Euskadi.net

Hemen zaude:
  1. euskadi.eus

Mesedez, sartu gutxienez bilaketa hitz bat

  • Nire izapideak
  • Zuzenean - Herritarrari arreta
  • Trafikoa
  • Eguraldia - Informazio meteorologikoa

Azken eguneratzea: 2012/07/09

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak gida bat atera du etorkinei buruzko zurrumurruei aurre egiteko

Gemma Zabaleta sailburuak kulturarteko sentsibilizaziorako proiektu integrala aurkeztu du gaur Gasteizen. Proiektu horrekin, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak, gizarte-erakundeek, euskal unibertsitate publikoak (EHU-UPV) eta udaletako immigrazio-teknikariek etorkinei buruzko aurreiritziak eta estereotipoak zapuztu nahi dituzte. Denek uste dute nahitaezkoa dela “ekintza bateratuak abiaraztea, gizarte integratuago, kohesionatuago eta aniztasunarekin begirunetsuago bat eraikitzeko bidean aurrerapausoak egiteko”. 

Proiektuaren elementurik behinena Aurre egin zurrumurruari gida da. Egileen abiaburua da zurrumurruak mesfidantza sortzen dutela zenbait kolektiborekiko, horien isolamendua sortzeraino, eta, beraz, uste dute zapuztu egin behar direla datuekin, zenbakiekin eta erreferentzia errealekin.

Zabaleta sailburuarentzat, “Zurrumurruak oztopo handia dira elkarrekin berdintasunean bizitzeko eta etorkinak gure gizartean benetan integratzeko”, eta printzipio bi horiek dira, hain zuzen ere, Immigrazioaren, Herritarren eta kultura arteko Bizikidetasunaren III. Plana 2011-2013 izenekoaren eta Immigrazioaren aldeko Itun Sozialaren oinarriak hurrenez hurren.

Gidak etorkinekin lotutako hamabi zurrumurru aukeratu ditu, eta lehenengo argitalpenak lehenengo bostak aztertzen ditu (Ezin ditugu etorkin gehiago onartu: gehiegi dira; etorkinak gizarte-laguntzei esker bizi dira eta neurriz kanpo baliatzen dituzte; etorkinek lana kentzen digute; immigrazioaren ondorioz, matxismoa eta genero-indarkeria areagotu egiten dira; etorkinek ez dute integratu nahi).

Testua argudio-multzo bat da, eta ideia berriak gaineratu ahal izango zaizkio, irekita baitago era guztietako pertsona eta gizarte-eragileentzat. Geroago, gainerako edukiak ikusi ahal izango dira, formatu digitalean, www.frenaelrumor.org orrian. Orria aktibatuta dago jadanik, eta lehenengo gida hau bertatik ere jaitsi daiteke.

Urte hau amaitu arte, eta 2013an zehar, immigrazioko udal-teknikariek eta sektoreko entitateek kasu bakoitza aztertuko dute, zenbait aholkularitza- eta prestakuntza-ekintzetan, askotariko eskuliburu didaktiko eta ikus-entzunezkoen laguntzarekin.

Lehenengo fasean, gida administrazio publikoentzat, antolakundeentzat, sareentzat eta eragileentzat izango da nagusiki, baina egileek badute asmoa eztabaida beste esparru publiko batzuetara ere eramateko: ikastetxeetara, elkarteetara, lanbide-elkargoetara...

Aurre egin zurrumurruari (pdf, 4.332 kb)

Compromiso con las personas