EGITURA
 
SAILAK
 
INSTITUZIOAK
 
Akordioak
Administrazioak
Prentsa Notak
Helbide Gida
 
 
   
"Euskadi-Espainia mende berriaren aurrean; topa gune bat elkarbizitzarako" (2000ko martxoak 23)

Vuelta a Declaraciones  Adierazpenetara buelta                 Word Artxiboa

 
 
Adierazpenak
 
 

 

I.- Sarrera

II.- Zapuztutako elkarbizitza baten historia.

III.- 1978ko Espainiako Konstituzioa, galdutako aukera ote?

IV.- Autonomi Estatutua: Bizikidetzarako abiapuntua.

V.- Bakea eraikitzeko eta normalizazio politikoa lortzeko egin behar den bidea.

VI.- Aukeran dauden beste estrategiak.

VII.- Bukaera

I.- Sarrera.

Martxoaren 12an ospatu ziren hauteskundeek, Estatuaren ikuspegi politikoaren inkognita argitu dute hurrengo urteetarako.
Espainiako gizarteak, Alderdi Popularraren egitasmoa berretsi du, eta gehiengo absolutua eman dio Estatuak aurrez aurre dituen arazoak gestionatu eta konpontzeko, XXI. mendean sartzear gaudenean, aldaketa eta iragaite momentu honetan.
Hauteskundeen emaitzak zilegitasun handia ematen du eta, ondorioz, irtenbidea behar duten arazoak konpontzeko erantzukizun izugarria suposatzen du.
Nire iritziz, "euskal arazoa" izenarekin ezagutzen dena, hau da, Euskadi Estatuan ondo ahokatzeko modua -berdin da nola izendatzen dugun-, oraindik ere gure aurrean daukagu, zoritxarrez, eta trantsizio demokratiko bat izan badugu ere, oraindik konpondu ez dugun gainditu gabeko ikasgai historiko baten antzera.
Hauteskundeak pasatu ondoren, hurrengo urteetan ez da egongo ez aitzakiarik, ez "premiarik" baina, era berean, ez du geldiunerik egon behar.
Nire ustez, Euskadi eta Espainiako gizarteen barruan bizikidetza eta normalizazioa hondatzen dituen gatazkari seriotasunez aurre egiteko momentua iritsi da.
Gatazka honek azalpen dramatiko bat du 1959tik: ETAren indarkeria terroristaren agerpenak bizikidetzaren oinarriak hondatu ditu eta, sueten egoeran izan genuen 14 hilabetetako parentesiaren ondoren, berriz ere agertu da, inolako errurik ez zuten hiru pertsona hil dituzten hiru atentatuetan. Era berezi batean gogoratu nahi ditut gaur eta hemen:

- Pedro Blanco Garcia jauna, urtarrilaren 21ean hil zutena.

- Fernando Buesa Blanco jauna eta

- Jorge Diez Elorza jauna; biak Gasteizen hil zituzten, otsailaren 22an.

Suetena hausteko erabakia hartzean, ETAk ez dio kasurik egin, berriz ere, Euskal Herriko gehiengo nabarmenak exijitzen dionari: hiltzen uztea, borroka armatuari uztea eta euskal gizartearen eskuetan, edozein arazo politikoren irtenbidea jartzea, soil-soilik bake eta demokraziaren bideak erabiliz.
Ondo dakit Alderdi Politikoen artean, salaketa eta gaitzespen gogorrak egin ditugula, suetenaren eszenatokiak ekarri zituen ilusio eta Bake-itxaropena gestionatzeko bakoitzak garatu dituen ekintzen inguruan. Erasorik gehien jasan duten alderdiak EAJ eta EA izan dira. Bere garaian, Euskal Herritarrok formazioarekin elkarrizketa eta negoziazioaren bidearen aldeko apustua egin zuten, Bake-prozesua finkatu ahal izateko.
Hau ez da momentua kexatzeko edo kolpeak eta alferrikako kritikak besteei itzultzeko. Suetena haustearen errudun bakarra, indarkeria berriz erabiltzeko erabakia hartu duena da: ETA, alegia.
Edonola ere, indarkeriak agerian jarri du, berriro ere, konponbiderik izan ez duen gatazka bat dugula eta topa gune bat falta zaigula bizikidetzaren marko egonkorra behin betirako lortzeko.
Bizikidetza marko horretarako oinarriak eta aldez aurreko baldintzak, Bake eszenatoki bat eta indarkeriarik eza izan behar dute, baina, era berean, marko hori normalizazio politiko eta sozialaren oinarri sendoen gainetik eraiki behar da.
Indarkeria mota guztiak onartezinak dira, etika eta moralaren ikuspuntutik, eta arduradun politikoei dagokigu, gaitzesteaz gain, indarkeriaren oinarri diren arazo eta gatazkak konpontzen saiatzea. Horregatik, Lehendakari gisa, momentu hauetan bi aukera nituen:
Lehenengoa: nire hitzaldi honetan, berriz ere, indarkeriaren erabilpena gogorki salatu eta gaitzestea, ez bakarrik etika eta moralaren ikuspuntutik, edozein helburu politiko lortzeko justifikazio gisa baizik.
Bigarrena, agian ausartagoa: aurrekoaz gain, nire burutazioak zuei heldu araztea, indarkeriaren arazoari behin betiko irtenbidea emateko, bere zergatien sustraiak identifikatuz. Indarkeriatik harantz, zer da, konpondutako gatazka historiko gisa, era egokian ala okerrean, "euskal arazoa" izenaz ezagutzen den hori?
Nire ustez, edozein gizarte-arazo konpontzeko, argi eta garbi bereiztu behar dira arazoa bera eta bere kanpo-azalpenak, nahiz eta azken hauek oso dramatikoak izan. Bakarrik horrela abiatuko gara benetako konponketarantz.
Momentu hauetan, hau jarrerarik ausartena eta arduratsuena delakoan nago.
Gai hauetaz hitz egin behar da, ETArekin ala ETA gabe, eta lehen bait lehen egin behar da, aukerarik sortzen denean, berriz ere alferrik galdu nahi ez badugu.
Honi dagokionez, Lehendakariak beti izango du eskua zabalik Espainiako Gobernuko Presidentearentzat, denon artean, euskal gatazkari behin betiko irtenbidea eratzeko gauza izan gaitezen.
Horregatik hausnarketa bat planteatu nahi dut, elkarguneak aurkitzeko, ez haustura bilatzeko; afektibitatean oinarrituz, ez amorruan. Azken batean, "bizikidetza" oinarritzat hartuz.

