|
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak 97.873.000 € bideratuko ditu 2008-2012 aldian Euskadiko Kultura Azpiegituren Planean aurreikusitako hiru lurralde historikoetan 15 kultura-azpiegitura eta -ekipamendu aurrera eramateko.
Inbertsioak Eusko Jaurlaritzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek joan den udan adostutako "Euskadi Aurrerantz" Eknomia Bizkortzeko Planaren esparruan sartzen dira. Horrekin azpimarratu egiten da kultura-azpiegiturek eta -ekipamenduek ekonomia eta gizartea biziberritzeko duten garrantzia.
Guztira kultura eta kirol alorreko 15 azpiegitura bultzatuko dira -batzuk berri-berriak, eta beste batzuk lehenagokoen birgaitzeak-. Horietatik bost Araban dira (Santa Maria Katedrala, Añanako Gatzagak, Gasteizko Kongresu Jauregia, Kirol Jauregia, Zain Egitasmoa), hiru Bizkaian (Historiaren Museo Nazionala, Fadurako Hobekuntza Teknikorako Zentroa, Artxibo Historiko Nazionala) eta zazpi Gipuzkoan (Balentziaga Museoa, Ekain Berri, Ipupomamua, Kirol Federazioan Egoitza, Txotxongiloak, Hondarribiko Harresia, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa).
Plana Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak aurkeztu du gaur emandako prentsaurreko batean Donostiako Tabakalera eraikinean, alboan bere saileko bi sailburuordeak zituela: Gurutz Larrañaga (Kultura eta Kirola) eta Patxi Baztarrika (Hizkuntza Politika).
Azpiegitura Planak 2008-2012 aldiko urteei dagozkien diru-ekarpenak jasotzen ditu soil-soilik, nahiz eta azpiegituraren batek epe horretatik harako garapena behar duen; alegia, Planak ez ditu Jaurlaritzak geroari begira aurreikusitako inbertsioak mugatzen. Era berean, Planarekin ez dira agortzen Kultura Sailaren kultura-azpiegituren eremuan egiteko dituen inbertsioak, zeren egitasmo berriak ere sartzeko aukera egongo baita, honako hauek bere bidea sendotzen duten heinean.
2008-2012 Kultura Azpiegituren Plana Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak kultura eta kirolaren alorrean garatu beharreko azpiegiturak biltzen dituen urte anitzeko plana da. Bertan, Kultura Sailaren eskumen-esparruan (kultura eta kirola) estrategikotzat jotzen diren hainbat egitasmo sartzen dira, bai Eusko Jaurlaritzaren titularitatepekoak edo haren ekimenez abiatutakoak, baita beste erakunde batzuekin elkarlanean abiatutakoak edo ekimen sozialekoak.
Plan honen aurrekari gertuena Kultura Azpiegituren Plana (2004-2007) da, zeinak orain aipagai ditugun azpiegituretako batzuk jadanik jaso zituen, nahiz eta plan horretan azpiegitura horien aurreko faseak jaso, kasuan kasuko plan zuzentzailearen arabera.
Plan berrian banaka-banaka sartu dira ongi zehaztutako proiektu teknikoa eta aurrekontuzkoa dituzten eta jada administrazio eskudunekin adostuta dauden egitasmoak.
