|
1.- Sarrera: "Elkarrizketa demokratikoan oinarritutako aro politiko berri bat irekitzea"
Irailaren 11n zur eta lur geratu ginen Estatu Batuen erdi-erdian
izandako atentatu terroristen berri izan genuenean, eta gaitzespen
adierazpen ugari izan ziren mundu guztian, bidegabekeriak
eta fanatismoak eragindako milaka eta milaka biktima errugabeei
elkartasuna adierazteko.
Egia bihurtu zen, gordintasun osoz, mehatxu estali bat, gorrotoaren
eta amorruaren erraietatik hasi dena.
Ezagutzaren mendean, gizateriak berriro nabari du indarkeriaren
eta gerraren mehatxua. Badirudi gizakiok ez dugula ezer ikasi
iraganetik eta indarkeria eta sufrimenduaren amets gaiztoa
lagun dugula XXI mendean sartu berri garenean.
Atentatu anker horiek munduko segurtasunaz eztabaidatzera
behartzen gaituzte.
Eztabaida horrek, jakina, bidezko defentsan nola erantzun
eta eraso basati horiek egin dituztenak nola zigortu argitu
beharko luke; baina, mundua seguruagoa eta orekatuagoa nola
bihurtu ere argitu beharko luke. Nire iritziz, galdera horien
erantzunak bi aukera ditu.
Alde batean, nazioarteko segurtasuna indarrez eta munduko
polizia estatu bat sortuz bermatu behar dela uste dutenak
daude. Bestean, nazioarteko ordena berri bat eraikitzen ez
badugu, mundua gero eta arriskutsuagoa izango dela uste dugunok
gaude. Gure ustez, nazioarteko ordena berri hori eraikitzeko,
justizian, norbanakoen eskubideetan, baztertutako herrialdeekiko
elkartasunean, eta herriak elkar onartzean eta errespetatzean
oinarritu behar dugu.
Bakearen kultura zabaldu behar dugu mundu osoan, ez gerraren
kultura. Intolerantzia garaitzeko, demokrazia erabili behar
dugu. Mundua zuzenagoa denean izango da seguruagoa. Orduan
baino ez.
Hori da Euskaditik mundu osora zabaldu behar dugun gogoeta.
Bakerako deia egin behin behar dugu. Nork bere harri koskorra
ekarri behar dugu Lurreko herri eta gizaki guztiek lekua izango
duten elkarbizitza proiektua eraikitzeko, eta elkar errespetatuz
eta elkarrizketa erabiliz, gure Planetan ditugun arazo politiko
eta sozialei errotik ekiteko.
Mundua gizatiarragoa izan dadin gure Herri txiki honetatik
gaur egin dezakeguna hauxe da: guztion artean hitz egin, gure
elkarbizitza arazoak konpontzeko.
Ildo horretan, eta uztailaren 11an lehendakaria izendatzeko
eztabaida-ekitaldian iragarri nizuen bezala, elkarrizketa
demokratikoan oinarritutako aro politiko berri bat ireki
beharra mahaigaineratu nahi dut Osoko bilkura honetan. Indarkeriari
aurre egiteko printzipio etiko konpartituak ezartzeko, dauden
proiektu politikoak normaltasunez alderatzeko, eta euskal
gizartean oraindik lortu ez ditugun oinarrizko adostasunak
bilatzeko prozedurak ezartzeko elkarrizketa horren bitartez.
Nire iritzian, Legebiltzar honek izan behar du elkarrizketa
politikoaren aro berri honen benetako eragilea eta lan gunea,
bertan ordezkatuta baitaude euskal biztanleen babesa jaso
duten indar politiko guztiak.
Eusko Legebiltzarrak gure autogobernuaren oinarrizko erakunde
gisa duen egitekoa indartu beharrean gaude. Legebiltzarra
gure herritarren arazoei konponbideak emateko tresna eraginkorra
bihurtu behar dugu, Legebiltzarra baita elkarrizketaren foro
nagusia, Legebiltzarrak hitzaren balioa erakusten baitu indarkeriaren
basakeriaren aurka eta Legebiltzarra baita arrazoiaren indarraren
bitartez indarren arrazoiari aurre egiteko adierazlerik onena.
Horregatik, eta lehendakaria izendatzeko eztabaida-ekitaldian
euskal gizartearen aurrean hartu nituen konpromisoei erantzuna
emateko, egokia iruditzen zait zazpigarren legegintzaldi hau
hasteko osoko bilkura monografiko bat egitea, denon artean
bete behar dugun ibilbide politiko berri honen lehendabiziko
urratsa bilkura honetan gauzatzeko.
Lehendabiziko urrats honen bitartez, giza eskubideak eta
askatasuna indarkeriaren aurka defendatzea denon artean konpartitu
behar dugu eta argi bereizi behar ditugu indarkeriaren arazoa
eta normalizazio politikoarena.
Eztabaida honen bitartez behin betirako bereizi beharko ditugu
giza eskubideak urratzearen aurka borroka egitea, alde batetik;
eta bestetik, arazo politikoei erantzuna emateko irtenbide
politikoak aurkeztea.
Ziur nago beste aukera baten aurrean gaudela. Euskal gizarteak
beste aukera bat merezi du eta gure zeregina da, ordezkari
politikoak garenez, beste aukera horri ateak "parez pare"
irekiko dizkion ekimenak gauzatzea. Esperantzarik eta ilusiorik
gabe bizi den gizarteak porrot egingo baitu ezinbestean.
Nik uste osoa dut euskal gizartean, euskal gizarteak erakutsi
baitu baduela heldutasuna, adore sendoa eta sosegua edozein
erronkari -zailenei, ere- aurre egiteko.
Guri dagokigu orain, gure gizartearen parean gaudela erakustea.
Ekin diezaiogun ausardiaz indarkeria errotik kentzeari, horixe
baita gure gizartearen lehentasuna eta helburua. Erabil ditzagun
irmotasunez zuzenbide estatuak pertsonen askatasuna eta segurtasuna
defendatzeko dituen tresnak. Baina ez ditzagun errepika iraganeko
hutsak. Ez dezagun berriro ere politika indarkeriaren menpe
jarri. Onar dezagun, lasaitasun osoz, indarkeriaz haraindi
badagoela arazo politiko bat, politika eta demokrazia erabiliz
konpondu behar duguna..
Politika egiteko garaia da.
ETAk berriz erakutsi digu, basakeria eta hilketa ankerren
bitartez, ez dagoela prest guri politika egiten uzteko, indarkeria
erabiliz euskal gizarteak ukatu dion protagonismo erabili
nahi du.
ETAk hartu behar duen erabaki eta protagonismo bakarra Euskal
Herriaren borondatea errespetatzea eta behin betiko indarkeria
alde batera uztea da. Erabaki hori ETAk hartu behar du, ez
beste inork. Gure zeregina, ordezkari politikoak garenez,
beste honako hau da, hain zuzen: ETAk gure herriaren bizitza
politiko eta sozialaren norabidea eta erritmoa ezartzea galarazi.
Har dezagun aurrea politikan eta urra ditzagun Bakeari eta elkarbizitzari
aukera emateko bide demokratikoak. Zeren eztabaida politikoa
ETAren indarkeria desagertzearen menpe jartzen badugu, gure
etorkizunaren giltza ETAren eskuetan utziko dugu; itxaropenari
leiho guztiak itxiko dizkiogu; eta berriro huts egingo dugu,
indarkeria errotik kentzea eta arazo politikoei konponbidea
ematea nahasiz.
Ezerk ez dio terrorismoari protagonismo gehiago ematen, euskal
gizarteak demokratikoki bultzatu dituen proiektu politiko
legitimoak defendatzea terrorismo hori desagertzearen menpe
jartzeak baino.
Osoko bilkura monografiko honen helburu nagusia ez da proiektu
politikoak aurrez aurre jartzea. Aitzitik, printzipioak konpartitu
behar ditugu hemen, pertsona guztien giza eskubideak eta askatasuna
defendatzeko eta indarkeria errotik kentzeko jardunbidea zehaztu
behar dugu, eta beste aldetik, bereizi egin behar ditugu indarkeriaren
arazoa eta normalizazio politikoaren arazoa. Elkarbizitza lortzeko,
normalizazio politikoaren arazo bat dagoela aitortu behar dugu
eta elkarrizketa erabiliz normalizazio politikoari ekin behar
diogu.
Horrela bada, nire hitzaldiaren lehenengo alorrean euskal
gizartearen helburu nagusia lortzeko abian dauden zenbait
ekimen jasoko ditut, pertsona guztien eskubideak eta askatasuna
defendatzeko eta indarkeria errotik kentzeko diren ekimenak,
hain zuzen ere.
