Azken eguneratzea: 2012/02/02
Alberto Ruiz Gallardon, Espainiako Justizia ministroak, 2010etik indarrean dagoen abortuaren legearen aldaketak epe ereduaren bukaera ekarriko duela (abortua askea izango da haurdunaldiaren aurreneko hamalau asteetan) eta 1985.eko legea berreskuratuko dela baieztatu du, hiru salbuespenetan oinarritua dagoena (bortxaketa, fetuaren malformazioa, emakumearentzako arriskua).
Diputaduen Kongresuko Justizia Batzordean lehenengo aldiz aurkeztu zenean, 16 eta 17 urteko adingabeek guraso edo tutoreen baimenik gabe abortatzeko aukera kenduko zuela aurreratu zuen, baina ondoren, “Los desayunos de RTVE” programan, Gobernu sozialistak duela bi urte indarrean jarritako legeak “jaio ez denaren eskubideen babesgabetasuna ezin duela suposatu” adierazi zuen 1985eko Konstituzio Auzitegiaren doktrinaren arabera. Auzitegi honek lege berriari buruz agertu behar da oraindik baina Gobernu berriak, epaia ez duela itxoingo ulertarazi du. Gallardonek “ bizitzarako eskubidea defendatzeko” aurrera eramango duen legearen aldaketa hau, “bere bizitza politikoan egin duen gauzarik aurrerakoiena dela” adierazi zuen programa honetan.
2010eko Sexu eta Ugalketa Osasunaren Legearekin emakumeek ez dute abortua justifikatu beharrik haurdunaldiko lehenengo hamalau asteetan. Epe horren ondoren, eta 22. astera arte, abortatzeko aukera dute fetuaren malformazioagatik edota emakumearentzako arriskua suposatzen duenean. Honen ondoren, mediku batzorde batek aztertutako salbuespenezko kasuetan abortatu daiteke bakarrik. Felipe Gonzálezen PSOEk sustatutako 1985ko legearekin abortatzea legezkoa zen bortxaketa bat jasanez gero, fetuak arriskua izanez gero edota haurdunaren osasunarentzat kaltegarri izanez gero, azken kasu honetan, denbora eperik gabe.