| Berriro ere, zuekin nauzue, zuen
etxeko intimitatean, urte berri bati ongi etorria emateko aukera
dugun une hunkigarri hauetan.
Mezu hau hasi aurretik, beraz, nire agurrik beroena, bihotz-bihotzetik,
eta hasteko dagoen 2003 urterako bakea eta zoriona opa nahi
dizuet.
Egun berezi hauek aukera ematen digute urte guztian zehar gizaki gisa txikitzen gaituzten eztabaida eta desadostasunak alde batera utzi eta berriz elkarbilduz, gure barnean daramagun pertsona, laguna, anaia, arreba kanporatzeko.
Une hauek beharrezkoak dira eztabaida eta erritmo azkar eta zorabiagarriaren eraginpean bizi den euskalduna bezalako gizarte batean, une hauek laguntzen baitigute desberdintasun politiko eta ideologikoetatik harantzago eta ideia horien gainetik pertsonak daudela ikusten.
Hezur-haragizko pertsonak gara, eguzki eta euri beraren menpe bizi garen euskaldunak, bakea eta elkarbizitzaren bila gabiltzan euskaldunak, gure gizartearen arazoei konponbidea eman nahian elkarrekin joan nahi dugun euskaldunak, hain zuzen.
Bereziki esanguratsua izan den urte bat bukatzear gaude. Ziur nago 2002 urtea ez dela urte bat gehiago izan. Urte hau mugarri izango da, euskal gizartea Bakea lortzeko egiten ari den ibilbide luze eta mingarri honetan.
Egia da gure inguruko ekonomien gainetik hazi garela. Gure langabezi tasak murriztea lortu dugula, oraindik altuak badira ere. Gizarte justu eta solidario baten eraikuntzan aurrera egin dugula...baina Bakea falta zaigu.
Hazi gara, aurrera egin dugu, aurrera joan gara... baina Bakea falta zaigu.
Errealitate honen egiaztatzeak, batzutan, helburua lortu ezina dela pentsatzera eraman ahal gaitu; baina, ziur nago gaur indarkeria gure bizitzetatik kentzeko 2002 urteko hasieran baino hurbilago gaudela.
Hilaren 22an Bilboko kaleetan zehar, euskal gizarteak erakutsi zigun Bakea lortu arte ez duela etsiko. Euskal Herria izan da, berriro ere, ETAren aurrean jarri dena eta ETAri argi eta garbi betiko gure bizitzetatik ateratzeko esan diona.
ETA soberan dago eta gogaitu egiten gaitu, gure Herriaren irudia zikintzen du, baketsua eta langilea den Herriaren irudia zikintzen du, hain zuzen ere.
Euskal gizartea gizabidearen eta heldutasun demokratikoaren adibidea da, ez dio inori bere ideia eta proiektu politikoei uko egiteko esaten; esaten diona da bide baketsu eta demokratikoak erabiliz defenda ditzala. Hori da denon artean jarraitu behar dugun ikasgaia, eta bidea.
Konbentzituta nago arazo guztiak konponbidea dutela diodanean. Azkenean irtenbidea aurkitzen dute bakarrik beregan konfidantza duten gizarteak eta herriak eta arazoak irtenbidea dutela uste dutenak. Eta guk irtenbidea aurkituko dugu, berandu baino lehen.
Lehendakari naizen aldetik, hitz ematen dizuet ez dudala atsedenik hartuko gure gizartean indarkeria, pertsekuzioa eta askatasun falta jasaten duen pertsona bat dagoen bitartean; eta ez naiz koldartuko gure euskal gizartean egun dauden adostasunak zabaltzeko eta oraindik lortu ez dugun normalizazio politikoa edukitzeko konponbideak bilatzerakoan.
Bakearen garaia da. Elkarrizketaren garaia da. Konponbideen garaia da.
Behin baino gehiagotan esan dut nire eta ni buru naizen Jaurlaritzaren lehentasunezko helburua euskal gizarteari konponbideak eskaintzea dela.
Gogo eta helburu honekin Eusko Legebiltzarraren aurren elkarbizitzarako proposamena aurkeztu dut, euskaldun guzti-guztioi zabaldutako Ekimen irekia, denon artean konponbidea aurkitzeko gai izan gaitezen. Euskadi eta Espainia arteko harreman atseginerako eremu berri bat, elkarrekiko errespetuan eta euskaldunok gure etorkizunaz erabakitzeko dugun eskubidean oinarrituta.