Bigarrenean, argi eta garbi bereiziko ditut indarkeriaren
arazoa -hau da, giza eskubideak justifika ezintasun osoz urratzea-
eta normalizazio politikoaren arazoa. Nire iritziz, bereizketa
argi horretatik abiatu eta indarkeriaz haraindi arazo politiko
bat dagoela onartu behar dugu. Orduan bakarrik izango gara
gauza arazo hori konpontzeko prozedura demokratikoak aztertzeko
eta ebaluatzeko.
Azkenik, elkarrizketa aipatuko dut, elkarrizketa baita, bizitza
eta giza eskubideak defendatzeko printzipio konpartitutik
abiatuta, normalizazio politikoaren konponbidea bideratzeko
jardunbiderik egokiena.
Ireki dezagun aro politiko berri bat, elkarrizketa demokratikoan
oinarritutakoa.
Ken diezaiogun indarkeriari gure etorkizunaren giltza eta
bila ditzagun elkarrizketaren bidetik, elkar onartuz eta errespetatuz,
elkarbizitzarako adostasun demokratiko berriak.
2.- Pertsona guztien giza eskubideak
eta askatasuna defendatzea eta indarkeria errotik kentzea,
lehentasunezko helburu.
Su-etena bertan behera uzteko erabakiaren bitartez eta eragindako
hilketa, samin eta oinazeen bitartez, ETAk berriro erakutsi
du erabat gutxiesten duela Euskal Herriaren borondatea -sarkasmoa
erabiliz Euskal Herria defendatu eta errespetatzen duela esaten
badu ere-, eta berriro erakutsi du erabat gaitzesten dituela
giza bizitza eta pertsonen duintasuna.
Askotan adierazi arren, ez gara inoiz nekatuko aldarrikatzen
erabat gaitzesten dugula eta euskal gizarteak ere argi arbuiatzen
duela indarkeria eta terrorismoa erabiltzea.
ETAk bere buruari eta gure Herriari egin ahal dion zerbitzurik
onena honako hau da: desagertzea eta euskal gizartearen esku
uztea gure etorkizunaz erabakitzea.
Aurreratu nahi dizuet ez dela nire asmoa indarkeriaren arrazoiei
eta jatorriari buruzko eztabaida filosofikoari ekitea berriro
ere, printzipio etiko eta moralak hilketa bat egiteko edozein
arrazoiri nagusitzen baitzaizkio.
Indarkeriazko ekintzak, delituak, zigortu egin behar dira
eta horiek egin dituztenak epaitu eta kartzelaratu behar dira.
Indarkeria mota guztiak dira gaitzesgarriak etikoki eta arbuiagarriak
politikoki; eta kito. Gatazkak konpontzeko bide politiko eta
demokratikoak baino ez direla erabili behar uste dugunok diagnostiko
eta printzipio hori konpartitu behar dugu.
Ez dago inolako ideia politikorik, inolako proiektu politikorik,
inongo talde eskubiderik gizabanakoaren eskubideak zapalduz
defendatzerik. Herritarren segurtasuna eta askatasuna zaintzea
da zuzenbide estatuaren lehentasunezko eginbeharra eta Gobernu
demokratiko baten goreneko erantzukizuna.
Hori horrela izanik, eta ETAren gorakada kriminala sortu
zuten arrazoiak alde batera utzita, onartu behar dugu indarkeria
gure gizarte bizitzaren parte bat dela, gure elkarbizitzaren
zainetan txertatu dela, eta indarkeria errotik kentzea komandoak
atxilotzea baino askoz gehiago dela, komando horiek erreferentzia
sozialik eta birsortzeko ahalmenik ez duten gaizkile talde
bat balira bezala.
Esperientziak erakusten digu jasan behar dugun indarkeriaren
konponbidea neurri polizialak ezartzea baino korapilotsuagoa
dela, nahiz eta neurri horiek beharrezkoak eta ezinbestekoak
izan.
Horregatik, neurri polizialen eraginkortasunaz gain, gizarte
eta erakunde neurri osagarriak onartu behar ditugu -indarkeriaren
aurkako erreferente etikoak izan daitezen guztiontzat neurriok-
eta leuntze eta baretze estrategia bat diseinatu behar dugu,
ETAk ezarri nahi digun samin eta oinaze zurrunbilotik ateratzeko.
Ikuspegi horretatik, eta uztailean legebiltzar honetan aurkeztu
nituen azalpenen arabera, jakinarazi nahi dizuet zuoi guztioi
nahiz gizarte osoari zeintzuk diren segurtasun, gizarte eta
erakunde alorrean abian ezarritako ekimenak pertsona guztien
giza eskubideak eta askatasuna defendatzeko.
2.1) Segurtasun alorreko ekimenak
Lehendakaria izendatzeko eztabaida ekitaldia esan nuen bezala,
"biziaren eta giza eskubideen aldeko konpromiso etikoaren
oinarrizko zutabeetako bat indarkeria mota guztien aurkako
segurtasun politika garatzea da", indarkeriak zuzenean
hausten baititu gizarte moderno baten elkarbizitzaren oinarriak.
Terrorismoaren aurkako borrokan Jaurlaritzaren lehentasuna
ez da bakarrik giza banakoen askatasuna eta eskubideak defendatzea,
gizarte osoa defendatzeko erantzun beharra ere bada.
Horrela bada, poliziak segurtasunaren alorrean egindako lana
aztertzerakoan, Ertzaintzaren lana aitortu eta zoriondu behar
dut ezer baino lehen. Ertzaintzak etengabe egin du lan askatasunaren
alde eta horrela egingo du aurrerantzean ere. Lan horren emaitzak
ikusi ditugu bata bestearen ondoan.
Gai honi buruz egin nahi dudan bigarren gogoeta honako hau
da: segurtasun politika alderdien arteko eztabaidatik kanpo
utzi behar dugu. Legegintzaldi berri honen hasieran talde
parlamentario guztiok autokritika zorrotza egin behar dugu
gai honi buruz azken urteotan izan dugun eztabaidaz, eztabaida
hori guztiz kaltegarria izan baita, niri iritzian.
Gizarteak argi eta garbi eskatzen du eragile politikoek eta
gizarte eragileek ahaleginak batu ditzatela pertsonen askatasunaren
eta oinarrizko eskubideen printzipioa defendatzeko.
Ikuspuntu hori erabiliz eta printzipio horietatik abiatuta,
segurtasun politikaren neurriei ekin die Jaurlaritzak. Lehendakaria
izendatzeko eztabaida-ekitaldian aurkeztu nituen hiru ardatzen
gainean gauzatzen dira neurriok.
A) Estatuarekiko koordinazioan.
B) Informazio unitateak indartzean eta herritarren segurtasunerako
atalekin duten lotura koordinatzean; eta
C) Baliabide polizialak egokitzean.
A) Estatuarekiko koordinazioa
Guztiok dakizuen bezala, orain arte egindakoaren zati handi
bat jende aurrean azaldu da; azken hilabeteetan alor honetan
egindako ahalegin berezia, batez ere.
Abuztuaren 3an Barne sailburuak eta Ministroak izandako bileraren
helburu nagusia koordinazio ekimenetan aurrera egiteko baldintza
politikoak ezartea izan zen.
Koordinazioan emandako hobekuntza oinarrizko hiru printzipio
hauetatik abiatu garelako izan da:
- Koordinazioa ezinbestekoa da pertsonen segurtasuna bermatzeko.
- Koordinazioa segurtasunerako lanabes zehatza dela ulertu
behar da, bestelako asmo eta xedeekin nahastu gabe, politizatu
gabe eta bakoitzaren erantzukizuna errespetatzetik eta onartzetik
abiatuz.
- Euskadin koordinazio poliziala eratzeko ardatza Ertzaintza
da. Oinarrizko printzipio hori onartu eta errespetatu egin
behar da, printzipio hori Estatutu hitzarmenaren muina izan
zelako, euskal gizarteak horrela onartu duelako eta Ertzaintzak
azken hogei urteotan etenik gabe egindako bideak horrela erakutsi
duelako.
Horrela, aurrerapen adierazgarriak lortu ditugu, aipatutako
printzipioen gainean oinarrizko giltzarria aurkitu baitugu:
"segurtasun politikari buruzko eztabaida alderdikoia
argitzea".
Horri esker Pertsonen Segurtasunerako Koordinazio Batzordearen
egitekoa indartu dugu. Bizkar zainen segurtasun plana hobetzeko
informazioa trukatu dugu eta pertsonen bizitzaren eta segurtasunaren
kontrako atentatuak aurreikusteko eta galarazteko koordinazio
sistemak garatu ditugu.