Azpiegiturak honako hauek dira:
-ZAIN Egitasmoa, Kultura Ondarearen Ikerketa Zentroa (Gasteiz) 2.000.000 €
-Santa Maria katedrala (Gasteiz) 1.000.000 €
-Añanako gatzagak, 800.000 €
-Cristobal Balentziaga Museoa (Getaria) 4.500.000 €
-Ekain Berri (Zestoa), 1.000.000 €
-Ipupomamua, haur poesia, ipuin eta literaturaren eta euskararen gunea, (Gipuzkoa) 1.000.000€
-Euskadiko Kirol Federazioen egoitza Berria (Donostia), 5.500.000 €
-TO.PIC, Txotxongiloaren Nazioarteko Zentroa (Tolosa), 1.800.000 €
-Hondarribiko Harresia (Hondarribia), 800.000 €
-Fadurako Hobekuntza Teknikorako Zentroa (Getxo), 500.000 €
-Gasteizko Kirol Jauregia, 1.100.000 €
-Tabakalera, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa (Donostia), 21.600.000€
-Gasteizko Kongresu Jauregia eta Auditoriuma, 25.600.000 €
-Euskadiko Artxibo Historiko Nazionala (Bilbo), 17.529.000 €
-Euskal Historia eta Gizartearen Museoa (Bilbo), 13.000.000 €
KULTURA AZPIEGITUREN PLANA 2008-2012
ZAIN EGITASMOA
Maturana-Berastegi jauregiaren jabea Gasteizko udala da, eta Katedralaldea inguruan kokatua dago, hau da, Gasteizko hirigune historikoaren iparraldean. Gure helburua da jauregia bihurtzea ondare alorreko etorkizuneko ikerketa zentroaren erreferentzia gune fisikoa (ZAIN egitasmoa); alegia, haren baitan biltzea prestakuntza, zabalkuntza eta ikerketa espazioen zati nagusia, ondoko Aiztogile kaleko ikertzaileen egoitzarekin osaturik.
Gasteizko Santa Maria Katedrala Zaharberritzeko Plan Zuzentzailearen bidez, eraikina bera birgaitzea eta sendotzea bermatzeaz gain bere kultura-balioa indartu, bere hedapena sustatu eta hirigintza aldetik bere inguruko espazioa berrordenatu nahi da.
Euskal Autonomia Erkidegoan ondarearen inguruko gaietan erreferentea izango den zentro teknologiko bat sortu nahi dugu, bide batez Kultura Ondarearen Zentroa osatu eta indartuko duena. Zentro horrek Autonomia Erkidego osoaren zerbitzura jardungo du eta, jakina, baita hura osatzen duten erakunde guztien zerbitzura ere, ahaztu gabe Estatu mailako eta nazioarteko konpromisoak. ZAIN egitasmoak, horrenbestez, kultura-ondarea ezagutzeko, babesteko eta hedatzeko lanetan laguntza emango duen talaia izan nahi luke.
Kultura Sailak, horretarako, 2 milioi euroko diru-kopurua jarriko du azpiegitura-programa honen barruan.
SANTA MARIA KATEDRALA (GASTEIZ)
Agustín Azkarate, Leandro Cámara, J.I. Lasagabaster eta Pablo Latorre jaunen gidaritzapean talde multidiziplinar batek idatzi zuen Zaharberritzeko Plan Zuzentzailea 1998. urtean. Orduz geroztik, monumentua eraberritzeko dokumentu gidaria izan da, bai eta, bide batez, Santa Maria Katedrala fundazioa sortzeko funtsezko akuilua ere. Fundazioaren helburu nagusia katedralaren eraberritze integrala kudeatzea eta gauzatzea da. Ondorioz, orain aurkezten den eraberritze egitasmoaren jarraibideak eta xedea bat datoz Zaharberritzeko Plan Zuzentzaileak jasotzen dituen xede eta jarraibideekin.
Ondare arkitektonikoan esku hartzeko Plan Zuzentzaileak proposatzen duen metodologiaren abiapuntua hau da: monumentua historian zehar umotu den eta denboran eta espazioan bilbatu den eraikuntza-harremanen sistema konplexu bat dela ulertu behar da, zaharberritzeko prozesuan arretaz zaindu behar dena. Babesteak ez du esan nahi egitura historikoa bere horretan "izoztu" behar denik; aitzitik, metodoaren arabera monumentuak egitura arkitektonikoaren ezaugarriak berreskuratu behar ditu, alegia, ikuspegi formal, funtzional eta eraikuntzaren aldetik dituen gabeziak eta patologiak konpondu behar ditu.
Plan Zuzentzailearen azterlanen ondorio gisa, hona zeintzuk diren katedrala zaharberritzeko proposamenak:
a) Eraikuntza eta egitura aldetik, oraingo eraikinaren materialtasunarekiko errespetuan oinarrituriko esku hartzea, eraikinari datxezkion balio dokumental guztiak zainduko dituena.
b) Funtzionaltasunaren aldetik, eraikinak izan duen erabilera ezak hartaratuta, planteatzen den formula da monumentua izan dadila monumentuaren beraren historiaren museoa, bai eta Vitoria-Gasteiz hiriarena ere, harekin lotu-loturik identifikatzen baita sortze beretik.
c) Alderdi formalaren aldetik, helburua da zati batzuk amaitzeke edota beste batzuk aski hondatuta dituen eraikin osagabe bat bukatzea, horretarako hargintza eta arotzeria teknika tradizionalak erabilita, eta gaur egun ezagutu daitezkeen baina historiaren ingurumarian eta harekin jarraitasunean egokiro txertatzen diren formak txertatuz.
