Euskadi.net

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 
WAI A - WCAG 1.0
Azken eguneratzea: 2008/03/17
Herrizaingo Sailak eta Euskal Espeleologoen Elkargoak EAE-ko koba nagusiak aztertuko dituzte, larrialdiei nola aurre egin zehazteko
Guztira 37 leizeren fitxa zehatzak egin dituzte
Herrizaingo Sailak eta Euskal Espeleologoen Elkargoak Euskadiko koba nagusiak aztertzeko proiektu bat egin dute, elkarrekin lankidetzan, larrialdirik izatekotan erreskateak nola egin planifikatzeko. Guztira 37 leizeren fitxa zehatzak egin dituzte, eta horien ezaugarri eta zailtasun nagusiak bildu dituzte bertan, larrialdi baten aurrean lanak errazteko. Lan honek jarraipena izango du, 2008an beste hainbat koba aztertuko baitituzte. Elkarrekin egindako lanaren helburu nagusia leize horietan larrialdiren bat izanez gero lehen unetik bertatik nola jokatu behar den jakiteko informazioa eskura izatea da. Landa-lan hau Euskal Espeleologoen Elkargoko esploratzaileek egin dute, Herrizaingo Saileko teknikarien laguntzarekin. Lan honi esker, errezagoa izango da larrialdia kudeatzea eta lehen erabakiak hartzea eta zer baliabide material eta zer giza baliabide beharko den aurreikustea. Gainera, koba bakoitzak dituen zailtasunak (zauritu bat ohatila batean ateratzeko, esaterako) aurretiaz jakin ahal izango dira. Halaber, lurretik komunikatzeko tokiak eta Kontrol Postua finkatuta egongo dira. Informazio hori guztia, espeleolaguntzara bideratuta, oso baliagarria da bai erreskate-taldeetako kideentzat bai espeleologoentzat eurentzat leize batera sartu aurretik. Fitxa bakoitzak hiru zati ditu. Lehenengoan kobazuloaren deskribapen zabal bat egiten da; sarbideak eta leizea eta prebentzio neurriak zehazten dira. Bigarrena laguntza antolatzeko eta horren logistika zehazteko atal berezia da eta balizko zailtasun guztiak jasotzen dira bertan. Azkenak material topografikoa eta bestelako eduki batzuk biltzen ditu. Ikertu diren leizeak hautatzeko, besteak beste, honako irizpideak izan dira kontuan: larrialdiei aurre egiteko zailtasun maila, jasotzen duten bisiten kopurua eta espeleologoen, mendizaleen eta herritarren artean duen harrera. Espeleologia istripuren bat izateko duen arrisku maila ere izan dute kontuan. Lan hau oso kalitate handikozat jo dute espeleologia munduan, eta hobekuntza nabarmena ekarri die Euskadin espeleologia alorreko larrialdiei aurre egin behar dieten guztiei. Herrizaingo Sailak euskarri ezberdinetan zabaldu nahi du, gainera, larrialdietako langileei eta espeleologiaren zaleei ez ezik nahi duen orok eskuragarri izan dezan.