Hala eta guztiz ere, segurtasunaren alorrean Estatuarekiko
koordinazioak badu beste alderdi bat, berebiziko garrantzia
duena. Espainiako gobernuak ez du inolako borondaterik erakutsi
horretan eta Ertzaintzak terrorismoari aurre egiteko duen
ahalmena murriztu zaio, zoritxarrez. Ertzaintza Schengen-eko
hitzarmenari lotzeaz eta barne segurtasunerako politikaren
Europako foroetan Ertzaintzak parte hartzeaz ari naiz.
Ondorioz, Ertzaintzari emaitza oparoak eskatzea eta aldi
berean Europan parte hartzeko eta informatzeko bideak ixtea
itxurakeria hutsa da. Eta bi hamarkada hauetako segurtasun
politikoarekin batera datozen kontraesanak gainditzeko borondate
politikorik ez izatea ere bada.
Irailean bertan Europako Parlamentuan WATSON Txostena onartzeak
horri buruzko edozein zalantza edota duda-muda politiko argitu
beharko lituzke. Delitua zigortzeko neurri polizialen eta
epai judizialen eraginkortasuna areagotzeko, estatuen arteko
mugak ezabatu eta segurtasunerako gune komuna onartzen bada,
ezin da aldi berean Ertzaintza gune komun horretatik kanpo
uztea defendatu, Ertzaintza Euskadiko lehentasunezko polizia
integrala baita eta Euskadi gune komun horretako lurraldea
baita.
Indarkeriaren aurkako borrokak informazioa du oinarri eta,
beraz, Ertzaintza Schegen-eko hitzarmenari lotzea ez da gurari
bat edo abertzaleen nahikeria bat; aitzitik, delitua zigortzeko
eta indarkeriari aurre egiteko gure gaitasuna areagotzea da.
Baina horretaz gain, gogoratu nahi dizuet gai horiek 1999ko
azaroan babestu zituela Legebiltzar honek, Partido Popularraren
eta Euskal Herritarrok-en laguntzarik gabe. Erabaki hori Espainiako
Gobernuak errespetatu egin beharko luke, Legebiltzar honek
berariaz azaldutako borondatea baita erabaki hori.
Benetan diotsuet Partido Popularrak gai honi ekiteari uko
egiteak agerian uzten duela aurreiritzi politiko justifikaezin
bat, gure legezko autogobernuari beldurra diotela adierazten
duena, eta Ertzaintzaren ahalmen operatiboa murrizten duena.
B) Informazio unitateak indartzea
eta herritarren segurtasunerako unitateekin koordinatzea
Lehendakaria izendatzeko eztabaida-ekitaldian aurreratu nuenez,
poztasunez adierazi nahi dut informazio unitateak indartzeko
eta herritarren segurtasunerako unitateekin koordinatzeko
behar diren tresnak hobetu direla.
Izan ere, Krimen Gaitarako Ertzaintzaren Atalaren ardurapeko
unitatetako kideak birbanatu, gehitu eta espezializatu egin
dira, Lanpostu Zerrendan jaso dira, eta lanpostu horiek betetzeko
premiazko jardunbidea ezarriko da, Polizia Legean jasotakoaren
arabera.
Bestalde, Krimen Gaietarako Ertzaintzaren Atalak zein Herritarren
Segurtasunerako Atalak abian jarri dituzte koordinaziorako
zenbait organo eta jardunbide, emaitzak ematen ari direnak.
Ildo horri jarraiki, joan zen udan martxan jarritako plan
batek -"Kale Borroka"ren aurkako Ekintza Planak,
hain zuzen ere- izan duen emaitza onuragarria azpimarratu
behar dut. Plan hori Barne Sailak jarri zuen abian eta Ertzaintzaren
bi atalek koordinatu dute.
Kanpoko eraginik gabe, ganorazko lan eraginkor horretan jarraitzea
eta sakontzea da Jaurlaritzaren helburua gai honetan.
C) Baliabide polizialak egokitzea
Lehendakaria izendatzeko eztabaida-ekitaldian baliabide polizialak
egokitzeko zenbait neurri ere aurkeztu nituen.
Horretarako, Barne Saila hasi da dagoeneko Unitateak berrantolatzeko
eta egokitzeko Plan zuzentzaile bat egiten. Zalantzarik gabe,
plan korapilotsua izango da eta Ertzaintzako sindikatuen laguntza
eta tokiko agintarien koordinazioa beharko da aurrera eramateko,
baina beharrezko plana da, lurraldeetara hedatzea bukatu eta
bi hamarkadako esperientzia izan ondoren, Ertzaintza gaur
eguneko beharrei egokitu, hobetu eta eguneratu behar baitugu.
Bestalde, Barne Sailak eskaria egin dio Segurtasun Batzordean
Ministerioari 150 ertzain postu gehitzeko. Ertzainen postu
horiek gehitzea premiazkoa da berme osoz aurre egiteko martxan
jarritako seguritate eta bizkarzainen planek nahiz indarkeriari
aurre hartzeko ezarritako neurriek berekin dakartzaten beharrizanei.
Halaber, lanean ari gara toki poliziekiko prebentzio koordinazioa
gehitzeko. Lehenengo eta behin, prestakuntza gehitu behar
da, prestakuntza baita etorkizunean koordinazio operatiboa
ezartzeko bidea.
Segurtasun politikaren alorrean abian jarritako ekimenen
azalpena bukatzeko, berriro adierazi nahi dut talde parlamentarioekiko
elkarlana garatzeko borondatea dugula, elkarlan horren bitartez
gai horiek etengabe aztertu eta eraginkortasuna areagotzeko
hartu behar diren neurriak ezartzeko.
Horretarako, eta Lehendakaria izendatzeko eztabaida-ekitaldian
iragarri nizuen bezala, Legebiltzarrak, Barne sailburuaren
bitartez, etengabe izango du pertsonen askatasuna eta segurtasuna
defendatzeko neurri hauen nahiz etorkizunean hartzen direnen
berri, beti ere gai honek eskatzen duen isilpekotasuna gordez.
2.2) Gizarte eta erakunde alorreko
ekimenak giza eskubideak eta askatasuna defendatzeko.
Alor honetan abian jartzen ari garen zenbait ekimenen berri
eman nahi dizuet, hain zuzen ere, gizartearen kontzientzia
pizteko indarkeria ezaren alde eta pertsona guzti-guztien
bizitzarako, askatasunerako eta segurtasunerako eskubidearen
alde.
Ekimen horiek bost alderditan gauzatzen dira: Erakundearteko
Adierazpena egitean, terrorismoaren biktimei laguntasuna eta
elkartasuna adieraztean, Giza Eskubideen eta Askatasunaren
Behatokia eratzean, Gizartea Sentsibilizatzeko kanpaina bat
burutzean eta Justizia eta Giza Eskubideekin bat datorren
Kartzela Politika garatzean.
A) Erakundearteko adierazpena
Uztailean iragarritako konpromisoari erantzuna emateko, adierazpen
bat idatzi dugu, foru aldundiei eta Eudeli aztertzeko emango
zaiena, horretaz dituzten iritziak jaso eta denon artean berresteko.
Adierazpen hori indarkeriari aurre egiteko gizartearen nahiz
erakundeen jokabiderako erreferente etiko bat da
Interes politiko eta sozial handia duenez, eta Legebiltzar
honi errespetu instituzional handiena zor zaiola kontuan izanik,
egokia iruditu zait adierazpen horren oinarrizko atalen berri
zuei ematea agerraldi honetan.
Gizon-emakume guztion bizitzarako,
askatasunerako eta segurtasunerako eskubideen aldeko adierazpen
instituzionala.
Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundi eta Udal erakundeetako arduradunek
honako oinarri hauek plazaratzen ditugu, ordezkatzen dugun
gehiengoaren borondatearen adierazgarri, Guztiok onartutako
oinarriak:
Lehenengoa: Gizaki orori dagokio bizitzeko eskubidea,
segurtasunez eta askatasunean bizitzekoa, eta erakundeoi dagokigu
eskubide horiek oso-osorik betetzen direla bermatzea.
Bigarrena: Gizon-emakumeon eskubideen errespetu eta
aldarrikapen horiek behar dute izan herrien elkarbizitzarako
eta antolaketarako oinarri. Ez da gizarte bidezkorik eraikiko
edozein proiektu politiko aldarrikatzeko giza duintasuna urratu
daitekeela onartzen duenik
Hirugarrena: Gatazka politikoei irtenbidea bilatzeko
bide onargarri bakarrak elkarrizketa, elkarrenganako errespetua
eta ideia guztiekiko tolerantzia dira, eta herrien borondatea
osatzeko politikak eta demokraziak eskaintzen dituzten mekanismoak
erabiliko dira.
