Egitekoak
- Lan-harremanei buruzko espedienteak lehen instantzian hartu, izapidetu eta erabakitzea, zuzenbidezko ordenamenduak gai horretan ematen dizkion ahalmen guztiez baliatuz.
- Euskal Autonomia Erkidegoko laneko jaien egutegi ofiziala egitea eta izapidetzea.
- Enplegu-erregulazio espedienteak bere gain hartu, izapidetu eta erabakitzea, ekainaren 11ko 190/1985 Dekretuan agintzen denaren arabera, baldin eta espedientean dagoen enpresak lurralde historiko batean baino gehiagotan baditu lantegiak.
- Sindikatuen eta Elkarte Profesionalen Estatutuen gordailuari dagokion Bulego Publikoa zuzentzea, Euskal Autonomia Erkidegoan.
- Bitartekaritza, arbitratze eta adiskidetze eginkizunak betetzea, indarrean dagoen zuzenbidezko ordenamenduak ematen dizkion ahalmen guztiez baliatuz, eta oro har, laneko gatazka kolektiboak bere gain hartu eta izapidetzea, gatazka horiek lurralde historiko baten baino gehiagotan gertatzen badira, betiere, Lan Harremanen Kontseiluaren baitan Laneko Gatazkak Ebazteko Borondatezko Prozedurei buruzko Lanbideen arteko Akordioak (GEP) dituen betebeharrei kalterik egiteke.
- Euskadiko Hitzarmen Kolektiboen Erregistroa kudeatzea, martxoaren 2ko 39/1981 Dekretuan eta indarrean dagoen araudian agintzen denaren arabera, eta hitzarmen kolektiboak hedatzeko espedienteak izapidetzea.
- Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa zuzentzea, azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuan ezarritakoaren arabera. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortu zen.
- Greba egiteko eskubidea gauzatzen denean, komunitatearentzako funtsezko zerbitzuak beteko direla bermatzeko xedapenen proposamena izapidetzea.
- Lurralde ordezkaritzak zuzendu, koordinatu eta gainbegiratzea, ordezkaritza horiek sailaren beste edozein zuzendaritzekiko dituzten menpetasun funtzionalei kalterik egiteke.
- Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren jarduerak antolatu eta zuzentzea EAEko administrazio publikoen, meategien, harrobien eta tunelen arloetan, azken kasu horien gainean Industria, Merkataritza eta Turismo sailak (meatzaritza-teknikaren eta industria-segurtasunaren gainean) dituen eskumenak alde batera utzi gabe.
- Lurralde ordezkaritzek bere eskumeneko arloren batean hartutako ebazpenen aurka jarritako errekurtso arruntak erabakitzea.
- Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak proposatuta, 30.050,61 euro eta 90.151,81 euro bitarteko isunak jartzea, laneko arriskuei aurre egitearen alorrean legea hausten denean, eta 6.010,13 euro eta 30.050,60 euro bitartekoak, berriz, laneko legeak gainerako egoeretan hausten direnean eta oztopoak ipintzen direnean.
- Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historiko batean baino gehiagotan lantegiak dituzten aldi baterako lan enpresen erregistroaz arduratzea, horiei baimen administratiboa ematea eta enpresa horien gainean lan-agintariari esleitutako eskumenak betetzea.
- Laneko osasunaren alorrean, Lan Agintaritzari dagozkion egitekoak betetzea, OSALAN-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari esleitutako eskumenei kalterik egin gabe.
- Enpresez besteko zerbitzu gisa jardun nahi duten erakunde espezializatuek egindako egiaztatze-eskabideak ezagutzea, izapidetzea eta ebaztea, baita prebentzio-sistemaren gainerako prestakuntza edo kontu-ikuskaritzako jarduerak garatu nahi dituzten pertsonei eta erakunde espezializatuei buruzkoak ere; horretarako, egiaztatutako pertsonek edo erakundeek horren gaineko arauak zelan betetzen ari diren kontrolatuko dute.
- Euskal Autonomia Erkidegoan Gizarte Segurantzaren zerbitzuak zuzendu, antolatu eta administratzea.
- Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoa kudeatzea, Ogasun eta Herri Administrazio Sailak dituen eskumenak kaltetu gabe.
- Euskal Autonomia Erkidegoan Gizarte Segurantzaren aurrekontuen aurreproiektuak prestatzen esku hartzea.
- Gizarte Segurantzari buruzko araudia prestatzeko azterlana eta proposamena, eta horri buruzko txosten ekonomiko eta aktuarialak egitea.
- Gizarte Segurantzaren ekonomia eta aktuario arloko aholkuak ematea eta, hala balegokio, txostenak prestatzea.
- Gizarte Segurantzak Autonomia Erkidegoan dituen finantzaketa eta gastuari eragiten dieten neurriak ezagutu eta jakinaraztea.
- Euskal Gizarte Segurantzaren zentro eta zerbitzuen jarduerak zuzendu, babestu eta ikuskatzea.
- Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-aurreikuspen osagarriari dagokionez herri-politika orokorrak aztertzea, taxutzea eta proposatzea.
- Ogasun eta Herri Administrazio Sailarekin batera, aurreikuspen sozialeko erakundeen gaineko xedapenen proiektuak proposatzea eta egitea.
- Gizarte Aurreikuspeneko Borondatezko Erakundeen Erregistroa zuzentzea, antolatzea eta kudeatzea.
- Gizarte Aurreikuspeneko Borondatezko Erakundeak sustatzeko eta garatzeko programak egitea eta kudeatzea.
- Gizarte Aurreikuspeneko Borondatezko Erakundeen gaineko arauak betetzen direla kontrolatzea, babestea eta ikuskatzea.
|