2008-2012 urteetan egin beharreko esku hartzeak direla eta, aurreikusita daudenak dira: katedraleko nabeak zaharberritzea, katedraleko burualdea zaharberritzea, katedraleko sakristia zaharberritzea, katedraleko eliz atariaren zaharberritze arkitektonikoa eta egokitzapena, katedraleko dorrea zaharberritzea, instalazio berriak ezartzea, eta Aiztogile kalean katedralaren ondoan dauden eraikinak zaharberritzea.
Kultura Sailak, horretarako, 1 milioi euroko diru-kopurua jarriko du azpiegitura-programa honen barruan.
AÑANAKO GATZAGA
Añanako Gatzaga inguruneko berritze planak garai batean Arabako zonalde honetan garatzen ziren gatz ekoizpen industria zein artea bera berreskuratzeko asmoa dute. Hain zuzen ere, jardun horiek bizimodu jakin batean ezezik, inguru honetako paisaiaren zeinu esanguratsuenean bilakatu dira.
Aipatu plan bereziak berebiziko garrantzia du Añanako Gatzagak duen esan nahiagatik, izan ere gure herrian inoiz garatu den gatz ekoizpen tradizionalaren adibide bakarra baitugu.
Añana Gatzagako berritze integralaren egitasmoa Eusko Jaurlaritzaren 2004-2207ko Kultur Azpiegitura Planean sartu zen, eta epe honetan Kultura Sailak 800.000 euroko inbertsioak bideratu ditu. Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetza esparru honek jarraipena izango du datozen lau urteotan, Kultura Sailetik beste 800.000 euro inbertituko baitira berritze lan hauetan.
Hurrengo lau urte hauetan, hain zuzen, honako ekintzak burutuko dira: Haran honetarako kudeaketa organo bat sortuko da; larrainen berreskurapena lortu nahi da, ekintza berriak sustatu (hala nola, gatzaren ekoizpena eta komertzializazioa, bisita gidatuak antolatu, etab.); eta proiektuaren gauzatzea modu egoki batean garate dadin beharrezko azpiegiturak eraikiko dira.
BALENTZIAGA MUSEOA
Getariako "Cristobal Balentziaga Museoa" jostun gipuzkoarrari eskainitako munduko lehenengo museoa da, eraikinaren helburua haren lana gordetzea eta zabaltzea delarik.
Cristobal Balenciagaren obra sustatuz eta diseinuaren munduan ikerketa eraginez, Museoak pizgarri izan nahi du euskal artea eta kultura bultzatzeko eta nazioartera zabaltzeko.
Ildo horretatik, nazioarte mailako kultura-eskaintza ez ezik, Cristobal Balentziaga Museoa ezagutzaren osagaia itsatsita duen adierazpide ere den aldetik, gizarte-garapenerako eta -errentagarritasunerako elementu giltzarria da. Euskal Herriaren barne zein kanpo irudiari begira, erakargarritasuna eta modernotasuna erantsiko dio. Horrez gain, Getariako sortzaile apartaren obra berreskuratu eta nazioarte mailan dibulgatzea ekarriko du Museoak, beste behin euskal kultura jokaleku lehiakorragoetara eramanez.
Museoak Balentziagaren lanaren zati handi bat erakutsiko du, Eusko Jaurlaritzaren funtsetan baitago jostunaren lanaren zati garrantzitsu bat, eta Jaurlaritzak erakusketarako propio lagako du lan hori.
Kultura Sailak, horretarako, 4,5 milioi euroko diru-kopurua jarriko du azpiegitura-programa honen barruan 2008-2012 epean.