Laugarrena: Bakeak justiziaren eta demokraziaren fruitu
behar du izan, eta ez jakineko proiektu bat gehiengoaren borondatearen
kontra eta indarrez inposatu izanaren ondorio. Bakea ezin
da proiektu politiko jakin baten menpe jarri, eta ezta ere
indarkeria erabili proiektu politiko bidezko eta demokratikoen
aldarrikapena eta gauzatzea oztopatu eta baldintzatzeko aitzakia
bezala.
Ondorioz, honako konpromiso hauek jakinarazi nahi ditugu:
1) Bizitzeko eskubidearekiko konpromisoa, eta beraz, edozein
indarkeria eta bortxakeria mota gaitzesteaz gain ETAri behin-betiko
su-etena exijitzen diogu, elkarbizitzaren funtsezko zutabe
den aldetik.
2) Hiritar guztien eta bakoitzaren segurtasun eta askatasuna
bermatzeko zuzenbide estatuak eskaintzen dituen baliabideak
erabili eta garatzeko konpromisoa, bakoitzak bere alorrean
3) Edozein motako indarkeria, intolerantzia eta terrorismo
jasan duten eta jasaten duten gizon-emakume guztiekiko konpromisoa,
eurekiko elkartasun aktiboa adierazteaz gain, ikuspegi etiko,
sozial eta materialetik ere aintzat hartuz.
4) Edozein indarkeria mota errotik atera eta euskal gizartearen
baitan elkarbizitza eta normalkuntza politikorako baldintza
egokiak sortu asmoz eragiten diren ekimen guztiak bultzatzeko
elkarrizketarekiko konpromisoa.
5) Gizaki orori, gizarte, politika nahiz erlijio mailako
ideiengatik bereizkeriarik egin gabe, dagozkion giza eskubide
eta askatasunen aldarrikapen eta justiziarekiko konpromiso
etengabea, baita espetxeratuen kasuan ere, delitu larriak
leporatzen zaizkienak izan arren.
6) Alderdi politiko bat indarkeriaren presioagatik bere proiektua
erakundeetan demokratikoki defendatzeko ordezkatuta egon ezinik
gera ez dadin behar izan daitezen ekimen politiko, sozial
nahiz segurtasun mailako guztiak burutzeko denon artean jarduteko
konpromisoa.
Printzipio eta konpromiso horiek betetzeko, zenbait ekimen
abian jartzea proposatuko dugu, besteak beste, honako hauek
lortzeko:
- Erakundeek erantzun bateratua eta konpartitua ematea terrorismoak
eragindako atentatuei eta hilketei.
- Pertsonen segurtasunaren eta askatasunaren aurkako edozein
adierazpen grafiko kentzea gune publikoetatik.
- Kale borrokaren edo erasoaldien ekintzei aurre hartzeko
koordinazio eta informazio bideak indartzea.
- Indarkeria ezaren aldeko eta pertsona guzti-guztien giza
eskubideen defentsarako gizalegezko ekimenak nahiz gizartea
sentsibilizatzeko direnak bultzatu.
_ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _
Beraz, hauxe da pertsona guztien bizitza, segurtasuna eta
askatasuna defendatzeko iragarri nuen erakunde adierazpenaren
edukia. Adierazpen hori Jaurlaritzaren lehenengo konpromisoetariko
bat denez, horren zirriborroa lehenbailehen bidaliko diet
foru aldundiei eta Eudeli, aztertu eta aintzakotzat har dezaten.
Nire iritzian, adierazpen hori bultzatzea gune etiko eta demokratiko
bat konpartitzeko oinarrizko urratsa litzateke; eta horregatik,
egoki iruditu zait horren berri ematea Legebiltzarrari
B) Terrorismoaren biktimekiko
laguntza eta elkartasuna
Jaurlaritzatik behar beste ekintza garatuko ditugu terrorismoaren
biktimak babesteko. Benetan uste dugu euskal gizarteak elkartasuna
zor diela pertsona horiei, terrorismoaren basakeria eta zentzugabekeria
nozitu behar izan baitute. Gure maitasuna adierazi eta saminean
lagundu nahi diegu.
Beraz, Legebiltzarrari jakinarazi diot terrorismoaren biktimei
gaur egun eskaintzen zaizkien baliabideak eta laguntzak indartzea
eta osatzea erabaki duela Jaurlaritzak.
Horretarako, iragarri nahi dizuet Terrorismoaren Biktimei
Laguntzeko zuzendaritza bat sortuko dela berariaz, eta zuzendaritza
horrek indartu behar ditugun eginbeharren eta zerbitzuen araberako
langile eta baliabideak izango dituela.
Lehentasun osoz, Plan orokor bat egingo dugu oraingo laguntza
programak aztertzetik abiatu eta, besteak beste, hezkuntza,
lana, etxebizitza, osasun eta laguntza psikologikoaren alor
publikoetako ekintza guztiei ekiteko, beti ere, terrorismoaren
biktimen beharrei erantzun egokiena eskaintzeko.
Halaber, eta terrorismoaren biktimei laguntza etikoa, morala
eta materiala eskaintzeko Jaurlaritzak hartu duen konpromisoaren
ildotik, onuragarria deritzot Giza Eskubideen Batzordean Terrorismoaren
Biktimei buruzko txosten berezia egiteari. Txosten horren
bitartez, terrorismoaren biktimen arazo bereziak aztertu nahi
ditugu, "Indarkeriaren Biktimen Batzordea"k aurreko
legegintzaldian egin zuen txostenean jasotako lan eta ondorioetan
oinarrituta. Nire iritzian, Terrorismoaren Biktimei buruzko
txosten berezia egitea ahalegin preziatua da aro berri bati
ekiteko erreferentzia eta abiapuntu modura.
Uste dut badela garaia beste ahalegin bat ere egiteko; hain
zuen ere, terrorismoaren biktimekiko gogoeta eta elkartasuna
gizarte osoari zabaldu behar diogu eta alderdion arteko gorabeherak
alde batera utzi behar ditugu, politikan biktima horien samina
erabili ez dezagun.
C) Giza Eskubideen eta Askatasunaren
Behatokia
Gogoratuko duzuenez, Lehendakaria izendatzeko eztabaida-ekitaldian
pertsona guztien giza eskubideak eta askatasuna zainduko dituen
behatokia sortzeko konpromisoa hartu nuen. Orduan iragarri
nuen bezala, behatoki horrek izaera mistoa izango zuen, eta
bere kideen artean inplikatutako sail eta erakunde guztien
arduradunak izango zituen, baita epailetza, unibertsitate,
Eliza eta hiri eta bakearen aldeko mugimenduetan parte hartzen
duten kideak ere. Erakunde horretatik indarkeri fisikoa eta
psikologikoa bereziki jasaten duten taldeei laguntza emango
zitzaien, gizarte baten balore etikoak degradatzen baititu
indarkeriak.
Helburu hori betetzeko, aurreratu nahi dizuet behatoki hori
diseinatzeko eta egituratzeko eskatuko diogula Fundación
de una Cultura de la Paz delakoari. Fundazio horren buru Federico
Mayor Zaragoza izango da, Unesko-ren zuzendari nagusi ohia
eta giza eskubide eta askatasunaren aldeko defentsan ospe
handiko pertsona. Dagoeneko izenpetu dugu lankidetza protokoloa
harekin.
Proiektua datorren urteko lehenengo seihilekoan eskuartean
izatea espero dugu, behatokia 2002ko bigarren seihilekoan
abian jartzeko.
D) Gizartea sentsibilizatzeko kanpaina
Jakinarazi nahi dizuet, baita ere, Jaurlaritzak 2002ko aurrekontuetan
-orain egiten ari dira aurrekontu horiek- sailarteko diruatal
bat ezartzea erabaki duela gizartea sentsibilizatzeko kanpaina
bat egiteko. Kanpaina hori euskal gizarte osoa orokorrean
eta bereziki gazteak kontzientziatzeko izango da, giza eskubideak,
indarkeria eza eta justizia gizartearen elkarbizitzarako zutabeak
baitira.
Kanpaina hori urtero egingo da eta Lehendakaritza, Justizia,
Kultura eta Hezkuntza sailek burutuko dute elkarlanean. Foru
aldundiei eta udalei ere aukera emango zaie kanpaina horretan
parte hartzeko, alor honetan elkarrekin burutu nahi dugun
erakundearteko konpromisoarekin bat eginez.
E) Kartzela politika
Azkenik, gogoeta egin nahi dut kartzela politikaz. Kartzela
politikak legearen espirituari erantzun behar dio eta giza
eskubideak errespetatu behar ditu bete-betean, baita atxilotuenak
ere, atxilotuak ere gizakiak baitira.
Indarkeria justifikatzen saiatzen direnen aurrean erakunde
demokratikoek duten legitimazio soziala gehitzeko, arduradun
politikoek eta botere publikoek jarrera argi, irmo eta erabatekoa
erakutsi behar dute pertsona guzti-guztien giza eskubideen
defentsan, baita atxilotutakoen defentsan, delitu larriak
leporatzen zaizkienen defentsan eta horien senideenen defentsan
ere.
