Gabon Denoi.
2004an gure desioak bete daitezela!
Hauxe da nire mezua, bihotz bihotzetik, euskal familia guzti
guztiontzat.
Baita ere Zorionak eman nahi dizkizuet, zuen lurretik eta
zuen familiengandik urruti zaudeten euskal herritar guztioi;
batez ere, une hauetan, besarkada handi bat eta oroipenaren
berotasuna sentitu behar dituzuelako.
Zoriondu, ongietorria eman, eta elkartasuna adierazi nahi
dizuet baita ere, zuen etxeak eta zuen familiartekoak utzi,
eta gure artera etorri zareten guztioi, zuentzako eta zuen
seme-alabentzako etorkizun hobea bilatzeko, horretarako, batzutan,
zuen bizitzak arriskuan jarrita ere.
Jakin ezazue Euskal Herriak esku zabalez hartzen zaituztela.
Guretzat anai-arrebak zarete, eta gure etxean ongietorria
ematen dizuegu, gure etxe hau denon artean eraikitzen jarraitu
nahi dugulako. Ez dugu atzera begiratuko, nondik gatozen ikusteko;
alderantziz, aurrera begiratuko dugu, denok elkarrekin nora
joan nahi dugun ikusteko.
Gure Herriak bere ateak zabaldu dizkio mundu osoari, eta
euskaldunak harro sentitzen gara, beste Herri batzuetako ekarpenak
eta kulturak aberasten gaituztelako.
Euskal Herri, euskal nazio, euskal gizartearen kontzeptu
berria defendatzen dugu; gaur egun zer izan nahi dugun hemen
bizi eta lan egiten dugunok, definituko dugu.
Hemen bizi eta lan egiten dugun guztiok gara euskaldunak;
euskaldunak izateko berdin zaigu zein den gure jaioterria:
Coruña, Dakar edo Gasteiz; era berean, berdin zaigu
nori ematen diogun botua: PPri, Batasunari, PSOEri, EAri,
EBri edo EAJri.
Eta hori da garrantzitsuena: gaur hemen bizi eta lan egiten
dugunok, gure etorkizuna eztabaidatu, negoziatu eta erabaki
dezagula.
Eta hauxe da egingo duguna:
- Eusko Legebiltzarrean, denon ideiak eta proposamenak
eztabaidatuko ditugu, guztiak zilegiak baitira.
- Ideia eta proposamen guztiak negoziatuko ditugu; inor ez
da egia osoaren jabe.
- Eta Eusko Legebiltzarrak, indarkeriarik eta bazterketarik
gabeko egoera batean, proiektu bat onartzen badu, guzti-guztiok
gure iritzia emango dugu, kontsulta demokratiko baten bitartez.
Hauxe izan zen nire konpromisoa, 2001eko maiatzean, eta hauxe
da nire konpromisoa gaur. Eta horrela adierazi nahi dizuet,
lasaitasun eta ziurtasun osoz.
Elkarbizitzarako bide bakarra, elkarrizketan aritzea da. Elkarrizketek,
eztabaidek ez dute zatitzen, ez dute apurtzen. Apurtzen duena,
zatitzen duena, elkarrizketari eta eztabaidari uko egitea
da.
Horregatik, estatutu berri bat egiteko proposamena luzatu
dugu. Alderdi politiko guztien arteko elkarrizketa hasi nahi
dugu, elkarrizketa horren bitartez, euskal herritar guzti-guztion
ongizatea handitzeko, eta Bakea lortzeko.
Garatu dugun autogobernuak, ongi erakutsi digu, autogobernua
ongizatearen sinonimoa dela; eta hezkuntzak eta osasunak hobeto
funtzionatzen dutela, hemendik gestionatzen baditugu. Horretarako
nahi dugu Autogobernu gehiago, hobeto bizitzeko.
Nire asmoa ez da Eusko Jaurlaritzaren proposamenaren inguruan,
alderdi politiko batzuen jarrerak gaitzestea.
Ez da inor kritikatzeko unea; denon artean konponbideak bilatzeko
unea da. Euskal gizartea gogaituta dago, hainbeste kritika,
irain eta deskalifikazio politiko eta pertsonalengatik. Mehatxu,
harresi eta blokeoarekin aspertuta gaude. Guztiok konponbideak
nahi ditugu baina, batez ere, errespetua nahi dugu.