Elkarrekin bizitzea, hitz ederrak dira. Bere baitan, elkarrekin bizitzeari aplikatu ahal zaizkion afektibitate, sentiberatasun, maitasun, onarpen eta elkarrekiko errespetua dauzka.
Elkarrekin bizitzean, norbaitekin bizitzeak, harreman zuzena du hainbat kontzepturekin: elkarrekin bat etorri, elkar ulertu, onartu, errespetatu eta inposaketarik gabe hitzartu kontzeptuekin, hain zuzen ere.
"Elkarrekin bizi" terminoa, beraz, inposaketa, intolerantzia eta eginbeharrarekin erlazionatutako planteamenduetatik urrun dago. Zentzu horretan, kontzeptu horrek ez dauka zerikusirik partitzeko borondaterik gabe "aldi berean bizi" edo "leku berean bizi" kontzeptuekin.
Elkarrekin bizitzea, familia bat edo bikote baten bizitza definitzeko espresiorik ederrena da. Kasu hauetan, nortasun ezberdin, propio eta uko egin ezinezkoa duten bi pertsonak, era librean, elkarrekin bizitzeko eta familia bat osatzeko erabakia hartzen dute; hau da, bere subiranotasuna, bere jabetasunaren parte bat, partitzen dute, egitasmo komun bat aurrera eramateko.
Hitzarmenaren ordez indarkeria eta inposaketa erabiltzen direnean, edo alderdi batek bestearen nortasuna eta bere kabuz erabakitzeko ahalmena onartzeko ezetza ematen duenean, orduan bikoteak bizikidetza hausten du eta haustura horrek eten egitera edo era inposatuan elkarrekin bizitzera behartzera eraman ditzake.

Bizikidetzaren kontzeptu hau, gure bikote edo familiaren bizitzari aplikatzen badiogu, denok primeran uler dezakegu. Era berean, oinarrizko kontzeptua da herrien arteko armonia ulertu ahal izateko.
Kontzeptu hau hitzaren zentzurik zabalenean ulertzeko gauza bagara, ziur aski urrats handi bat egiten ari gara "euskal arazoa" izenez ezagutzen dena hobeto ulertu ahal izateko. Are gehiago, behin betiko konpontzeko buru-jarrera egokian kokatuko gara.
Honi dagokionez, izenburu berak, hausnarketa positibo bat izan nahi du. Ez du hausturarik planteatzen, bizikidetza baizik. Ez du irainez hitz egiten, tolerantziaz baizik. Ez da krispazioaz ari, afektibitateaz baizik.
Izenburuak beraz, helburu bikain bat, denok nahi duguna, planteatzen du: "elkargune bat bilatzea, euskal gizartearen barruan eta Euskal Herria eta Espainiaren artean behin betiko normalizazio politikoa eta bizikidetza lortzeko".
Hauxe da gaur jakinarazi nahi dizkizuedan hausnarketen helburua, hauxe da Lehendakariaren ekintza politiko eta pertsonal guztiak animatu, animatzen eta animatuko dituen helburua. Benetan uste dut, honexek izan beharko lukeela bai Euskadi bai Espainiako indar politiko eta sozial guztien helburua, aukera historiko baten aurrean gaudelako eta ezin dugulako alferrik galdu.

Gaurko egoeran, beste alde batera begiratzea eta arazoari aurre ez egitea, elkargune posiblea ez zaigulako gustatzen edo gaurko egoeran erosoago sentitzen garelako, gutxienez, arduragabekeria bat izango litzateke; azken batean, gizarte arazo bati konponbiderik ematen ez bazaio, ustelduko da, halabeharrez.
Gizarte edo bizikidetza-arazo baten konponbideari hurbildu ahal izateko, mentalitate ireki bat eta jarrera proaktibo bat behar dira.

Lehendabizi, arazoa existitzen dela onartzeko
Bigarrenez, bere azken kausak ulertzeko.
Hirugarrenez, arazoa bera bere kanpo-azalpenekin ez nahasteko.
Laugarrenez, konponketa-aukerak, elkarrizketa, errespetu eta elkarrekiko tolerantziatik aztertzeko.
Bosgarrenez, elkartzeko eta adostasunerako guneak bilatzeko, horrela behin betiko konpondu ahal izateko.

Guzti horrek, gainera, aurretiazko baldintza bat exijitzen du:
Indarkeria, hertsapen eta txantajerik ez erabiltzea beste alderdiari gure helburuak edo gure irtenbidea inposatzeko. Gizarte arazo baten edozein konponbideren abiapuntua, bide politiko eta demokratikoak era nabari batean onartzea da. Ikuspuntu horretatik, ETAren suetenaren haustura, berriz ere, gehitutako zailtasun bat da izaera politikoa duen gatazka bati konponbidea aurkitzeko.

"Pentsamolde ireki eta demokratikoa"
Nik, aniztasun handiko gizarte bateko Lehendakari gisa, pentsamolde ireki eta borondate demokratiko hauen bidez, beraz, zer pentsatzen dudan jakin arazi nahi dizuet. Ziur nago pentsamolde eta borondate horixe dagoela, ere, hemen zaudeten guztion izpirituan, momentu honetan bizi ditugun aurkako zirkunstantzien gainetik, zirkunstantzia hauek bultza gaitzaketelako indarkeria errefusatzera, azpian datzan normalizazio politikoan oinarritutako gatazkaren azken izaerari buruz ondoren behar bezala hausnartu gabe.

"Arazoa dagoela onartzea"
Izenburuak berak euskal arazoari irtenbidea emateko abiapuntu bat iradokitzen du: arazo bat dagoela onartzea eta, ondorioz, elkargune berri bat aurkitzeko beharra, bizikidetza egonkor baten markoa lortu ahal izateko.

"Bere azken zergatiak ulertzea"
Horretarako, utz iezadazue, mesedez, sartu-irten historiko txiki bat egiten, bizikidetza eskas edo hondatu honen azken jatorria ulertzeko eta azken zergatiak kokatzeko.

II.- Hondatutako bizikidetza baten historia

Euskal Herria osatzen duen giza gunea, antzina-antzinatik bizi da Mendebaldeko Pirinioen bi isurialdeen artean. Historiagileek euskaldunak Penintsulako lehenengo biztanletzat hartzen dituzte, gaur Estatu espainiarrak okupatzen duen lurra izendatu zuten iberiarrak etorri baino lehen.
Inork ez du zalantzan jartzen bi Estatu desberdinetan banatzen den Herri bateko herritarrena den kultur eta historia errealitate bat existitzen dela. Estatu espainiarraren kasuan, gainera, euskaldunak bi autonomi erkidegotan banatzen dira: Nafarroako Foru Erkidegoan eta Euskal Autonomi Erkidegoan, hain zuzen ere.

1.- Bizikidetza-aro bat, Foru, Hitzarmena eta partitutako jabetasunaren errespetuan oinarritua, 1839. urtera arte.