Nire iritzian, ezin dira baliabide politikoak erabili kartzela
araudiaren espirituari berari kontra eginez kartzela araudia
nahieran eta subjektiboki ulertzeko, araudiaren espiritua
baita zigorra bete behar dutenek senideengandik hurbilen betetzea
zigorra, errazago gizartera daitezen. Horrela jasota dago
Europako Kontseiluaren Giza Eskubideen Europako Hitzarmenean
ere.
Horretarako, eta Legebiltzar honek baten baino gehiagotan
hartutako erabakiekin bat eginez, Eusko Jaurlaritzatik eskatu
nahi diogu Espainiako Gobernuari euskal presoak etxetik ahalik
eta gertuenen hurbiltzeko politika martxan jar dezala, senideek
ere zigor osagarririk bete ez dezaten.
Halaber, Eusko Jaurlaritzatik Gorte Nagusiek aho batez -eta
aho batez hori azpimarratu nahi dut- onartutako proposamen
bat berretsi eta betetzeko eskatzen dugu: kartzela politika
bateratua, dinamikoa eta malgua ezartzea bake prozesuan lagundu
dezan. Errepikatu egingo dut hitzez hitz Gorte Nagusiek onartutako
proposamen hori nire hitzaldi honetan, indarrean dagoelako
eta garrantzi handia duelako:
"El Congreso insta al Gobierno a que mediante el más
amplio diálogo con todas las fuerzas políticas
desarrolle una nueva orientación consensuada, dinámica
y flexible, de la política penitenciaria en la forma
que mejor propicie el final de la violencia.
A que la solidaridad con las víctimas de la violencia
y sus familiares se plasme en acciones concretas y efectivas
en el marco de la máxima colaboración entre instituciones.
A que el diálogo, el consenso y el respeto a los principios
democráticos y a las legítimas opciones políticas
de los ciudadanos rija todo el proceso, que debe conducir al
fin de la violencia terrorista, y evite actitudes de enfrentamiento
entre posiciones ideológicas distintas".
2.3) Gogoeta elkarrizketa bidez indarkeriari amaiera emateko
Alor hau ixteko, ahal denean elkarrizketaren bidez indarkeriari
amaiera eman beharraz gogoeta egin behar dut derrigorrez.
Ildo horretan, adierazi nahi dut Eusko Jaurlaritzak ekimenak
garatzen saiatuko dela indarkeriaren bukaera aurreratzeko
eta bertan behera uztea eragingo duten elkarrizketa guneak
errazteko, Europako nahiz nazioarteko beste gatazka batzuetan
egin den bezala; beti ere, arazo politikoak euskal gizartearen
legezko ordezkariek ez beste inork erabaki behar dituztelako
premisa ezarriaz.
Ikuspuntu horretatik, literalki berretsi nahi dut Ajuria-Eneako
Hitzarmenaren 10. puntua. 1988ko urtarrilaren 12an alderdi
politiko guztiek izenpetu zuten hitzarmen horren 10. puntuak
honako hau dio hitzez hitz elkarrizketaren bitartez indarkeriari
amaiera emateaz:
"Indarkeriari elkarrizketa-bidez azkena emateko,
horrekikoak egiteko benetako gogoan eta hori sinestarazteko
moduko zalantzapiderik gabeko jarreretan oinarrituz, behar
bezalako aukerarik izaten bada, erresuma horretarako gai diren
agintarien eta izuekintza bazter uztea erabakitzen dutenen
arteko harreman bideen alde gaude, beti ere politika mailako
gorabeherak herritarren nahiaren ordezkotza dutenen bidez
soilik konponbideratu behar direlako utzi ezineko demokraziazko
sortarauei begirune izanez, noski
".
3.- Indarkeria izatearen arazoa eta
normalizazio politikoaren arazoa bereizi beharra.
Nire azalpenaren lehengo zatian esan dudan bezala, indarkeria
-edozein motatako indarkeria- pertsonen duintasunari eta askatasunari
egindako atentatua da eta indarkeria hori errotik kentzea
gure lehenetariko helburua da.
Askotan esan dugu indarkeria ez dela arazo politiko baten
derrigorrezko nahiz saihestezinezko ondorioa. Izan ere, gatazka
politikoak dituzten gizarteak ditugu gure inguruan -Quebec,
Eskozia, Katalunia, eta abar- baina ez dute indarkeria adierazpenik.
ETAk erabiltzen duen indarkeriak elkarbizitza aldatu du zoritxarrez,
giza eskubideak urratu ditu larriki, okertu eta pozoitu egin
du eztabaida politikoa, eta nahita nahasi ditu indarkeria
eta legezko eskakizun demokratikoak.
Horregatik guziarengatik, euskal gizartearen gehiengo zabalak
eta Eusko Jaurlaritzak zorrotz arbuiatzen dugu ETAren indarkeria
behin betirako utz dezala eskatzen diogu, euskal biztanleoi
baitagokigu gure etorkizuna erabakitzea bide baketsu eta demokratikoak
erabiliz.
<b>Ezin dugu ETAren eskuetan utzi euskal gizartearen
arazo politikoei noiz eta nola aurre egin baldintzatuko duen
giltza, euskal gizartea gizarte heldua eta nortasuna duena
baita.</b>
Gure gizartean indarkeriak ez du inolako justifikazio etiko
nahiz politikorik; beraz, askotan esan dugu, gure iritziz,
izugarrizko huts egitea dela -eta nahita egiten bada, jokabide
politiko gaitzesgarria dela- indarkeria legezko proiektu politiko
demokratikoekin nahastea.
Indarkeriak inolako justifikazio politikorik ez badu, ezin
da argudiatu proiektu politiko demokratiko bat edo beste bat
defendatzeak indarkeria zaleak indarkeriara bultzatuko dituenik.
Horrela eginez gero, basakeria galanta egingo genuke, adibidez,
indarkeria izatearen erantzukizun politikoa leporatuko bagenie
Espainiaren batasun haustezina legez defendatzen dutenei edo
Euskadiren independentzia demokratikoki defendatzen dutenei.
Bakea eta demokrazia erabiliz, Euskadiren independentzia,
Espainiaren batasuna edo autodeterminazio eskubidea defendatzea
legezko aukera politikoak dira eta aukera horietako batek
berak ere ez du balio indarkeria justifikatzeko; era berean,
indarkeria ere ezin da aitzakia gisa erabili gizarte demokratiko
batean dauden ideia, sentimendu edo proiektu politikoak kriminalizatzeko.
Ezin dugu, beraz, ETA aitzakiatzat hartzen jarraitu eta euskal
gizartean dauden normalizazio politikoaren eta elkarbizitzaren
arazoei bide politiko eta demokratikoen bitartez aurre egitea
saihestu.
Horiek horrela, arazo politiko baten konponbideari ekiteko
beharrezkoa da, lehenengo eta behin, arazoa dagoela onartzea
eta, ondoren, arazo horren tratamendu politikoa indarkeriatik
bereiztea.
Euskal nazionalismo demokratikoaren errealitateak berak -106
urteko historia duen errealitateak, hain zuzen- Euskadin ETA
agertu aurretik normalizazio politikoaren arazoa zegoela frogatzen
du; eta arazo politiko horri ez badizkiogu konponbide politikoak
ematen ez da berez desagertuko, nahiz eta indarkeria errotik
desagertu.
Horregatik, euskal gizartearen aurrean Osoko Bilkura honetan
erantzun behar dugun lehenengo galdera da indarkeriaz haraindi
arazo politiko bat dagoela onartzen dugun edo ez.
3.1 ) Badago arazo politikorik indarkeriaz haraindi?
Nik, jakina, baietz uste dut; eta ezetz esatea "ostrukarena"
egitea da; eta ikuspuntu politiko eta soziala erabilita, arduragabekeria
litzateke.
Begiak itxi ahal ditugu errealitatea ez ikusteko, baina errealitatea
tematia da eta behin eta berriro erakusten du burua.
Errealitatea hori behin eta berriro agertu da euskal gizartean
historian zehar, edozein begiraleren begietatik ezkuta ezinak
diren ekintzetan islatuz.
- Errealitatea da Euskal Herriak nortasun propioa duela eta
nortasun hori ohitura, historia, hizkuntza -euskara- eta kultura
ezaugarri berezietan oinarritzen dela.
- Errealitatea da Espainiako Konstituzioa Euskal Autonomia
Erkidegoaren biztanleen %30,8k onartu zutela.
- Errealitatea da Eusko Legebiltzarrak 1990eko otsailaren
15ean -orain dela hamaika urte, hain zuzen- aho batez onartu
zuela Euskal Herriaren autodeterminazioa eskubidearen aldeko
erabaki bat.
