ONDORIOAK:
1.- Euskadik, azken bi hamarkadetan,
diktadura-garaitik jasotako garapen ekonomikoaren eredua sakon-sakon
aldatzeari ekin dio. Barne-merkatura bideratutako ehun produktiboa
ezaugarri duen eredua ekonomikoa, oso gutxi dibertsifikatutakoa
eta urritasun teknologiko larrikoa.
Aldaketa arrakastatsu horren bi giltzarri nagusiak hauek izan
dira: batetik, kanpora irekitzea eta Europako merkatuan barneratzea;
bestetik, autogobernua berreskuratzea, euskal instituzioek,
horren bidez, politika publiko asko jarri ahal izan baitituzte
abian.
Aldaketa horren emaitza nabarmenena Barne Produktu Gordin per
capitaren hazkundean ikus daiteke, ia bikoiztu egin baita 1980
eta 2002 artean. Horrenbestez, euskal herritarraren errenta
Europako batez bestekoaren %105ean jarri da, eta 16 puntutan
hobetu da 1980an zuen kokapen erlatiboa.
2.- Aldaketa ekonomikoaren
eta ongizatearen hobekuntzaren prozesu horretan hiru aldi
bereiz daitezke, eta horiek nolabaiteko paralelismoa dute
autogobernuaren aurrerapenarekin.
Lehenik, berregituraketa-epea, 1981 eta 1988. urteen artean.
Lehentasunak sustapen ekonomikoa, ehun produktiboaren modernizazioa
eta azpiegiturak hobetzea izan ziren, 80ko hamarkadaren lehen
zatian autogobernua berreskuratu izanari esker.
Bigarren epea, esleipen berriarena, 1989 eta 1998. urteen
artean. Aldi horretan, autogobernuaren garapena geratu egin
da. Ondorioz, beharrezkoa da zorrak hartzea, eta esleipen
berrien politikara jotzea, Osasun eta Hezkuntza politikek
eragin zituzten gastu sozialak finkatzeko, kapitalaren inbertsioei
kalte egin gabe.
Hirugarren eta azken epea, egonkortze fiskalarena, 1998. urtetik
gaur arte. Ez da aurrerapen esanguratsurik izan autogobernuan,
baina zorraren pisua gutxitzeari eta barne-baliabideen erabileren
eraginkortasunari esker, politika sozialak hobetu egin dira.
Horren bidez, gorakada handia izan da gizarte-laguntzako eta
-ongizateko, lurralde-antolamenduko, etxebizitzako eta ingurumeneko
gastu erlatiboen portzentajeetan.
Azken batean, esan liteke autogobernuaren sakontzeari dagokionez
azken hiru bosturtekoak galdu direla, administrazio zentralari
behin eta berriz eskaera politikoak eta instituzionalak egin
bazaizkio ere, 1979ko Gernikako Estatutuan aitortzen ziren
eskumenak bere osotasunean eskualda zitzan.
3.- Eskumenen geldialdi
hori izanagatik ere, erakundeen politika publikoek eta enpresa-sektorearen
dinamismoak autogobernuaren abantailez baliatzen jarraitu
dute, hazkunde-prozesua finkatzeko.
Baina, egun, 25 urteko autonomiaren ondoren, ziurgabetasun-epe
bat ireki da. Euskal instituzioen jarduera-mugak estutu egin
dira, eta Europako eta nazioarteko egoera berriari erantzuteko
jarduera-ahalmena mugatu egin da.
Euskal ekonomiak arrisku larriak ditu, beste faktore batzuen
artean, Europar Batasuna handitu egingo delako. Kontuan izan
behar da bertan sartuko diren Ekialdeko Europako herrialdeek,
100 milioiko biztanleria izateaz gain, lan-indar handia dutela,
kalifikazio tekniko ona eta lan-kostu erlatibo oso txikia
—egungo Europako batez bestekoaren hamarrena inguru—,
eta hori erronka handia da gure etorkizun ekonomikorako.
Gure aukera erronka horri erantzutea da, azkar egokituz Europan
eta nazioartean azaleratzen ari den Eredu Ekonomiko berrira.
Horretarako, beharrezkoa eta presazkoa da Euskadiren bigarren
aldaketa ekonomikoa azkartzea.