Gerra eta konkisten ondorioz era askotako gorabeherak egon baziren ere, garai batean -gutxi gora behera Iruņeako Erresuma Independientea (gero Nafarroako Erresuma izena hartu zuena) eratu zenetik, Eneko Arista (edo Aritza) Erregea zelarik, 824. Urtean, XIII mendearen hasierara arte (1200. urtean), Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa Nafarroako Erresumaren parte ziren, historia, kultura eta erakunde batasun bat osatuz.
Ondoren, eta subiranotasun propioa erabiliz, bai Araba, bai Bizkaia eta Gipuzkoa, era boluntario batean, Gaztelako Koroan sartu ziren eta, ondoren, Espainietako Erregeekin batu ziren.

- 1200: Gipuzkoak, bere borondatez, Gaztelako Alfontso VII Erregearekin bat egiten du.
- 1332: Arabaren borondatezko entrega Gaztelako Koroari.
- 1379: Bizkaia Gaztelako Koroan sartzen da oinordetzaren bidetik, Juan I Erregearen eskuetan Bizkaiko Jaurerria eta bere gurasoetatik hartu zuen Gaztelako Koroa gelditzen direlako.
- 1512: Nafarroak bere burujabetasun politikoa galtzen du, Iruņeak Albako Dukearekin kapitulatu ondoren, 1512.eko uztailaren 24an, Santiago gauean. 1512.ean Fernando Katolikoak Nafarroa Gaztelako Koroan sartzen dela eta bere Foruak errespetatuko dituela aldarrikatzen du.

Euskal Lurraldeak Gaztelako Koroan sartzen direnetik XVIII mendera bitartean dagoen bizikidetza aldia, zerbait baieztatuz labur daiteke: bai Araban, bai Gipuzkoa, Nafarroa eta Bizkaian, partitutako subiranotasuna egon zen, atxikimendu librearen bidez, Lurralde Historiko bakoitzak Gaztelako errege bakoitzarekin eta, ondoren, Espainiako errege bakoitzarekin zehatz-mehatz berriztatutako batasun pertsonalen bitartez.

2.- 1839: Atxikimendu Librearen Oinarriaren haustura. Bizikidetzaren oinarriaren haustura. Ondorioak.

1833. urtean lehenengo Gerra Karlista hasten da. Bertan ez zen bakarrik erabakitzen Espainiako tronoaren ondorengotza; Euskal Herrian ere, Euskal Foruak erabili ziren gerraren argudio gisa, mantentzearen alde zeuden Karlisten artean eta Konstituzioaren menpe jartzearen aldekoen artean.
* 1839ko Urriaren 25eko Legea. Euskal Foruak indarrik gabe uzteko Lehenengo Legea.
Euskal Foruen defendatzaileak barne hartzen zituen alderdi karlistak gerra galdu eta, ondorioz, 1839ko Urriaren 25eko Legea onartu zen. Lege horren bidez, Euskal Lurraldeei inposatzen zitzaien, aldebakartasunez, Espainiako Monarkiaren batasun konstituzionala, formula honen azpian: "Probintzia Baskongado eta Nafarroako Foruak baieztatzen dira, Monarkiaren Batasun Konstituzionalaren kaltetan gabe".

Efektuak:

- Partitutako subiranotasunaren oinarria hausten da.
- Atxikimendu librearen oinarria hausten da.

Ondorioak: (*)
- Foru Baimena ezabatzen da.
- Gainontzeko lurralde espainiarretan indarrean zeuden Gobernadore Zibilak, Zuzentza Administrazioa eta probintzia eta udal Hauteskunde Erregimena inposatzen dira Euskal Lurraldeetan.
- Barne aduanak ezabatzen dira.
(*) Nafarroak 1841eko Abuztuaren 16ko Lege Pakzionatua hitzartu zuen. Horren bidez, bere Erakundeei uko egiten die, baina indarrean mantentzen ditu bere autonomia eta berdinen arteko hitzarmen-izaera. Foru baskongadoak Dekretu baten bidez aldatu ziren.
3.- 1876ko Uztailaren 21a: Foruak indarrik gabe uzten zituen bigarren legea. 1872tik 1876ra bitartean gertatu zen bigarren Gerra Karlistan, Karlisten alderdian kokatutako Euskal Lurraldeen beste porrotaren ondorioz, 1878ko Uztailean, Euskal Foruak indarrik gabe uzten zituen bigarren Legea onartu zen.

Ondorioak:

- Euskal herritar guztiei egin beharreko soldadutza inposatzen zaie.
- Zerga autonomia eta salbuespena ezabatzen da.
- Foru Diputazioak deuseztatzen dira.

1878ko Otsailaren 28an, lehenengo Ekonomi Hitzarmena izenpetzen da, ez emandako pribilegio baten ondorioz, jatorriko Foruen azken hondakin eta aztarna gisa baizik.

4.- 1939: Espainiako Gerra Zibila amaitu eta Frankoren Diktadura hasten da.
Mende bat pasatu ondoren, bizikidetza berriz hausten da.
Ondorioak:

- Ekonomi Hitzarmena indarrik gabe uzten da Bizkaian eta Gipuzkoan, probintzia traidoreak direlakoan.
- Eusko Jaurlaritza erbestera doa
- Euskal kultura eta euskararen aurkako errepresioa
- Nazionalisten aurkako jazarpena
5.- 1959ko uda: ETAren jaiotza.
Bizikidetza berriz hausten da eta haustura honen ondorio dramatikoak ordutik hona pairatzen ari gara.

III.- 1978ko Konstituzio Espainiarra. Galdutako aukera ote?

Sartu-irten historiko honetatik ondoriorik atera dezakegu?
Gertakizun hauek balio zezaketen Espainian demokrazia eta askatasuna berreskuratzeak suposatu zuen aukera historiko berria aprobetxatzeko, eta Euskal Herri osoa integratzeko gai zen konstituzio marko bat lortu ahal izateko?
Galdera horien erantzuna, orduko ikuspuntu politiko eta sozialetik, BEHARBADA da.
Beharbada, Konstituzio posible bakarra zen momentu hartan.
Beharbada, ez zen nahikoa borondate politikorik egon, nazio anitzek osatutako Estatu batean nazionalitate historikoak ahokatzeari buruzko behin betiko erantzuna emateko.
Beharbada, euskal kasuaren singulartasun historikoa, diktaduratik demokraziara pasatzeko prozesuan negoziatutako Konstituzio batean sar zitekeena baino urrutiago zegoen.
Beharbada, atea itxaropenari irekita uzten saiatu ziren, Konstituzioaren Xedapen Gehigarriaren bidez; baina, Konstituzioari buruzko eztabaida bera kontutan hartuz -Euskal Taldea ez zen ponentziaren barruan sartu-, eta Euskal Taldeak proposatutako zuzenketak ez onartzeko eman ziren argudioek islatzen dutenez, ez zen baikortasunerako leku handirik geratu.
Ondoren gertatutakoa eta Konstituzioak azken 21 urteetan izan duen garapena ikusita, argudio horiek baieztatu dira, zoritxarrez.
Ez gara orain gogoratuko zer izan zitekeen eta zer ez zen izan. Eta ez dagokit, momentu honetan eta Lehendakari gisa, Konstituzioa onartzeko prozesuan Euskal Taldeak proposatu zuena defendatzea.