EKAIN BERRI
Ekainberri proiektua 1969. urtean aurkitutako Ekain Leizezuloaren erreplika bat da, Zestoako Sastarrain bailaran kokatua, hain zuzen ere. Leizezulo hau haitzetako pinturen aurkikuntza esanguratsuenetarikoa da Aro magdaliarretik hona. Adituen esanetan, leizezulo honek laugarren aroko arte osoaren zaldi multzo perfektuena jasotzen du. Mikroklima hauskor batean aurkitutako pinturak izanik, leizezulo honen erreplika bat eraikitzeko erabakia hartu zen, Ekain kobazulotik metro gutxira. Modu honetan, aukera ematen da pintura obrak ezagutu ahal izateko, berauen kontserbazioa arriskurik izan gabe.
2008ko uztailan, UNESCOk Gizadiaren Ondare izendatu zituen bai Ekaingo leizezuloa zein Altxerri eta Santimaniñekoa. Egun batzuk beranduago, irailaren 11an, Ekainberri erreplikak ateak zabaldu zituen Ibarretxe Lehendakariaren eskutik.
Ekainberri proiektu arkitektoniko eta museografiko konplexu bat da, ahalegin handia eskatu duena, ikuspegi tekniko eta ekonomikotik eta baita giza ikuspegitik ere. Proiektu hau gauzatzeko Ekainberri Fundazioan biltzen diren erakunde desberdinek hartu dute parte, hau da, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Zestoako Udalak hain zuzen ere.
Kultur Azpiegitura Planaren baitan Kultura Sailak Milioi bat euro jarriko ditu.
IPUPOMAMUA (Ipuin, Poesia eta Haur literaturaren Zentroa)
Bernardo Atxaga idazlearen jatorrizko ideia batean oinarriturik, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak garatutako proiektua da Ipupomamua haur literaturaren interpretazio zentroa. Bere helburua zera da, haur eta gazteen kontakizun munduarekin lotutako ekintzak bideratzea. Izena bera akronimo gisa agertzen zaigu, zeinek zentroak berak jasoko dituen ezaugarrietako batzuk biltzen ditu (Ipuina,/ poesia / marrazkia).
Ipupomamuaren helburuak honakoak dira:
-Marrazkia, ipuina eta poesiaren munduarekin lotutako ekintzak antolatzea gazte eta haurrentzako, beti ere euskaraz.
-Erakusketa gune bat zabaltzea, zentroaren jarduerarekin lotuta.
-Haur eta gazte literaturaren alorrean proiektu berriak sortzeko zein ikerketa ahalbidetzeko azpiegitura egoki bat sortzea.
Kultur Azpiegitura Planaren baitan Kultura Sailak Milioi bat euro jarriko ditu.
KIROL FEDERAZIOEN EGOITZA DONOSTIAN
Eusko Jaurlaritzak eraikin berri bat eraikiko du Donostian Euskal Autonomi Erkidegoko hainbat kirol federazioen egoitza bilakatzeko. 2003-2007ko Kultur Azpiegitura Planak jarraitu zuen bide beretik doa erabaki hau. Hain zuzen ere, aurreko plan horren barruan eraiki zen Euskal Kirol Federazioen Egoitza Gasteizko Mendizorrotzan. Kultur Azpiegitura Plan berriak onartu egin du proiektu berri honen eraikuntza, Donostiako Anoeta auzoan. Eraikin berri hau guztira 21 euskal federazioren egoitza izango da.
Federazio bakoitza behar desberdinak izanik, metro karratuko sailkapena egin da 21 kirol federazioentzako: Hain zuzen ere, honako federazioek (Txirrindularitza, Eskubaloia, Golfa, Arrauna, Errugbia, Bela, Piraguismoa) 40 eta 50 metro karratu arteko lokalak izango dituzte eraikin honetan; Motoziklismo, Uropeko kirolak, Jockey, Judo eta Padel federazioek, aldiz, 40 metro karratuko bulegoak izango dituzte. Azkenik, Xake, Badminton, Béisbol, Halterofilia, Borroka eta Sanboa, Arrantza, Arkuko tiroa, triatloia eta Mendi federazioek 30 metro karratuko egoitzak izango dituzte.
Kultur Azpiegitura Planaren baitan Kultura Sailak 5,5 milioi euro jarriko ditu.
