Euskadi.net

Hemen zaude:
  1. euskadi.net

Mesedez, sartu gutxienez bilaketa hitz bat

  • Nire izapideak
  • Zuzenean - Herritarrari arreta
  • Trafikoa
  • Eguraldia - Informazio meteorologikoa

Azken eguneratzea: 2012/07/26

HIPERION proiektuak inbertsio pribatuko 5,7 milioi euro mobilizatu ditu makina-erremintaren sektorean

Eusko Jaurlaritzak 3,1 milioi euroko aurrekontua esleitu du proiektu estrategiko honetarako.

Hiperión proiektuan inbertitutako euro publiko bakoitzeko 1,84 euro pribatu mobilizatu dira.

Hiperión proiektua makina-erremintaren sektoreak egin duen apustu bat da, munduko lider izango diren doitasun handiko eta goi-mailako teknologiako makina handiak lortzeko.

Bost euskal enpresak eta zientzia eta teknologiaren sareko hiru agentek parte hartu dute garapen prozesuan, Soraluce enpresaren gidaritzapean.

Hiperión proiektuari esker lau patente berri eta patenteei buruzko zazpi bideragarritasun ikerketa lortu dira.

Etorgai Eusko Jaurlaritzaren programa bat da, industria-ikerketako  proiektu integratu eta estrategikoak sustatzen dituena.

Patxi López Lehendakariak Soraluce enpresaren instalazioan (Bergaran) aurkeztu du gaur Etorgai Hiperión proiektuaren emaitza. 8,8 milioi euro inguru (inbertsio pribatuko 5,7 milioi eta Eusko Jaurlaritzaren 3,1 milioi) mobilizatu dituen proiektu honen bidez EAEko makina-erremintaren garapena eta egokitzapena bultzatu dira, mundu mailako posizio lehiakorretara iristeraino.

Hiperión proiektuaren helburua da makina-erremintaren euskal partzuergoa pieza handientzako doitasunezko makinen munduko lehen erosketa aukera izan dadila eta EAE hazkunde iraunkorreko lurralde bezala bultzatzea. Hiperión makina handietan espezializatutako 5 euskal enpresez osatutako lan-talde baten emaitza da. Enpresa horiek talde-lana sustatzeko erabaki estrategikoa hartu dute eta horretarako bi korporazio teknologiko handiren (Tecnalia eta IK4) laguntza dute, zeintzuen helburua baita euskal enpresen lehiakortasuna mundu mailan handitzea manufacturigaren arloan, ikerketaren, garapenaren eta teknologia lehiakorraren transferentziaren bidez.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak 3,1 milioi euroko aurrekontua  bideratu du, Soraluce, S. Coop buru duen eta enpresa horrek berak koordinatu eta gauzatu duen proiektu estrategiko hori bultzatzeko. Horrela, Hiperion makina-erremintaren garapen prozesuan inbertituriko euro publiko bakoitzeko 1,84 euro pribatu mobilizatu dira.

Lankidetza publiko-pribatuaren garrantzia aipatu du Lehendakariak, bai eta I+Garen alde egin den apustua, zeren Lehendakariak berak adierazi duenez, berrikuntza gehien aplikatzen duten eta nazioartekotzen diren enpresak baitira gehien hazten direnak. Ildo horretatik, nabarmendu du Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plan berriak, 2011-2015 aldian 8.946 milioi euro mobilizatzea aurreikusten duenak, %3tik gora emendatu nahi duela Euskadiko I+G-ko gastua. Gainera, esan du erronka hori soilik gainditu ahalko dela euskal enpresen inplikazioa lortzen bada eta ondorio biderkatzailea gertatzen bada, zeinaren arabera I+G-n inbertituriko euro publiko bakoitzeko inbertsio pribatuko beste 2 euro mobilizatuko baitira, proiektu honetan gertatu den bezala. 

Baita ere esan du jarraituko duela euskal enpresei laguntzen, enpresek sortzen baitute jarduera eta enplegua, eta hain zuzen horixe da berriki aurkezturiko eta Kutxabankekin batera eginiko 2.000 milioi euroko ezohiko finantzaketa programa abiaraztearen arrazoia.

