Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

Industria, Merkataritza eta Turismo Saila

euskadi.net

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Kontsumo

WAI-A

Azken eguneratzea: 2008/06/27
Merkealdian, kalitate berbera prezio hobean
Merkealdian, produktuen kalitateak, bermeak eta baldintzek berdin-berdinak izan behar dute, urteko beste garaiekin alderatuz

Udarekin batera, merkealdia hasten da, eta horrek salgai dauden produktuen beherapenak dakartza, ez ordea kontsumitzaileen eskubideak murriztea. Garai horretako arazoak saihesteko, Eusko Jaurlaritzaren Kontsumo eta Industria Segurtasuneko Zuzendaritzak hainbat gomendio egin ditu.

Datorren asteartean, hilaren 1ean, merkealdiari hasiera emango zaio, eta irailaren 30a arte iraungo du. Merkealdiarekin batera, saltokiek soberan dituzten produktuak saltzeko aukera ikusten dute, eta kontsumitzaileek produktuak prezio hobean lor ditzakete, baina hori bai, urteko gainerako denboraldietan erositako produktuek dituzten kalitate eta berme berdin-berdinekin, Eusko Jaurlaritzaren Kontsumo eta Industria Segurtasuneko Zuzendaritzak gogorarazten digunez.

Behar bezala erosi baino lehen, beharrezkoa da aurretik hausnartzea eta erosketen plangintza egitea. Horrela, maiz publizitateak edo presa eta jendetzak eragindako jokabide oldarkorrak saihestuko ditugu, benetan behar ez ditugun produktuak kontsumitzera bultzatzen baikaituzte horrelakoek batzuetan.

Merkealdian berme guztiekin eta modu arduratsuan kontsumitzeko, komeni da honako informazio hau kontuan hartzea:

1.- Merkealdiak gutxienez astebete eta gehienez bi hilabete iraun dezake, uztailaren 1etik irailaren 30era bitarte. Merkatari bakoitzak bere saltokiko merkealdiaren iraupenaren berri eman behar du.

2.- Merkealdia hasi baino gutxienez hilabete lehenago prezio arruntean merkaturatu ez diren produktuak ezin dira merkeago saldu, eta ezta hondatu direlako gutxiago balio duten produktuak ere, horiek soilik saldo gisa iragarri baitaitezke. Ez ditugu merkealdia eta likidazioa nahastu behar, likidazioak salbuespenezko baldintzek eraginda ezarri behar baitira, esaterako jarduera uzteak, edota merkataritza-orientazioz edo lekuz aldatzeak. Eskaintzak edo promozioak ere ez dira merkealdiak, horiek produktuak sustatzeko edota merkataritza garatzeko erabiltzen baitira.

3.- Merkealdiak dendako produktu guztiak eraginpean hartzen ez baditu, beheratutako produktuak eta gainerakoak argi eta garbi bereizi behar dira.

4.- Beheratutako produktuek etiketa egokia eraman behar dute, eta konposizioa adierazi behar dute.

5.- Produktu bakoitzaren prezioak argi eta garbi adierazi behar ditu lehen zuen prezioa eta prezio beheratua.

6.- Kanpotik ikus daitekeen moduan adierazi behar dira erakusleihoetako produktu beheratuen prezioak.

7.- Saltokiek eskaintzen dituzten ordainbideek, hala nola txartelek, indarrean jarraituko dute merkealdian, argi ikusteko moduan ordainbide horiek onartzen ez direla adierazten ez bada.

8.- Faktura edo erosketa-tiketa eskatu behar da beti, eta erreklamazioak egiteko aukera izateko, gorde egin beharko dira.

9.- Establezimenduak produktu akastunen itzulketak onartu behar ditu.

10.- Ondasun iraunkorrak erosten badira, etxetresna elektrikoak, esaterako, artikuluaren bi urteko lege-bermea aplikatzeari eutsiko zaio.

Laburbilduz, gogoan izan behar dugu merkealdiak ez dituela inolaz ere gure eskubideak murrizten, eta beraz, bai produktuen kalitateak eta bermeak, eta bai erosteko baldintzek, garai horretatik kanpo daudenen berdin-berdinak izan behar dute.

 

Vitoria-Gasteiz, 2008ko ekainaren 30a