TXOTXOGILOAK (TO.PIC)
Tolosako herriak (Gipuzkoa) txotxongilo alorreko zentro berezi eta espezializatu bat izango du urte honen amaieran, bakarra Europa osoan. TO.PIC Txotxongiloaren Nazioarteko Zentroa ia bakarrenetarikoa izango da mundu mailan, bere ezaugarriak eta garapena kontutan hartzen baditugu.
TO.PIC Tolosako Justizia Jauregi zaharrean eraikiko da -Audientzia eta espetxea ere izan zen- eta txotxongiloaren munduko zentro espezializatu bat izango da. Munduari, txotxongilo zaleei eta gizarteari oro har irekia, alegia. Zentro berri honi esker kultur adierazpen honen berri izango dute eta gozatzeko parada izango dute.
Bere espezifikotasuna eta nazioarte mailako kultur ekipamendu eta azpiegitura izaera direla medio onartu du Eusko Jaurlaritzak TO.PIC proiektua Kultur Azpiegitura Planaren baitan. Guztira, 1,8 milioi euroko inbertsioak bideratuko ditu Tolosako Udalak sustatu duen proiektu honetan.
Zentroak nagusiki lau ardatz izango ditu, hau da, Txotxongilo artearen ondarearen zaintze eta berreskuratze lanak bideratuko ditu; arte mota honen sustapena eta hedapena; dokumentazio eta ikerketa guneak zabalduko ditu; eta formakuntza eta profesionalen birziklatzea sustatuko du.
Kultur Azpiegitura Planaren baitan Kultura Sailak 1,8 milioi euro jarriko ditu.
HONDARRIBIKO HARRESIAK
Eusko Jaurlaritzak, Hondarribiako hiri erdigune historikoaren ondare arkitektonikoaren berreskurapen osoa eta, batez ere, bere Plaza Nagusiko (Plaza Fuerte) harresi barrutiaren hobekuntza zein babesak udalerriarentzako duen garrantziaz jabeturik, proiektu bat jarri du indarrean ingurune hau eraberritzeko.
Beraz, Kontserbazio eta berreskuratze lan desberdinak bideratuko dira harresi barruti honetan. Lan hauen artean daude harresi ingurunean egin beharreko zaharberitze lan bereziak, beste lan arkeologiko batzuk, zein monumentu honek behar dituen beste etengabeko ikuskatze eta mantentze lanak.
Kultur Azpiegitura Planaren baitan Kultura Sailak 800.000 euro jarriko ditu.
FADURAKO HOBEKUNTZA TEKNIKORAKO ZENTROA
Fadurako (Getxo) Hobekuntza Teknikorako Zentroa Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Kirol Zuzendaritzaren zerbitzu bat da eta Euskal Kirol Eskolarekin batera dago Fadurako (Getxo) eraikin berean.
Teknifikazioak gero eta garrantzi gehiago du kirol jardunean eta horri behar bezala erantzuteko jarraipen tekniko zein biomedikuko zentro espezializatuak behar dira. Eusko Jaurlaritzak Faduran duen Hobekuntza Teknikorako Zentroak helburu hori du, errendimendu altuko kirolarientzako bitarteko aurreratuenaz hornituta dagoelarik. Azterketa ergometriko eta analitikoez gain, Fadurako zentro honetan hobekuntzarako beste hainbat neurri garatzen dituzte
Egun, instalakuntza hauen egoera ez da oso egokia eta ezinbestekotzat jotzen da kiroldegian dauden hezetasunak konpontzea, zentroak bere zerbitzuak behar bezala eskaintzen jarrai dezan.
Kultur Azpiegitura Planaren baitan Kultura Sailak 500.000 euro jarriko ditu.
GASTEIZKO KIROL JAUREGIA
Bere kirol azpiegiturak osatzeko, Gasteizko Udalak komenigarria ikusi du Kiroletarako Udal Jauregi bat eraikitzea, bertan goi-mailako lehiaketak eta EAEko lurraldean interes orokorra duten kirol jarduerak egin daitezen.
Helburu horrekin, Gasteizko Udalak proiektu bat idatziko du hiriak goi-mailako kirol-ekipamendua eduki dezan. Aipatu proiektuan bi fase daude: lehenbizikoan, bi ekintza zehatz jasotzen dira, alegia, laguntza teknikoa kontratatzea Kiroletarako Udal Jauregiaren beharrizanak xeheki azter ditzan -2008an egin da hori-, eta ondoren, 2009an, aurreproiektu, proiektu eta eraikitze arkitektonikoaren kontratazioa. Bigarren faseari, aldiz, 2010ean ekingo zaio: proiektuaren exekuzioa.