Ez dut proposamen honekin beste proposamen eta bide batzuk murriztu edo kanporatu nahi; alderantziz, gure etorkizunari buruzko eztabaidari aurre egiteko garaia da, tolerantziaz, malgutasunez eta ideia guztiei irekita egonda.
Benetan, uste dut ordezkari politikook eta instituzioetako arduradunok zorra dugula euskal gizartearekin. Egoeraren parean egon behar dugu eta frogatu behar dugu, gatazka politikoen konponbidea lortzeko irain eta deskalifikazioetatik harantzago, elkarrizketan eta elkarrenganako errespetuan sakontzeko gai garela.
Gaur, munduan berriz gerra danborrak entzuten diren honetan, indarkeriaren zentzugabekeria eta basakeria hainbeste denboran zehar jasan izan duen gure Herri honek gaitasuna izan behar du gure ahotsa igotzeko eta tresna egoki modura maitasuna, samurtasuna eta errespetu demokratikoa erabiliz elkarbizitzarako gatazkak konpontzeko.
Horregatik, orain inoiz baino gehiago, gogoratu behar ditugu bereziki, munduaren edozein tokitan, gosearen eta indarkeriaren bidegabekeria eta gizabanakoaren eta taldeen giza eskubideen zapalketa jasaten dutenak. Bakarrik, horrela, gai izango garelako mundu justuagoa eta, azken finean, seguruagoa eraikitzeko.
Ikuspuntu hurbilago batetik, gure euskal gizartean bertan indarkeria eta terrorismoa isiltasunean jasaten duten pertsonak daude, gaixotasunaren mina, familien eta gehien maite dituztenen banaketa sentitzen dutenak daude. Aipatutako guztioi eta arrazoi desberdinengatik bakardadean zaudeten guztioi ere euskaldun guztion izenean maitasunezko eta elkartasunezko besarkada handi bat opa dizuet.
Oraingo honetan, gainera, Galiziarekiko oroipen berezia izan nahi dut, eragin ekonomiko eta sozial dramatikoak izango dituen hondamendi ekologikoaren efektu txarrenak jasaten ari delako. Egoera sail hauetan, Euskaditik, galiziar guztiei esan nahi dizuet ez zaudetela bakarrik. Hemendik euskal herritar guztiak animatu nahi ditut Galiziarekin dugun elkartasuna adierazteko, ez hitzekin bakarrik, ekintzekin ere. Zeren hilabete batzuk barru Prestige-ren hondamendia komunikabideen lehen orrialdetik desagertzen den biharamuna izango da Galiziak gure laguntza eta lankidetza benetan behar duen eguna. Aurten, izan dezagun Galizia gure agendetan, joan beharreko toki bezala. Hori izango baita gure elkartasunaren adierazlerik hoberena eta galiziar ekonomiaren laguntzailerik hoberena.
Mezu hau euskal gizarte osoari ilusioz eta esperantzaz beteriko hitz batzuk eskainiz bukatu nahi dut.
Urte berri bat hasten da. Etapa berri bat. Ahalegin berri bat.
Konponbidearen bidea hasi dugu eta denok elkarrekin egingo dugu. Zeren Herri honetako gizon eta emakume guztiok gara konponbidearen zatia.
Euskal gizarteak bakean erabakiko du. Gure etorkizunaren giltza gure eskuetan dugu, eta ez gaude prest inork berriz, esperantza hori zapuztu dezan.
Euskal gizartearen borondate demokratikoarekiko errespetua, ideia guztiekiko eta proiektu politikoekiko tolerantzia eta erabat politiko eta demokratikoak diren bideak erabiltzea dira gure bizitzatik indarkeria kentzeko eta elkarbizitzarako eta normalizazio sozialerako betirako esparrua aurkitzeko giltzak.
Konbentzituta nago guzti-guztion ilusioaz, eraginez eta parte hartzeaz lortuko dugula.
Eskerrik asko.
Zorionak eta urte berri on.
Juan José Ibarretxe Markuartu
Eusko Jaurlaritzaren lehendakaria
|