Ekitaldian esan denez, Eusko Jaurlaritzak proiektu horien aldeko apustua egiten jarraituko du, baita aurrekontu-murrizketek horrenbeste mugatzen duten garai honetan ere. Nazioartean abangoardian dagoen industria berritzailea dauka Euskadik. Makina-erremintaren sektorea eta, zehatzago esateko, Etorgai Hiperión proiektua da horren adibiderik onenetako bat.   

Proiektu hau metalaren industriaren barruan kokatuta dago, zeina  oso sustraitua baitago EAEn. Bizi dugun egoera zaila gorabehera, sektore horrek dinamismo handia du, eta baita ere berrikuntzarako eta nazioartean zabaltzeko bokazioa, zeinari esker industriaren euskarri garrantzitsuenetako bat izatera iritsi baita. Izan ere, industria osoaren %51 eta EAEko PBGren %13 ordezkatzen du eta 150.000 profesional enplegatzen ditu. Bestalde, makina-erremintaren sektoreko Estatuko produkzioaren %78 ordezkatzen du eta bederatzigarren posizioan dago mundu mailako produkzioan.

Aurkezpen ekitaldira bertaratu dira Lehendakaria, Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburua, Gipuzkoako diputatu nagusia, Mondragon Korporazioko presidentea, Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko kideak eta proiektu garatu den zonaldeko herrietako alkateak. Han izan dira baita ere makina-erremintaren sektorerako eta euskal enpresa-sarearentzako estrategikoa den proiektu honetan parte hartu duten enpresetako eta teknologi zentroetako ordezkariak. Inplikaturiko enpresak bideo baten protagonista izan dira, non Hiperión  makinaren gauzatze prozesuan parte hartu izanaren esperientziaren berri ematen duten, eta ikerketa-prozesuetatik ateratako produktuen bikaintasunak ere azaltzen dituzten. Ekitaldian bertan proiektatu den bideo hori Euskal Telebistaren Teknopolis programan agertuko da, Etorgairen emaitzei buruzko atal espezifiko bat gaineratuko baitu programak.  

 Hiperión proiektua (Etorgai)

Etorgai ekimena Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren programetako bat da, enpresen I+G-ri laguntzea eta izaera estrategikoa duten industria-ikerketako proiektu integratuetan lankidetza sustatzea helburu duena. 2011ko ekitaldian onartutako proiektuek 34 milioiko inbertsioa eragin dute, eta 175 enpresa izan dira onuradunak. 42 milioi euroko aurrekontua dago 2012ko ekitaldirako.

“Hiperion – High Performance Machines” proiektua 2009an hasi eta 2011n bukatu zen. Soraluce (proiektuaren liderra), Etxe-tar, Goratu, Danobat eta Zayer enpresek osatu dute Hiperión partzuergoa, eta Eusko Jaurlaritzak finantzatu du SPRIren Etorgai programaren barruan. Proiektuak IK4-ko kide diren Tekniker eta Ideko teknologi zentroen eta CIC marGune zentroaren laguntza izan du. AFMko INVEMA teknologi unitatea arduratu da Hiperión makinen normalizazio zereginak kudeatzeaz eta harrera protokoloa prestatzeaz.

Proiektuak 4 ikerketa ildo ditu: makinen diseinu estrukturala, prozesuak menperatzea, eragingailu berriak eta elementu adimendunak.

Proiektuak 11,5 milioi euroko aurrekontua izan du hiru alor hauetan: produktu berriak, prozesu berriak eta iraunkortasuna. Hona hemen proiektu honen emaitzak: 32tik gora erakusle (eskala txikiagoko prototipoak edo sistemak) eta 92 ikerketa tekniko, zuzeneko 12 enplegu, 10 produktu berri, 7 prozesu berri, 4 patente berri eta patenteei buruzko 7 bideragarritasun ikerketa.

 

Compromiso con las personas