Euskadi.net

Hemen zaude:
  1. euskadi.net
  2.  
  3. Enpresak

Mesedez, sartu gutxienez bilaketa hitz bat

  • Nire kudeaketak
  • Zuzenean - Herritarrei arreta zerbitzua
  • ZTBP 2010

Azken eguneratzea: 2012/05/17

Eusko Jaurlaritzak negozio elektronikoa bultzatuko du saltoki txikizkarietan

- Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak 2 milioi euroko diru-laguntza bideratuko du euskal merkatariek aholkularitza jaso dezaten negozio elektronikoa sartzeari buruz.

             

-                Programa hau Euskadiko saltoki txikizkari guztiei zuzenduta dago, baina lehenengo fasean 1.000 saltokitara iritsiko da. Ekimenaren helburua da kontsumitzailearekiko harreman-eredua aldatzea teknologia berriak erabiliz.

-                Jaurlaritzak aurten bi milioi euro inbertituko ditu programa berri honetan.

-                Laguntza eskaerak aurkezteko epea ekainaren 15ean hasi eta irailaren 7an amaituko da.

                                                                                             

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak, SPRI Taldearen bitartez, saltoki txikizkariei laguntzeko programa berritzaile bat aurkeztuko dio gaur (maiatzak 17) eta bihar  merkataritzaren sektoreari.

 

Ekimen honen helburua da aktiboki laguntzea sektore txikizkariari onlineko (Internet bidezko) salmenta estrategiak abiaraz ditzan eta bultzada bat ematea euskal merkataritzari negozio elektronikoak (e-commerce) eskaintzen dituen aukera berriak balia ditzan.

 

Saltokiak teknologia berrien inguruan sentsibilizatzea eta teknologia horien erabilpenaren inguruko hesiak eraistea dira programa honen helburuak. Jaurlaritzak parte-hartzaileei ikusarazi nahi die zeinen garrantzitsua den eraldaketa digitalaren bidean sartzea negozio elektronikoaren testuinguru berrira egokitzeko. Helburu horrekin, bi milioi euroko inbertsioa egingo du aurten.

 

Planteatutako estrategiak aplikatu ostean, merkataritza txikizkariak hainbat emaitza lortuko ditu: azken buruko kontsumitzailearekiko harremana aldatuko du Internet erabiliz, merkataritzaren lehiakortasun baloreak erantsiko dizkie produktuei negozio elektronikoko estrategien bidez eta modu normalizatuan erabiliko du negozio elektronikoa saltokiaren eguneroko jardueran.

 

SPRIk laguntza programa bat onartu du e-commerce Txekea izeneko zerbitzuaren bitartez. Laguntza horiek onlineko salmenta ezartzeko aholkularitzarako izango dira besteak beste. Interesatuta dauden saltokiek behin bakarrik eskatu ahalko dute "e-commerce txeke" zerbitzua; 3.000 euroko diru-laguntza jasoko dute gehienez eta saltoki bakoitzak bere premien arabera aukeratuko du txekearen zenbatekoa.

 

Txeke bakoitzak 1.000 euroko balioa du eta saltokiek hiru zerbitzu izango dituzte aukeran, hain zuzen, txeke bat, bi eta hiru eskaintzen dituztenak. Horietako bakoitzarekin, 15, 30 eta 45 orduko aholkularitza jasoko lukete hurrenez hurren.

Kasu guztietan zenbatekoaren %10 saltokiak berak jarriko luke eta Gobernuak gainerako %90a.

 

Eusko Jaurlaritzak Euskadiko merkataritza txikizkarian diharduten ETE guztiei zuzendu die programa hau. Hala ere, lehen fasean 1.000 saltokitara iritsiko da eta kalkuluen arabera horietatik %50ek onartuko du bere negozioan merkataritza elektronikoa ezartzeko eta lehiakortasuna hobetzeko zerbitzuak inplementatzea. Saltoki txikizkari bakoitzak 2,5 langile dauzka batez beste. Jaurlaritzak guztira 2 milioi euro bideratu ditu proiektu honetara.

 

E-commerce txekeen bidez finantzatuko den zerbitzuetako bat da negozioaren diagnostikoa egingo duen eragile/tutore baten laguntza zerbitzua, zeinak gomendio txosten bat egingo baitu eta onlineko salmenta estrategia inplementatzeko proiektuan lagunduko baitu. Diruz laguntzeko moduko zerbitzuen barruan sartzen dira webeko presentzia, merkataritza elektronikoa (onlineko salmenta zerbitzua) eta onlineko zerbitzu aurreratuak.

 

Euskadiko saltoki txikizkari guztiek eskuratu ahalko dituzte ekimen berritzaile honetako diru-laguntzak, eta ez da eskatuko gutxieneko langile kopururik. Gainera, saltokiek bitarteko eragileen bidez lortuko dituzte laguntzak (garapen agentziak eta merkatari elkarteak).

 

E-commerce programan izena emateko, www.spri.es (Zerbitzuak eta Laguntzak Atala) web orrian sartu beharko dute eta bertan aurkituko dituzte laguntza eskaerak eta formularioak. Eskaera eta formulario horiek info@spri.es helbidera bidali beharko dituzte eta arreta pertsonalerako zerbitzu bat ere egongo da interesatu guztientzat (902 70 21 42). Laguntza eskaerak aurkezteko epea ekainaren 15ean hasi eta irailaren 7an amaituko da.

 

 

Bultzada merkataritza txikizkariari merkataritza elektronikorantz (e-commerce) Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak jarri du martxan SPRI, S.A.ren bitartez. Ekimenaren helburua da eten digitala haustea eta hesi global nahiz kulturalak eraistea, onlineko salmenta eta negozio elektronikoa bultzatzeko merkataritza txikizkarian.

Compromiso con las personas