Udal Mailako Harrera Sare Publikoa - Aurkezpena
Inmigrazioari buruzko Euskal Planak definitu duen inmigrazioaren alorreko esku-hartze publikoaren helburuak dira etorkinen populazioaren gizarteratzea erraztea eta gizarte-bazterkeriari aurre egitea.
Inmigrazioaren alorrean eskumena duten Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde publikoen arteko lankidetzaren onura Inmigrazioari buruzko Euskal Planak bere baitan hartutako neurria da, esku-hartzeko erantzukizun publikoa betetzea bermatuko duten programak garatzeari eta baliabideak sortzeari dagokionez.
Toki erakundeen esku-hartzea funtsezkoa da inmigrazioaren alorrean, gure Erkidegoko udaletan jatorri desberdineko auzo berriak izateak duen garrantziagatik, herritarrengandik hurbilen dagoen administrazioa izateagatik, eta pertsonek bere gizarte-garapenerako behar dituzten baldintzak aurkitzeko moduko esparrua osatzeagatik.
Hori dela eta, Inmigrazio Zuzendaritzak egiten dituen jardueren beste ardatzetako bat da etorkinei harrera eskaintzeko udal mailako sarea sortzen laguntzea, udalen inmigrazio-alorreko esku hartzea nolabait taxutzeko.
Esku-hartze hori bi printzipioren inguruan antolatzen da: normalizazioarena, orokortu daitezkeen zerbitzuetara gainerako herritarrak bezala iritsi ahal izatea berarekin dakarrena, eta espezializazioarena, etorkinen beharrizan bereziei dagokienez.
Oinarrizko gizarte-zerbitzuak eta langileen prestakuntza indartzeari eman nahi zaio laguntza, zerbitzu-ematea erabiltzaileen errealitate berriari egokitzeko modua izan dezaten.
Sare hori, era berean, bi programez sendotuko da, EAEko udal guztientzako pentsatu baitira. Hain zuzen ere, etorkinekin harremanetan diharduten gizarte-langileei immigrazio gaietan prestakuntza emateko programa, alde batetik, eta HELDU programa, bestetik. Izan ere, bi-biek dituzte helburu be rbera: gizarte-zerbitzuei laguntza eta euskarria ematea, atzerriko etorkinei arreta egiterakoan, lehen programak atzerritarrei arreta egiten dieten langileen prestakuntzari eragiten diolako, eta bigarrenak, HELDUk, gizarte-zerbitzuei atzerritartasun alorrean espezializaturiko zerbitzu juridikoa eskaintzen dielako, atzerritarren laneratze eta gizarteratzerako dokumentazioa eskuratzeko izapide juridikoetan aholkua emanez.
|