Zeregin honetarako, Kultura Azpiegituren Plan honen baitan, 1,1M€ jarriko ditu.
TABAKALERA, KULTURA GARAIKIDEAREN NAZIOARTEKO ZENTROA
2008-2012 Kultur Azpiegitua Planak onartu duen beste proiektuetako bat Tabakalerakoa da, Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa, alegia. Guztira, 21,6 milioi euroko diru-laguntzak bideratuko ditu Eusko Jaurlaritzak proiektu honetarako.
Beraz, garai bateko tabako fabrika Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan bilakatuko da, ikus-entzunezko kulturan zein kultura garaikidean espezializatuko dena hain zuzen ere.
Arte garaikidea, telebista, bideoa, zinema, diseinua eta soinuak espazio berean izango dute topagune. Erakusketetarako eta ikus-entzunezko saioetarako espezio berezi bat izango da eta, batez ere lan egiteko, ekoizteko eta sortzeko. Kultura fabrika bat, alegia.
Funtzio anitzeko espazio batean bilakatuko da, kultur arloko hainbat ekimen hartuko dituelarik; besteak beste, Etxepare Euskal Institutua, Eusko Jaurlaritzak euskararen eta euskal kulturaren nazioarteko hedapena bultzatzeko sortutako erakunde berria; eta baita Euskal Filmoteka ere. Bi erakunde hauek Tabakaleran izango dute egoitza nagusia. Euskal Filmotekak balio handia duen artxibo zinematografiko zein ikus-entzunezkoa osatu du bere historia luzean zehar, hain zuzen ere gure herriaren ikus-entzunezko memoria historiko garrantzitsua dena.
Orain aste gutxi aurkeztu da Tabakalera eraikinaren proiektu arkitektonikoa, Juan Manuel Montero Madariaga eta Naiara Montero Viar arkitektoen eskutik. Proektu honen izena "Hiru lerroan" da.
Eraikin honen irudi adierazgarrien, eraikin beraren erdiko gorputzaren gainean kokatuko den beirazko bolumen bat izango da. Hain zuzen ere eraikinaren eta hiriaren ikono berria izatera helduko dela esan genezake.
GASTEIZKO ERAKUSKETA, KONGRESU ETA ARTE ESZENIKOEN GUNEA
Gasteizko Udalak azterketa bat egin zuen hiriko arte eszenikoen alorraren egoerari buruz. Ondorioa izan zen gertakari ertain eta handientzako azpiegitura moderno eta egoki bat behar zela, bai eta kongresuak, azokak eta ekitaldi jendetsuak gauzatu ahal izateko ere. Gabezia horrek hiria zirkuitu garrantzitsuenetatik kanpo geratzeko arriskua areagotzen du.
Horrela jaio zen erakusketa, kongresu eta arte eszenikoen jauregi bat sortzeko egitasmoa. Erabilera horiek batu eta, besteak beste, arlo hauek bilduko lituzke: Arte eszenikoen eta musikaren eremua, ekitaldi. Kongresu eta erakusketa eremuak, bai eta azoketarako eta musika-jaialdietarako ere.
Jauregi hau eraikitzeko aukeratu den tokia Euskaltzaindia plaza da, Lakua auzoan. Bertan garraiobide erosoak egongo dira esku-eskura: autobus, tren eta tranbiaren geltokiak.
Jauregia eraikitzeko jarduketak 2007. urtean hasi ziren, eta 2014an bukatzea aurreikusita dago.
Kultura Azpiegituren Plan honen esparruan, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak 25,6M € jarriko ditu.
