|
Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundi
eta Udal erakundeetako arduradunek honako oinarri hauek plazaratzen ditugu,
ordezkatzen dugun gehiengoaren borondatearen adierazgarri
Guztiok onartutako oinarriak:
Lehenengoa:
Gizaki orori dagokio bizitzeko eskubidea, segurtasunez eta
askatasunean bizitzekoa, eta erakundeoi dagokigu eskubide
horiek oso-osorik betetzen direla bermatzea.
Bigarrena:
Gizon-emakumeon eskubideen errespetu eta aldarrikapen horiek
behar dute izan herrien elkarbizitzarako eta antolaketarako
oinarri. Ez da gizarte bidezkorik eraikiko edozein proiektu
politiko aldarrikatzeko giza duintasuna urratu daitekeela
onartzen duenik.
Hirugarrena:
Gatazka politikoei irtenbidea bilatzeko bide onargarri bakarrak
elkarrizketa, elkarrenganako errespetua eta ideia guztiekiko tolerantzia
dira, eta herrien borondatea osatzeko politikak eta demokraziak eskaintzen
dituzten mekanismoak erabiliko dira.
Laugarrena:
Bakeak justiziaren eta demokraziaren fruitu behar du izan,
eta ez jakineko proiektu bat gehiengoaren borondatearen kontra
eta indarrez inposatu izanaren ondorio. Bakea ezin da proiektu
politiko jakin baten menpe jarri, eta ezta ere indarkeria
erabili proiektu politiko bidezko eta demokratikoen aldarrikapena
eta gauzatzea oztopatu eta baldintzatzeko aitzakia bezala.
Ondorioz, honako konpromiso hauek jakinarazi
nahi ditugu:
1) Bizitzeko eskubidearekiko konpromisoa, eta beraz,
edozein indarkeria eta bortxakeria mota gaitzesteaz gain ETAri
behin-betiko su-etena exijitzen diogu, elkarbizitzaren funtsezko
zutabe den aldetik.
2) Hiritar guztien eta bakoitzaren segurtasun eta
askatasuna bermatzeko zuzenbide estatuak eskaintzen dituen
baliabideak erabili eta garatzeko konpromisoa, bakoitzak bere
alorrean.
3) Edozein motako indarkeria, intolerantzia eta terrorismo
jasan duten eta jasaten duten gizon-emakume guztiekiko konpromisoa,
eurekiko elkartasun aktiboa adierazteaz gain, ikuspegi etiko,
sozial eta materialetik ere aintzat hartuz.
4) Edozein indarkeria mota errotik atera eta euskal
gizartearen baitan elkarbizitza eta normalkuntza politikorako
baldintza egokiak sortu asmoz eragiten diren ekimen guztiak
bultzatzeko elkarrizketarekiko konpromisoa.
5) Gizaki orori, gizarte, politika nahiz erlijio mailako
ideiengatik bereizkeriarik egin gabe, dagozkion giza eskubide
eta askatasunen aldarrikapen eta justiziarekiko konpromiso
etengabea, baita espetxeratuen kasuan ere, delitu larriak
leporatzen zaizkienak izan arren.
6) Alderdi politiko bat indarkeriaren presioagatik
bere proiektua erakundeetan demokratikoki defendatzeko ordezkatuta
egon ezinik gera ez dadin behar izan daitezen ekimen politiko,
sozial nahiz segurtasun mailako guztiak burutzeko denon artean
jarduteko konpromisoa.
Oinarri eta konpromiso horiek betzeko honako
ekimen hauek bultzatzeko erabakia hartu dugu
1) Erakunde guztiek erantzun bateratua ematea terrorismoak
eragindako atentatu eta hilketen aurrean. Beste batzuen artean,
honako neurri hauetan gauzatuko da erantzun hori:
a) Euskal erakunde guztiek gaitzespen bateratua
kaleratzea gizon-emakumeen bizitzaren eta askatasunaren
aurkako edozein atentatu gertatzen den bakoitzean, eta indarkeriaren
biktimen senitarteko eta lagunekiko elkartasuna bultzatzea
euskal gizarte osoaren aldetik.
b) Ekintza horiek gaitzesteko antolatzen diren manifestazioetan
parte hartzeko deialdi bateratua egitea, beti ere, kasuan
kasuko familiaren eta udalaren borondatea kontuan izanik.
c) Terrorismoaren aurkako gizartearen sentsibilizazioa
eta erantzuna biltzen dituen lema bateratu hau erabiltzea:
Bakea eta Askatasuna, ETA ez
d) Gertatzen den hilketa bakoitza salatzeko eta
dolua adierazteko 15 minutuko geldialdiak egitea Udaletxe,
Foru Aldundi, Jaurlaritza eta gainontzeko erakundeetako
egoitzen aurrean.
2) Toki publikoetan gizon-emakumeen askatasunaren
eta segurtasunaren aurka jar daitezkeen mehatxu eta irainezko
adierazgarri grafikoak kendu edo ezabatzea, eta erakundeen
laguntza eskaintzea toki pribatuetan ere horrela egin dadin.
3) Gizaki orori dagozkion giza eskubideak defendatzeko
bultzatzen diren gizarte ekimen guztiak burutzeko Udalen eta
beste erakundeen eremu publikoak eskaintzea, eta toki horien
erabilera ukatzea egin nahi diren manifestazioak aipatu eskubideen
aurkakoak badira.
4) Giza eskubideen eta indarkeria-ezaren aldeko komunikazio
eta gizarte sentsibilizaziorako kanpainia instituzionala garatzea
erakunde guztien artean.
5) Gizon-emakume guztien askatasun eta eskubideen
aurkako eraso edo kale borrokako ekintzei aurrea hartu eta
saihesteko beharrezko segurtasun neurriak bultza ditzaten
koordinazio eta komunikazio bideak indartzea .
6) Gizaki orori dagozkion giza eskubideen eta justiziaren
babes arduratsuaz bakea, normalkuntza politikoa eta elkarbizitza
lortzeko asmoarekin jaio daitezen ekimen guztietan era aktiboan
parte hartzea.
7) Promover una campaña de adhesiones al manifiesto
y a sus compromisos entre los municipios vascos, para garantizar
su difusión y la participación social en el
mismo.
Juan José Ibarretxe Markuartu
Eusko Jaurlaritzaren lehendakaria
Josu Bergara Etxebarria
Bizkaiko ahaldun nagusia
Román Sudupe Olaizola
Gipuzkoako ahaldun nagusia
Karmelo Sáinz de la Maza Arrola
EUDELeko elkarteburua
|