- Errealitatea tematia da: nazionalismoak, sortu zenetik mende
bat bete ondoren, indarrean dirau, azkeneko hauteskundeen
emaitzek erakutsi duten bezala. Horrexek adierazten du ondoen
nazionalismoa sortzeko arrazoiak oraindik ere indarrean daudela.
Oraindik konpondu gabe dagoen arazo politiko bat dugu eta
hori Legebiltzar honetako osaketan eta hitzaldietan islatzen
da.
Jakin badakit horiek guztiak errealitate korapilotsuago baten
ikuspegiak direla eta ez da nire nahia horietan biltzea euskal
gizartea bezalako gizarte aurreratu eta anitz baten ñabardura
ugariak.
Hala baina, eta arrazoibide gehiagotan sartu gabe, iruditzen
zait argumentu horiek nahikoak direla berez, indarkeria izateaz
haraindi, konpondu gabeko arazo politiko bat dagoela egiaztatzeko:
"euskal arazoa" alegia.
Termino demokratikoak erabiliz, honela definitu nuen arazo
hori 2000ko martxoan Madrilen "Euskal gizartearen
zati handi bat ez da eroso sentitzen gaur egungo esparru konstituzionalean,
Euskal Herria ez delako berezko nortasuna duen subjektu politikotzat
hartzen, subjektu politiko horri konstituzioa bera baino aurrerako
eskubide politikoak dagozkiolako eta, azken finean, subjektu
politiko horrek, bakea eta demokrazia erabiliz, bere etorkizuna
erabakitzeko ahalmena duelako".
Nahi eta nahi ez, hori arazo politiko baten adierazgarria
da eta arazo horri normaltasun osoz aurre egin behar diogu,
elkar errespetatzetik eta onartzetik abiatuta, elkarbizitza
bultzatzeko eta ez zapuzteko.
Arazo horren abiapuntua euskal gizartearen aniztasuna aitortu,
onartu eta errespetatzea da eta Legebiltzar honen osaketan
bertan islatzen da. Hemen bertan guztiok ez ditugu proiektu
politiko eta sentimendu berak honako gai hauetan:
a) Identitatea
- Gure gizartean badira legitimotasun osoz euskaldun baino
sentitzen ez direnak, eta badira beste batzuk, horiek ere
legitimotasun osoz, euskaldun sentitzeaz gain espainiarrak
ere sentitzen direnak.
b) Subiranotasuna
- Badira euskal biztanleak beraien etorkizuna erabakitzeko
subiranoak direla defendatzen dutenak, eta badaude Espainia
nazio subirano bakarra dela eta, beraz, euskaldunen etorkizunaz
espainiar guztiek erabaki behar dutela defendatzen dutenak
ere.
c) Lurraldetasuna
- Badira Euskal Herria errealitate politiko bateratua izan
behar duela uste dutenak; beraz, oraingo esparru juridiko
eta politikoak onartzen ez dituztenak.
- Badira Nafarroako Foru Komunitatearekin eta beste euskal
lurraldeekin harremanik izan nahi ez dutenak, Konstituzioak
harreman horiek galarazten dituela aipatuz.
- Badira, halaber, oraingo errealitate juridiko eta politiko
ezberdinak onartzen dituztenak eta Euskal Autonomia Erkidegoaren,
Nafarroako Foru Komunitatearen eta Iparraldearen arteko harremanak
estutzearen alde daudenak, Euskal Herria eratzen den alor
bakoitzeko biztanleen borondatea errespetatzea mugatzat hartuz.
b) Autogobernua
- Badira oraingo autogobernu mailarekin pozik daudenak eta
maila hori jaitsi ere egingo luketenak.
- Badira Gernikako Estatutua onartzen ez dutenak, Estatutu
horrek Euskal Herri osoa ordezkatzen ez duelako.
- Eta badira, Estatutua euskal gizartearen borondatearen adierazgarri
hartuta, estatutu horren legitimotasuna errespetatu, estatutu
hori osorik betetzeko eskatu eta hori aldatzeko eta eguneratzeko
aukerak defendatzen dituztenak.
c) Estatuaren ikusmoldea.
- Euskal Legebiltzar honetan elkarrekin bizi gara indar politiko
nazionalistak eta ez nazionalistak. Batzuk, Espainian dauden
herri eta nazionalitateak askatasunez atxikitzean oinarrituta,
Espainiako Estatuarentzat etorkizunerako elkarbizitza esparrua
defendatzen dute. Beste batzuk, ordea, ez dute eskubide hori
onartzen eta etsi gabe defendatzen dute Estatu bateratua,
Konstituzioaren irakurketa aldaezin, itxi eta zurruna erabiliz
eta Espainiako armadaren eskuetan utziz Espainiarako duten
proiektua bermatzea.
Ikusten duzuenez, ikuspuntu eta planteamendu politiko guzti
horiek euskal errealitatea osatzen dute eta ez dituzte alderdiak
homogeneoki bereizten, alderdiok euskal nazionalistak izan
edo Espainiar nazionalistak izan.
Ikuspuntu eta planteamendu horiek guztiak, beraz, argi adierazten
dute honako hau aitortu behar dugula: ETAren indarkeriaz haraindi,
normalizazio politikoari ekin behar diogu orain arte lortutako
oinarrizko adostasunak zabaltzeko.
3.2) Euskal gizartearen gehiengoak
onartutako printzipio demokratikoak.
Eusko Jaurlaritza hiru alderdi demokratikok osatzen dute;
nazionalistak eta ez nazionalistak daude bertan, euskal gizartearen
gehiengo bat ordezkatuz. Jaurlaritza horren Lehendakaria naizenez,
tinkotasunez esan dezaket ez diogula inolako giltza politikorik
emango indarkeriari.
Normalizazio politikoaren bideari ekin behar diogu. Ez dugu
ezer ezkutuan gordetzeko, ezta ezer lotsatzeko ere.
Ez diogu uko egingo euskal gizartearen gehiengoak bultzatutako
programa demokratiko bati.
Euskal gizartearen gehiengoak planteamendu demokratiko bat
defendatzen du, Jaurlaritza osatzen dugun hiru alderdiok ordezkatzen
dugun giza proiektu eta jarrera ideologikoen gainetik konpartitu
ditugun printzipioetan oinarritutakoa, hain zuzen ere. Printzipio
horiek Jaurlaritzaren programa jasota daude -EAJk; EAk eta
EBk berretsi ditugu duela gutxi- eta honako zortzi atal hauetan
laburbil daitezke:
1) Bizitza eta giza eskubideak defendatzea, horiexek baitira
elkarbizitzarako oinarrizko printzipioak.
2) Euskal Herria identitatezko errealitate kulturala da, "bada",
herri hori eratzeko kanpotik nahiz barrutik erabili diren
esparru juridiko eta instituzionalen gainetik.
3) Euskal Herriak bereak ditu zenbait eskubide, Konstituziotik
ez datozenak, Konstituzioaren aurrekoak baitira eskubide horiek.
4) Euskal biztanleek eskubidea dute, askatasuna eta demokrazia
erabiliz, beraien etorkizuna erabakitzeko.
5) Onartzen dugu Euskal Herrian lurralde errealitate desberdinak
eta esparru juridiko, instituzional eta politiko desberdinak
daudela.
6) Gure ustez, Euskal Herriaren lurraldetasun politiko eta
instituzionala Euskal herria bera osatzen duten komunitate
eta lurralde desberdinen elkartze nahiaren emaitza da, Nafarroa
Foru Komunitateko, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Iparraldeko
biztanleak onartuz eta errespetatuz.
7) Onartzen ditugu oraingo esparru juridiko eta instituzionalak,
euskal biztanleen borondatearen emaitza baitira horiek; eta
baita ere, onartzen dugu esparru horiek aldatzeko edo eguneratzeko
legitimotasun demokratikoa, beti ere, hori euskal gizarteak
berresten badu. Aldez aurretik onartzen dugu euskal gizartearen
epaia.
8) Euskadiren eraikuntza soziala bultzatzen dugu, beti ere,
gutxien duten pertsonekin gizartea zuzenagoa eta solidarioagoa
izan dadin. Euskal gizarteak guztiontzat izan behar du, irekia,
tolerantea izan behar du eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko
ahalmena izan behar du.
Ideia eta printzipio horiek ez dira berriak, euskal gizartearen
hiri, kirol, kultura, sindikatu, eta enpresen adierazpen guztietan
izan dira betidanik eta proiektu politiko nazionalistek eta
ez nazionalistek konpartitu dituzte historian zehar.
Badakit, lehen esan dudan bezala, euskal gizartea anitza
dela eta aniztasun hori Legebiltzar honetan aurkeztutako proiektu
politiko anitzetan adierazten dela. Guztiek dute legitimotasuna
eta guztiak dira errespetagarriak.