4.- Agertzen ari den Eredu
Ekonomiko Berrira egokitzeko, Euskadik erreferente moduan
izan behar dituen ardatzak hauek dira:
- Informazioaren eta jakintzaren gizartea eraikitzea.
- Europan, ikerketaren eta teknologiaren erreferentea izatea.
- Kalitate osoa sustatzea, kudeaketa-modu berri gisa.
Horretarako, beharrezkoa da Euskadiren bigarren aldaketa ekonomikoari
berehala ekitea, zutabe hauen gainean:
- Hezkuntza eta heziketa iraunkorra.
- Ikerketa, garapena eta kalitatea.
- Gure kokapen fisikoa eta gure artikulazio ekonomikoa sustatzea
ardatz europarrean.
- Elkartasun sozialaren eremua eraikitzea, gizarte-babesa
bermatuko duena, eta pertsonen ongizatea areagotuko duena.
Eskumenak blokeatzeko estrategiak eta autonomiaren inboluzioaren
politikak Gernikako Estatutua agortu dute.
Egungo autogobernu-esparrua bidegurutzean dago, eta, are kezkagarriagoa
dena, Gobernu zentralaren politikak Estatutuaren eskumenak
geldiarazi ditu, gure ehun ekonomikoaren lehiakortasuna arrisku
larrian jarri du eta Euskadiko bigarren aldaketaren zutabeak
ikaragarri higatu ditu.
5.- Lehen zutabeari dagokionez
—hau da, hezkuntza eta heziketa— Euskadik Espainiako
estatuko batez bestekoa baino ratio hobeak ditu. Hala ere,
bikaintasun-postuak lortu nahi baditugu, hoberenen artean
kokatu behar dugu, bai kostuetan eta baita hezkuntza-sistemaren
kalitatean eta emaitzetan ere.
Aurreikuspen hori jasotzen da Gernikako Estatutuaren 16. artikuluko
espirituan, baina legedi murriztaileak eta uniformatzaileak
murriztu egin du, hala nola: LOGSEk, Kalitate Legeak, Unibertsitateen
Lege Organikoak eta Lanbide Heziketaren Lege Organikoak.
Araugintzako tresna horiek guztiek autonomia-erkidegoaren
gaitasuna mugatzen dute “lurraldera atxikitako”
hezkuntza-politika egiteko, eta, beraz, jakintzaren gizartearen
eskakizun berrietara egokitzeko. Berriz ere, Estatuak berandu
eta okerreko norabidean arautu du, eta euskal hezkuntza-sistema
Madrildik egindako hezkuntza-plangintzaren eta antolaketaren
gestore soil bihurtu du, eta gure ekoizpen-sistemaren beharretatik
urrundu.
Egoera horren adibide paradigmatiko bat Lanbide Heziketa berriz
ere nazionalizazio-prozesura bideratzean islatzen da, euskal
langileen kuoten funtsak Gizarte Segurantzaren kaxa bakarraren
zati direla aitzakiatzat hartuta, nahiz eta Auzitegi Konstituzionalak
argi adierazi duen ez direla gizarte-segurantzaren baliabideen
zati. Egoera tamalgarri horri heziketa jarraituaren finantzaketa-eremuko
nahastea erantsi behar zaio, eta, azken urteotan, erabaki
politikoagatik soilik, Administrazio Zentralak Hobetuz Fundazioaren
jarduerak finantzatzeko emandako ezezkoa.
Horren emaitza da hezkuntzan eta lanbide-heziketan geure
politika egiteko ezarritako mugak eragozpen astunak direla
Euskadiko bigarren aldaketa ekonomikoari ekiteko, jakintzaren
ekonomian eta pertsonetan oinarritutako aldaketa egiteko.
6.- Bigarren zutabeari dagokionez
—hau da, ikerketa eta garapena— argi eta garbi
adieraz daiteke miresgarria izan dela enpresen eta euskal
instituzioen ahalegin endogenoari esker egindako bidea. 1980ko
BPGaren %0,1 zen eta, 2001. urte amaieran, berriz, %1,5ekoa
da.
Hala ere, ahalegin hori oztopatu egin du Estatuak ikerketa
zientifikoaren eta teknikoaren transferentziari ezarritako
blokeoak, nahiz eta argi eta garbi adierazten den Gernikako
Estatutuan eskumen hori. Espainiako gobernuaren alde bakarreko
erabaki politiko horren ondorioz, ikerketarako 800 milioi
euro baino gehiago galdu dira azken hamarkadan. Hau da, hondatzen
ari da, nahita, euskal ekonomiaren oraingo eta etorkizuneko
lehiakortasunaren zutabeetako bat.