Baina, ziur aski, galdutako aukera bat izan zela baieztatu nahi dut.

Euskal Taldeak egindako lehenengo zuzenketan formulatzen zen ideia bat uxatu zen. Bertan, irtenbide singular bat proposatzen zen, Konstituzioak Euskal Herriaren izaera berezia onartu zezan. Zuzenketak ez zituen bakarrik babesa eta errespetua aldarrikatzen, Euskal Herriaren Eskubide Historikoen "onarpena" baizik, lehenik Koroarekiko hitzarmenaren bidez eta, ondoren, 1839an haustutako foru hitzarmena berriro ezarriz.
Koroa, Hitzarmena, partitutako subiranotasuna eta Eskubide Historikoak,hauek izan ziren eskandaluzko arrazoi batzuentzat: lurraldeen deszentralizazio administratiboa onartzeko prest egon arren, Konstituzioaren aurreko nortasun historiko, kultural eta politiko baten adierazpenak eta, ondorioz, erabakitzeko subjektuak diren errealitate nazional batzuk onartu ezin zutenentzat, alegia.
Horrela, euskal abertzaletasunak ordezkatutako euskal gizartearen parte baten errebindikazioa hondatzea lortu zen. Ez zuen bakarrik zerikusirik izan konpetentziak lortzeko nahiarekin; are gehiago, ez zuen bereganatzen izaera baten onarpena. "Euskal Herriak bera izateko duen eskubidea onartzeari uko egin zioten".
Horrela, 1978ko Espainiako Konstituzioak, euskaldun guztiontzako bizikidetza marko berri baten giltzarria izan beharrean, eta euskal errealitate nazionala Estatu nazio anitz batean era eroso batean sartu beharrean, ez zien erantzunik eman itxaropen horiei.
Eguneko konstituzio markoaren islapen objektiboa eskasa da eta "zabaldu" beharra dago, Euskadin gehiengoaren bizikidetzarako aukera bat egotea nahi izanez gero. Hor dago 1978ko referendumean Espainiako Konstituzioak lortu zuen bultzadaren datua: Euskal Autonomi Erkidegoko herritarren %30,8ak baieztatu zuten.
Datu hau, bere aldetik bakarrik, eta sentsibilitate abertzale edo Eskubide Historikoei buruzko hausnarketetan sartu gabe, ikuspuntu demokratiko batetik bakarrik, akaso ez gintuzke gu guztiok eraman behar hausnarketa batera?
Ez al da, bultzada demokratikoari dagokionez, hobetu behar den egoera baten islapen zehatza?
Estatu espainiarreko bizikidetzaren oinarrizko araua, aplikatu behar den lurraldearen zati batean bakarrik %30,8ak baieztatzeak, ez al du adierazten irtenbiderik gabeko gatazka bat dugula?
Hau hola bada, ez al genuke gu guztiok eduki beharko, helburu demokratiko gisa, arau bat berriz irakurri, zabaldu eta, are gehiago, beharrezkoa izanez gero, aldatzea, Herri baten gehiengoak nahi duenari behar bezalako erantzuna emateko?
Hauxe da gure buruari denok egin behar diogun galdera eta denok erantzun beharko genukeena, hasieran aipatzen nuen mentalitate ireki eta demokratikotik.

IV.- Autonomi Estatutua. Bizikidetzarako abiapuntu bat.

Konstituzioak Euskal Autonomi Erkidegoan lortu zuen bultzada bakarrik %30,8koa izan bazen, Gernikako Autonomi Estatutua, ordea, euskal gizartearen gehiengoak onartu zuen, bizikidetzarako bidean aurrera jarraitzen utziko zuen apustutzat hartu zelako.
Ikuspuntu honetatik, Gernikako Estatutuak ate bat ireki zion itxaropenari. Tresna gisa hartu genuen, horren bidez, autogobernu eskaerei eta Euskal Herriaren nortasun berezia onartzeari erantzuna eman ahal izateko.
Autonomi Estatutua, Euskal Herriari onartzen zizkion konpetentziez gain, Euskal Herriaren nazionaltasunaren adierazpen moduan eratu zen; Bizkaia, Araba, Gipuzkoa eta Nafarroako Lurraldeak biltzeko aukera irekita uzten zuen -azken Lurralde horretako herritarrek era libre batean horrela erabaki ezkero- eta, bereziki, bere Xedapen Gehigarrian, hau aipatzen zen, espreski: autonomi erregimen hau onartzeak, ez zuen inplikatzen Euskal Herriak, bere historiaren arabera dagozkion eskubideei uko egiterik.
Hauek izan ziren, bere garaian, orain dela 20 urte, Euskal Herriko gehiengoaren ilusio eta itxaropena eraikitzeko erabili ziren oinarriak.
Zer gertatu da 20 urte hauetan?
Itxaropenak errealitatearekin bat etorri dira?
Gernikako Autonomi Estatutuari esker, maila handi bat lortu dugu konpentzia-autogobernuan. Berari esker ere, euskal herritarren ongizate eta aberastasuna handitzeko aukera izan dugu.
Baieztapen hau derrigorrez egin behar du Lehendakariak, bere Alderdiak, erakundeak berreskuratu eta Estatutuari esker lortutako transferentzien gestioaz arduratzeko erantzukizuna izan duelako.
Baina, hau esan eta gero, beste zerbait onartu behar da: Autonomi Estatutuak frustrazioa sortu du, ez bakarrik haren aldeko botorik eman ez zutenen artean, haren aldeko apustua egin zuten pertsona askoren artean ere.
Zergatik?

Lehenik:

Estatutuaren gaurko garapena ez datorrelako guztiz bat Konstituzioan bertan diseinatu nahi izan zen ereduarekin.
Hasierako autonomi eredu hura, trataera berezia behar zuten desberdintasun eta berezitasunen existentzian oinarritua, 1981eko autonomi itunen eta LOAPAren ondorio homogeneizatzaileen ondorioz hautsi zen. LOAPA konstituzioaren aurkakotzat hartu bazen ere, bere ondorio praktikoak gaur arte nabaritu ahal izan dira.

Desberdintasunak behar bezala ahokatu beharrean, "guztiontzako kafea"ren aukera hartu zen, nortasun historikoak, autonomien erregimen orokor batean, "erregionalismo osasuntsu" batean urtzeko itxaropenez. Guzti horren emaitza, konpetentzia eta baliabideen deszentralizazio administratibo bat izan da, kasu askotan. Alde batetik, emaitza horrek Estatuko erakundeen konplexutasuna handitu du eta, bestetik, ez du balio izan, nazionalitate historikoek Autonomien Estatuan jarri zituzten onarpen-itxaropenei behar bezalako erantzunik emateko.

