Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

euskadi.eus

 
Iñaki López de Aguiletarekin hizketan


iñaki lopez de aguileta

G:Euskadiko udalerriak eta kultura-politikak:EAEko udal kultura-politiken egungo egoeraren balorazioa.Udalerriei planteatzen zaizkien erronkak, hausnarketa desberdina eginez udalerrien tamainaren arabera (kontuan izan behar da euskal udalerrien % 73 baino gehiagok 5.000 biztanle baino gutxiago dituela eta % 2,3k bakarrik gainditzen dituela 50.000 biztanleak).

E: EAEko udal kultura-politiken egungo egoeraren balorazioak emaitza gazi-gozoa uzten digu. Alde batetik bistakoa da asko egin dela aurrera, baina sentsazio orokorra oraindik ere beste hainbeste egiteko dagoenarena da. Eta horrek arazo bat eragiten digu, egungo egoera ez baita etengabeko hazkundekoa. Orain dagoen sentsazioa da, aurrekontuari dagokionez, tokiko kultura-politikak beren mugara iristen ari direla edo, gutxienez, beren hazkundea moteldu egin dela, ez hala nahi dugulako, Ogasun Alorrak gogorarazteaz arduratzen direlako baizik.

Paradoxa da, neurri batean, gure arrakastaren mendeko garela. Kultura-politikan ezer egiaztatu bada tokiko eskaintza publikoaren emaitza nagusia aurrez zegoen eskaera ez dela asetzen da, eskaera berri eta handiagoak sortzen direla baizik, geroz eta kolektibo gehiagotan. Ildo horretan, tokiko kultura-teknikariei geroz eta gehiago dagokigu zeregin desatsegina hartzea: muga dagoela eta tokiko erakundeak udalerriko kultura-behar guztiei erantzun ezin diela adieraztea (baina agian ez lieke erantzun behar ere).

Gai horrek beste erronka batekin erlazio estua du, aurrekontu gatibuak gainditzearekin. Ekipamendu, zerbitzu edo programa berri bat abian jartzea, zalantzarik gabe, konplexua da. Baina oraindik askoz ere konplexuagoa da dagokion arrazoiagatik funtzionatzen ez dutenak ixtea. Ez dirudi inor gure aurrekontuen zama diren eta tokiko kultura-politiketan aire freskoa sartzea eragozten duten kultura-dinosauro ugarien etorkizuna eztabaidatzen ausartzen denik.

Edonola ere, iruditzen zait etorkizuneko erronka handiak gehiago joango direla antolamendua eta kudeaketa hobetzeko ahaleginaren ildoan, programa berriak ezartzekoan baino. Musika-eskolek Hezkuntzan edo Kulturan egon behar dute?, zer etorkizun dute Emakumea edo Gazteria bezalako mikroalorrek?, nola saihestu daiteke Erakunde Autonomoak txosna bihurtzea?, nola ezagutu daitezke gure publikoak eta ez-publikoak?, nola erakar daiteke babesa Aurrezki Kutxak lapurtzeko baliabide tradizionalera jo gabe? eta abar.

Baina agian erronkarik handiena lurralde-artikulazio egokia lortzea izango da. Joera naturalagatik, eta egun are gehiago, kultura-politikek eskala handira jotzen dute. Beraz, orain, kultura-politiken arrakastarik handieneko momentuan, zailagoa da udalerri txiki eta ertainen eskalan aplikatzea. Kultura-demokratizazioaren eredua praktikan jartzea berez zaila bazen, ekonomia-inpaktuan eta komunikabide-jarreran arreta jartzen duen egungo eredua lortezina da.

Bidezkoa da aitortzea agian lokalistegiak garela. Egia da herri bateko festak ezin direla ondokoan ospatu, baina ez du inolako zentzurik jarduera berak metro gutxira errepikatzea. Askoz ere errentagarriagoa izango litzateke interesa dutenentzat ondoko herriko antzokirako autobusak pleitatzea, ogitarteko eta guzti. Faltan botatzen da oinarriak dituen kultura-sistema bat pentsatzea, agian eskualde-mailan, edo Diputazioen eta Gobernuaren koordinatzaile-funtzioa handitzea, nahiz eta horrek udal autonomiaren aurkako herejia irudi dezakeen.

G:Kultura-sektoreko balio-katea eta udal esku-hartzea:kultura-balioaren katetik (prestakuntza eta ikerketa, sorkuntza, produkzioa, banaketa eta erakusketa eta kultura-kontsumoa) zein esparrutan jartzen dute arreta udal jarduerek eta zergatik?