7.- Hirugarren zutabeari
dagokionez —Euskadi Europako hiri-eskualde gisa sustatzea,
alegia— euskal instituzioen eta Estatuaren arteko jardueren
lehiak, edo Estatuko administrazioaren esku-hartze zuzenak
zailtasun handiak eragiten ditu euskal eskumen esklusiboetan,
garraio sistemaren osoko kudeaketaren bidez hirugarren zutabe
hori eraiki ahal izateko orduan.
Horrela, bada, errepideei dagokienez, eta, bereziki, lurraldea
artikulatzen duten gaitasun handiko bideei dagokienez, kudeaketa
zenbait administrazioren artean banatuta dagoela ikusiko dugu.
Egoera hori Auzitegi Konstituzionalak eman zezakeen erabakirik
bidegabekoenak eta etsigarrienak eragin du; 1998ko ekainaren
18ko sententzian, Lege bidez Estatuaren sarean dauden errepideak
eskumen foraletatik at geratzen direla adierazi zuen, eta,
beraz, haiek elkarrekin kudeatzeko edozein aukera galarazten
du.
Trenbideei dagokienez, bi hamarkada galdu dira abiadura handiko
linea berriaren eraikuntzan. Bide horrek abiadura handiko
Europako sarera sarbidea emango liguke, eta Bilboko eta Pasaiako
portuetako merkantzien garraioari irtenbidea emango lieke.
Portuen eta aireportuen kasuan, logikaren aurka, eta Europar
Batasunean nagusi diren ohiturei bizkar emanez, Espainiako
estatuak beretzat jasotzen du eskumen esklusiboa, Konstituzioaren
149.1.20 artikulua medio. Hori dela eta, ez dio bere kudeaketa
Euskal Autonomia Erkidegoari ematen, nahiz eta Madrildik zentralizatutako
plangintza-eredua erabat arduragabea eta ez-eraginkorra dela
frogatu.
8.- Euskadi hiri global
gisa eraikitzeko, azpiegituraren artikulazioa sustatzeaz gain,
artikulazio ekonomikoa sustatu behar da.
Horren haritik, jarduera ekonomikoa arautzeko ahalmenak, finantza-sistemaren
funtzionamendua antolatzekoak, ekoizpen sektoreak sustatzekoak,
lan-harremanen esparru autonomoa izatekoak eta finantza- eta
aurrekontu-politika propioa ezartzekoak, elementu funtsezkoak
dira balio erantsiko zerbitzuak eta ondasunak eratzeko egiazko
plataforma finkatzeko, eta Europako atlantikoko ardatzean
erreferentzia-nukleoa izateko.
Administrazio zentralak gai horietan eta urte horietan ezarritako
trabak, zailtasunak, betebeharrak eta oztopoak oso nabarmenak
izan dira.
Espainiako Gobernu onartutako Kutxen legea adibide esanguratsua
gogoratu besterik ez dago. Lege horrek hutsean utzi du Aurrezki-kutxen
gainean genuen eskumen esklusiboa. Ildo horretan, bankuei
eta aseguruei buruzko eskumenak —Estatutuko 112 a) artikuluak
adierazten dituenak— ez dira existitzen, ezta betearazteari
dagokionez ere. Iruzur egin zaio eskumenari kreditu ofizialen
gaian. Euskal instituzioen parte-hartzea ukatu da Euskal Autonomia
Erkidegoko estatuaren sektore publikoan, Estatutuaren 12.7
artikuluak hala aurreikusten bazuen ere. Lan-harremanen geure
esparrua garatzea eragotzi da, eta Estatu osoko agente ekonomikoen
eta sozialen ordezkaritzari dagokion lan-harremanen sistema
ezarri, euskal esparruko negoziazio-gaitasunarekin eta ordezkaritzarekin
kontraesanean, askotan. Kontzertu Ekonomikoak ere jasan ditu
Gobernu Zentralak Euskadin egindako eskumen-hustearen politikaren
eraginak. Finantza-politikaren judizializazio-prozesuak, gai
fiskaletan Europar Batasuneko erabakietan euskal instituzioen
parte-hartzea ukatzea, zerga-presio beraren printzipioa ezarriz,
finantza-autonomiari ezarritako mugak, eta aurrekontu-egonkortasunari
buruzko arautegiak Kontzertu Ekonomikoa ahultzen dute, mugak
ezarriz, eta politika ekonomikoaren eta gizarte-elkartasunaren
tresna moduan dauzkan ahalmen guztiak erabiltzea eragozten
dute, .
