Kulturaren Euskal Behatokia: 2006ko jarduerak eta 2007ko Ekintza Plana


logotipoa

2006ko urrian jarri zen abian Kulturaren Euskal Behatokia. Lehen sei hilabete hauetan asko dira Behatokia euskal kultura esparruari buruzko informazioa antolatu, baliozkotu eta sortzeko erreferentziako erakunde bihurtzeko elkarri lotzen joan diren zumeak.





2006ko balantzea: Arreta nagusia Behatokiaren diseinuan jarri da

2006ko azken hiruhilekoaren helburu nagusia, ondoren Behatokiaren zerbitzuak garatzea ahalbidetuko duten oinarriak eraikitzea izan da. Lehen urrats hauetan Behatokiaren 2007ko garapena zuzenduko duten lau oinarriak mugatu eta edukia ematea ahalbidetuko duten barneko eta kanpoko zereginak garatzeko ahaleginak orekatu dira.

A.- Kontzeptu-oinarria. Estatistika-esparrua diseinatzea izan da 2006ko nukleo nagusia. Aurrez, esparru horren lehen proposamena idazteko erreferentzia izan diren bi txosten egin dira.

  1. Nazioarteko estatistika-esparruaren egoeraren eta balorazioaren txostena. UNESCOren eta Europar Batasunaren (Eurostat) informazio-sistemen ezaugarriak eta Quebec, Frantzia, Espainia eta Kataluniako esperientziak aztertzen ditu.
  2. Euskadiko Autonomia Erkidegoko kultura informazioaren egungo egoeraren gaineko txostena. Hemen berriz, Euskadiri buruzko iturri eta estatistika-eragiketa desberdinetako kultura-informazio kuantitatiboa aztertzen da.

Txosten hauek Behatokiaren webgunean dira eskuragarri.

B.- Informazio-oinarria. Euskadin kulturaren inguruko estatistikaren azterketa, tratamendu eta sistematizazioan aurrera egin da gabeziak identifikatu eta 2007an estatistika-eragiketa berriak gauzatzeko oinarriak ezartzeko. Ildo horretan, Kultura-ohitura, -praktika eta -kontsumoari eta EAEko Finantzazioari eta Gastu Publikoari buruzko bi estatistika-eragiketen zirriborroa egin da. Halaber, Kulturaren Euskal Planaren esparruan egindako sektore-azterlanen laburpena ere egin da.

C.- Teknologia-oinarria. Informazioa bildu, landu eta hedatzeko, Behatokiaren oinarri nagusienetariko bat helburu horiei erantzuteko euskarri teknologikoa izango da. Datu-kopuru handiaren produkzioa eta biltegiratzea kudeatzea ahalbidetzen duten informazio-sistema konplexuak dira. Sistema horiek kudeaketa dinamiko eta interaktiboa ahalbidetzen duten euskarri teknologikoak dituzte beraiekin. Lehen pauso horietan hainbat sistema, euskarri eta tresna informatiko eta teknologiko aztertu dira Behatokiarentzako aukerarik egokiena definitzeko.

D.- Komunikazioko eta harremanetako oinarria. Behatokiaren zereginak erakunde eta sektoreekin komunikatu eta harremanak izateko politika izan behar du lagun, esku-hartzeak hedatu eta, aldi berean, ezagutza berriak sortzeko, Behatokia etengabe atzeraelikatu eta indartzeko. Kulturaren Urteko Txostena 2007 izango denaren edukiak definitu dira eta hedapen eta komunikaziorako tresna nagusietariko bat bihurtu beharko du; Buletin digitala diseinatu da, kultura sektorearentzako eta sektore horri buruzko informazio interesgarriaren aldizkako hedabide gisa; eta Behatokiaren web-orriaren hobekuntzak proposatu dira, informazioaren aurkezpenean eta erabilgarritasunean aldaketa nabariak eragingo dituztenak. Halaber, Behatokia aurkezteko ekitaldi desberdinak antolatu izana azpimarratu behar da, zehazki, Kulturaren Euskal Kontseiluari, Erakundearteko Batzordeari eta Behatokiaren Jarraipen Batzordeari.

2007rako jarduera-plana: Behatokia martxan dugu

2007. urtea Behatokiaren esku-hartze nabarmenak gauzatu, garatu eta hedatzeko urte gisa ikusten da eta esku-hartze nagusienak honakoak izango dira:

A.-       PLANGINTZA, DISEINUA ETA EBALUAZIOA

A.1.-   Informazio-sistemak

  1. Euskadiko kulturaren estatistika-esparruaren proposamena: eredu kontzeptualaren definizioa eta adierazle eta aldagaien garapena, lan-taldeek baliozkotu beharko dituztenak. Halaber, Behatokiaren jarduera-lehentasunak ere ezarriko dira (I+G+B ikerketa-ildoak).
  2. Estatistika-informazioaren eta plataforma teknologikoaren kudeaketa-sistemaren diseinua.
  3. Kulturaren Euskal Planaren jarraipen eta ebaluaziorako sistema diseinatzea eta horren trinkotasuna egiaztatzeko proba pilotua egitea.

A.2.-   Behatokiaren kudeaketaren plangintza eta ebaluazioa

  1. Urteko memoria 2007 egitea.
  2. 2008ko jarduera-plana, estatistika-jardueren lehentasunezko esparruak zehaztuz.
  3. Kulturaren Euskal Behatokiaren funtzionamenduaren ebaluazioa.

B.-       ESTATISTIKA ERAGIKETAK

Lau estatistika-eragiketa gauzatzea, sektore-izaerako bi eta zeharkako bi, bata Kultura-ohitura, -praktika eta -kontsumoari buruzkoa eta bestea EAEko finantzaketa eta gastu publikoari buruzkoa. Estatistika-eragiketa horiei dagokienez, Behatokiak diseinu, jarraipen eta emaitzen azterketa zereginak egingo ditu.

C.-       ERAKUNDE ETA SEKTOREEKIKO KOMUNIKAZIOA ETA HARREMANAK

Erakunde eta sektoreekiko komunikazio eta harremanen politika garatzeko hiru lan-maila ezarri dira:

  1. alde batetik, prozesuak eta lortutako emaitzak erabiltzaile-mota desberdinei helarazi eta hedatzea.
  2. bestetik, parte-hartzeko eta hausnarketarako esparrua irekitzea erakunde eta kultura-eragile desberdinekin, bai eta Kulturaren Euskal Planaren sektore-taldeekin ere.

2007an, buletin digitalaren 2 ale  berri egingo dira, Behatokiaren web-orria etengabe eguneratuko da eta erakunde eta sektoreko entitateetan aurkezpenak eta bisitak egingo dira emaitzak hedatu eta esperientziak eta informazioa trukatzeko. Halaber, kultura-behatokietako arduradunekin lan-jardunaldiak egingo dira esperientziak trukatzeko, nazioarteko erakunde eta adituekin batera.

Laburbilduz, helburua Euskadiko eta beste lurralde batzuetako erakunde publiko eta pribatuekin eta kultura-eragileekin harreman eta elkarrekintza sendotzea da; eta nazioarteko Behatokiekin eta kulturako informazio-sistemekin lotura estutzea.
Azken eguneratzea: 2007/03/09
Euskadi, auzolana