Gureak ez diren ideiak errespetatzen ditugula ozenki eta
argi esateko eguna iritsi dela aipatzea nahiko nuke, nahiz
eta ideia horiekin ados ez egon.
Egun horretan konponbidearen bidean gaudela esan ahal izango
dugu.
Ni prest nago bide hori egiten lehenengoa izateko. Eta gaur,
berriro ere, gauza bat adierazi nahi dizuet: nik bezala pentsatzen
ez dutenen ideia eta proiektu politikoak errespetatzen ditut,
besteen ideiak, nireak besteko legitimitatea dutelako, nahiz
eta ni ideia horiekin ados ez egon. Eta besteek ni era berdinean
tratatzea nahiko nuke.
Baina ez da esperantza galdu behar, eta egun hauek oso aproposak
dira 2004. urterako ditugun desio eta ilusioak aditzera emateko.
Nireak hauexek dira: Bakea, Elkarrizketa, eta Elkarbizitza.
BAKEA. Bakea, gure Herriak urte asko, gehiegi,
eman dituelako indarkeriaren astinaldia, eta bere ondorio
ikaragarriak jasotzen, bai gizakiengan, bai gizartean bertan
ere. Bakea, ETA soberan dagoelako. Bakea, ezin dugulako biktima
gehiagorik izan. Biktima horiek gaur emozioz gogoratu nahi
ditut. Ezin dugu onartu, mehatxatuta eta jazarpenak sufritzen
dituzten pertsona gehiago izatea, beraien ideiak defendatzen
dituztelako bakarrik.
Bakea, behin betiko, pertsona guztien Giza Eskubideak errespetatu
behar ditugulako, inongo bereizketarik gabe.
Euskadi gizarte modernoa, aurreratua eta solidarioa da, baina
Bakea falta zaigu.
ELKARRIZKETA. Elkarrizketa, besteak onartzeko.
Elkarrizketa, proiektu politiko guztien gainean. Zaila izan
daiteke adostasunerako konponbideak aurkitzea. Baina gauza
bat argi dago: elkarrizketarik gabe ez dagoela konpontzerik.
Hitz egin behar dugu besteengana hurbiltzeko, elkar ulertzeko,
… eta ……...
ELKARBIZITZA. Elkarbizitza, elkarren arteko
errespetutik.
Elkarbizitza egonkorra, ezin da mehatxuz, irainez, indarkeriaz
edo nortasuna ukatuz inposatu.
Familia edo bikote batean gertatzen den bezala, Herrien arteko
elkarbizitza, Euskal Herri eta Espainiako Estatuaren arteko
elkarbizitza, ezin da eraiki inposaketa eta autoritarismoa
oinarritzat hartuz. Behar dugun elkarbizitzarako proiektuak,
elkarren arteko errspetua izan behar du oinarri giza, bakoitzaren
nortasuna onartuz eta, batez ere, askatasunez, elkarren arteko
proiektua nola eraiki behar den erabakitzeko.
Gezurra dirudien arren, XXI. mendea ez da inposaketaren mendea
izango; askatasunez atxikitzearen mendea izango da, pertsonen
eta herrien artean proiektuak eraikitzeko.
Hiru desio hauek, nire ustez, euskal hiritar gehienen desioak
dira. Gizartearen gehiengo horrek indarkeria, krispazio antzua
eta iraina arbuiatzen ditu, eta elkarrizketa eskatzen du.
Baina, bizitza honetan, desioak edukitzea ez da nahikoa,
desio horiek zoragarriak badira ere. Lan gogorra egin behar
da, desio horiek errealitate bihurtzeko. Ez dezagun ilusio
faltsurik izan, baina ezta etsipenean erori ere, eta ez dezagun
ahaztu “nahi izatea ahal izatea dela”.
Nik euskal gizartearengan konfidantza osoa dut.
BAKEA nahi badugu;
Elkarrekin bizi, hitz egin eta elkar errespetatu nahi badugu...
Zergatik ez 2004. urtea gure desioak betetzeko esperantza
bihurtu?
Zorionak eta urte berri on!
Juan José Ibarretxe Markuartu
Eusko Jaurlaritzaren lehendakaria
|