Azken batean, hirugarren zutabea —ekonomikoki artikulatua
eta ardatz europarreko erreferentzia eta ekarpen-gune bihurtzeko
gaitasuna duen Euskadi eraikitzea— erabat baldintzatu
du Madrilen zentralitatea berreskuratzeko politikak. Politika
horrek Madril Espainiar estatuko negozio-nukleo gisa nahi
du berreskuratu, eta bertan bildu nahi ditu inbertsio-erabakiak,
bai estatukoak, bai atzerrikoak.
9.- Laugarren zutabea —gizarte-babesaren
hobekuntza— sistema ekonomiko osoaren helburua da. Ez
dago elkartasunik gabeko hazkunde ekonomikorik, eta ez dago
elkartasunik hazkunde ekonomikorik gabe. Herritar kaltetuenentzako
arreta bermatzen duen elkartasun sozialaren sistema garatzea,
beraz, Euskadiko bigarren aldaketa ekonomikoaren ardatza da.
Laugarren zutabeak bultzada nabarmena izan du Euskadin, euskal
erakundeek kudeatutako gizarte-babeseko politiken eskutik,
bereziki, eta, zehazki, zenbait gaitan: familia, etxebizitza,
immigrazio eta pobreziaren aurkako borrokan. Adibide moduan,
oinarrizko errentak gora egin duela nabarmen liteke: 1998an
gutxieneko soldataren %53koa zen, eta 2003an, berriz, %81.
Hala ere, gizarte-babeseko euskal politikak bultzada erabakigarria
behar du, Europako parametroetara hurbiltzeko, eta bultzada
hori emateko ezinbestekoa da elkartasun sozialarekin lotutako
arlo guztiak batera kudeatzea, aurreikuspen sozial osagarrian
ahalegin berezia egitea eta gizarte-laguntzaren alorrean osoko
eskumena izatea eta gauzatzea.
Dimentsio horietako bakoitzean, administrazio zentralak ez
die kasurik egin Estatutuan ezarritakoari “Autonomia
Erkidegoak bereganatuko du gizarte-segurantzako araubide ekonomikoaren
kudeaketa …”; edo, oztopoak jarri ditu bereganatutako
eskumenetan, adibidez: aseguruaren antolamendu-legeak, Planei
eta pentsio funtsei buruzko neurriz gaineko legedia, etab.
Jardueren lehia horrek eta oinarrizko legeak neurriz gain
erabiltzeak dakartzan mugek gizarte-babesaren eredua ez-eraginkorra
eta zatikatua izatea eragin dute Euskadin. Horrela, beraz,
zenbait pertsonari, egoera batetik beste batera igarotzean,
jaso beharreko prestazioak aldatu egiten zaizkie —pentsio
ez kontributiboak, langabeziako dirulaguntzak, oinarrizko
errenta, osagarri minimoak, etab.— eta Euskadiko eta
Espainiako administrazioen aurrean kudeatu behar dituzte.
Horrek eraginkortasun gabezia dakarkio zerbitzuen eskaintzari,
eta ongizatearen galera nabarmena euskal gizarte osoari.
10.- Egungo Estatutuak funtzionatzeko
zailtasunak eta muga nabarmenak ditu, sistema ekonomikoaren
ikuspegitik. Ez soilik ikuspegi kuantitatibotik —betetzen
ez delako, eta eskumenak kentzen zaizkiolako, oinarrizko legeen
eta Auzitegi Konstituzionalaren sententzien bidez—,
bai eta —eta, bereziki— ikuspegi kualitatibotik,
haren inguruan lege- eta jurisprudentzia-alorreko "amarauna"
ehundu delako, eta horrek interpretazioa mugatu, garapena
eragotzi eta ahalmenak ezerezean utzi dituelako. Horren ondorioz,
Gernikako Estatutuak itxura galdu du, defentsa-gabezia juridikoan
dago, eta bere garaian bi aldeen arteko hitzarmena izan zena,
unean uneko Gobernu Zentralaren gutiziaren zoriaren mendeko
tresna bihurtu da.