Horregatik, aldez aurretik saihestu nahi dut edozein gaizki
ulertu edo uste oker. Aurreko gogoetak ez dute inolako helburu
partidista edota baztertzailerik; aitzitik, indarkeria alde
batera utzita, konpondu gabeko arazo bat daukagula adierazteko
baino ez dira gogoetok. Normalizazio politikoaren arazoa konpondu
behar dugu.
Euskal gizartearen gehiengoak EAJk, EAk eta EBk berretsi
duten programan jasotako planteamendu horiekin nola edo hala
bat egiteak ez al lizueke gogoeta, gutxienez, eragin behar
gainontzeko alderdioi eta Espainiako Gobernuari berari?
Horregatik guztiarengatik, eta osoko bilkura honen ondorio
bezala, uste dut gauza izan behar dugula behingoan onartzeko,
indarkeriaren arazoari zuzenbide estatuak dituen baliabideen
bitartez aurre egiteaz gain, euskal gizarteak baduela normalizazio
politikoaren arazo bat eta arazo horri ekiteko bide baketsu
eta demokratikoak, elkarrizketa eta elkar onartzea eta errespetatzea
erabili behar ditugula. Horrela egiten badugu, benetan uste
dut aurrera pauso handia emango dugula eta euskal gizarteak
eskertuko digula.
Orain arte, giza eskubideak defendatzeko eta indarkeriaren
arazoa errotik kentzeko ekintzak garatu ditut, horiek baitira
lehentasun osoz burutu beharrekoak. Argi bereiztu ditut, baita
ere, indarkeria izatearen arazoa eta normalizazio politikoarena.
Nire ustez, normalizazio politikoan aurrera egiteko balioko
digun jardunbidea eta tresna azaldu nahi dizuet hemendik aurrera.
4.- Elkarrizketa politiko eta soziala, elkarbizitzarako tresna
Elkarrekin bizitzeak honako kontzeptu hauek dakartza berekin:
konfiantza, elkar onartzea eta errespetatzea, afektibitatea
eta tolerantzia. Familiako edo bikoteko elkarbizitza ez da
batzuen bestenganako inposaketan oinarritzen, elkarren izaera
onartu eta elkar errespetuz, konpartitutako proiektu bati
askatasunez atxikitzean baino.
Horiexek zuzendu behar dute edozein gizarteko elkarbizitza
eta herrien arteko elkarbizitza ere.
Nire iritzian, familiako nahiz gizarteko elkarbizitzaren
arazoak konpontzeko bide bakarra elkarrizketa da.
Elkarrizketa horrek guztiak hartu behar ditu barne, inor
ez du kanpoan utzi behar eta kontuan hartu behar ditu gizarteak
bultzatuta alderdi politikoek ordezkatzen dituzten iritzi
sozial guztiak. Irekia izan behar du, eta gizarte, ekonomia,
sindikatu, erlijio eta abarretako erakunde eta mugimenduen
bitartez gizartearekin berarekin etengabe alderatzeko modukoa.
4.1) Elkarrizketarako oinarrizko printzipioak.
Nire eginkizuna betetzearren, utziko didazue lanean hasteko
gogoeta bat aurkezten. Gogoeta hori bost alor edo printzipiotan
bildu dut, nire ustez, prozesu horri ekiteko oinarriak izan
daitezke eta
Bost "zumitz" horien bitartez, abiatzeko adostasunera
iris gaitezke:
1.- Bakea lortzea eta euskal gizartean dagoen normalizazio
politikoaren arazoa konpontzea.
2.- Bide baketsu eta demokratikoak soilik erabiltzea ekintza
politikorako tresna gisa.
3.- Norbanakoen askatasuna errespetatzea eta defendatzea,
legitimotasunez ditugun asmo politiko eta sozialak adierazteko
inolako mugarik eta koakziorik izan ez dezagun.
4.- Euskal Herriak dituen eskubideak erabili ahal izateko,
bide baketsu eta demokratikoak aurki ditzakeela onartzea,
eta onartzea, baita ere, euskal gizartearen gehiengoak prozesu
demokratiko baten bitartez adierazitako borondatea indarrean
dagoen antolamendu juridikoan araudian jaso behar dela. (Ajuria-Eneako
Mahaia, 96.1.11).
5.- Gernikako Estatututik abiatuta euskaldunen borondatez
orain arte eraikitako erakunde eta esparru juridikoek legitimotasun
demokratikoa dutela aintzat hartzea eta errespetatzea, eta
aintzat hartzea eta errespetatzea, baita ere, horiek aldatzeko
eta eguneratzeko aukerak legitimotasun demokratikoa duela
.
Bistan denez, elkarrizketarako bost abiapuntu baino ez dira.
Beraz, edozein alderdi politikok erantsi ahal dizkio printzipio
eta kontzeptu zerrenda xume horri bereak, baina nire ustez
euskal gizarteak pozez onartuko luke bost zumitz horiek erabiliko
bagenitu guztiok batera abiatzeko.
4.2) Gernikako Estatuaren garapena, normalizazio politikorako baliabide
Azken atalean, normalizazio politikoa bideratzeko tresna
ere planteatzen dut, orain arte erdietsi ez ditugun adostasunak
lortzeko eta orain dugun elkarbizitza arazoa konpontzeko.
Nire iritzian, Gernikako Estatutua baliabide baliotsua eta
abiapuntu juridiko eta sozial nahikoa da, orain arte eraikitakoa
errespetatuta, gure autogobernua sakondu eta eguneratzeko
aukera legitimoak mahaigaineratzeko eta Euskal Herriaren nortasun
berezia onartzeko.
Estatutua Euskal Autonomia Erkidegoak dituen eskumenen adierazle
izateaz gain, Euskal Herriaren nazionalitatearen adierazle
ere bada, Estatutuaren lehenengo artikuluaren arabera. Estatutuaren
xedapen gehigarriak berariaz gorde dizkio Euskal Herriari
historiaren arabera zor dakizkiokeen eskubideak; Euskal Herriak,
ordea, oraingo autonomia erregimena onartu arren ez die uko
egin eskubide horiei.
Ikuspuntu horretatik, eta testu irekia denez, Estatutuak
aztertu ahal diren aukerak eta aztertu behar diren aukerak
eskaintzen ditu bilgune berria lortuz euskal gizartearen aniztasunari
behar bezalako erantzuna emateko. Euskal Herria adinez nagusi
da, bere nortasuna eta izaera du, eta bide demokratikoak izan
nahi ditu, bere kabuz erabakitzeko eskubidea erabiltzeko.
4.3) Eusko Legebiltzarra, elkarrizketarako
foro nagusia.
Beraz, elkarrizketa politiko eta soziala, jardunbide. Baina,
elkarrizketa, non, nola eta zertarako?
Non?: Legebiltzar honetan bertan, gure erkidegoko herritarrak
ordezkatzen dituen erakunde gorenean. Ez dugu foro berririk
asmatu behar. Orain egiten ari garen eztabaida honek erakusten
du ondoen Eusko Legebiltzarra dela tresnarik baliotsuena normalizazio
politikoan aurrera egiteko.
Gaur aro politiko berri baten oinarriak jartzen ari gara,
aro berri horrek elkarrizketaren eragile eta elkarrizketarako
lan gune bihurtuko du Eusko Legebiltzarra.
Nola? Ez dut baldintzarik jarri nahi talde politikoek elkarrizketa
parlamentario hori antola dezaten ezta elkarrizketa hori antzerako
erakundeekin -Nafarroarekin, adibidez- edo gizarte zibilarekin
berarekin koordinatzeko. Erabaki hori talde parlamentarioek
hartu behar dute.
Dena dela, eta zuei guztioi iragarri nizuen bezala, berariazko
Batzorde Parlamentarioa sortu behar dugu, Autogobernuan sakontzeko
ikuspegia erabiliz, normalizazio politikoaren arazoari ekiteko;
eta horixe proposatuko dut urriaren 25eko Osoko Bilkuran.
Horrela bada, bilkura monografiko honetan hasitako gogoetarekin
jarraituko dugu, indarkeriaren arazoa eta normalizazio politikoarena
bereizteari buruzko gogoetarekin, hain zuzen ere.
Zertarako? Printzipioak edo "elkarbizitzarako oinarrizko
akordioak" mahaigaineratzeko; horien bitartez, alderdi
politikook lortu ez ditugun adostasunak erdiesteko, lortutako
akordioak berresteko jardunbide demokratikoak ezartzeko, edota
gure arteko desadostasunak konpontzeko.
