Azken eguneratzea: 2012/02/03
Hedabide bakar bat eskura izanez gero, gazte gehienek Internet aukeratuko lukete.
EAEko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen %52k, hedabideen artean, Internet nahiago dute entretenitzeko eta %71k ikasi eta formatzeko. Beste hedabideen gainetik Internet nahiago dutenen ehunekoak nahikotxo altuagoak dira gazteen artean, biztanleria osoan baino, azken honetan %23k aukeratzen baitu Internet entretenitzeko eta %42k ikasteko.
Egungo gertaerei buruzko informazioa jaso nahi denean, gazteek nahiago dute telebista eta biztanleria osoak emandako portzentaje berean (%45), gainera. Hala ere, eta nahiz eta lehentasunezko hedabidea ez izan, informazioa jasotzeko Internet aukeratzen duten gazteen portzentajeak biztanleria osoak emandakoak baino dezente altuagoak dira (%38 eta %20, hurrenez hurren).
Horregatik, hilabete batez hedabide bakar bat eskura izango balute, gazteen %64k Internet aukeratuko lukete. Ehuneko horrek biztanleria osoan Internet aukeratuko luketenena (%32) bikoizten du.
Datu hauek Gazteen Euskal Behatokiak aztertu ditu, Prospekzio Soziologikoen Kabineteak 2011ko urrian eginiko eta 2012ko otsailaren 2an aurkeztutako “Hedabideak” txostenaren emaitzak oinarri hartuta.