Bistan denez, egia da egungo autogobernuari esker, euskal
erakundeek eskuragarri dituzten baliabideak hobeto erabil
ditzaketela, eta gastu eta inbertsio publikoetan lehentasunak
berrezarri. Baina, aldi beran, egia da Euskadik tresna berriak
behar dituela etorkizuneko erronkei aurre egiteko, autogobernu-gaitasun
handiagoak, eta, bereziki, harreman-esparru berria Estatuarekin.
Harreman horrek bi aldeen segurtasun juridikoa bermatu beharko
du, eta edukia alde batek bakarrik interpretatzea ezinezko
bihurtu.
11.- Autogobernuaren esparru
berriaren beharra ez da, azken batean, gutizia politikoa, ezta
norgehiagoka ideologikoaren elementua ere. Estatutu Berriaren
Proposamena beharra da, Euskadiko bigarren aldaketa ekonomikoari
bidea irekiko dioten oinarriak onbideratzeko, eusteko, finkatzeko
eta garatzeko beharra; hauek dira, hain zuzen ere, oinarri horiek::
- pertsonen hezkuntza eta heziketa jarraitua.
- ikerketa, garapena eta kalitatea.
- Euskadiren kokapen fisikoa eta ekonomikoa.
- elkartasuna eta ongizatea.
Estatutu Berriaren Proposamena erantzun egokia da hazkundearen
eta elkartasunaren espazio ekonomiko berria osatzeko, XXI.
mendeko Eredu Ekonomiko Berria osatzen duten zutabeen gainean.
12.- Euskadiko bigarren
aldaketa ekonomikoaren garapenak errespetatu egiten ditu Estatuaren
esparruko merkatuaren batasuna osatzen duten oinarrizko arloak.
Horretarako, Estatutu Berriak eskumen esklusibo batzuk Estatuaren
gain uzten ditu (45. artikulua); Kontzertuaren sistemak jarraitu
egingo duela finkatzen da, eta pertsonak, ondasunak, kapitalak
eta zerbitzuak mugitzeko eta kokatzeko duten askatasuna errespetatu
eta bermatu beharko da, inolako bereizkeriarik sortu gabe
eta enpresen arteko lehia askerako aukerak murriztu gabe (55.
artikulua). Era berean, elkarlan eta lankidetza mekanismoak
ezartzen dira, nola finantza- eta aurrekontu-politiketan,
hala lan-merkatuan eta gizarte-segurantzaren erregimenean.
Horrela, merkatuaren batasuna, merkataritza-harremanak eta
ekoizpen-faktoreen mugikortasuna bermatzen dira, araugintza-esparru
komunaren pean, eta euskal erakundeei dagozkien politika publikoen
berezitasuna eta esklusibitatea kaltetu gabe.
13.- Egiaztapen horretatik
abiatuta, zutabe hauek zehazten dira Estatutu Politiko Berrian:
a) Pertsonen hezkuntza eta heziketa, hezkuntza-
eta kultura-arloko politika guztien eskumen esklusiboaren
bidez, heziketaren dimentsio guztiak kontuan hartuz: irakaskuntza-maila
guztiak eta lanbide-heziketa arautua, okupazionala eta jarraitua
(47. artikulua).
b) Eskumen esklusiboa sektorez sektoreko politika ekonomiko
guztietan, ekonomia- eta finantza-jardueraren arauketan eta
antolaketan (49, 56 eta 57 artikuluak), hor biltzen direlarik,
berariaz, ikerketa zientifikoaren eta teknikoaren politikak,
jakintzaren eta informazioaren gizartearekin lotutako teknologia
berriak, eta baita telekomunikazioak ere. Horrez gain, industria-sektoreen
antolaketa ekonomikorako ahalmena hedatzen da, eta merkatuaren
eta konpetentziaren araugintzarako ahalmena ere bai.
