-sektorearen egungo egoera eta joerak ezagutzeko tresna gisa.Zer ekarpen egin diezaiekete behatokiek udalerriei?Eta zer ekarpen egin diezaioke tokikoa denak?

E: Hasiera batean, ez dakit zein punturaino eman diezazkiekeen Behatokiak udalerriei informazio kualitatibo eta kuantitatiboaren bilketaren inguruko jarraibideak edo aholkuak. Edonola ere, zein udalerri motari zein informazio eskatzen zaion aztertu behar da, udalerrien erantzuteko gaitasuna baxua izan baitaiteke, batez ere, udal maparen atomizazioa kontuan izanez gero. Hala eta guztiz ere, behatokiek sortutako informazioa udalerriei “itzultzea” interesgarria da. Bistakoa da kultura-gai desberdinei buruzko (liburutegiak, kultura-ohiturak,…) adierazle batzuk edukitzea baliagarri dela. Udalerriekin epe luzera egin behar da lan, eta ez bakarrik datu kuantitatiboak identifikatu , informazio kualitatiboarekin, praktika onak antzeman eta hedatzearekin, prestakuntza eta trebakuntzarekin eta beste hainbat alderdirekin bateratu baizik.

Edonola ere, garrantzitsua da udalerriek kulturaren Agenda 21en esparruan egin diren kultura-adierazleak ezagutzea, eta egoki baderitzete aplikatzea, agian “auto-ebaluazioko” esperientzia gisa (CGLUren Kulturako Lan Taldearen lehen bileran, 2006ko urriaren 24an, onartutako agiriari egiten zaio erreferentzia, “Indicadores culturales y Agenda 21 de la cultura”).

G:2004an onartutako kulturaren Agenda 21en esparruan, esku-hartze ugari egin dira hiriek eta tokiko gobernuek kultura-garapeneko konpromisoaren oinarriak ezartzeko.2006ko urrian Bartzelonan egin zen CGLUren Kulturako Lan Taldearen lehen bilera.Zein jarduera azpimarratuko zenituzke?


E: Ugari dira 2004an onartu zenetik egin diren jarduerak. Ia hiru urte hauetan kulturaren Agenda 21 mundu guztiko lema komuna bihurtu da, hiri askok tokiko kultura-politikak birformulatu eta ezartzeko eta udal sailek kulturan duten zeregina indartzeko erabili dutena. Nazioartean, azpimarragarria da kulturaren Agenda 21en onespena hirien mundu-erakundearen (CGLU) sorkuntzarekin bat etorri izana eta, CGLUren baitan, hiri askoren (Montreal, Bogota, Porto Alegre, Buenos Aires, Londres, Erroma, Bartzelona, Bilbo, Kordoba edo Stockholm) eta hainbat sare kontinentalen (Interlocal, Eurocities, Mercociudades, Creative Cities Network of Canda, Cultural Development Network, les Arts et la Ville, les Rencontres,…) topagunea sortu izana kultura-garapenaren esparruan. Horrez gain, 2006az geroztik kulturaren Agenda 21ek logotipoa eta irudi korporatiboa ditu, bai eta webgune eleaniztuna ere, hedapena erraztuz. Dokumentua alemanera, galegora, italierara eta turkierara itzuli da eta UNESCOk agindutako “kultura-aniztasunerako tokiko politikei” buruzko azterlana amaitu da.

2007rako aurreikusitako jardueren artean, kultura CGLUren lehentasun nagusietariko bat izan dadin lobby-kanpaina sakona egiteko asmoa azpimarratu behar da, batez ere 2007ko urrian egingo den CGLUren Munduko II. Kongresutik aurrera. Halaber, helburuetariko bat ordezkaritza txikiena duten hiri eta elkarteen Lan Taldeko parte-hartzea handitzea da.

Horrela bada, 2007a ahalegina maila politikoko sentsibilizazioan jarriko duen urtea izango da, nahiz eta kulturaren Agenda 21erako funtsezkoa den ikerketa eta garapenean ere sakonduko den.

 

Webgune interesgarriak

http://www.agenda21culture.net
http://cities-localgovernments.org

Harremanetarako

CGLUren Kulturako Lan Taldearen presidentetza
Institut de Cultura, la Rambla 99, E-08002 Bartzelona
agenda21cultura@bcn.cat
Tel.: (+34) 933 161 262
Faxa: (+34) 933 161 060

Azken eguneratzea: 2007/02/23
Euskadi, auzolana