Azken eguneratzea: 2012/07/18
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak 2008. urtean Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV-EHU) lizentziatu ziren ikasleen laneratze-mailari buruz egindako azterlanaren emaitzak aurkeztu dituzte gaur goizean, Bilbon, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu Gemma Zabaletak eta Euskal Herriko Unibertsitateko erretore Iñaki Goirizelaiak. ”Unibertsitateko titulua duten pertsonak bizitza aktiboan sartzeari buruzko azterlana. 2008ko promozioa” lantzeko, urte horretan euskal unibertsitate publikoan graduatu ziren 5.771 lizentziaturen iritzia jaso zen. UPV-EHUko errektore Iñaki Goirizelaia ere izan da aurkezpen-ekitaldian.
2008ko promozioaren lagina 2011ko azarotik 2012ko urtarrilera bitarte elkarrizketatu zuten, eta 79 titulaziotan graduatutako 7.088 pertsonaz osatutako ikasturte osora irauli da. Pertsona horietatik, emakumeak % 62 ziren, eta gizonak, berriz, % 38. Eustat-Euskal Estatistika Erakundearen arabera, ehuneko hori aurreko urteetako ehunekoaren oso antzekoa da.
Horien enplegu-tasa % 76,7ra iritsi da, hau da, 2,5 puntutan egin du behera aurreko promozioaren datuekin konparatuta. Hala ere, txostenak agerian utzi duenez, unibertsitate-karrera amaitu eta lehen enplegua aurkitu arteko batez besteko denbora antzekoa izan da. 2008ko promozioaren kasuan, lau hilabete izan da, hamabi hilabete lehenago bezalaxe.
Bizitza aktiboan sartzeari buruzko azterlanaren datuek argi eta garbi egiaztatzen dute 2008ko azken hiruhilekotik Euskadin gertatzen ari den atzeraldiaren eta enplegu-suntsipenaren hasiera. Izan ere, urte hartan lizentziatu zen promozioa oraindik gainean dugun krisialdia bete-betean zegoen garai batean atera zen lan-merkatura.
Datu esanguratsuenen artean, honako hauek nabarmendu behar dira:
Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak azpimarratu duenez, “euskal unibertsitate-ikasleen laneratze-maila handiak enplegu kualifikatuenek krisialdiaren ondorioei hobeto eusten dietela berretsi du berriz ere”. EHUko errektore Iñaki Goirizelaiak ere nabarmendu egin du alderdi hori, eta euskal unibertsitate publikoaren garrantzia eta indarra azpimarratu du. “Txostenak aukera ematen digu unibertsitate-autonomiaren barruan garatzen ditugun politikak ebaluatzeko, baina beste eginkizun garrantzitsu bat ere betetzen du: unibertsitate publikoa gara, denonak diren baliabideak erabiltzen ditugu; beraz, gizarteak eskubidea du unibertsitatetik ateratzen diren promozioek lortutako emaitzen berri izateko, baita haiek nola ebaluatzen gaituzten jakiteko ere”.
2008ko promozioak okupatutako enpleguen kalitate-adierazleek sendotu egin dute hipotesi hori. Aurreko promozioei egindako jarraipenean gero eta oreka handiagoa ikusten zen unibertsitate-ikasleen prestakuntza-mailaren eta okupatutako lanpostuari lotutako kualifikazio-mailaren artean. Joera horrekin batera, goi-kualifikazioko okupazioek gero eta ehuneko handiagoa dute EAEko okupazioen guztizkoan.
Gemma Zabaleta sailburuak ildo horretan adierazi duenez, “enplegu-galera lanbide-kategoria guztietan eta askotariko okupazioetan gertatu bada ere, indar handiagoarekin gertatu da maila profesional ertain-baxuetan eta kualifikaziorik txikieneko okupazioetan, eta ia ez du eraginik izan kualifikazio handiagoko maila profesionaletan”. Unibertsitateko tituludunen enplegu-tasa lehen mailako ikasketak dituzten gazteena baino 37 puntu handiagoa eta bigarren mailako ikasketak egin dituzten gazteena baino 4,2 puntu handiagoa da.
Soldatak
Bigarren aldiz segidan, eta aldeak murriztu badira ere, gizonen enplegu-tasa handiagoa izan da (% 77,6 gizonena eta % 76,1 emakumeena), eta langabezia-tasa, berriz, txikiagoa (% 15,2 eta % 17,7, hurrenez hurren).
“Dena den, gizonen eta emakumeen arteko kalitate-maila desberdinek bere horretan diraute, gizonek okupatutako enpleguak beren prestakuntza-mailarekiko duten doikuntza-maila handiagoari dagokionez zein soldatari edo lan-egonkortasunari dagokionez”, sailburuak zehaztu duenez. Esaterako, soldatari dagokionez, inkestak adierazten du gizonek hilean 1.573 euro garbiko diru-sarrera jasotzen dutela batez beste, eta emakumeek, aldiz, 1.468 eurokoa. Hau da, 105 euroko aldea dago hilean, aurreko urtean baino 25 euro gutxiagokoa.
Jarduera-tasarik handienak osasunari eta karrera teknikoei lotutako ikasketen arloan agertu dira (% 87 eta % 80, hurrenez hurren), eta txikiena, berriz, giza zientzien arloan (% 70). Azpimarratu beharra dago ziklo luzeko lizentziaturen eta ingeniaritzen portaera diplomaturena eta ingeniaritza teknikoena baino hobea izan dela.
Osasun-arloari lotutako jarduerak dira, halaber, hobekien ordaindutakoak (1.794 euro garbi hilean x 14 ordainsari). Horien atzetik, karrera teknikoei eta gizarte-zientziei lotutako profesionalak ditugu (1.635 euro hilean eta 1.445 euro hilean, hurrenez hurren).
Inkesta egin zen garaian lan-esperientzia zuen biztanleria aktiboaren kasuan, ikasketen amaieratik lehen enplegua lortu arteko batez besteko denbora zazpi hilabete izan da, hau da, 2007ko promozioari dagokion txostenean baino hilabete gehiago.
2008ko promozioko lizentziatu edo diplomatu okupatuen % 13,5ek Autonomia Erkidegotik kanpo lan egiten du, hau da, 2007ko promozioan baino 2,2 puntu gehiago. Era berean, % 9,6 beste erkidego batera joan da, eta % 3,8, berriz, beste herrialde batera (Europakoa nagusiki). Erasmus moduko programak eta gradu-ondoko beste ikasketa batzuk egiteak (guztiak lanbide-proiekzio handiagoari lotuak) eragin handia du mugikortasun horretan.
Errektoreak, halaber, lanbide-eremuetan euskara eta ingelesa gero eta neurri handiagoan erabiltzen direla azpimarratu du. “Tituludun berrien % 60k erabiltzen du euskara lanbide-bizitzan, eta erdiek baino gehiagok ingelesa. Gaur egun, prestakuntza bi hizkuntza ofizialetan bermatzeaz gain, ingelesaren erabilera bultzatzen du UPV/EHUk, graduko tituluetan eta, bereziki, gradu-ondokoetan”.
Unibertsitateko titulua duten pertsonak bizitza aktiboan sartzeari buruzko azterlana. 2008ko promozioa (pdf, 1.492 kb) (gaztelaniaz)