|
| Lehendakaria Madrazo eta Azkarraga sailburuekin batera. JB |
Juan José Ibarretxe Lehendakariak, bere eta Jaurlaritzaren izenean, datorren larunbatean Bilbon ETAren aurka eta alderdien arteko elkarrizketaren alde deitu duen manifestazioan parte hartzera deitu ditu hiritarrak.
Kontseilu Politikoa osatzen duten Joseba Azkarraga eta Javier Madrazo sailburuekin batera komunikabideen aurrean egindako agerraldian Lehendakariak ETAk Madrilgo aireportuko atentatuarekin euskal gizarteari "mesede kaxkarra" egin diola baieztatu du. Ibarretxek ohartarazi duenez, bakea lortzeko bide berri bat abiatzeko beste aukera bat egon dadin, "ETAk indarkeria amaitu dela esan behar du edo Batasunak galdegin behar dio ETAri".
Bere agerraldian Lehendakariak, Madrilgo atentatuan gertatutako bi heriotzak deitoratu ondoren, esan du Barajasko aireportuko atentatuarekin ETAk kalte izugarraia egin diola bake itsaropenari.
ETAri eskaria
Ibarretxek esan du ETAk suetena hautsi duela eta baita su-etenaren oinarrien gaineko konfiantza ere. Batasunak ETAri su-eten iraunkorrari eusteko eskatuz egindako azken eskakizunaren "garrantzia " aitortu arren, "egiten duen lehen aldia delako". Dena den, Ibarretxek azpimarratu du hori "ez dela nahikoa".
"ETAren indarkeria uzteko erabeteko borondate argiaren konbentzimendua izatea beharrezkoa da" esan du Lehendakariak.
"Hori da ETAk esan behar duena edo Batasunak eskatu behar dioena" zehaztu du. Izan ere, Lehendakariak azaldu duenez prozesuaren hastapeneko oinarriak ukigabe jarraitzen badute, ez legoke berriz gauza bera ez gertatzeko bermerik.
Su-etena ETAk hautsi duela eta Gobernuak prozesua amaitutzat eman duela gogorato ondoren, gainerakoei dagokien papera zein den galdegin du. "Zer egingo dugu gainerakook?, iraganeko hilketeta eta estortsio garaira itzuli?". Horren harira, bakera lortzeko itxaropenari eustearen alde lanean jarraitzearen alde agertu da. Aldi berean esan du ezin dela "Bushen modura" egin, ez eta Terrorismoaren aurkako Itunera edo alderdien Legera itzuliz, bere irudiko indarkeriaren aurka borroka egiteko balio ez duten "iraganeko tresnak" bait dira. Hori dela eta garai berriei nola aurre egin aztertzeko "hausnarketa lasaia" eskatu du.
Manifestazioa
Gobernu Kontseiluaren osteko agerraldian Lehendakariak bere Gobernu programak biltzen duen moduan Jaurlaritzak "eragile aktibo" izan nahi duela baieztatu du. Horretarako hainbat ekimen martxan jarriko dituela iragarri du, hain zuzen, bakea eta normalizazio politikoa erdiesteko "ezinbestekoa" den hiritarren parte-hartzea suspertzea izango dute helburu aipatu ekimenek.
Zentzu horretan ofizialki larunbaterako Bilbon arratsaldeko bostetan "Bakearen eta elkarrizketaren alde" lelopean eta ETAren indarkeriaren aurka dauden gizon eta emakume guztiei, manifestaziora joateko deia egin die "argi eta ozen, ETAk nazkatuta gauzkala esateko" eta alderdi politikoen arteko elkarrizketa beharrekoa dela esateko, beraiei bait dagokie elkarrizketaren bidez irtenbideak aurkitzea. "Izan ere elkarrizketarik gabe ez dago itxaropenik" azpimarratu du.
" Bakean bizitzerik ez izatea ez dugu onartzen", baieztatu du Lehendakariak eta horretarako ezinbestekotzat jo du gizartearen parte-hartzea, guztien artean bakea eta akordio politikoak lortzeko beste aukera bat bilatzeko.
Hiritarren parte-hartzea
Hiritarren parte-hartzea bideratzeko ekitaldien artean, Lehendakariak euskal udalerrietan hiritarren foroak eta Euskadin zein Euskaditik kanpo bizi diren euskaldunek bakearen eta normalizazioren inguruan euren ekarpenak egin ahal izateko web orrialde bat martxan jarriko dela iragarri du.
Omenaldi ekitaldia
Halaber, Ibarretxek iragarri duenez, Eusko Jaurlaritzaren kideak atsekabea adierazteko jada Ecuadorreko komunitatearekin harremanetan jarri badira ere, datorren igandean elkarte horri elkartasuna adierazteko eta euskal herriaren izenean "besarkada publiko" bat emateko ekitaldia egingo dute, hain zuzen, Bilboko Doña Casildako Parkean lore eskaintza egingo da eta ondoren beraien oroimenezko meza ospatuko da.
Manifestazioaren xedea
Larunbateko manifestazioan Batasunaren balizko bat egiteari buruz galde eginda, ETAri indarkeria utz dezala zintzotasunez eskatzeko manifestazioan parte hartu nahi duten pertsonak pozik hartuko dituela esan du Lehendakariak, baina "inork han egoteko xedea desitxuratu nahi izango badu, hobe du etxean geratzea", nabarmendu du.
Elkarrizketa erresolutiboa
Alderdien arteko elkarrizketaren harira, "alderdi guztiek aitortzen dugu indarkeria desagertzen ez den bitartean ez dagoela elkarrizketa erresolutibo fase batean sartzerik" esan du Ibarretxe Lehendakariak.
Lehendakariaren adierazpenaren bideoa (Real Player)
Manifestazioa
Aukera berri bat
Eragile aktiboa
|