Politika-multzo horien bidez ikerketaren eta jakintzaren oinarriak
sustatuko dira, eta Euskadi hiri-eskualde global gisa finkatu
ahalko da, ikuspegi ekonomikotik.
c) Naturako baliabideen eta mota guztietako garraio- eta komunikazio-azpiegituren
osoko politika zehazteko eta gauzatzeko gaitasuna (50 eta
51. artikuluak). Horren bidez, kokapen fisikoa eta ingurumenaren
onbideratzeaz sustatu ahalko dira, Euskal Autonomia Erkidegoa
Europako hiri-eskualdeen artean kokapen-erreferentzia bihurtzeko
ezinbesteko faktore gisa.
d) Euskadiri beharrezko eskumen eta funtzio guztiak ematea,
lan- eta gizarte-esparru propioa ezartzeko eta arautzeko,
Estatuarekiko eta Europarekiko lankidetzari eta elkarlanari
kalte egin gabe (53. artikulua). Horren bidez, negoziazio
kolektiboa eta eragile ekonomikoen eta sozialen ordezkaritza
hobeto egokituko da gure errealitate sozialera, eta horrek
elkarrizketa soziala erraztuko du Euskadin. Eredu Ekonomiko
Berria adostasunez sustatzeko, funtsezko elementuetako bat
da euskal enpresen eta sindikatuen arteko hitzarmen eta elkarrizketa
soziala, hartara euskal gizartearen ezaugarri eta interesak
hartu kontuan hartu ahal izateko: hazkundea, produktibitatea,
lan-egonkortasuna, soldata-politika, elkartasuna, parte-hartzea
eta aurreikuspen soziala.
e) Zergak zehazteko ahalmenaren eta finantza-autonomiaren
printzipioak, eta Estatuarekiko koordinazio-mekanismoak bermatuko
dituen zerga-politika (58, 59, 60, 61 eta 62. artikuluak).
Alde horretatik, Euskadiri dagokio bere aurrekontuak eta finantza-
eta zerga-politika propioak zehaztea, arautzea eta kudeatzea,
euskal autonomia-erkidegoko herritarrok izan nahi dugun garapen
iraunkorraren ereduaren eskaerei eta betebeharrei aurre egiteko.
Era berean, EAEko herritarrok Estatuko karga orokorrak ordaintzeko
egin beharreko ekarpena argitzen da, kupo orokorraren bidez,
Kontzertu Ekonomikoaren esparruan (60.3. artikulua).
f) Babes sozialeko eta elkartasuneko egiazko politika integratua
garatzea. Bertan gizarte- eta osasun-arloko politikak (48.
artikulua) eta gizarte-babeseko politikak (54. artikulua)
aurreikusten dira, eta, orobat, euskal autonomia erkidegoko
botere publikoei esleitzea gizarte-segurantzaren erregimen
publikoa, EAEko herritar guztiei oraingo eta etorkizuneko
behar-egoeren aurrean gizarte-laguntza eta zerbitzuak emango
zaizkiela bermatuko duen erregimena. Hori guztia, gizarte-segurantzaren
alorrean geure aurrekontuak izanik, eta Estatuarekin finantza-partehartzeko
mekanismoak ezarriz, Estatuko hiritarren artean elkartasun-
eta ez-diskriminazio-printzipioak berma daitezen.
Euskal erakundeek babes sozialeko politikaren dimentsio guztiak
eskutan izatean, egungo zatiketa gainditu ahal izango da —oinarrizko
errenta, pentsioak, langabezia, diru-laguntzak, aurreikuspen
ez kontributiboak, etab.— eta ongizatearen osoko politika
egin ahal izango dugu. Horrek egungo disfuntzioak eragotziko
ditu, eta horiei esker, Europarekin konbergentzia erdiestea
lortu ahal izango da, baita gizarte-babesak eragindako gastuei
dagokienez ere, beti ere, Estatuarekiko elkartasunaren kaltetan
izan gabe.
14.- Azken ondorioa:
Estatutu Politiko Berriaren Proposamena, bere ezaugarri orokorretan
eta berariazkoetan, egungo esparru instituzionalaren blokeo
ekonomikoari eta urritasunari aurre egiteko erantzun argia eta
positiboa da. Euskadik,bigarren aldaketa ekonomikoari aurre
egiteko, beharrezko ditu zenbait autogobernu-tresna. Aldaketa
horrek euskal autonomia-erkidegoko herritarren hazkundea sustatu
behar du, eta ongizatea areagotu. Gure etorkizuna dago jokoan,
eta erronka horri eman dakiokeen erantzun onena autogobernuan
sakontzea da, Espainiako estatuarekin harreman politiko eta
ekonomiko berriak ezarriko dituen Estatutu Politiko berriaren
bidez. |