5.- Gogoeta joko demokratikoen arauez: "Ez da arazo juridikoa, borondatea politikoarena baizik"
Politika egiteko garaia iritsi zaigu, eta nire hitzaldiari
hasera emateko erabili dudan izpiritua gogoratuz, ez dugu
edozein gairi buruzko eztabaida politikoa saihestu behar,
gizarte demokratiko batean ezin delako inolako "taburik"
izan eztabaidarako.
Euskal gizartearen aurrean gure planteamenduak argitu behar
ditugu, euskal gizarteak argi uler ditzan gure planteamenduak,
aitzakiarik gabe.
Horretarako, joko demokratikoaren arauen kontzeptua anbiguotasunik
gabe zehaztu behar dugu, arau horiek jaurtitzeko arma baino
ez baitira izan orain arte eztabaida politikoan.
Inork ez du legitimotasun patenterik ezta demokrazia errespetatzearen
patenterik erakutsi behar besteen aurrean.
Beraz, oso argia izango naiz. Inork ezin du zalantza egin
Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdien uste demokratiko
sendoez. Beti defendatu eta errespetatu dugu legalitate demokratikoa.
Horixe egin genuen altxamendu frankistaren eraso faxistaren
aurrean eta pertsekuzioa, kartzela eta zigorrak jaso genituen
berrogei urtez; eta horixe egin dugu erregimen demokratikoa
berreskuratu dugunean, nahiz eta guztiok dakigun bezala Espainiako
Konstituzioak euskal biztanleen %30,8k soilik onartu.
Nire iritziz, arau demokratikoak ezin dira konfrontaziorako
tresna gisa erabili behar; aitzitik, herrien elkarbizitza
errazteko erabili behar dira eta arazo politikoei erantzun
eta konponbide politikoa emateko besteko malgutasunez ulertu
behar dira.
Ez da, beraz, arazo juridikoa, borondate politikoarena
baizik. Horra hor egia!
Ikuspuntu horretatik, eta borondate politikoa badago, joko
demokratikoaren arauek honako aukera hauek eskaintzen dizkigute:
- Normalizazio politikoaren arazoari konponbidea emateko adostasun
berri bat bilatzea Legebiltzarrean ordezkatutako euskal alderdi
politikoen esku uzteko aukera.
- Euskal gizarteari zuzenean galdetzeko aukera, adostasun
hori onesteko edo, desadostasunik izanez gero, desadostasun
horiek erabakitzeko.
- Baliabide eta jardunbideak eratzeko aukera, euskal gizartearen
erabakia indarrean dagoen antolamendu juridikoan jasotzeko.
Horrela izanez gero, borondate politiko hori izanez gero,
ziur nago euskal gizartearen gehiengoa prest egongo litzatekeela
bide horretan sakondu eta amaieraraino iristeko.
Horixe onartu genuen alderdi politiko guztiok, Herri Batasunak
izan ezik, Ajuria-Eneako Mahaian bertan aho batez 1996ko ekainean:
- "Guk geure benetako bake-borondatea agertu nahi diogu
elkarrizketa bideari lotuta gatazkari amaiera emateko, Euskadi
bakeratzeko eta normaltzeko Hitzarmeneko hamargarren puntuan
zehaztutako moduan, horrenbestez, ordezkaritza parlamentarioa
duten euskal Alderdiak izan daitezen aurrera egingo dutenak,
elkarrizketaren bitartez, kontsensu demokratiko bat lortzeko
eta kontsensu horren bitartez gure gizartean dauden aukera
politiko anitzei satisfazioa emateko. Guk geure aldetik hitz
ematen dugu errespetatuko dugula lortutako kontsensu hori
eta errespetarazi egingo dugula egiazki esparru guztietan,
horretarako ordenamendu juridikoak gure esku uzten dituen
tresna guztiak erabiliz".
Ez gaude arazo juridiko baten aurrean, arazoa borondate politikoa
da, gauzak konpontzeko erabili behar diren arauak ulertzeko
borondate politikoa, hain zuzen. Kontuan hartu behar baitugu
elkarbizitzarako proiektu sendo eta egonkorrak burutzeko,
proiektu horiei askatasunez atxiki behar zaiela, ez derrigortuta.
6.- Amaitzeko: "Adostasunerako proposamena"
Bukatzen ari naiz.
Ez dut proposatuko gaur bertan berretsi ditzagula 1996an konpartitzen
genituen printzipio eta adierazpenak. Ez naiz horren inuzentea,
zoritzarrez ez baikara gauza izan jokoaren arauak malgu eta
ireki ulertzeko; aitzitik, atzera egin dugu bide horretan.
Horretaz gain, nire hitzaldiaren hasieran esan dizuedan bezala,
eztabaida honen helburua ez da proiektuak aurrez aurre jartzea,
printzipioak konpartitzea baizik.
Horregatik, ez da nire helburua izan Jaurlaritzaren jakinarazpen
itxia aurkeztea Legebiltzarrak azter dezan; aitzitik, aspalditik
konpontzeke dugun arazo baten diagnostikoaz eta konponbideaz
alderdi politiko bakoitzak dituen proposamenak ezagutu eta
kontrastatu nahi izan ditut.
Hemendik aurrera, tribuna honetatik talde guztiek dute legitimotasuna
iritzi politikoen arabera egoki iruditzen zaizkien konponbide
proposamenak aurkezteko. Baina, benetan garrantzitsua dena
ez da bakoitzaren abiapuntua zehatz adierazteko botoen batuketa
aritmetikoa egitea; alderantziz, gauza izan behar dugu euskal
gizarteari bidea hasteko bilgune bat aurkezteko, bilgune hori
txikia bada ere.
Horretarako, Legebiltzarrari proposatu nahi diot taldeok
askatasunez erabaki dezagula ez aurkeztea inolako konponbide
proposamenik gure proiektu politiko bakoitza defendatzeko.
Ahalegina egin dezagula adostasun proposamen bat aurkitzeko,
gutxieneko adostasun horren bitartez elkarrizketa bideari
ekin diezaiogun.
Nire hitzaldian zenbait gogoeta eta oinarrizko printzipio
aurkeztu ditut, guztiontzako "gune komunak" izan
daitezkeenak; baina, nire eginbeharra betetzeko, ahalegina
egin behar dut laburpen proposamen bat aurkezteko, alderdi
guztien eskuetan utzi eta azter dezaten.
Proposamena:
Aditzera eman nahi dugu gure lehentasunezko konpromisoa
pertsona guzti-guztien giza eskubideak eta askatasunak defendatzeko
eta, baita ere, indarkeriaren eta terrorismoaren biktimekiko
gure elkartasuna.
Berriro azaldu nahi dugu erabat gaitzesten ditugula indarkeria
eta estortsio mota guztiak eta sendo egiten dugula apustu
bide politiko eta demokratikoen alde. Ondorioz, eta euskal
gizartearen gehiengo zabalenaren nahia jasoz, ETAri eskatzen
diogu behin betiko utz dezala indarkeria.
Halaber, eta indarkeria izatetik bereiztuta, egiaztatu egiten
dugu Euskal Herriari eragiten dion arazo politiko bat dagoela,
eta arazo hori konpontzeko elkarrizketari ekin behar diogula,
politikak eta demokraziak herrien esku uzten dituzten tresnak
erabiliz arazo politikoak konpontzeko.
Horixe da gure benetako erronka euskal gizartearen aurrean.
Une historiko gogoangarria izango litzateke, alderdi politiko
guztiok abiatzeko adostasuna lortuko bagenu gaur.
Dena dela, ez da nire asmoa eztabaida ixtea, irekitzea baino.
Ez dut helmugara iritsi nahi, bidea hasi nahi dut eta iritsi
publikoari aukera eman nahi diot zenbat aurreratu dugun baloratzeko.
Beraz, nire konpromisoa eta Jaurlaritzarena iragarri nahi
dizuet: Legebiltzarrean aurkeztuko dugu oraingo kurtso politiko
hau amaitu baino lehen, indarkeriaren aurrean pertsona guztien
giza eskubideak eta askatasuna defendatzeko onartu diren ekimen
politiko eta sozialen azterlan bat.
Pilota geure teilatuan dago. Egin dezagun politika.
Politikaren eta elkarrizketaren ordua da. Inposaketaren eta
indarkeriaren garaia iragana da. XXI mendean gaude, ez gaude
Erdi Aroan. XXI mendean identitate nazionalak ez dira inposatzen,
bat bera ere ez.
Indarkeria gure bizitzatik behin betiko kentzen hasi behar
dugu.
Normalizazio politikorako bideari ekin behar diogu.
Elkarbizitzarako proiektu bat mahaiganeratu behar dugu, borondate
demokratikoan eta elkarrekiko errespetuan oinarrituta.
Ziur nago, borondate politikoa badugu, bidea aurkituko dugula.
Horixe nahi dut nik, baita euskal gizartearen gehiengo zabalak
ere.
Eskerrik asko.
|