Euskadi.net

Hemen zaude:
  1. euskadi.eus

Mesedez, sartu gutxienez bilaketa hitz bat

  • Nire izapideak
  • Zuzenean - Herritarrari arreta
  • Trafikoa
  • Eguraldia - Informazio meteorologikoa
Autonomi Estatutua, Euskal Herriko Oinarrizko Erakunde-Araua


estatuto

"Euskal Herria, bere naziotasunaren adierazgarri, eta bere burujabetasunera iristeko, espainol Estatuaren barruan Komunitate Autonomo gisa eratzen da. Beronen izena Euskadi zein Euskal Herria izango da; eta Konstituzio eta Estatutu honetan adierazten direnak izango ditu oinarrizko instituzio-arautzat". Horrelaxe hasten da 1979ko abenduaren 18an Lege Organiko bidez onartu zen eta Gernikako Estatutu izenez ezagutzen den Euskadiko Autonomi Estatutuaren lehen atala.
Lege Organiko honen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoa Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Lurralde Historikoek osatzen dute eta zabalik uzten du Nafarroa bertan barne hartzeko aukera, lurralde honek hala erabakiz gero. Euskara, gaztelaniarekin batera, ofiziala da.
Erakunde-arauak adierazten duenez, Euskal Herriko agintea Legebiltzarraren, Gobernuaren eta lehendakariaren bitartez gauzatzen da. Eusko Legebiltzarra Lurralde Historiko bakoitzeko ordezkari-kopuru berdin batez osatuta dago (guztira 75 dira, lau urteko aldi baterako hautatzen direnak) eta ahalmen legegilea gauzatzen du, Gobernuaren egintza bultzatu eta kontrolatzen du eta Gobernuak aurkeztutako aurrekontuak onartzen ditu. Parlamentarien artean hautatzen dute lehendakaria ÄEuskal Herriaren ordezkaritza gorena eta Estatuak Erkidego honetan duen ordezkaritza arrunta duenaÄ eta honek sail desberdinen ardura duten sailburuak (autonomi ministroak) izendatzen ditu. Horiek guztiek osatzen dute Erkidegoko Gobernua.
Horrez gain, Legebiltzarrari dagokio Espainiako bigarren Ganbararako, hots, Senaturako euskal senadoreen izendapena, ordezkaritza egokia bermatzen duten lege propioen arabera.
Euskal Herriko Justizi Administrazioa Aginte Judizialaren Lege Organikoaren arabera egituratuta dago eta Autonomia Erkidegoko lurralde osoan eskuduntza duen eta ondoz-ondoko instantzia prozesalak agortzen dituen Auzitegi Nagusiarekin amaitzen da. Magistratu, epaile eta idazkariak Aginte Judizialaren Lege Organikoak eta bere Kontseilu Gorenak aurreikusi bezala izendatzen dira, Euskal Foru-Zuzenbidearen eta euskararen ezagutza lehentasunezko meritu izanik.
Elementu esanguratsu gisa, Gernikako Estatutuak jasotzen duenez Euskadik bere Ogasun propioa izango du bere eskuduntzak behar bezala erabili eta finantzatzeko. Estatuaren eta Euskal Herriaren arteko zerga-harremanak Kontzertu Ekonomikoaren foru-sistema tradizionalaren bidez arautzen dira, Lurralde Historikoetako erakundeek zerga-erregimena mantendu, ezarri eta arautzeko dituzten eskuduntzen arabera eta Estatuko zerga-egitura orokorrari, Kontzertu Ekonomikoko arauei eta Legebiltzarrak ematen dituenei jarraiki. Halaber, Euskal Herriak Espainiako Estatuari egin beharreko ekarpena Autonomia Erkidegoak bere gain hartzen ez dituen Estatuko kargei eman beharreko Kupo edo ekarpen ekonomikoan datza.
Estatutuak Euskadiko eskuduntza guztiak definitzen ditu, hari soilik dagozkionak zein Estatuko oinarrizko legeria betetzekoak. Gainera, Lurralde Historiko bakoitzeko erregimen pribatiboenak besterik ez diren eskuduntzak esleitzen dira.
Nolanahi ere, Estatutuan bertan berariaz jasota badaude ere, eskumen asko eta asko euskal administrazioari transferitu gabe daude oraindik. Horra hor INEM, Autonomia Erkidegoko hiru aireportuen eta portuen kudeaketa edo espetxeen antolamendua eta funtzionamendua.
Azken eguneratzea: 2009/02/06
Compromiso con las personas