EUSKADIKO ARTXIBO HISTORIKO NAZIONALA
Euskadiko Artxibo Historiko Nazionala memoria historikoa gordetzea eta zabaltzea ahalbidetuko duen lehen mailako ekipamendua sortzeko beharretik sortu zen, bai Eusko Jaurlaritzak berak daukan dokumentazioaren bidez, bai beste artxibo pribatu eta instituzional batzuen funtsen bitartez
Proiektu honen xedea herritarrei euskal memoria historikoa bilduko duen leku bat ematea da, ezagutzarako, zabalkunderako eta kulturarako espazio baten sorkuntzan oinarrituta. Euskal dokumentu ondarea mantentzea eta haren zabalkundea bermatzeaz gain, Artxibo Historikoak Euskadiko Artxibo Sistema osatzen duten organismoei laguntza eta orientabidea emango die, zentro horien garapen teknologikoa eta dokumentu ondarearen digitalizazioa sustatzeaz gain. Zentzu horretan, IRARGI Euskadiko Dokumentu Ondarearen Zentroaren jarraipena izango da.
Eraikitzeko lanak 2009. urte hasieran abiatuko direlarik, Euskadiko Artxibo Historiko Nazionala gaur egun Eusko Jaurlaritza lantzen ari den izaera instituzional eta sozialeko azpiegitura-proiektu berezienetakoa eta modernoenetakoa dugu. Eraikinaren ezaugarri nagusietako bat bere kokapena da espazio urbanoan (Bilboko Maria Díaz de Haro kalean), oso ongi komunikatua eta hortaz, erraztasunak ematen dizkio herritarrari iresgarritasun eta hurbilpen aldetik. Hala, Euskadiko erreferentziazko beste ekipamendu bat izango da.
Artxiboaren eraikinak 8.542 metro koadroko azalera izango du; horietatik 6.603 izango dira erabilgarriak. Ezagutza historikoaren espazio honek azken aurrerakuntza teknologikoak izango ditu, bai eraikuntza-materialetan, baita instalazioetan ere, erreferentziazko Artxiboa bilakatuko delarik.
Kultura Sailak, zeregin honetarako, 17,53 milioi euro jarriko ditu Azpiegitura programa honen barruan.
EUSKAL HISTORIAREN ETA GIZARTEAREN MUSEOA
Euskal Historiaren eta Gizartearen Museoa izaera nazionala duen egitasmo museistikoa da, euskal historiari eta gizarteari buruzko kontakizunak transmititzea helburu izango duena. Horretarako, bertako publikoarentzat nahiz kanpokoentzat komunikazio aktibo, pedagogikoa eta hurbila bermatuko duten objektu eta eszenografiak bilatuko edo sortuko dira.
Erakusketa egonkorrak izango ditu -urteen joanean aldiro-aldiro gai aldetik eta aldaketa sozial, narratibo eta estetikoen eraginez aldatuko direnak-, bai eta aldi baterako erakusketak ere, edo birtualak, enkarguzkoak, alokatuak edo koproduzitutakoak, bisitariak sarriago bertaratzera animatzeko.
Historiaren ikuspegitik, helburua izango da azaltzea eta ulertzea zerk ekarri duen euskal gizarteak bere adierazpide ezberdinetan (gizarte-eboluzioa, teknologiak, ekonomia, bizimoldeak, pertsonak…), mundu ireki eta globalarekiko etengabeko harremanetan.
Ikuspuntu sozialaren aldetik, herrialdearen bereizgarritasuna funtsatzen duten barne-loturak zeintzuk diren azaltzea izango da helburua, aintzakotzat hartuz betiere eraikitzeko bidean dagoen herria dela, bere identitate politikoekin, modu kolektibo eta demokratiko batean definitu beharreko egitasmoekin; aurrez markatu gabeko destinorik gabe, baina iraganak umoturiko zurkaitzetan bermaturik. Horretarako abiapuntua lehengo eta oraingo idiosinkrasiak dira (hizkuntzak, kulturak, erakundeak, ohiturak, bizimoldeak…), kontrasteak (nekazaritza/industriagintza, tradizioa/modernitatea, kontzientzia kolektiboa/pluraltasuna, kultura-espazioa/espazio juridikoak, elebidunak/elebakarrak…) eta auzo-lurraldeen arteko harremanak (Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroa eta Iparraldea) eta nazioaz gaindiko euskal diasporarekiko harremanak.
Bizkaiko lurralde historikoan jarriko da.
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, Kultura Azpiegituren Plan honen esparruan, 13M € ipiniko ditu.
Donostia, 2009ko urtarrilaren 12an
|