Bigarrenez:
Aurrekoaren ondorioz, referendum baten bidez onartu zenetik 20 urte pasatu direnean, Gernikako Estatutua oraindik ez da osorik bete.
Ikuspuntu horretatik, Gernikako Estatutuak "ohore" tamalgarri bat du: 20 urte pasatu ondoren, Estatu espainiarrak oraindik bete ez duen Lege Organiko bakarra izatearena, zentzu horretan Eusko Legebiltzarrak aho batez dei asko egin baditu ere.
Hirugarrenez:
Bai PSOEren garaian, bai PPren garaian, Gobernu Zentralak Estatutua garatzeko bideratu duen estrategia, oso urrun egon da Estatutua sortarazi zuen jatorrizko hitzarmen eta akordio-zentzutik.
Oraindik bukatu ez den transferentzien prozesua, baldintzapean egon da eten gabe: kontraordain politikoen lorpena eta Lege Organiko baten betetzearekin zerikusirik ez duten bidesarien ordainketa, hain zuzen ere.
Transferentzien lehortea egon den aldiak eta desblokeo-urteak errepasatu ezkero, aurreko baieztapenen erakusgarri onak lor daitezke. Estatutuan aurreikusita egon arren, Estatuaren aurrekontu nagusiak onartzeko EAJk emandako laguntzaren kontraordain gisa lortutako eta bi aldiz ordaindutako A-8 autobidearen transferentzia egin berri den akordioa, errealitate horren islapen ezin hobea da.
Laugarrenez:
Azkenik, Estatutuan onartutako autogobernu maila alde batetik apurtu da, Espainiako Administrazio Zentralak bere aldetik onartu dituen oinarrizko legen bidez, eta gure autogobernuaren erabilpenaren etengabeko judizializazioaren bidez. Ekonomi Itunaren egoera, jarrera horren azken eta zorigaitzeko adierazpena da.
Ez da harritzekoa, beraz, Autonomi Estatutuan bere itxaropen guztiak jarri zituen euskal gizartearen sektore batentzat, Urriaren 25ak, poza ekarri beharrean, desilusioa ekartzea.
Ondorioz, eta Gernikako Estatutuaren fruituak eta konpetentzien transferentziak pasatzeko prozesu bat burutzeko izan duen garrantzia onartu eta oso era positiboan baloratzen badira ere, errealitate objektiboa baieztatu behar dugu: euskal gizartearen alde adierazgarri batentzat, egun duen garapen mailak, ez du balio izan Euskal Herriaren nortasun nazionalaren onarpena, osorik eta behin betirako, bideratzeko. Are gutxiago, ez du balio izan Estatutuan bertan ezartzen zen konpetentzia autogobernuaren mailari erantzunik emateko, onartu zenetik 20 urte baino gehiago pasatu badira ere.
Bukatzeko, baieztatu dezakegu Gernikako Estatutua, bere garapenak euskal gizartearen alde batean sortarazi ahal duen frustrazioa gora-behera, oinarrizko tresna bat izan dela gure autogobernua osatzeko eta gure herrian bizikidetza demokratikoa eratzeko. Ikuspuntu honetatik eta testu irekiaren izaera kontutan hartuz, Estatutuak baditu ahaltasunak, aztertu beharrekoak. Eta aztertu behar dira topa gune berri bat aurkitzeko, bai bere Xedapen Gehigarriaren garapenaren bidez, bai bere berriztapen edo aldaketaren bidez. Topa gune horretan, Euskal Herria nortasun eta izaera propioa duen subjektu politikotzat onartu behar da, ez Administrazio Zentralak, nahi duen eta dagokion moduan hartutako erabakiaren ondorioz, emandako transferentzia zehatzen hartzaile gisa.

V.- Bakea eta normalizazio politikoa eraikitzeko egin behar den bidea.

Aurretiazko postulatuak:
- Euskal arazoa argi eta garbi definitzea:
Orain arte, ibilbide historiko txiki bat planteatu dugu, "euskal arazoa" izenez ezagutzen denaren jatorriaren markoa hobeto ezagutzeko.
Hitz politikoetan, arazo hau horrela defini daiteke: "euskal gizartearen zati adierazgarri bat ez dago gustura Konstituzioak elkarbizitzarako ezarri duen gaurko markoarekin; arazoa ez da bakarrik bere menpe dagoen konpetentzia-maila; batez ere, ez dela espreski onartzen bereiztutako nazionalitate baten existentzia, Konstituzio beraren aurreko eskubide historiko batzuk dituen subjektu politiko batena eta, azken batean, bere etorkizun propioaz era libre eta demokratikoan erabakitzeko ahalmen eta subiranotasuna duen herri batena"

- Ez nahastu normalizazio politikoaren arazoa ETAren indarkeriarekin.

Arazoa bere termino politikoetan definitu ondoren, beharrezkoa da, beraz, bere kanpo azalpenekin nahasteko tentazioan ez erortzea.
Termino demokratikoetan normalizazio politiko eskasekotzat har daitekeen egoera bat, ETAko terrorismoak galbideratu du.
Askotan nahastu da, era interesatu batean, bake prozesua, indarkeriarik eza bezala ulertua, normalizazio politikoaren prozesuarekin, azken hau elkarbizitza gatazka eta Euskadi Espainian ahokatzeko arazoaren irtenbide gisa ulertua.
ETAk erabilitako indarkeriak ez du bakarrik prostituitu euskal gizartearen gehiengoaren nahi demokratiko zilegiak; gainera, arazoaren jatorria itxuraldatu eta pozoitu du, indarkeria eta errebindikazio demokratikoak nahastuz. Baina, batez ere, elkarbizitza era tragikoan itxuraldatu duen elementu bat izan da eta, ondorioz, oraindik ere irauten duenez, inolako kasutan, indarkeria, terrorismo, koakzio edo txantajearen bidez konpondu ezin den normalizazio politikoaren arazo historiko bati aurre egiteko eragozpen bat izan da.