 E: Bistakoa da udal kultura-ekintza desorekatua dagoela hala balio-katearen maila desberdinetan nola esku-hartzearen sektore desberdinetan. Desoreka logiko eta normala da, hala gure eskumen-esparruagatik nola dugun testuinguruagatik.

Adibidez, bistakoa da udalerriek arreta balio-katean ekipamenduak eta hedapen-programak abian jartzean jarri dugula. Hiritarrek hori eskatzen ziguten, premia handiena zuen ekipamendu-eskasiagatik eta, zergatik ez, hoberen egiten genekiena hori zen. Orain sorkuntza eta produkzioa gehiago babestuko duen aldi berrian sartzeko moduan gaude, nahiz eta aitortu ez dela gure segmenturik propioena eta lehentasunez beste administrazio batzuena izan beharko lukeela.

Argi dago horren inguruko udal ekintza ezin dela mikroekipamendu edo funtzionario-artisten kidegoak edo tokiko izarren neurrira egindako txiringito gehiago sortzera zuzendu. Baina, adibidez, produkziorako funtzio anitzetako edo diziplinarteko zentroen sare batek ez du zertan garestia izan behar, eta gure herrialdeko udalerri ertainei jokoa eman lekieke.

Beste alde batetik, desoreken gaiarekin jarraituz, bistakoa da baita ere tokiko administrazioak kultura-sektore batzuk beste batzuk baino gehiago estaltzen dituela. Musika klasikoa (tradizioz), liburua (lege-betebeharragatik) edo festak (hori izan zen gu sorrera bultzatu zuena) nahiko estaliak daude. Beste sektore batzuk erritmo desberdinean hazi dira, ez da tratamendu homogeneoa egon eta argazkia ez da osatua, neurri batean, beharrak desberdinak direlako eta, neurri batean, ezin direlako egin. Sektore batzuk kulturarik klasikoenarekin pareka daitezen eskatzen dute, baina hori geroz eta zailagoa da. Adibidez, antzerkia, udalerrietatik gehien bertan inbertitu den arren, alderaketa eginez beste sektore batzuen azpitik dago oraindik ere, batez ere musikaren azpitik. Izan ere, antzezleek aldizka antzerki-eskolak errebindikatzen dituzte musikakoak badauden bezala, kontserbatorioaren baliokidea izango litzatekeen goi-mailako prestakuntza zentroa edo orkestrak eta bandak bezalako hiritarren konpainiak; gauza ez da arrazoi duten ala ez, udalerrietatik zail osatuko dela puzzlea baizik. Eta ez ditugu beste sektore batzuk aipatuko, beraz, lehentasuna ematen eta beren arazoei aurre egin beharko dieten beste erakunde batzuez gogoratzen ikasi beharko dugu.

Eta, horrekin lotuta, beste arazo bat ikusten dut, sortzen ari diren sektoreetan esku hartzerakoan atzean geratzen ari gara. Uste dut kultura-kudeaketako hogeita hainbat urte hauetako arrakasta handietariko bat udal kulturaren irudia modernizatzea izan dela, betiko folklore narratsetik eta buruhandi eta erraldoietatik irtenez. Baina orain pixka bat zaharkitzen ari gara. Ezagutzen ez ditugun abangoardiako eta zeharkako ekimenak dituzten kolektibo pila bat daude eta egiten dugun gauza bakarra diru-laguntzak eskatzeko gure formularioan beren jarduera musika edo arte plastikoak diren aukera dezaten saiatzea da, bi gauzak batera izateko laukitxorik ez baitago.

Eta, agian, modernoa denaz gain, antzinakoa ere berreskuratu beharko genuke, soziokulturala dena eta elkarte-sarea, badirudi eta izurria bailitzan ihes egiten diogula. Ondo egongo litzateke soziala denak berriz ere orain paper garrantzitsua izatea, eta ez krisia edo gizarte-gatazken garaia iristen denean, orduan berandu izango baita gizarte-sareaz gogoratzeko eta ezin izango delako ezer konpondu. Pentsatzen dut hurbiltasun-politikei berriz ere ospea eman behar zaiela eta hori, argi dago, tokiko mailan landu behar da.

G:Tokikoa dena eta Kulturaren Euskal Behatokia.Geroz eta gehiago hitz egiten da tokiko kultura-kudeaketaren profesionalizazioaz eta enpresa-tresnak garatu eta aplikatzen dira (plan estrategikoak,...), babeserako gidak eta eskuliburuak egiten dira eta abar.Testuinguru horretan, zer paper izan dezake Kulturaren Euskal Behatokiak?Zer ekarpen egin diezaieke udalerriei?Eta zer ekarpen egin diezaioke tokikoa denak Behatokiari?

