Euskadi.net

Hemen zaude:
  1. euskadi.net

Mesedez, sartu gutxienez bilaketa hitz bat

  • Nire izapideak
  • Zuzenean - Herritarrari arreta
  • Trafikoa
  • Eguraldia - Informazio meteorologikoa

Azken eguneratzea: 2012/04/30

Administrazio-izapideetan paperaren erabilera desagerrarazteko proiektua hasi du Eusko Jaurlaritzak

Herritarrek Eusko Jaurlaritzaren bulegoetan aurkezten dituzten paperezko dokumentuen ordez balio berbereko dokumentu elektronikoak erabili eta horiek zuzenean izapidetze-fluxuan sartzean datza ekimena

Paperezko dokumentuekin egiten diren barne-mugimendu guztiak kenduta, urtean 421.000 euro aurreztu ahal izango dira. "Etorkizun hurbilean administrazioa guztiz elektronikoa izango da" baieztatu du Idoia Mendia sailburuak

Administrazio-izapideetan paperaren erabilera desagerrarazteko proiektua jarri du martxan Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazio Sailak. Herritarrek Jaurlaritzaren bulegoetan aurkezten dituzten paperezko dokumentuen ordez balio berbereko dokumentu elektronikoak erabili eta horiek zuzenean izapidetze-fluxuan sartzean datza ekimena.

Hasiera batean, apirilaren 23an ekin zitzaion papera desagerrarazteari, Etxebideko (Etxebizitzaren Euskal Zerbitzua) etxebizitza-eskatzaileen erregistroko inskripzioetan. Eta laster seme-alaben jaiotzagatiko eta lana eta familia uztartzeko laguntza-eskaeretara hedatuko de ekimena. Hortik aurrera, poliki-poliki ezarriko da izapide guztietan.

Martxan jarri den proiektua Jaurlaritzaren Kontseiluak maiatzaren 31n onartu zuen Berrikuntza Publikoaren Planaren (PIP) barruan sartzen da, eta Jaurlaritzaren sailek ematen dituzten 200dik gora zerbitzu eskatzeko —besteak beste etxebizitza eta familia arloetako aipatutako izapideak— 2011ren bukaeraz geroztik erabilgarri dagoen izapidetze elektronikoaren osagarria da.

Sarrera-erregistroan papera digitalizatzeak paperaren erabilera murriztea dakar (hiru urtetan paperaren erabilera % 80 murriztu daitekeela kalkulatzen da); bestalde, izapideen epeak laburtzen dira, papera bere helmugara fisikoki iristeko denbora gutxiago behar delako eta espedienteak izapidetu behar dituztenek espedienteetako dokumentuak errazagoa eskuratu eta izapidetzen dituztelako.

Horrela, errazagoa da lan-orduak arrazionalizatzea eta administrazioaren espazioak eraginkortasun handiagoz aprobetxatzea. Hain zuzen ere, Justizia eta Herri Administrazio Sailak egin dituen kalkuluen arabera, barneko paper-mugimendu guztiak kenduta (dokumentuen sailkapena, barne-banaketa, etab.), urtean 16.120 lan-ordu aurreztu daitezke eta horrek urtean 421.000 euro inguruko diru-aurreztea ekarriko luke. Zuzeneaneko agenteen dokumentu-banaketak eta izapidetzaileen eta dokumentalisten artxibatze-lanek daukaten kostuari egiten die erreferentzia zenbateko horrek.

Hasteko urrats gisa, Etxebideko erregistroko inskripzio-dokumentuak eta seme-alaben jaiotzagatiko nahiz lana eta familia uztartzeko laguntzak eskatzeko dokumentuak digitalizatu dira planaren lehenengo fasean. Hiru izapide horiek herritarren eskura jarri zirenetik, milioitik gora orri erabili dira (1.166.810 orri). Orri horiek guztiak 3.854 kutxetan gordeta daude eta, lerro zuzen batean jarriz gero, 385 metroko luzera hartuko lukete.

Administrazio publikoa digitalizatzeko, lehendabizi zerbitzu elektronikoak prestatu eta herritarren eta enpresen eskura jarri behar dira, egin behar dituzten izapide administratibo guztiak Internet bidez eroso-eroso gauzatu ahal izan ditzaten. Administraziora paperik ez sartzeko proiektu hau lehenengo pausoa da interesdunek Administrazio Publikoarekin egin beharreko izapide eta gestioak egiteko aukeratzen duten bidea edozein izanda ere Eusko Jaurlaritzako sailek kudeatzen dituzten espediente guztiak epe laburrean oso-osorik formatu elektronikoan egotea lortzeko.

“Laster ez dugu Administrazio Elektronikoaz hitz egingo, administrazioa erabat elektronikoa izango baita eta, ondorioz, berriz “Administrazioa” esango dugu besterik gabe. Berandu baino lehen administrazio publiko guztiak iritsiko gara eszenatoki horretara. Eusko Jaurlaritzaren helburua hori agudo eta ondo egitea da, hau da, antolamenduari dagokionez, Jaurlaritza lehenbailehen administrazio elektroniko bihurtzea, kalitatezko zerbitzuak ematen dituen eta barne-kudeaketa eraginkorra duen zerbitzu bihurtzea, alegia” adierazi du Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazioko sailburuak.

“Hori lortzeko, ahalegin guztiak egiten ari gara dauzkagun baliabide urriekin. Administrazioan paperik ez sartzeko proiektu hau dugu horren adibide garbia” esan du Mendiak.

Compromiso con las personas