Euskal gizartearen gehiengoak ez du onartu, ez du onartzen eta ez du onartuko indarkeriaren erabilera helburu politikoak lortzeko tresna gisa; horregatik, edozein irtenbide izateko, lehenago ETAren sueten aldebakar bat ezinbestekoa da. Hau da euskal gizarteak ETAri berriz azaltzen dion exijentzia.
1999ko abenduaren 3an suetena hautsi ondoren, ETAk ezetza eman dio euskal gizarteak esaten dionari, eta giza eskubiderik oinarrizkoena, bizitzeko eskubidea, urratu du, inolako errurik ez zuten hiru pertsona hil dituenean.
Baina, eszenatoki honetan egon arren, ETAri berriz ere gure gaitzespenik handiena adierazi eta indarkeriarik ez erabiltzeko eskatzen diogularik, gauza izango al ginateke ordezkari politikook, elkarrizketa, errespetu eta elkarrekiko tolerantziatik irtenbiderako aukerak planteatzeko?
Posible al da bizikidetzarako topa gune bat aurkitzea?
Hauexek dira hasieran gure buruari egiten genizkion galderak, eta hauexek dira indarkeriaren arazoari behin betiko irtenbidea emateko bidean sartu beharko gintuzketen galderak.

Hasierako bi kontsiderazio, eguneko euskal gizarteari buruzkoak.
Galdera horiei erantzuna eman baino lehen, eguneko euskal gizarteari buruzko bi kontsiderazio egitea ezinbestekoa da:

1.- Euskal gizartea Gizarte Anitz bat da:

- Hau gaurko euskal gizartearen oinarrizko ezaugarria da, gizarte moderno, ireki eta aurreratu bati dagokion bezala.
- Anitza da gizarte ikuspuntutik, lurraldearen ikuspuntutik eta nortasun sentimenduen perspektibatik ere. Euskal herritar batzuk haien burua espainoltzat hartzen dute, eta beste batzuk, euskalduntzat bakarrik.
- Bizikidetzarako edozein topa gune bilatu ezkero, aniztasun hori bereganatu eta errespetatu behar da. Horregatik, edozein topa gune berrik, gai izan behar du adostasunetik kanpo daudenak sartzeko eta orain barruan daudenak kanpoan ez uzteko. Hau da, euskal herritar guztiak, sentsibilitate batekoak zein bestekoak sartu eta errespetatzeko gauza den topa gune bat lortu behar dugu.
- Ezin dugu bilatu, beraz, "trenen arteko talkarik", nortasun eta partaidetza sentimenduen erasorik. Gehiengoak gutxiengoak errespetatu behar dituzte baina, "a sensu contrario" eta era demokratikoan, gutxiengoek gehiengoak errespetatzea ezinbestekoa da.
2.- Euskal gizartea Gizarte Bereizi bat da:

- Euskal gizartearen aniztasun politikoaren gainetik, partaidetza komunaren sentimendu bat dago: denok euskal herritartzat jotzen dugu gure burua.
- Era berean, nortasun historiko eta kultural propioa duen herri bateko kide izatearen sentimendu sakona dago. Esate baterako, erakusgarri hauek eman daitezke:
· Euskal alderdi abertzaleen gizarte protagonismoan islatutako gehiengoaren sentimendu abertzale bat dago.
· Sindikatu mugimendu propio bat, langile gehienak ordezkatzen dituena, dago.
· Hizkuntza bereizi bat.
· Ohitura eta historia propioak.
· Euskal herritar gehienek, Euskal Herria nortasun propioa eta bere etorkizunaz erabakiak hartzeko ahalmena duen herri bat dela baieztatzen dute.

Sintoma hauek ondo adierazten dute Euskal Herriak bere izaerari buruz duen pertzepzioa: nortasun singular eta bereizia duen gizarte bat, ondorioz, Estatu espainiarrean onarpen bereizgarri bat eduki behar duena.
Bilatzen ari garen topa gune posibleak, errealitate hori hartu behar du kontutan, iraganeko akatsak errepikatu nahi ez baditugu, bizikidetzarako markoa behar bezala itxi eta hausturan bukatu nahi ez badugu.
Ikuspuntu honetatik, zein da jorratu behar dugun bidea?

Bakea eta normalizazio politikoa eraikitzeko jorratu behar dugun bidea.

Lehenik:

Indarkeriarik gabeko eszenatoki bat eraikitzea.
Orain ez dut publikoki gaitzetsi edo kritikatu Espainiako Gobernuak edo alderdi demokratikoek garatu duten bake prozesuaren gestioa. Ez naiz tentaldi erraz horretan eroriko. Suetena haustearen erantzukizun zuzena, lehen esan dudan bezala, indarkeria berriz erabiltzeko erabakia hartu duenarena da bakarrik; ETArena, alegia.
Baina, hau esan ondoren, nire iritziz, Bake prozesua ez dela behar bezala gestionatu adierazi nahi dizuet.
Dena den, euskal gizarteak Bakearen bidea hartu du; bertan ez dago atzera bueltarik, eta ez da geldituko.
Zentzu horretan, zerbait ziurtatu diezazueket: Lehendakariak eta bere Gobernua alderdi politikoekin eta euskal gizartearekin batera lan egiteko prest daude, indarkeriarik gabeko eszenatoki bat lortu ahal izateko.
Ez gara etsipenean eta inmobilismoan eroriko.
Askotan esan dut, eta orain ere berriz esango dizuet, euskal gizarteak ez duela iraganera bueltatu nahi; etorkizunari begira egon nahi du. Iraganean biktima errugabe askoren mina eta sufrimendua egon da. Euskal gizarteak, bakarrik etorkizunaren aldeko apustua egin nahi du.

Bigarrenez:
Euskal alderdi politiko guztien arteko Elkarrizketa foro Bat osatzea.

Iraganeko akatsetatik ikasi behar dugu. Hau da, ez dugu berriz erori behar etengabeko indarkeria eta gizarte konfrontazio egoeran ataskatzen gaituzten formula inmobilista eta hertsiak errepikatzeko tentaldian.
Euskal alderdi politikook konfidantzazko eszenatokia berreskuratu eta pasatu dugun kontraesan eta indar-pilatzearen aldia gainditu behar dugu. Ezinbestean ETAren indarkeriaren gaitzespen gogor eta errefusamen etiko eta morala egin ondoren, gure artean sakontasunez hitz egiteko, sakoneko arazoari erantzuna emateko, elkarbizitzarako topa gune bat bilatzeko ahaleginak egin behar ditugu.
Helburu horrekin, gure artean, ez komunikabideen bidez, elkarrizketa zuzena, zuhur eta bizi bat egitea oinarrizkoa dela pentsatzen dut oraindik ere. Bide politiko eta demokratikoekiko konpromisoa eta euskal gizarteak momentu bakoitzean bere etorkizunari buruzko erabakiak hartzeko duen borondatea errespetatzeko konpromisoa agertzen duten alderdi politiko guztiak ordezkatu ditzakeen foro bat edo batzuetara irten daiteke elkarrizketa hori.
Euskal Alderdi guztien arteko gutxienezko izendatzaile komuna osatzen duten oinarriak ezartzetik abiatu beharko du elkarrizketa horrek. Bakea eta normalizazio politikoa lortzeko prozesuari aurre egiteko eta, ondoren, gure desadostasunen sustraian dauden arloak identifikatzeko; desadostasun horiek sakondu beharrekoak dira, topa gune berriak lortu ahal izateko.