Behatokia abian jartzeak bistako hutsunea betetzen du eta gure kudeaketa hobetuko duten tresnak ekarriko dituela espero dut. Orain arte kultura-teknikariak askotan intuizioz jardun gara eta, oro har, gaizki egin ez dugun arren, ezin genuen luzaroan horrela jarraitu, eta ezin ditugu gure informazio-beharrak eta erreferentzia-esparruak tokiko mailatik estali ere. Udaletan kultura-politikaren infanteria dago eta lehentasuna estropezu ez egiteko lurrera begira ibiltzea da. Ondo dago, txikia izan arren, horizontea begiztatzen lagunduko digun egitura bat sortu izana.

Behatokia eta udal esparrua bateratzea erraza ez den arren.

Alde batetik, argi dago Behatokiaren irismenak tokikoa gainditu behar duela. Ildo horretan, Behatokia berandu baina ondo hasi da, zorionez, bakarra dugulako eta ez hiru (hiriburuko bat, ohikoa den moduan). Baina Behatokiak autonomia gehiegi hartzen badu eta ez badu lurralde-dimentsioa kontuan hartzen, unibertsitatearen tik okerrenak har ditzake, Power-Point asko baina ezagutza gutxi.

Ildo horretan, Behatokiaren zereginak tokiko ekintza orientatzeko datu makroak emateaz gain mikroa dena aztertzen laguntzea ere izan beharko luke. Komeniko litzateke epe ertainera Behatokiak udalekin aldebiko hitzarmenak sinatu ahal izatea, adibidez, azterlan orokorren tokiko datuen ustiapena eta desagregazioa errazteko eta neurrira egindako udal azterlanak koordinatzeko.

Eta, noski, Behatokiak, tresna demoskopiko eraginkorraz gain, gaitasunak ere ekarriko dizkiguna espero dut. Guri hausnartu araztea, Bartzelona baino haratagoko mundua erakustea, eta askotarako balio izaten ez duten arren lanbideko lagun zaharrak ikusteko aukera ematen diguten topaketa horiek antolatzea.

G:Kulturaren Euskal Behatokiarekin ditugun sinergiak.Bilboko Udalak Lurraldeko Kultura Azterketarako Plana eratzeko FEMPekin sortutako lan-taldean parte hartzen du.Talde horretan tokiko politikak ebaluatzeko adierazleen identifikazioan lanean ari dira.Zer aurrerapen egin dituzte?Egoki al deritzozu Kulturaren Euskal Behatokiarekin elkarrekintzan jardun eta informazioa trukatzea?

Benetan adierazgarria dena da hain baliabide eskasak dituen FEMP bezalako erakunde bat udal kultura-politikari euskarria ematen saiatzea eta adierazleen gai hain astuna baina larria jorratzea. FEMPen Kultura Batzordearen eta, bereziki, bere zuzendari Juana Escuderoren alde asko esaten du.

Bilbo FEMPeko kide izatea ere adierazgarria da eta, oro har, euskal udal desberdinek hainbat forotan parte-hartze normalizatua izatea, hala ekarpenak jasotzeko nola ekarpenak egiteko.

Zehazki FEMPen lanari dagokionez, bere irismena mugatua da baina, zalantzarik gabe, oso interesgarria. Planteatutako metodologiagatik (kultura-teknikariek osatutako taldea, borondatez biltzen direnak, aholkularitza baten babesarekin) ez da adierazleen sistema sakona garatu nahi, lan-taldeak ez baitu horretarako arduraldi eta baliabiderik. Beraz, Kulturaren Agenda 21ekin erlazionatutako hainbat gaietan arreta jartzea erabaki da: parte-hartzea, kulturaren erabilgarritasuna, kultura-politiken zeharkakotasuna, etab. Agenda 21en aterkipean sartzeak asko laguntzen ez duen arren (eta barkatuko dit sustatzaile izan zen Jordi Pascualek, profesional bikaina, baina Kulturaren Agenda 21 pixka bat aitzakia da), uste dut adierazleen lan hori oso aprobetxagarria izango dela.

Edonola ere, bistakoa da Behatokiak kultura-ikerketaren esparruan esateko zerbait duen edozein erakunderekin elkarrekintzan jardutea funtsezkoa dela. Eta oso ondo dado Quebecera begiratzea, baina agian FEMP eta SGAE gertuago daude, nahiz eta badirudien batzuei ezinegona eragiten diela haien atea jotzeak.

Azken eguneratzea: 2007/03/16
Euskadi, auzolana