Hirugarrenez:
Bizikidetzarako lehenengo topa gunea bilatzea

Topa gune honek honako balioztapen baldintza hauek kontutan hartu beharko luke:
1.- Euskal alderdi politiko gehienen arteko adostasuna lortzeko gai izatea.
2.- Guztiak integratzeko gai izatea, bakoitzak ordezkatzen dituen aukera zilegiak aurretik epaitu edo baldintzatzen ez dituelako.
3.- Etorkizunean adostasun berri baterako irekitako ate bat izatea.
4.- Euskal Lurralde Historiko guztietarako gutxienezko izendatzaile komuna izan ahal izatea.
5.- Soilik oinarri demokratikoa duen planteamendu bat izatea.
6.- Orain arte lortutako elkarbizitza markoak ez haustea.
7.- Konstituzioaren interpretazio ireki eta dinamikoa dakarren Estatu Itun baten bidez, ordenamendu juridikoan sartu ahal izatea.
8.- Konstituzioak babesten dituen eskubide historikoen arabera, foru-oinarria duten lurraldeetan aplikatu ahal izatea.

Aurreko baldintzekin bat etor daitekeen topa gunea -nik, zintzotasun osoz, horrela uste dut-, "euskal herritarrek bere etorkizunari buruzko erabakiak era libre eta demokratikoan hartzeko duten eskubidea espreski onartzea" da.
Edo, beste era batera esanda:
Aurretik zeudelarik, Konstituzioak babestu eta errespetatzen dituen Eskubide Historiko batzuk benetan onartzea; hau da, foru-oinarria duten Lurralde Historikoetako herritarrek -orain arte eraikitakoa errespetatuz- haien artean eta Estatu espainiarrarekin eduki nahi duten harreman juridiko-politikoari buruzko erabakiak era libre eta demokratikoan hartzeko duten ahalmena onartzea izango litzateke, besterik gabe, gaurko terminoetan.

Laugarrenez:
Hala balegokio, lortutako topa gunea euskal herritarrei egindako herri kontsultaren bidez baieztatzea, edonola ere, Euskal Herria orain eratzen den eremu eta erkidego desberdinen borondatea errespetatuz.
Inolako indarkeriaren espresio eta azalpenik gabeko eszenatoki batean egin beharko litzateke kontsulta hau.

Bosgarrenez:
Hala balegokio, Estatuarekin izenpetutako Hitzarmen berri baten bidez, euskal gizartearen erabakia ordenamendu juridikoan sartzeko.
Funtsezko galdera hau izango litzateke:
Konstituzioak babestu eta errespetatzen dituen Eskubide Historiko propioen existentzian oinarrituta, euskal herritarrek, referendum batean, bere etorkizunaz erabakiak hartzeko eskubidea baieztatuko balute, eskubide horren onarpenak eta bere erabilerak, lekurik izango al lukete ordenamendu juridikoan?
Errebindikazio demokratiko hau sartu al daiteke Zuzenbidezko Estatuan? Konstituzioan sartu al daiteke?

Erantzuna, borondate politikoaren eta konstituzio markoa interpretatu eta irakurtzeko moduaren menpe egongo da.

1.- Konstituzioaren interpretazio hertsi eta zorrotz batek, eskubide hori sartzea ezinezko bihurtuko luke eta, bigarren indargabetzailearen inguruan, Lehenengo Xedapen Gehigarrian irekitako zirrikituaren bidez onartu eta erabiltzeari itxiko lioke atea.
Kasu honetan, erabaki bat hartu beharko genuke: ea Konstituzioaren aldaketa formal bat egiten dugun edo, batzuk esan duten bezala, Konstituzioa "nazioen kartzela" bihurtuz, eskubide hori onartzeari uko egiten zaion.

2.- Interpretazio malgu eta dinamiko batek ate bat irekita uzten du, Xedapen Gehigarriaren bidez eta Eskubide Historiko eta euskal herritarren erabaki demokratikoen bitartez, ospe handiko idazle batzuk defendatu duten bezala.

Seigarrenik:
Bigarren topa gune bat:

"Bera izateko eta berak erabakitzeko eskubidearen" onarpen horren erabilpenean, euskal gizarte osoak, bere baitan beste topa gune bat bilatu beharko luke, Estatu espainiarrarekin eduki nahi duen harreman juridiko-politikoaren markoa aztertzeko.
Lehendakari gisa, euskaldun guztien sentsibilitate desberdinak aurrez aurre eduki behar ditut. Hau dela eta, ez dut topa gune hau ikusten, ez independentzian, ez gaurko Konstituzioan. "Momentuko errealitatea" aintzat hartuz, nire ustez, eguneko errealitate politiko eta instituzionalean eta indarrean dauden marko juridikoetan, hau da, orain arte eraikitakoan oinarritutako topa gune batek estatutu berri bat definitu behar du, ez bakarrik konpetentzien arloan, "egiteko edukitzea" printzipioaren arabera, "erabakitzeko izatea" oinarriaren onarpenaren gainean baizik.
Oinarri hori onartu ezkero, edozein negoziazio-prozesuk, edonola ere, orain dela hogei urte baino gehiago betetzear dagoen gaurko Autonomi Estatutuaren eduki materiala osorik eta berehala betetzetik hasi beharko luke, batez ere gizarte eta lan arloari dagokionez.
Gainera, negoziazio prozesuak harreman markoa, Europa eta nazioarteko errealitate berriari egokitu beharko lioke, Euskal Lurralde desberdinen arteko politika eta erakunde harremanaren mailak ezarriz, Euskadi Europan egon eta zuzenean parte har dezan, bere konpetentzia esklusiboak diren gaietan, eta nazioarteko foroetan bere izaera berezi eta bere konpetentzia eta politika publikoak ordezkatu eta defendatzeko erraztasunak emanez.

Bukatzeko, nire iritziz, jorratu beharreko bideak, azken batean, euskal gizarteak bere burua definitzeko duen nortasunaren onarpenetik hasi behar du eta, hortik aurrera, Estatuarekin, atxikimendu librean eta elkarrekiko errespetuan oinarritutako bizikidetza harremanak ezarri behar dira.
Bidea laster bukatuko da. Elkarrekin egin dugu bide hau, Bakea berreskuratzeko asmoz, ez bakarrik indarkeriarik gabeko egoera bati dagokionez, armonian bizikidetza marko bat erraztuko duten topa guneen gainean oinarritutako behin betiko normalizazio politikoa lortzeko ere.
Hala ere, ez zait egoki iruditzen, gaurko egoera ikusita, proposatutako bidearekin bat ez datozenak daudela ez onartzea. "Aukerazko beste estrategiak" daude indarkeria desagertarazteko eta Euskadiko normalizazio politikoa lortzeko.
"Aukerazko estrategia" horiek aipatuko ditut, era laburrean bada ere.

VI.- Aukerazko beste estrategiak:

1.- Indarkeria eta inposaketaren estrategia ETAren aldetik.

- Iraganera itzultzea. Kale itsu batera itzultzea.
- Estrategia politikoa indarkeriarekin bateraezina da. Edozein errebindikazio demokratiko indarkeriak prostituitzen du.
- Ezertarako balio ez duen estrategia bat da.
- Euskal gizarteari min eta sufrimendu handiagoa ekarriko dio. Euskal gizarteak ez du inoiz onartuko iraganera bueltatzea.
- Oker dagoen estrategia da, ez bakarrik etika eta moralaren ikuspuntutik, ikuspegi politiko eta sozialetik ere.
2.- Indarkeriari bukaera emateko estrategia inmobilista.
Estrategia poliziala bakarrik erabiltzeak indarkeriaren bukaera ekarriko al du benetan?
ETAk txantaje eta hilketetan diharduen klan familiar bat izanez gero, bai; baina horrela pentsatzeak gure burua engaina dezake. Esperientzia historikoak diogunez, diktaduraren urterik gogorrenek, demokraziaren aroan poliziaren arrakastak eta gerra zikinak, ez dute balio izan indarkeria behin betirako desagertarazteko.
Edonola ere, alegiazko poliziaren garaipen eta ETAko kupularen atxiloketa masibo batek, hurrengo egunean Bakea ekarriko lukete Euskadiko kaleetara? Normalizazio politikoa ekarriko liokete euskal gizarteari?
Kasu horretan ere ez dut uste. Eta aurreko historian eta euskal errealitatearen ezagutzan oinarritutako sentsazio pertsonal horrekin bat dator euskal gizartearen gehiengo osoa. Euskal gizartearen gehiengoak, galdetu dioten bakoitzean, agerian utzi du bide poliziala ez dela nahikoa, gatazkari konponbidea emateko. Alderantziz, gehiengo osoaren iritziz, indarkeriaren bukaera bakarrik gauzatuko da elkarrizketa eta negoziazioaren bidetik, eta horrela adierazi genuen 1988an alderdi politiko guztiok izenpetu genuen Ajuria-Eneako Itunaren hamargarren puntuan.
Baina, gainera, norbaitek uste al du euskal gizartea pozik geratuko dela alderdi politikook indarkeria gaitzetsi eta ETAri hiltzen uzteko eskatzeko errekurtsoaren lubakian babesten bagara?

3.- Normalizazio Politikorako estrategia hertsia. Gaurko marko juridikoak ez du aldaketarik onartzen. Estatutuak eta Konstituzioak azken mugak dira. Azken puntuaren estrategia.
Estrategia hau guztiz zilegi da ere, baina, ziur aski, ez da arrazoizkoena termino politikoetan, eta ez da defendagarriena soilik termino demokratikoetan. Belarriak estali eta beste aldera begira dezakegu trena ez entzun eta ez ikusteko; baina, hala ere, trenak ibiltzen jarraitzen du, eta gu harrapatzeko arriskuan gaude. Erabakitzeko eskubidea errebindikatzearen trena, euskal gizartearen zati handi batek eskatzen duen nortasun propio eta partitutako subiranotasuna onartzearen trena, ez da geldituko, beste alde batera begiratzen dugulako.
Nire ustez, jarrerarik argiena, arazo honen existentzia onartzea eta errebindikazio hau itun eta negoziazioa erabiliz bideratzea da. Norbaitek Konstituzioa eta Estatutua "giltzez" ixteko ahaleginak egiten baditu ere, zalantzan jarri ez daitezkeen bi errealitate daudelako:
- Gaur egun indarrean dagoen Espainiako Konstituzioak, euskal gizartean daukan bultzada demokratikoa dauka; ez dauka euskarri gehiagorik, ez gutxiagorik ere.
- Gaur egun indarrean dagoen Estatutua, euskal gizartearen gehiengoak onartu zuen. Baina lege-tresna hau ez zen gauza izan euskal herritar guztiak integratzeko. 20 urte pasatu dira eta oraindik bete gabe dago.
Norbaitek pentsatzen al du, benetan, euskal gizartearen topa gunea, hurrengo hogei urteetan Estatu espainiarrari Estatutuaren garapen oso eta leiala erreklamatzen jarraitzea dela?
Norbaitek pentsatzen al du, benetan, hurrengo hogei urteetan, euskal gizartea eroso sentituko dela, bere Autogobernua eta jatorrian zeukan subiranotasunaren hondakin bakarra den Ekonomi Hitzarmena defendatzen, Estatu espainiarrak eten gabe egiten dituen epai-errekurtso, eraso eta pribilegio salaketen aurka? Nik, zintzotasun osoz, ez dut uste hau Euskal Herriaren behin betiko normalizazio politikoa lortzeko bidea denik.

VII.- Bukaera:

Nire hitzaldiaren hasieran esaten nuena ekarri nahi dut berriz, bukatzeko. Elkarrekin bizi oso hitz politak dira, elkarbizitzaz ari garenean. Elkarrekin armonian bizitzea, beraz, posible izango da bakarrik indarkeriarik gabeko egoeratik, baldintzarik gabeko Baketik, tolerantziatik, bestearen nortasunaren onarpenetik eta bere kabuz erabakiak hartzeko duen ahalmena errespetatzetik.
Azken batean, Euskal Herriak bere etorkizun propioari buruz erabakitzeko duen eskubidea onartzea da kontua, gaur egun dena errespetatuz eta onartuz.
Premisa demokratiko honetatik, euskal gizartearen erabakia onartu beharko dugu, bere egitura osatzen duten erakunde eta politika eremuak eta erabakia hartzeko momentu historikoaren errealitatea kontutan hartuz.
Ondo dakit hausnarketa hauek planteatzeak, konplikazio eta zailtasunak dituela, ETAk bizikidetza berriz haustea erabaki duen momentuan. Hala ere, ahaleginak merezi du. Bakea, normalizazio politikoa eta euskal gizartearen baitan Espainiarekin bizikidetza afektiboa berreskuratzea, helburu duinak dira edozein demokratarentzat, eta buruzagi politiko guztien erantzukizunik garrantzitsuenak izan behar dute.
Herrien artean edo familiaren barruan, bizikidetzak afektibitatea, sentiberatasuna, tolerantzia suposatzen ditu. XXI. mendean, egitasmo politikoak atxikimendu librearen bidez burutzen dira edo fikziokoak dira. Bizitzan, posible al da elkarrekin bizitzea, partitzea, afekturik ez badago, edo errespeturik ez badago?

 
 

Homepage
Indice
LEHENDAKARITZA